Larrialdi klimatikoa: zurikeria ala alarma gorria?

Larrialdi klimatikoa dossierra

deskarga Eskuratu PDF formatuan Larrialdi klimatikoa dossierra

Sarrera

Klimaren egoeraren gaineko kezka areagotu da azken aldian. Ez da harritzekoa. Azken urte luzeetako udararik beroenak, uholdeak eragiten dituzten euri jasa bortitzak, sute ikaragarriak non nahi... Horiek guztiek adierazten digute, ezbairik gabe, zerbait oso larria gertatzen ari dela.

Jakina, ama lurraren bizitza luzean ziklo klimatiko ugari izan da, baina azken urteetako gertakariek agerian uzten dute, batetik, gizakiaren jardueraren ondorio ematen ari den fenomenoa dela eta, bestetik, beronen ondorioak oso larriak izan daitezkeela naturaren, gizakiaren eta oro har espezie askoren biziraupenerako.

Larritasun hori azpimarratze aldera, arlo honetako adituek eskatu dute aldaketa klimatikotzat izendatzen genuena “larrialdi klimatiko” gisa ezaugarritzea eta, ondorioz, horren araberako politikak eta neurriak hartzen hastea. Bestalde, eta ekimen sozial ezberdinen ondorioz, gaiak indarra hartu du iritzi publikoa deiturikoan eta inondik ere etorkizuneko eztabaida soziala izango dena abiatua da jada. Tradizio luzea du ekologismoak eta oro har natur baliabideen gaineko ardurak edo defentsak. Edonola, krisi klimatikoaren ondorioak geroz eta ikusgarriagoak egiten ari diren honetan, arazoaren larritasuna bera agerian gelditzen ari da eta, ondorioz, planetaren egoeraren gaineko kezka ere areagotzen ari da.

Horren harira, adierazpen instituzional eta proposamen politiko eta ekonomikoak ugaritu dira. Zurikeria handia dago ere halako gaietan eta bada eguneroko bere politika antiekologikoak planetaren aldeko adierazpen instituzional ponposoekin ezkutatu nahi duenik. Edonola, eztabaida ireki da eta ez da gutxi. Gaiak zentralitate politiko handia hartu du eta aurrera begira beste erabaki ekonomiko ugari klimarekiko harremanaren arabera neurtuko direnaren zantzuak daude.

Natur baliabideen eta iraunkortasunaren gaineko atzera kontua abiatu da. Ez badugu ekiditen edota ondorio latzenei aurre egiten, ama lurrak jasa ditzakeen ondorioak betierekoak izan daitezke. Ondorioz, premia handia du adierazpen eta eztabaida horien ostean, erabaki zehatz eta egingarriak adostea eta martxan jartzea, espazio ezberdinetatik eta forma ezberdinetako ekimenak.

Bestalde, batzuk kezka eta larritasuna plazaratzen ari diren une berean, beste muturrean kokatu daitezkeen populismoautoritarioaren erreferente nagusiak (Trump, Bolsonaro..) aldaketa klimatikoa edota ebidentzia zientifikoa bera ere ukatzeraino iristen dira. Hau da, negazionismoa oraindik ere bada eztabaida publikoan. Batzuk ez dute arazoaren tamaina ikusi nahi eta ez dute larritasuna ontzat ematen ere. Edonola, guzti honen atzean dauden interes ekonomikoak ikaragarriak dira eta ulertu beharra dago ere negazionismoa bera funtzionala zaiola eliteen agenda desarrollistari.

Edonola, kontuan hartu behar da ere, negazionismotik harago, oso jarrera ezberdinak daudela arazoaren aitortza egiten dutenen artean ere. Badago, larrialdi ekologikoaren aitzakiapean norbere arrazaren, herrialdearen edo eskualde garatuen eskubideak lehenetsi nahi dituenik, alegia, joera autoritarioaren babesean hedatzen ari den ekofaxismoa. Bada ere, arazoa onartu bai, baina haien ardura zuritzea helburu duten adierazpen edo neurri murritzetara mugatzen diren jarrerak, hau da, gurean eta ia Europa osoan nagusi diren alderdi gehienen jarrerak. Badago, noski, areago joatea eskatzen duenik eta, New Green Deal baten aldarrian, egungo egoeratik abiatutako proposamen ausartak plazaratzen ari
denik. Eta, azkenik, bada ere, nola ez, eredua errotik aldatu behar dela esan eta egiturazko erabaki eta proposamenak eskatzen ari denik. Azken talde honetan kokatzen dira, adibidez, ekosozialismotik edota deshazkunde teorietatik abiatzen diren irakurketa eta alternatibak. Noski uler ditzagun joera hauen arteko mugak lauso, gure ekinbideak bezainbeste eta edonolaz ere, imajina ditzagun egungo testuinguruan disputan dauden (edo elkar elikatzen diren) joerak direla.

Dena dela, jarrera ezberdin horietatik harago, oso garrantzitsua da kontuan hartzea afera honen atzean dauden interes ekonomiko erraldoiak. Batzuei ez zaie komeni jendarteak krisi klimatiko eta ekologikoaren larritasunaz jabetzea eta, ondorioz, eztabaidak aurrera egin ahala, indar handiz irekitzen ari den eztabaida oso modu bortitzean emango dela aurreikusi daiteke.

Eztabaida horretan eragitea du xede eskutan duzun idazkiak. Han eta hemen diharduten eragile politiko, sozial eta ekonomiko ugariek hamaika proposamen jarri dituzte jada mahai gainean eta beste asko ezagutuko dira aurrerantzean ere. Aztertuko dugun moduan, ingurumenaren alorra ezin da modu isolatu batean aztertu eta, ondorioz, beronen egoerari aurre egiteko jarrerak edo politikak askotariko ikuspegia eskatzen du. Pairatzen ari garen egoera larriari aurre egiteko, ez dago proposamen bakar edo zehatzik, neurri xorta bakarra ere ez dagoen bezalaxe. Aipatu bezala, eztabaida ireki da eta denon ardura da proposamen, neurri edota norabidearen gaineko ekarpenak egitea. Eztabaida horren baitan jarri nahi dugu gure aletxoa, gure ekarpen xumea.

Hemen ez dituzu proposamen zehatzak topatuko. Eztabaida, proposamen eta adierazpen horien norabideaz hausnartu nahi da lan honetan. Lantxo hau ezaugarritu dezakegu larrialdi klimatikoari eta balizko irtenbideei so egiteko ikuskera zehatza eskainiko duten betaurreko gisa.Jakina, errealitatea nola begiztatzen dugun erabat baldintza dezake beronen gaineko eraldaketa. Horra hor, beraz, gure azken helburua: egungo egoera eta sistemaren eraldaketa, iraulketa. Izan ere, errotikako aldaketa behar baitugu baliabide naturalen ustiaketa amaigabean oinarritzen den sistema kapitalistarekin amaitzeko eta ama lurraren gaineko errespetuan oinarritutako alternatiba ekosozialista eta feminista bat eraikitzeko.

Beraz, larrialdi klimatikoaren gaineko eztabaidari so egiteko ikuskera zehatz bat eskaintzea dugu. Baina bada hasieratik azpimarratu nahi dugun eta ezinbestekoa iruditzen zaigun ikuspegia: oro har mundu distopikoa eta etorkizun katastrofikoa eskaintzen ari zaizkigunean, guk (er)aldaketaren beharra eta aukera azpimarratu nahi ditugu. Era berean, teknologiak bere horretan arazo guztiak konponduko dituela eta beraz, itxaroteko eta ez kezkatzeko esaten digutenean, guk ere jada, gaur eta hemen, erabakiak hartzen hasi behar dela esatera gatoz. Itxaron nahi ez duen itxaropena izan nahi dugu. Ez gara inozoak eta badakigu interes ugari eta anitz dagoela eztabaida honen atzean, baina beste mundu bat posible delako borrokatzen dugu. Alternatiba badagoela sinestaraztea eta ikusaraztea ezinbestekoa da borrokak pizteko, aurrera egiteko eta irabazpidean jartzeko.

Euskal Herriak ibilbide luze eta emankorra egin du afera honen inguruan, borroka anti-nuklearra da horren adibide erreferentzial eta nagusietako bat. Zorionez ez da adibide bakarra. Gure tradizioan Amalurra oso garrantzitsua izan da eta modernizazio prozesuak ez du desegin lurra eta bizitzarekiko lotura estua.

Urte luzeotan Euskal Herrian amalurra eta ingurumenaren aldeko hamaika borroka eta konpromiso garatu dira. Jakina, horietako asko ez ditugu irabazi, baina badira ere borrokatzeak merezi duenaren adibide ugari. Ama lurraren aldeko borrokan sakontzea eta naturaren benetako errespetuan oinarritutako marko pertzeptiboa hegemonikoa egitea da ezbairik gabe hurrengo urteotako erronkarik garrantzitsuenetako bat eta, apaltasunez baina herri gisa dagokigun arduratik, egin dezakegun ekarpena hausnartu eta jada martxan diren edo abiatu daitezkeen borrokak, ekimenak, alternatibak eta ildoak biderkatu behar ditugu.

Iratzar Fundazioa eta Ipar Hegoa Fundazioa

Aquí estamos

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


@iparhegoafund


 

Hizkuntza-Idioma