Kapitalismoaren bizkortasunez mugitu behar gara

Maddalen Dorador Rubio

LAB sindikatuko zerbitzu pribatuetako arduraduna

 

Duela urte bete jendarte bezala beharrezkoak genituen zerbitzuek izango zuten berrasmatzeaz hitz egiten genuen baina inondik inora ez genuen espero eraldaketa hori hain azkar gertatuko zenik. Sindemia bilakatu den urte beteko pandemiak, sekulako ondorioak utzi dizkigu jendarte bezala, bereziki zerbitzuak kontsumitzeko garaian, eta seguruenik ondorio asko eta asko gelditzeko etorri dira.

Ez da erraza zerbitzuen markoa zehaztea. Izan ere, pribatizazio basatien garaian bizi garen honetan, oinarrizko zerbitzu publiko komunitarioak izan beharko liratekeen asko kapitalismoaren zurrunbiloan daude aspalditik, jendartean betetzen duten funtzioa aitortu gabe.

Zerbitzuez hitz egiten dugunean beraz, egungo sistema kapitalista patriarkalean,  ahalik eta zerbitzu gehien, ahalik eta kostu txikienarekin, kasu askotan dohainik, eskaintzea bilatzen da. Beste modu batera esanda, merkantziak, ahalik eta azkarren eta kostu txikienarekin saltzea bilatzen da. Izan daitezke oinarrizko zerbitzuak; elikadura, elektrizitate eta ur hornidurak, hondakinen kudeaketa edota inguruaren garbiketa besteak beste; edo izan daitezke funtsezkoak ez diren baina gure bizitzetan ezinbestekoak direnak, esaterako aisiari loturikoak edota oinarrizkoak ez diren produktuak eskuratzeko zerbitzuak.

Etekinak biderkatze nahi horretan, gehienetan zerbitzu hauek soldata baxuko soldatek, kualifikazio txikikoek, behin-behinekotasun handiko enpleguek eta neurri handi batean emakume eta etorkinek sostengatzen dituzte.

Pribatizazio basatien garaian bizi garen honetan, oinarrizko zerbitzu publiko komunitarioak izan beharko liratekeen asko kapitalismoaren zurrunbiloan daude aspalditik


Duela urte bete, zerbitzuetako langileen lan baldintzen aldeko borroka ezberdinak irekita genituela etorri zitzaigun pandemia. Adibide bat jartzearren, 2020ko martxoaren 14an alarma egoera izendatu zenean, hezkuntza publikoko eraikinak garbitzen dituzten subkontratak, greban zeuden. Garbitzaile hauek pribatizatuta daude, EAEko hezkuntza sailak enpresa pribatuei ematen die dirua bere menpeko langileei baino gutxiago ordain diezaien. Hau da, zerbitzu publiko bat egitearen truke aberasten ari dira hainbat enpresa. Alarma deklaratu bezain pronto, %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen Eusko Jaurlaritzak, eta hemen paradoxa: normalean baino garbitzaile gehiago izan ziren kontratatuak, ordu arte ordezkatzen ez ziren postuak ordezkatu zirelako. Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuan ohi baino langile gehiago zeuden lanean. Nola da posible? Agerian gelditu zen garbiketa lanen beharrezkotasuna, bai eta langile falta ere.


Baina pandemiak askoz ere egoera gehiago utzi ditu agerian, lehenago ere existitzen ziren asko lehen lerroan jarriz:

Zerbitzuetako aktibitate asko eta asko oinarrizkoak dira.
Ordu arte ikusezin ziren lanek duten garrantzia agerian gelditu da. Pandemia batek ikusarazi behar izan digu garbiketa lanek duten garrantzia. Ez soilik birusaren zabaltzea ekiditeko, gure bizitzak bizigarriak izan daitezen ezinbestekoa delako garbiketa, eraikin, kale zein pertsonena.
Aldi berean, elikagaiak eskuratzeko beharrak, merkataritzaren beharrezkotasuna ere ikusarazi du. Bereziki, tokiko merkataritzaren beharra, gertukoa, euskalduna eta erronka berriei aurre egiteko modukoa, hala nola, zaurgarrienei etxera eramateko zerbitzu lokal eta komunitarioarekin.
Zer esanik ez garraioaren funtsezko funtzioa, bai pertsonena baina baita merkantziena ere, merkataritzaren erronka berdinekin, garraio lokal eta jasangarriaren balio erantsiarekin.

Zerbitzu publiko bat egitearen truke aberasten ari dira hainbat enpresa


• Oinarrizko aktibitate horien lan baldintzak oso prekarizatuta daude
Aipatu aktibitateak, gure bizitzak aurrera eramateko oinarrizkoak izan arren, prekarizatuak eta geroz eta pribatizatuagoak daude. Zerbitzu publiko komunitarioak  beharko luketenak, jendartean duten balio sozialaren araberako lan baldintzekin, esku pribatuek kudeatzen dituzte, logika kapitalistaren baitan, lan baldintza kaxkarrekin dirua gutxi batzuk metatuz. Nekez iristen da aktibitate hauetan dagoen langile bat 1000€-ko soldatara. Sekulakoak ordea Clece edota Eroskiko zuzendaritzakoen soldatak. Merkataritzako langileek gau eta egun egin zuten lan, baita supermerkatuak produktuez betetzen zituzten garraiolariek ere. Txaloez beste, ez dute euren lan baldintzetan hobekuntzarik izan. Euren enpresetako zuzendaritzek ordea, etxeko ordenagailutik ikusi dituzte euren irabaziak hirukoizten.

• Oinarrizko lanetan dabiltzan gehiengoak emakumeak* dira
Hau ez da kasualitatea. Ez da emakumeok* hobeto egiten ditugula lan hauek, edota lan hauetarako heziak gaudela. Sistemaren sostengua diren lanak emakumeon* bizkar uzteak patriarkatuaren dominazio sistemaren beste ondorio bat gehiago da. Oinarrizko lanak desprofesionalizatu eta desmerkaturatu dituzte emakumeon* egiteko naturalak balira bezala, horrek dakartzan ondorio guztiekin.

• Beste hainbat lanek gure bizitzak bizigarriagoak egiten dituzte/zituzten
Inolako erreparorik gabe, lan hauek egiten dituzten milaka langile aintzat hartu gabe, sektore batzuk behin eta berriz eraso dituzte urte luzeegi honetan, ostalaritza izan da horietako bat. Sistema kapitalistak, produkzioa handitzea soilik helburu izanik, ez ditu kontutan hartzen bizitza bizigarri batek behar dituen sozializazio edota harremantze lanak. Herritarrok elkartzeko guneak beharrezko ditugu pertsona interdependenteak garen neurrian. Zentzu horretan, ostalaritzaz beste, ezinbestekoa dugu kultura edota kirola. Baina sistema honentzat lan horiek ez dira ezinbestekoak, ez dute burtsan kotizatzen eta beraz, nahi bezala itxi edota debekatu dituzte, horien atzean dauden milaka langileri muzin eginez.

Txaloez beste, ez dute euren lan baldintzetan hobekuntzarik izan. Euren enpresetako zuzendaritzek ordea, etxeko ordenagailutik ikusi dituzte euren irabaziak hirukoizten

• Sekulako enplegu suntsiketa egin da
Telebista zein komunikabide ezberdinetako titularrak betetzen ez dituzten enplegu galera izugarria ari gara jasaten. Milaka norbanako kaleratuak, egunero egunero langabeziako listak handitzen dituzten eta inon agertzen ez diren izen-abizendun pertsonak. Urte betean, ostalaritzako 10000 langilek galdu dute euren enplegua, 2500 langile gutxiago kirol jardueretan, milaka merkataritza establezimenduen itxieraren ondorioz langabezian gelditu direnak eta zenbatu ezinak euren jarduna garatu ezinik gelditu diren kultur sortzaileak.

 

Hau dena ez da halabeharrez gertatu, ez eta birus baten etorrerarengatik. Pandemia, kapitalismoa berrasmatzeko aitzakia izan da, atzetik zetozen hainbat prozesu bizkortzeko. Digitalizazioaren azelerazio bat eman da, zerbitzuen kostu finkoak (soldatak, lokalak, materialak) ahalik eta gehien gutxitu eta malgutasun osoz produktu oro plataformen bidez eskainiz. Ekonomiaren arrisku guztia langileongan jartzen da, elkarren arteko konpetentzia bortitz batera eramanez. Langileon ekintzailetzaren izenean, langile eskubideak ezabatzen dira autonomo faltsuen bidez, ekonomia kolaboratibo hitz ponposoaren atzean, iruzur egiten da ekarpen fiskaletan eta ondorioak ditu prestazio sozialetan, sistema publikoaren eraiste baten mehatxuan. Horretarako, kontsumo basatiko bezeroak etengabe elikatu behar ditu mugikortasuna eskatzen duten azpiegitura erraldoien bueltan. Honek guztiak, harreman sozial indibidualistak sortzen ditu, kontsumistak, inpertsonalak eta arduragabeak.
Finean, zerbitzuen deshumanizazio bortitz baten aurrean gaude, langilerik gabeko geroz eta zerbitzu gehiago kontsumituz, nagusiak algoritmo eta app-ak direlarik.

Ekonomiaren arrisku guztia langileongan jartzen da, elkarren arteko konpetentzia bortitz batera eramanez

Digitalizazioaren bizkortze prozesu honetan asko lagundu du pandemiak. Baina guztiaren oinarrian Kapitalismo Patriarkala dagoela ezin dugu ahaztu. Pandemia edo digitalizazioa, jendartea prekarizatzen jarraitzeko aitzakia bi gehiago besterik ez dira.

Funtsezkotasuna aitortu behar da. Garbiketa zein elikadura kateak duen garrantzia aitortu eta horren araberako lan baldintzak onartu behar dira. Horretarako, instituzioen kontrol publiko eta soziala beharrezkoa izango da, urteetako pribatizazioan atzera eginez, bertakotik lan eginez, herri nahiz eskualde mailako zerbitzuak eskainiz, gertukoak, jasangarriak, hizkuntz eskubideak errespetatuko dituztenak eta nola ez, emakumeokin* dagoen zorra kitatuko dutenak.

Urgentzia dugu prozesu honen norabide aldaketan eragiteko. Digitalizazioaren abiadura probestu behar dugu beharrezko lanak erdigunean jarri eta lan orduak horien mesedetan gutxitzeko, hau da, digitalizazioa bizitza bizigarriago baten mesedetan jartzeko eta ez kapitalismoaren mesedetan.

Beharrezkoa dugu langileok saretzea, elkar babestea

Beharrezkoa dugu langileok saretzea, elkar babestea. Ezinbestekoa dugu gure haserrea norabide onean kanalizatzea. Langileon antolakuntza, elkar sare berriak topatzearen urgentzia dugu. Kontsumo ereduak berrikusi, digitalizazio prozesua herri garapen orekatuaren mesedetan jarri edota lan baldintzak arautzeko markoak birformulatu beharko ditugu, herri eta auzoetan proiektu komunitarioak martxan jarriz.  Ortzi-muga berriak imajinatu behar ditugu. Eta bagoaz bidea egiten. Langile sareak azkartzea dagokigu borrokak hauspotuz eta indartuz.

Tags: ikusmiran, ikusmiran07, 2021 maiatza

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma