Kapitalismoaren birusari aurre egiteko txertoak

Garbiñe Aranburu

LAB sindikatuko idazkari nagusia

 

G aur hemen zuekin partekatu nahi ditudan hitz hauen xedea, ez da, langileok bizi dugun errealitatearen inguruko azterketa mamitsuetan murgiltzea. Orain gutxi aurkeztu genuen “Euskal Herriko langileriaren lan eta bizi baldintzak” izeneko Ikusmiran txostena.  Datuekin jantzi dugu urte luzez salatzen eta borrokatzen ari garen errealitatea.

Begirada beste leku batean jartzea da asmoa, kapitalaren, alderdi sistemiko zein instituzio nagusien arteko aliantzari aurre egin eta langileok benetako kontrabotere izan gaitezen, gertatzen ari denaren inguruko ikuspegi kritikoa izaten lagundu eta egoera eraldatzeko egin behar dugun bidean arreta jartzea da helburua.

Aurtengo urtea gure memorian iltzaturik geratuko zaigun urte horietako bat izango da. Azken urteetan bizitzaren eremu guztietara hedatu den prekarizazio prozesuari erantzuteko, urtarrilean  LAN, PENTSIO, BIZI DUINAren aldeko Greba Orokorra. Otsailean, sektore publikoaren papera hutsaren hurrengora eta negozio pribatura eramaten duen eredu baten porrotaren isla den  Zaldibarko hondamendia.

Martxotik hona, Covid19ak gure eguneroko bizitza guztiz baldintzatu du. Martxoko konfinamenduak oso agerian utzi zituen indarrean dagoen sistemaren hutsune guztiak. Inbertsio publiko falta hezkuntzan edota osasungintzan, sektore publikoaren pribatizazio eta merkantilizazioaren ondorioak osasungintzan edota gizarte zerbitzuetan, zaintza beharrei erantzuten ez dien zaintza eredua edota lan harreman eredu prekarioaren eragina.

Kapitala eta bizitzaren arteko talka gordindu  eta egiturazkoa den krisi sistemikoaren azkartze bat ematen ari da. Langileon lan eta bizi baldintzetan eragin zuzena izango duen, ziklo politiko, ekonomiko eta soziala goitik behera baldintzatu eta aldatuko duen aro aldaketa bizitzen ari gara.

Sistema kapitalista berreraikitzearen aldekoek, pandemia egoera honi guztion artean aurre egitearen beharra azpimarratzen digute. Orain hilabete zailak ditugula baina ekonomiaren errekuperazio horretan begirada jar dezagun nahi dute, hasiko omen da BPGa igotzen eta langabezia tasa murrizten. Langileok hori baina gehiago behar dugu, ekonomiaren bilakaera neurtzen duen BPGak ez du herri baten aberastasun banaketa orekatua neurtzen ez herriaren ongizatea ere, bestelako neurgailu batzuk behar ditugu.

Guk ez dugu sistema berreraiki nahi, ez dugu urtarrilaren 30 aurreko normaltasunera itzuli nahi, sistema eraldatu egin nahi dugu.

Guk ez dugu sistema berreraiki nahi, ez dugu urtarrilaren 30 aurreko normaltasunera itzuli nahi, sistema eraldatu egin nahi dugu. Bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial berri baterako trantsizio ekosozialista eta feminista egin nahi dugu. Era berean, kapitalismotik – bizitza erdigunera egin beharreko trantsizio hori, ezin da bereizi, Euskal Errepublika sozialista eta feminista ortzimugan, autonomismotik burujabetzara egin behar dugun ibilbidetik

Langileok bizi dugun egoera ez da kointurula egiturazkoa da, ez da Covidaren ondorio, ez da 2008tik hona sortu dena ere. 80.en hamarkadatik inposatzen ari diren politika neoliberalen ondorioa da. Kapitala krisi bakoitza abantaila berriak ateratzeko baliatzen saiatzen da.

Aurreko krisian, bankuak erreskatatu ziren eta krisiaren zama guztia langileon bizkar gainean utzi nahi izan zen. Orain ere, gidoi berdina errepikatu nahian dabiltza. Ikusi besterik ez dago, zerga erreforma bati ateak nola itxi dizkion patronalak eta gobernu desberdinen jokabidea zein den. Nola kapitalaren interesekin aurrez aurre ez jartzeko, eztabaida ukatu, atzeratu edota desitxuratzen duten. Zerga erreformarik gabe ez dago politika publikoek behar duten 180 graduko norabide aldaketa bultzatzerik. Aberastasuna hobe birbanatu eta diru gehiago biltzeari ateak ixtea, murrizketa berriei ateak irekitzea da.

Langileon egungo errealitatea deskribatzeko, pandemia hitza baina sindemia hitza egokiagoa da. Langile guztiok ez gaitu berdin kolpatzen COVID19ak, baldintza ekonomiko eta sozialek eragin zuzena dute. Bestetik langileok zeharkatzen gaituen gaixotasuna, ez da COVIDa soilik.  Kapitalismoa da langileon benetako birusa, kapitalismoak langileak koma egoerara garamatza. Kapitalismoa da prekarietate eta pobreziara kondenatu nahi gaituena, gaixotzen eta hiltzen gaituena, kapitalismoa da gure osasun sistema zainketa intentsiboetan sartu duena, kapitalismoa emakumeok zaintza lanetara kateatu nahi gaituena, kapitalismoa natura suntsitzen duena.

LABek aldaketa sozialak eta aldaketa politikoak bultzatzeko estrategia oso bat izan behar du. Langileen lan eta bizi baldintzak kaskartzearen arrazoiak testuinguruan jartzearekin batera,  proposamen eraldatzaileak egitea dagokigu.

Lana, sistemak eraman nahi dituen koma egoera horretatik ateratzeko bi lege berri proposatu ditugu: EUSKAL HERRIKO LAN KODEA eta GIZARTE SEGURANTZAKO LEGEA.  Hainbat dira lege horietan jasotzen diren berritasunak:

- Enplegua eta lana arautu behar dira. Emakumeen diskriminazio iturri den, lan produktibo eta erreproduktiboaren arteko banaketa horri amaiera eman behar zaio. Lan guztiak aitortu, berrantolatuko dituen eta sexuaren araberako lan banaketa gaindituz lan guztiei balio politiko, ekonomiko eta sozial bera emango dien lan kodea behar dugu.

Berrantolaketa horretan eta lan guztiak banatu ahal izateko, asteko lan orduak murriztu egin behar dira, 30 orduko lan astea ezarriz. Baita, soldata galerarik suposatuko ez duten zaintzarako baimen bereziak sortu ere.

- Euskal Herrian lan eta bizi nahi duen pertsona ororentzat lan kodea. Langile klase osoa aintzat hartuko duena. Enplegatzaile publikoa izan edo pribatua izan. Erregimen orokorretik kanpo orokorretik kanpo geratzen diren langileen eskubideak ere arautuz. Etxeko langileak, rydersak, ekonomia ezkutuan ari direnak edota ekonomikoki menpekoak diren langileak kasu.

Aberastasuna hobe birbanatu eta diru gehiago biltzeari ateak ixtea, murrizketa berriei ateak irekitzea da.

Azken urteetan sistemak bide anitzak erabili ditu langileen zatiketa sustatu eta langileak ahultzeko: finkoak eta aldi baterakoak, enpresa nagusi eta azpikontratakoak eta baita langileak kontratu harremanaren arabera zatitzeko estrategia ere. Horrela, gutxieneko eskubideak dituzten langileak, nolabait esateko erdigunean zeuden langile kopurua murriztuz joan da eta gero eta gehiago dira sistemaren ertzetan daudenak: emakume, gazte, aniztasun funtzionala dutenak edota migranteak.

- Enplegu bermatua: kontratu mugagabea izango da arau orokorra, bukatu behar da, erabili eta bota daitezkeen langileen errealitatearekin, honek batez ere gazte eta emakumeei eragiten dielarik. Era berean, ez da kalerapen librerik egongo.

Soldatak, zerga sistemarekin batera, aberastasuna hobe birbanatzeko bitartekoa dira, horregatik gutxieneko soldata Euskal Herriko bataz besteko soldataren %60an ezartzearekin batera, gehieneko soldatak arautuko ditu.

- Lan harremanak demokratizatzeko proposamena da. Patronalaren aldebakartasunarekin amaitu behar da, langileen ordezkarien eta negoziazio kolektiboaren papera indartuz. Bestalde, langileen hitza kontuan izango den elkarrizketa guneak sortuko dira. Eztabaida marko errealak aldarrikatzen ditugu, ez patronal edota gobernuen politikak zuritzea beste helbururik ez duten, edukirik gabeko elkarrizketa guneak.

Kapitalismoa da langileon benetako birusa, kapitalismoak langileak koma egoerara garamatza.

Gizarte Segurantzako babesa ezin da prestazioetara mugatu, guztion zaintza eta osasun beharrak asetzea beharrezkoa delarik. Horrela, gaur egungo ereduarekin alderatuz berritzaileak diren hainbat proposamen jasotzen dira bertan: ezintasun iragankorrak hobetuz, haurdunaldirako prestazio espezifikoa sortuz, erditze edota gurasotasun baimenen bidea egoera babestuak hobetuz

Gizarte Segurantzako legean, administrazioak enplegua bermatzen ez duenean, pertsonak Lanbidearteko gutxieneko soldata jasotzeko duen eskubidea arautzen da. Beste atal nagusi bat pentsio sistema publiko duina bermatzeko proposamenei lotua dago duen legea.

Aldaketa guzti hauek behartu egin beharko ditugu. Urratsez urrats egin beharko dugun bidea da hau eta Ikusmiran txostenak datuekin indartzen duen beste ondorio batekin emango diot amaiera. Negoziazio kolektiboaren bilakaera aztertzen da txostenean Borroka sindikala eta borroka soziala, ezinbestekoak dira lan duina, osasungintza, hezkuntza edota zaintza sistema publiko indartsuak, unibertsal eta doakoak izan edota pobrezia eta bazterketa sozialik gabeko Euskal Herria eraikitzeko. Bidea argi dugu, jarrai dezagun beraz bide hori urratzen.

Tags: ikusmiran, 2020 urria

Aquí estamos

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


@iparhegoafund


 

Hizkuntza-Idioma