Eraldaketa prozesua eta aktibazio soziala [Bir]Pentsatzen. Bigarren eguneko kronika

Birpentsatzen 160616 1

 

Jardunaldien bigarren eguna “Jazarpenaren eragina desaktibazioa sustatzeko” eztabaida mahaiarekin hasi dugu. Hitza hartzen lehenenegoa Josep Manel Busqueta izan da. CUPeko diputatu katalan ohi eta ekonomistak “Baldintza materialen ezegonkortasuna: pobrezia eta prekarietaren biolentzia” gaia landu du. Kapitalismoaren jendartean bizi garela oroitarazi du hasieratik, ahalik eta etekin pribatu handiena denbora gutxienean bilatzen duen sistema batean. Horrek, bere ustez, inplikazio oso gogorrak ditu harreman sozialetan. Desjabetze prozesuak ematen dira arlo guztietan: lan kolektiboaren emaitzaren desjabetzea gutxi batzuen eskutik, baliabidea naturalena elite batzuengatik, erabaki politiko eta demokratiko nagusiena botere faktiko batzuen eskutik, emakumeen denbora eta bizitzarena kapitalismo eta patriarkatuaren sinbiosi perfektuaren bidez... Kapitalismoaren logika azaldu ondoren, langabezi tasa kapitalak lanaren (langileen) negoziazio ahalmena murrizteko erabiltzen duela salatu du. Orain, gainera, langabezi estrukturala aldatu egin da: iraganean lan egonkorra zuenak bazterketa saihesten zuen. Orain, okupazioak ez du egonkortasuna bermatzen, eta prekarizazioa kapitalaren beharren arabera langabezia kudeatzeko modua bilakatu da. Prekarietateak, negoziazio gaitasuna ezabatzen duelako langileen aldetik, baina era berean langabezi poltsa handiek izan dezaketen tentsio soziala baretzen du. Ezkerrak, oro har, marko kontzeptuala irentsi du (lehiakortasuna, hazkundea, malgutasuna, ...) eta langileen kontzientzia indibidualizatua radikalizatzen uzten ari gara. Logika kapitalista horren arabera, eskubideen defentsa giten duten tresnek (sindikatuak, esaterako) zurruntasunaren eta garapen ezaren errudun marrazten ditu. Sistemak mezua kolokatzen duela adierazi digu Busquetak: ekonomiaren garapena naturala dela- Eta sustatzen dituen jarrerak erreibindikazioari beldurra eta erreklamazioaren errefusa dira. Izan ere, prekarietatea kontsumo jendarteari begirako segurtasuna eza dela azpimarratu digu. Horregatik langabezian jopuntua jartzea okerra dela dio: langabezia arazo izanda, edozein enplegu da soluzio, eta kontutan izan behar dugu ez dela kontratatzen jendarteak behar duena asetzeko, etekinak lortzeko baizik.”Langileok sortzen ditugu enpresari postuak. Kontrakoa, kapitalaren kulturaren boterea da” adierazi du. Langabeziaren aurka baino, prekarietatearen aurka borrokatzearen beharrari azpimarra eginez amaitu du bere hitzaldia.

 

 

Jarraian Julen Arzuagak hartu du hitza. “Errepresio eta jazarpenaren argazki eguneratu Euskal Herrian” gaia landu abokatu arabarrak. Zizeken hitzak gida bezala hartu ditu: “Totalitarismo eraginkorrena, gozoa dena da”. Euskal Herrian errepresioaren inguruko aldaketa bat eman da eta baita horren aurreko protestaren aldaketa ere. “Ekintza-errepresio-ekintza” ziklo ezagunetik “Urraketa-protesta-errepresioa-protesta(?)” ziklo batera igaro garela uste du EHBildu legebiltzarkideak. Azken protesta hori ematen den zalantza aurreratu du. Hala ere, iragan hurbila deskribatu hasteko: salbuespen egoera oso baten osagaiak sedimentatuta daudela adierazi du (inpunitatea, neurria penalak, prozesalak, tresna polizialak, protokoloak, ...), edozein unetan bete betan aktiba daitezkelarik. Baina, kanpotik elementu berriak sartzen ari direla azaldu du: neurri kosmetikoagoak, leunagoak,, ikusezinagoak,... Mozal legearen mekanismoak aipatu ditu eta EAEko datuak aipatu ditu (horiek bakarrik eskuratzerik izan dituela azaldu du). Kurioski, PNVk ez duela onartzen baina aplikatzen duela adierazi du. Lege honen araberako 4000 aktuazio polizial-administratbio desglosatu ditu gehienak mobilizazio soziala zapuztea edo oztpatzea edo poliziaren autoritatearen inposaketa bilatu dutelarik. Baina, lege honen aplikaziaoren laurdena edo, jende orok txalotuko lituzkeen aktuazioak dira (totalitarismoaren gozoa). Erantzun herritarra apaldua geratzen ari dela uste du Arzuagak. Errepresaliatua, indibidualizatua geratzen ari da. Kasuren batek edo bestek relebantzia hartu du, baina orokorrean nork bere buruari emandako zigorra bakardadean darama. Eta, lege hau kode penalean erabat txertatua eta disidentziari erantzuteko bide globalean kokatua dagoela irizten du Arzuagak. Ondorioz, etorkizunera begira kontrol soziala areagotzeko bideak zabalduko direla iragarri du, baina gehienetan kosmetikoagoak, inplizitoagoak, sofistikatuagoak, gozoagoak. Ondo jokatzeko, errepresio hau ondo interpreta dezagun eskatu du.

 

 

Saio honetako hirugarren eta azken hizlaria Garbiñe Aranburu izan da. LABeko ekintza sindikaleko idazkariak “jazarpena eta errepresioa lan munduan” izan du hizpide. Lan harreman eredu antidemokratikoa dugula azpimarratu du hasieratik. Hoberantz egin beharrean, azken hamarkadetan egin diren erreforma ezberdinek horretan sakondu besterik ez dute egin. Lan harremanen indibualizazioaren atzean, azken batean, langile kolektiboaren haustura eta lan harreman desorekatuak  eta babesgabeak daude. Honekin batera borrokaren kriminalizazioa zorrozten ari direla salatu du Aranburuk. Greba eskubidea zigortzen ari dela eta gobernutik zerbitzu minimoen dekretuekin abusuzko neurriak ezartzen ari dira. Halaber, grebari ekoizpen sistemarekin eta enpresen arteko harremanen bidez eraginkortasuna mugatzen zaiola adierazi du LABeko arduradunak. Honi guztiari Mozal Legearen aplikazioaren bidez disidentzia eta protesta zapuzteko neurriak aplikatzen ari zaizkigula azpimarratu du. Sindikalgintzak paper historikoa izan du langileen bizi baldintzen defentsan, baina egun sistemaen parte hutsa izatera bultzatu nahi dute. Kontraboterezko sindikalismoa, LABena bezala, oztopo nagusia da kapitalaren asmoentzat eta hor kokatu behar da Confebaskek sindikatu izaera kentzeko agertu izan dituen asmoak.

 

Birpentsatzen 160616 2

 

Eguneko bigarren saioari Sandra Barrenetxea soziologoak eman dio hasiera. “Sistemaren tresnak desaktibazio sozialerako” aztertu nahi izan ditu”. Jendarte modernistaren oinarriak hitzarmen soziala, egitasmo politiko zehatzak eta enplegua zirela oroitu du, Euskal Herrian frankismo eta industrializazio garaia zirela azpimarratuz. Euskal Herri langilea egituratu zen subjektu politio natural gisa. Post-modernismoak aldaketa sakonak ekarri zituen egonkortasun eta segurtasun eza, prekarietatea eta kontrol sozialaren areagotzearen bidetik. Ekoizpen ekonomikoaren globalizazioak enplegu suntsiketa orokortzen du. Maila sozialean indibiduazio prozesuetan sakontzen da eta komunikabideek ereduaren birprodukzioan paper garrantzitsua hartuko dute. Eredu sozialean ematen diren aldaketa hauek mobilizazioaren berrikuntza beharrezkoa egiten dutela adierazi du Barrenetxeak. Klase identifikazioaren hausturak ezkerra atzera begira jarri duela uste du eta aldaketarako subjektuaren lidertza sektore berriekin gatazkan sartzen da (populistak, teknokratak,...). Jendartean parte hartzeko eskaera, demokrazia gehiagoren aldarrikapena egitasmo politiko ezberdinak artikulatzeko aukera dakarrela uste du soziologo honek. Zaintza eta bizitza erdigunean jartzea ikuspegi baten ezaugarri bilakatu dira. Jarrain desaktibazio sozialerako mekanismoak sailkatu ditu. Batetik, esplizitoak direnak aipatu ditu (errepresioa eta subjektua merkatuak xurgatzea). Bigarren talde batean bizi baldintzek sortzen dituzten baldintzak sartu ditu (prekarizazioa, denbora eta espazioaren banaketa...). Eta hirugarrenik, sistema laguntzen duten mekanismoak (identitateak, parte hartze bideak,...). Mobilizazioak beti egon direla eta desmobilizazioa ere beti egon dela adierazi du bukatzeko. Hobeto bizitzeko eredu batean sakontzen duten identitate eta mobilizazioak azpimarratu ditu.

 

 

Jarraian, Eduado Apodakak “zapalkuntzaren dimentsio psikosoziala” aztertu du eta jendarte harremanak zein sistema sozio-politikoak harremanen bidez nola sortzen zein birsortzen diren azaldu digu. EHUko irakaslearen hitzetan, neoliberalismoa paradigma politiko-ekonomikoa eta bizitzari buruzkoa dela ulertuz, gure eguneroko bizimoduan sartuta dugula adierazi du eta harremanak, sentimenduak... (gure psikea) ere horren arabera antolatzen ditugula. Horregatik, subjektu eta subjektibitate neoliberalaz hitz egin daiteke. Apodakak defendatu du pertsona ez dela neoliberala, baizik eta bere sentimenduak antolatzeko, sentimenduei logika emateko... eskema dela neoliberala. Harremanak zein sentimenduak egituratzen diren eskema neoliberala ulertzeko, 3 eremu aztertu ditu. Lehena, diskurtsoa (zentzuzkoa edo legitimoa dena adierazten digu, azken batean, errealitatea ulertzeko behar den matrizea. Eremu honetan, norbanakoak dira abiapuntu eta ia helburu, eta bizi eredua, norberaren onurarako proiektatzen dena da. Harremanak banakoen artean sortzen dira, norberaren interesak asetzeko, interes ezberdinen arteko talkak gertatzen dira eta norbanakoen arteko trukea gertatzen da eredu arrazional hobetzat non norbere indarren araberako negoziaketa eta erabakia hartuko den. Harremanak arautzeko sistema unibertsala kapitala da eta sistema osoa eraikitzen da premisa horren baitan). Bigarrena, teknologia eta dispositiboak (diskurtsoetan eragin eta gure harremanetan eredua birproduzitzeko, hainbat dispositibo sortzen ditu eredu neoliberalak, bere burua iraunarazteko: ziurgabetasuna zein segurtasun eza, berehalakotasuna, arriskuen gestio indibidualizatua... ). Eta azkenik, harreman egituraketak eta psikea (aipaturiko mekanismo hauek guztiak norbanakoarengan sortzen duten erreakzioa, harremanak dira, eredu neoliberalaren logikaren arabera eraikitako harremanak). Irakasleak desozializazioa aipatzen du ondorio gisa. Kolektiboa zein norbanakoa ahalduntzen duten harreman komunitario-sozialak deslegitimatuta daude eta autonomia faltsua dugu barneratua. Zentzu horretan, neurri paliatiboak, jendea menperatzeko beste dispositiboak direla aipatu du, hala nola narrazio teraupetikoa eta autolaguntzaren kultura. Apodakak azpimarratu du eguneroko bizitzan erresistentzia asko dagoela eta komuna zein komunitatearen alde asko egiten dugula, baina ez garela kontziente: guztia ez dago komertzializatua, merkatuarena ez den logika, komuna-guztiona-irekia denaren aldeko jarduera areagotzen ari da...  Amaitzeko, komun-ismo soziokutlurala defendatu du, komunismo ireki eta zabala.

 

Birpentsatzen 160616 3

 

Hirugarren eztabaida saioa, aktibaziorako estrategietan sakontzeko blokeari, Ekai Txapartegik eman dio hasiera, aktibazio sozialerako komunikazio estrategiei buruzko hitz hartzearekin.  Ikuspegi kritikotik eraikitako azalpena egin du EHUko irakasleak, azken urteetan izandako esperientziatik abiatuta. Helburuak bete dituzten eredu ezberdinak aurkeztu eta proiektu horietan egin duten fintze lana aurkeztu du, ondorio batzuetara iristeko. Txapartegiren diskurtsoan errepresio formak agertu ez badira ere, kontzientzia osoa duela eta existitzen den errealitatea izanik, kontutan hartu dituela adierazi du. Lehenik eta behin, azpimarratu du ez dagoela komunikazio estrategia edo formula magikorik. Mobilizazio jendetsuak guztiok desiratu arren, errealitatean horrela gertatzen ez denean, justifikazioetarako joera nabarmendu du. Justifikazioak baino, zer egin asmatzean dagoela koxka esan du. Mobilizazio sozialaren arrakasta lortzeko ardatzak mahai gaineratu nahi izan ditu halere: Mobilizazio soziala, beti, ebaluatu daitekeen helburu neurgarri baten araberakoa izatea, norbere interesak ordezkatuak sentitzea, jendearen parte hartzea handitzea, kausa bat behar dugu (“zerbaitetan sinisten dugulako, hori nahi dugulako, horretara goaz”), jendearengan- herritarrengan konfiantza eduki (beti!), arreta prozeuan jartzea ez ekintzan bere horretan, ez dagoela eraldaketarik auto-eraldaketarik gabe... Mobilizazio  bat antolatzerako garaian, galdera nagusia subjektuari buruzkoa izan ohi da: “nortzuk gara?”. Zentzu horretan, nola definitzen garen zehaztu dezakegu, baina ezin dugu nor garen erabaki. Hori dela eta, subjektua prozesuan zehar egiten eta eraldatzen doana dela ulertu behar dugu. Ekintza sozialek ezagutza eta norberaren buruarengan aplikatu beharreko auto-ezagutza (zintzotasuna) beharrezkoak ditu. Komunitate zabalak eraldaketa prozesuaren desioa, desio propio gisa onartzen duenean, arrakasta lortu dugula esan dezakegula azpimarratu du Txapartegik. Amaitzeko, diseinu errealistak egitearen garrantzia aipatu du Ekai Txakartegik, non guztiok izango garen irabazle, guztiok gure tokia izango dugun eta ez den ziurgabetasunik egongo, baizik eta erabaki partekatuak.

 

 

Jarraian, Nora Salbotx-ek hezkuntzako esperientzietako irakaspenak ekarri dizkigu eta sindikalismoari ekarpen gisa aurkeztu dizkio bere hitz hartzean. Interbentzioa "Ezagutza eraiki eta eraitsi: elkarrekintza eta elkarrekin" izendatu du. Sindikalgintza birpentsatzea, ohikoak ez diren eremuetatik ezarritako (sindikalismo-) ereduan nola eragin aztertzen ari gara Nora Salbotxen arabera. Hezkuntza eremuan eginiko hainbat hausnarketa partekatu ditu gurekin, sindikalismo eredua birpentsatzen ari garen honetan: pertsonak, subjektutu aktibo gisa ulertu beharra (Elkarrekin egiten dugu guztia eta elkarrekin egindakoa batuketa baino askoz gehiago dela kontziente izan behar dugu), sindikalismoak kontinuismoa ala burujabetza ote dakarren birpentsatu beharra eta komunikazioan, ardatza norbanakoa dela (Gaur egun, ordea, pertsonak ahaztu zaizkigu eta komunikazioa bide konduktibista gisa ulertzen dugu. Komunikazioaren bidez, elkarrizketa bermatu, komunitatean, horizontalki, norabide anitzekoa izatea, parte hartzea bermatuz...). Hezkuntzaren enfoke kritikotik, ondorio batzuk atera ditu Nora Salbotxek, sindikalgintzarako erabilgarri izan daitezkeenak: Metodologia aktiboak erabiltzen ditugu (interesetatik abiatuta, ikerketan oinarrituriko proiektuak martxan jarriz), gerrilari semiologikoa bilakatu (problemizatu, kritikatu, kontzientziatu.... toki ezberdinetan: sare sozialetan, lan tokian...) eta borroka tokia lantegia bada, non hasi eta bukatzen da lantegia? Amaitzeko, aipaturiko eredu berriaren zantzuak somatzen diren honako ekimenak ekarri ditu taulara. Komunikazio eredu berriak sindikalgintzan aplikatuz, hainbat adibide eman ditu: erakusketa bidez langile problematika agertu; liburuen irakurketa kritikoa; errealitate periferiko ez-zientifikoa bisualizatzeko ekimenak; umorea erabili... Orain artekoa borratu gabe, zalantzan jarri behar ditugu orain arte indarrean duguna (orain artekoari berrikuntzak sartuta, hezkuntzan aplikatzen diren hainbat iniziatiba, adibidez)

 

 

Birpentsatzen Jardunaldien bigarren egunarekin amaitzeko, Juantxo Goienek hartu du hitza eta LAB sindikatuaren barnealdetik sindikalismo eredu berriak kontutan hartu beharreko hainbat ardatz taularatu ditu. Zehazki, sindikatuari barnetik begiratu eta borroka ideologikoan dugun falta zein antolakuntzan ditugun gabeziei erreparatu dio. Sindikalismoa prekarietateak jotako langileei erantzun egokia emateke dabilela uste du Goienek, eta lan harremanak txantaje eta mehatsu etengabeko testuinguruan ematen direla salatu du. Lan zentroa ez da borroka esparru nahikoa egoera berriari aurre egiteko eta proposamen politiko eta organizatibo berrien beharra aldarrikatu du. Bide horretan egoki izan daitezkeen proposamen zehatzak egin nahi izan ditu: langileen kolektibo osoa aktibatzea xede izatea, sindikatua klase subjektu berriari egokitzea, afiliatuen papera indartzea borroka ideologikoa hobetzeko, sail sindikalen funtzionamenduaren ebaluaketa zorrotza egitea, maila lokaleko antolakuntzaz hitz egitea, ordezkari sindikalen eta liberatuen formazioaren hobekuntza eta berdintzea, problematikak sozializatzea eta lan gatazkak burujabetza politika eta ekonomikoaren borrokarekin konektatzea.

Birpentsatzen 160616 5

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 fundazioa@iparhegoa.org


@iparhegoafund


 

 

Hizkuntza-Idioma