Egiturazko egoera eta klima soziala

Asier Etxenike

Aztikerreko ikerketa eta berrikuntza arduraduna

 

Okertze orokorra

Azkeneko “Ikusmiran” ezagutu dugu, Euskal Herriko langileen lan eta bizi baldintzen bilakaera aztertzen duena eta ondorio nagusi batetara iritsi dena: 2008 urtetik aurrera adierazle ia guztiek okerrera egin dute, kasu askotan 2015-2016 urteen inguruan behea jo eta hobekuntza apal bat erakutsiz urte horietatik aurrera baina edonola ere 2008 aurreko egoerara itzuli gabe.
    • Enpleguaren galera, berez kaltetuenak diren kolektiboetan izan da batik bat, enplegu prekariora kodenatutakoak.
    • Soldata arrakalak gora. Azken hamar urtetan euskal langileen soldaten bilakaerak adierazle negatiboak ditu. Soldata arrakalek igoera izan dute: gutxien kobratzen dutenak batez bestekotik urrutiago daude eta horien artean, gazteak nabarmentzen dira, haien soldataren eta batezbestekoaren arteko aldea %102 igo baita.
    • Bazterketa sozialaren arrisku tasa 2008an baino altuagoa da. Azpimarratzekoa  EAEn emaniko igoera, hamarkada batean %16 igo baita pobrezia eta bazterketa sozialaren arrisku tasa.
    • Etxegabetze gehienak alokairu bidezko etxebizitzenak dira, hau da, berriro ere egoera zaurgarrienean dauden herritarrak dira kaltetuenak. Izan ere, kontuan hartu behar da, gurean, gehienetan, alokairua dela etxebizitza bat eskuratzeko aukera bakarra, jabetza pribatua eta baita eredu sozialak ere, erabat ukatuta baitu gizarte sektore zabal batek. Eta, azterketan ikusi denez, batzuetan alokairurako ere ez. Askorentzat etxebizitza luxuzko artikulua bihurtu dute.

Eta horrela jarrai genezake zerrenda luzatzen beste hainbat adierazle begiratuko bagenitu. Galdetuta, gehiengo zabal batek onartuko luke azken hamarkadan egoera orokorra okerrera egin duela.

 

Okertze orokorra, baina heteregeneoa

Baina, aldi berean, azterketa honetan ikusi dugu egoerak ez duela okerrera egin modu berdinean sektore sozial guztientzat. Eta horrela ulertu ahal dira, adibidez, apirileko Soziometroak erakusten zizkigun datuak bezalakoak (https://www.euskadi.eus/contenidos/documentacion/o_20tef3/eu_def/adjuntos/20tef3.pdf ). Itxialdian geundela, “Nolakoa zen zure egoera ekonomikoa koronabirusaren krisiaren aurretik?” galderari %92ak oso ona edo ona erantzun zuen.

 

 


Edo ekaineko Deustobarometroko datuak bezalakoak ( http://barometrosocial.deusto.es/wp-content/uploads/2020/05/Informe-DeustoVerano-2020.pdf ), justu itxialdiaren ostean, zeinetan soilik %15ak adierazten zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako egoera ekonomikoa txarra edo oso txarra zela. Ona edo oso ona zela %34k adierazten zuen eta beste %49k ez ona ez txarra.

 

 

 

Subjetibotasuna eta sesgoa

Horri beste elementu pare bat gehitu behar dizkiogu: subjetibotasuna eta sesgoa. Gauza bat da egoera objetiboa eta bestea norberak zer irakurketa egiten duen egoera horretaz edo zer pertzepzio duen. Soziometroko inkesta bera hartuta, Nolakoa uste duzu izango dela zure egoera ekonomikoa hemendik urtebetera galderari, %56ak uste du ez dela aldatuko edo hobera egingo duela. Aldiz, okerrera egingo duela uste dutenak %37 ziren.

 

 

Deustobarometroko inkesta hartuta, enplegua dutenei galdetzen zaie zer aukera aurreikusten duten enplegua galtzeko. %12k aukera oso handia edo handia ikusten du bere enplegua galtzeko. Beste %79k aukera gutxi edo oso gutxi. Beste aldean, enplegurik ez dutenen artean, enplegua lortzeko aukera, aukera asko edo nahiko ikusten dute %23k. Bat ere edo oso aukera gutxi %62k. Hau da, bi sektoreetan egoera ez zaiela aldatuko da ikuspegi nagusia, baina enplegua lortzeko aukera gehiago ikusten dituzte enplegua ez dutenek, enplegua galtzekoa enplegua dutenek baino.

 

 

Hau da, oro har, eta ia beti errepikatzen den gauza bat da, nahiz eta ikuspegi orokorra ezkorra izan, egoera pertsonaletaz galdetzen dugunean, pandemia baten erdian ere, optimistagoak gara pesimistak baino. Subjetibotasuna eta sesgoa.

 

Egokitzea eta konformatzea

Azkenik, badago beste elementu bat, jendartearen klima sozialean eragina duena. Egoera eta baliabide orokorrak zein norbanakoarenak aldatzen diren neurrian, horretara egokitzen goaz. Aldaketa horiek geroz eta bortitzagoak izan, egokitzeko ahalmena geroz eta txikiago da. Horregatik, aldaketak bat-batekoak direnean, eta bereziki okerrera egiten dutenean, gatazka soziala handitu egiten da, baina denboran egoera oker hori mantentzen den neurrian, hori luzatu egiten denean, jendea egokitzen joaten da, hau da, talde edo gizabanakoak bere jokabide-ereduak aldatzen doaz, itxaropenak egokitzen dituzte, subjektu batek bere portaeraren parte ziren ohiturak edo praktikak alde batera uzten ditu, e.a. Egunerokoan aurrera egin behar izate horretan, baldintza berrietara egokitzen dira eta egokitze horrek badu konformatzearekin lotura bat. Egoera berrira egokitu ahala, neurri handi batean onartu egiten da.

Beraz,  laburtuz, objetiboa da okertze orokor bat izan dela, baina oso kontuan izan beharra dago, okertze hori ez dela homogeneoa izan, ez duela berdin eragin sektore sozial guztietan eta eragina izan duenean, egoera horretara egokitzeko beharra egoten dela eta akaso horregatik ere norberaren egoera modu optimistan irakurtzeko joera izaten dela.

 


Zenbaki handien atzean, zenbaki txikien handitasuna
Puntu honetara iritsita, ez dut pesimismoa zabaldu nahi, ezta gutxiago ere. Zalantzarik gabe, aipatutakoak kontuan hartu behar dira, egoera “objetiboak” bezala, subjetiboek ere asko baldintzatzen dituztelako aurrera egin ahal izateko aukerak. Baina hori horrela izanik ere, kontuan izan behar da, oro har gehiengoez hitz egin dudala. Orain arte zenbaki nagusiei erreparatu diedala. Baina gehiengoen atzean, askotan gutxiengoak izkutatzen ditugu. Eta ikusi ditugun ehunekoak, proportzioak, pertsonak dira. Haserre dauden pertsonak dira edo egoera txarretik pasatzen ari diren pertsonak edo kritiko direnak edota beren egoera onartzeko prest ez daudenak... Herritarren %20, %10 edo %5a izanda ere, asko da. Adibidez, Gaindegiaren arabera, Euskal Herrian 18 urtetik gorakoak 2.627.045 bizilagun baldin badira, %5a 131.352 pertsona dira, eta horiek ez dira “soilik %5a”, asko dira, mundu bat da. Akaso ez dira gehiengoa izango, baina beharrezkoak diren aldaketak eragiteko soberan baino gehiago.

 

Tags: ikusmiran, 2020 urria

Aquí estamos

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


@iparhegoafund


 

Hizkuntza-Idioma