Eraldaketa sozialerako sindikalgintza berria birpentsatzen, Ipar Hegoak antolatutako jardunaldien lehen saioaren kronika

birpentsatzen

Jagoba Zuluetak eman die ongi-etorria Donostiara gerturatutakoei Ipar Hegoa fundazioaren izenean. Krisiaren lurrikarak, kapitalismoak, orain arte ezagutzen genuen errealitatea hankaz gora jarri duela adierazi du. Ondorioz, errealitatea aldatu nahi duen subjektu batek eboluzionatu egin behar du. “Ez diogu gure erantzukizunari muzin egingo” adierazi du Zuluetak. Jardunaldiok eredu sindikalaren inguruko eztabaidan kokatu ditu.

Goizeko saioan mahai inguru bi burutu dira. “Kapitalismoaren eboluzioa eta dominazio modu berriak” izan da lehenaren izenburua, Izaskun Gartziak gidatu duena. Joan Martinez Alier, Lucía del Moral eta Mertxe Larrañagak hartu dute parte honetan.

 

Martinez Alierrek kapitalismoaren krisia krisi ekologikoa ere badela aipatu du. Kapitalismoak, energia fluxuak aldatzerakoan, bizitza suntsitzen du. Honek kutsadura eta hondakinengatik kaltetuak sortzen ditu, era berean protagonista eta subjektu berriak sortuz. Ingurumen gatazka hauek erronka berriak dakartzate sindikatuentzat, orain arte lotuagoak egon direnak soldata eta bestelako aldarrikapen ekonomikoei. Egungo hazkunde ekonomikoa ingurumen aldetik iraunkorra ez dela adierazi du.

Lucía del Moral ekonomia feministaren ekarpena nabarmendu du, zaintzaren ekonomia eta familiari buruzko gogoeta eginez. Krisiak sortutako ondorioen artean berdintasun politiketan egindako atzerakada eta emakumeen enpleguaren prekarizazioa aipatu ditu.

Mertxe Larrañagak, bere aldetik, lan merkatuaren azterketa egin du genero ikuspegitik. Emakumeek “egun osoko zaintzaile” izateari utzi diote baina etxeko lanak oraindik eurentzako dira, gizonak ez baitira langintza hauetan neurri handian sartu. Enpleguaren prekarizazioak gehiago eragiten die emakumeei (lanaldi partzialak, behin behinekotasuna…).

Bigarren mahai-ingurua “Identitate berriak eta klase egitura (bir)pentsatzen” izan da, Bea Martxuetak gidatu duena. Denis Merklenek klase identitateen bilakaera eta egungo ezaugarritzeari buruz hitz egin du eta Sophie Béroudek langile klasearen egituraren bilakaerari buruz.

Merklen-ek indibiduazio prozesuei buruz hitz egin du. Hiru forma nagusi hartuko lituzke honek. Batetik, autonomia indibiduala goraipatzea balio sozial nagusi moduan. Bigarrenik, erantzukizuna (bakoitza tokatzen zaionaren erantzule da) eta hirugarrenik, norbere borondatearen aktibazioa. Honi jarraituz, adibidez, suposatzen da langabezian dagoenak arazo bat duela eta bere kabuz konpondu behar duela, bere ekimen eta iniziatiba indibidualaz, bestelako faktoreetan eragin gabe.

Sophie Béroudek, bere aldetik, langileriaren prekarizazio prozesuari buruz hitz egin du. Prozesu honek dituen dimentsio ezberdinak azaldu ditu: enpleguan, lanean (mugagabeko lan-orduak, onartu gabeko polibalentzia…) eta eskubide eta ordezkaritzan.

Interbentzioen ondoren, galdera eta erantzunetarako tarte bat ireki da, bertaratuek gaiarekiko zuen interesa nabarmen utzi duena.

Arratsaldean jarraituko dute jardunaldiek, Manuel Gari, Isabel Rauber (bideoz), Iñaki Gil de San Vicente eta Juan Hernandez Zubizarretaren parte hartzearekin.

Eraldaketa sozialerako sindikalgintza berria birpentsatzen, Ipar Hegoak antolatutako jardunaldien lehen saioaren kronika
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Gehiago irakurri