Jendetza eta interes handia Ipar Hegoaren “Eraldaketa sozialerako sindikalgintza berria (bir)pentsatzen” jardunaldiaren lehen saioetan

Apirilaren 25ean egingo da hurrengo saioa

Bloke nagusi bi izan zituen jardunaldien bigarren egunak, ostiralak. Batetik, “Erresistentziak, elkartasun sareak eta agenda sindikala (bir)pentsatzen ekonomia liberalean”, Igor Arroyok aurkeztu zuena; Denis Merklen, Sophie Béraud eta Garbiñe Aranbururen partehartzearekin.

20150306  birpentsatzen_1

Merklen eta Béraudek aurreko egunean ere parte hartu zuten. Bigarren saio honetan, auzo erresistentziak eta elkartasun sareak izan zituen mintzagai Denis Merklenek. Auzo mugimendu eta langile mugimenduaren arteko aldentzetik hasi zuen interbentzioa. Bere esanetan, duela urte batzuk enpleguak ematen zion nortasuna auzoari. Orain, enplegua desagertuta, ematen du espazioa-lurraldea dela auzoari nortasuna ematen diona. “Ze neurritan permititzen du auzoak izaera kolektiboa sortzea? Lortzen dutenean, nolakoa da kolektibo hori?” galdetu zion bere buruari. Elkartasun sareen sorreran ekonomia moralak duen garrantzia aipatu zuen, kontzientzia sozial eta politikoa sortzen baitu. Auzo-mugimendu eta langile-mugimenduen artean zubiak eta elkarlana eraiki beharraz aritu zen.

Sophie Béraudek, bere aldetik, prekarietatean dauden pertsonen antolaketa eta borroken ezaugarritzeak hartu zituen bere interbentzioaren ardatz. Batez ere Frantziako esperientzia eta adibideak azaldu zituen, ekintza sindikal egoki eta iraunkorrerako ezaugarri batzuk aipatuz. Enpleguaren egoera aldatu baldin bada, lanaldi partzialak, azpikontratazioa, frankizien presentzia, langileriaren atomizazioa… ekintza sindikalak eta sindikatuen lan-moldeek egoera berrietara egokitu behar dute ezinbestean, urrun senti daitezkeen langileengana helduz.

Garbiñe Aranburuk Euskal Herrira ekarri zuen begirada, eta azken 20 urteotan LABen ibilbidea aztertu, “Agenda sindikalaren bilakaera eta proposamenak” hitzaldian. 1993an ELA, LAB eta CCOOen irakurketa bateratuak ekarri zuen iraulketa oroitu zuen, ordura arteko ELA, UGT eta CCOO lerrokatzea hasten zuena. ELA eta LABen arteko gerturatzea ekarri zuen honek eta hortik etorri ziren 1994ko greba orokorra eta 1995eko otsailaren 19ko aldarrikapena, Lan Harreman eta Babes Sozialerako Euskal Esparruarena. Nafarroan UGT eta CCOOek gehiengoak sindikalismo abertzalea baztertu dute. 1995an sinatutako akordio interprofesionalak kontzertazioa eta elkarrizketa sozialaren aldeko apustua indartu zituen. Azken urteek ekarri dutenaren inguruko errepaso zorrotza egin zuen, bidearen argi-ilun guztiak zehaztuz (krisia, LABen 7. Biltzar Nagusiko erabakiak, Karta Soziala…). Gero eta jende gehiago dago aldaketa soziala etae eredu berriaren arte, baina sindikatua ez da horretarako tresna egoki moduan ikusten, jende asko ez da ohiko sindikalismoarekin identifikatuta sentitzen. “Langileei alternatiba errealak eman behar zaizkie, eskaintza argiak”. Ekin zaion eredu sindikalaren inguruko eztabaidak argitu beharko luke zer borrokatuko dugun, eta batez ere nola, antolaketa-ereduak, borroka-moldeak…). Geldialdi bat hartu dugu zer erronka dugun pentsatzeko”. Prozesuaren amaiera 2017ko Biltzar Nagusian kokatu zuen Aranburuk.

Galdera eta erantzunen txanda aberats eta parte-hartzailea zabaldu zen jarraian. Labur geratu zen denbora faltan. Topatu beharko da bidea eztabaida eta hausnarketetan sakontzeko.

Bigarren blokea izan zen Aldaketa sozial eta politikorako estrategia [bir]pentsatzen. Jagoba Zuluetak aurkeztu zituen Floren Aoiz, Isido Esnaola eta Ainhoa Etxaide.

Florez Aoizek prozesu demokratikoak eta ikuspegi soziala izan zituen mintzagai. Erabakitzeko eskubidearen aldarria eta garapena. Kontzeptu honen abantailak aipatu zituen aurreko beste formulazio aurrean. Hausnarketa kolektiboa prozesu eraldatzailearen parte moduan jo zuen eta birpentsatzeak, Euskal Herrian bi gako dituela aipatu. Batetik, gure erroak eta ibilbidea. Bestetik, gure berrikuntzarako gaitasuna.

Isidro Esnaolak, bere aldetik, “Sozialismoaren eraikuntzarako gakoak” izenburupeko interbentzioa egin zuen, jardunaldietako ariketarik zailean agian, hasieran esan zuen bezala. Hiru esplotazio mota nagusien arabera antolatu zuen bere interbentzioa: ekosistemaren esplotazioa, pertsonen artekoa eta autoesplotazioa.

Ainhoa Etxaide LABeko Idazkari Nagusiarena izan zen jardunaldietako azken interbentzioa, “Euskal sindikalgintza eta prozesu politikoa”. Sindikalgintza eredu berriaren inguruko eztabaida izan zuen ardatz.”. 9. Biltzar Nagusia jarri zuen eztabaidaren amaiera puntu moduan. “LAB aldatu nahi dugu, gure jatorriari uko egin gabe”. Sindikatuaren leialtasuna aipatu zuen independentzia eta sozialismoaren aldeko proiektuarekiko. Askapen nazional eta sozialera eramango gaituen bidea da prozesu politikoa. Azken urteotako bilakaera politikoa aztertu ondoren, sindikatuaren konpromiso hirukoitza zehaztu zuen Etxaidek. Konpromisoa Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomikoarekin; konpromisoa klase interesen defentsarekin eta konpromisoa klase subjektua berrantolatzearekin. “Langileriaren berrantolaketan izan behar dugu eraginkorrak”.

Ipar Hegoako Jagoba Zuluetak itxi zituen jardunaldiak, ponente zein entzuleei parte-hartzea eskertuz eta abiatu dugun prozesuaren garrantzia nabarmenduz. Jardunaldiek apirilaren 25ean izango dute jarraipena. Ehundaka militante bi egunez elkartuta eraldaketa sozialerako sindikalgintza berria (bir)pentsatzen.

birpentsatzen_2

Jendetza eta interes handia Ipar Hegoaren “Eraldaketa sozialerako sindikalgintza berria (bir)pentsatzen” jardunaldiaren lehen saioetan
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Leer más