Eraldaketa prozesua eta aktibazio soziala [Bir]Pentsatzen. Lehen eguneko kronika

 

Ainhoa Etxaidek, LABeko idazkari nagusiak, zabaldu ditu Berriozarko Musika Eskolan egiten ari diren jardunaldiak. Eraldaketa prozesua eta aktibazio soziala hizpide ditugu bertan. “Birpentsatzen” deitu dugun dinamika, sindikalismoa berritzeko eta eraldaketa sozialerako tresna gisa eguneratzeko ariketa dela azpimarratu du Ainhoa Etxaidek. LABen barne eztabaida bat ez ezik, Euskal Herriak behar duen sindikalismoaren eztabaida sozial, ekonomiko eta politikoan ekarpena egin duen prozesua izan da. Eta besteengan eragiten ari dena. Oso emankortzat baloratu du dinamika. Prozesua lau pareten arteko dinamika bat baino, partehartzailea izatea bilatu du LABek eta mila lagunetik gora egon dira eskualde mailako eztabaidetan. Halaber, emakumeen partehartzeari garrantzi berezitua eman zaiola adierazi du. Eta, sektore eta eragile ezberdinekin egoteko eta harremanak zabaltzeko aukera izan da Etxaideren ustez.

 

006

 

    Prozesuari, duela urte bat eman zion hasiera LABek eta 2017ko udaberriko Biltzar Nagusiari ekarpena egitea du xede. Etxaidek, jardunaldi hauetako lanen garrantzia azpimarratu du. Batetik, praktika eta antolakuntza sindikalaren berrikuntzaren gogoeta ideia eta proposamen zehatzetara eramateko beharra aipatu du. Ekintza sindikalaren berrikuntza, horren lekuko. Eta bestetik, eraldaketa prozesuaren izaera irudikatzeko eta denon artean eman nahi diogun izaeraz hausnartzeko aukerari azpimarra egin dio. Bukatzeko aktibazio sozialaren erronka aipatu du. Etxaideren ustez, eraldaketa soziala helburu dugun eragile eta mugimenduek, LABek eta sindikalismoak barne, langile eta herri klaseen defentsan eraginkorrak izango bagara, eutsi beharreko erronka nagusia eta gure helburuak lortzeko giltza da.

    Garai eta ziklo berri baterako erabakiak hartu behar ditugu. Sindikatuaren sorkuntza fasea, hedatzearen eta egonkortzearen fasea eta belaunaldi aldaketaren fasea izan ditugu orain arte. Laugarren fasea zabaltzera goaz. Ziklo hori, estrategia independensitaren baitan emango dena, langileari begira eta langileekin egin behar dugu. Langileen protagonismoaren bermea izan behar dugula aldarrikatu Etxaidek. Horregatik, langileei begirako gure estrategiak berrikusi eta hausnartu behar ditugu.

    

001

 

Eguneko lehen eztabaida saioa Izaskun Garciak zabaldu du. Prekarietatea eta langabeziaren kapitalismoari aurre egiteko sindikalismoaren gaineko gogoetari hasiera eman dio. LABeko Zehar-lerroetako idazkariaren hitzetan langile klasearen subjektua zatitzea izan da kapitalismoaren interes behinena klase gatazkaren hamarkada luzeetan. Kolektiboa suntsitzea, bere identitatea sakabanatzea, kapitalaren helburuak lortzeko ezinbesteko gakoa izan da. Sindikalismoa, historikoki, asmo horri aurre egiteko ahalegin antolatua izan da, modu ezberdinetan egituratu delarik garaiaren arabera. Egun, ordea, neoliberalismoak hedatu duen esplotazio ereduari aurre egiteko garaian, langile guztiei antolatzeko eta borrokatzeko eskaintza egokia eman ezinik dabil sindikalismoa. Langile guztien interesak ordezkatzeko eta borroka guztietarako tresna eraginkorra izateko zailtasunak bizi ditugu. Alabaina, arazoak horiek badira, begiak ezin ditugula itxi aditzera eman du Izaskun Garciak. Batetik subjektua berrosatzeko gako batzuk aipatu ditu: langileriaren definizio ahalik eta zabalen eta irekiena egitea eta orain arte sindikalismoak antolatu ez dituen langile subjektibitateen aitortza egitea. Halaber, praktika sindikala identitate kolektiboa berreraikitzera bideratzea proposatu du. Eraginkortasuna irabaztearen bidetik, borroka eta antolakuntza eskaintzak birpentsa ditzagun eskatu du. Horretarako lan zentroa gainditzea eta lanerako eta borrokarako esparru zabalagoak bilatzea proposatu du, lan gatazkak auzi politiko bilakatzea beharrezkoa ikusi du eta eragile ezberdinen arteko dinamikak batera garatzea egokitzat jo du

    Izaskun Garciaren ondoren Igor Arroyok hartu du hitza. LABeko Nafarroako eledunak praktika sindikala berritzeko ideiak eta proposamenak jarri ditu mahai gainean. Praktika berritzearen garrantzia azpimarratuz hasi du hitzaldia. Historikoki borroka molde batzuk jorratu ditugu: greba (kapitalaren logika erasotu duen moldea izan da lan uztearena), boikota, sabotajea,... Klasikoki garatzen joan diren borroka moldeak eta lorpenak eskuratzeko balio izan dutenak. Baliagarriak izan daitezkeela aldarrikatu du Arroyok, bereziki sektore edo esparru askotan. Nola aplikatzen den (grebaz bereziki hitz eginez), nola gauzatu daitekeen... hausnartu beharra dagoela esan du, baldintza zehatzak kontutan iza behar ditugulako. Ideia berriak ekarri nahi izan ditu mahai gainera Arroyok:

  • Pikete solidarioak (edo eskratxea): Britainia Handian merkataritzan baliatzen dituzte, esplotazio egoera gogorren aurrean, non langileek barrutik erantzun ezin duten. Sindikatuek erreakzionatu eta kanpotik eragiten dute.
  • Lan zentrotik kanpo langileek bizi ditgun bidegabekeriei aurre egiteko, etxegabetzeen kasua dugu. Subjektu eraldatzaile gisa, gehiago egin behar dugu horrelako egoeren aurrean. Babes mekanismoak (jantokia solidarioak, etxegabetzeen aurreko dinamikak...) bultzatu behar ditugu
  • Mareak. Sindikatu nagusiak borrokarako erreferente izan ez diren lekuetan sortua. Hemen bere horretan ezin dena esportatu, baina borroka komunak sortzeko erabil daitekeena.
  • Blokatzeak. Ipar Euskal Herrian (portu, errepide, energia enpresak,..) baliatzen dena egun. Salbuespen egoerarekin zaila da aplikatzen Hego Euskal Herrian. Baina, eraginkorra eta klabea izan daiteke, eta indar sozial handia dagoenean erabilgarria da.
  • Borroken konfluentzia: esparru ezberdinetan ematen diren borrokek bat egitea oihartzun handiago lortzeko eta aldi berean ikuspegi orokorrago emateko.
  • Elkar laguntza itunak: enpresen arteko laguntza bultzatzea, loturak dituzten enpresetako langileen artean (enpresa nagusiak eta hornitzaileak adibidez), katean joango diren arazoei eta gatazkei aurre egiteko. Gutxienez LABeko jendearen artean hasi behar ginateke.
  • Langile lobbyak: langileok erabiltzaile/kontsumitzaile gisa indar handia dugu eta eragin handia izan dezakegu (hiri garraioa ez ordaindu, telefonia enpresen erabiltzaile, hitzarmena betetzen ez duten enpresa grafikoetara lanak ez eramatea...)
  • Langileen hitzari balioa eman. Galdeketa egitea, adibidez, mutua pribatutik zerbitzu publikora pasatzeko kasua bezala Iruñeako hainbat lekutan.
  • Performance sindikalen erabilera (Santa Close kasu,...) eraginkortasun ttikiko mobilizazioen ordez arreta deitzen duten bestelako moldeak.

    Hau guztia plangintzatuz, kontzientzia eragitea saiatuz, subjektuaren artikulazioa bilatuz eta eraginkortasunari lehentasuna emanez.

 

003

 

    Saioari amaiera Silvia Carrizok eman dio. Malen Etxeko kideak. Sindikalismoa eremu produktiboaren sektore nagusietan hedatu dela gogoratu du. Baina, beste errealitate asko kanpoan geratu ohi dira.
    Carrizok uste du ez dela kasualitatea emakume migrante bat egotea mahaian gaurko jardunaldian. Kontestu bat dago, etxeko lanetan dauden emakume migranteak sistemaren zentroan kokatzen dituena. Jokoan dagoena pertsona guztien bizitza da. Neoliberalismo ekonomikoaren lehen ondorioa, dimentsio biblikoak dituen migrazio mugimendua izan da. Europaren atean dagoenari erreparatzea eskatu du Carrizok. Lanaren nazioarteko banaketa berri baten aurrean gaudela adierazi du. Apartheid global bat sortu da, hirugarren mundua deitzen dugun horretan eskulan merke almazen handia sortu dugularik. Carrizok, migranteak pertsona debaluatu gisa iristen direla salatu du, horrek esan nahi duen guztiarekin. Sindikalismoak, prekarietatearen egoera antolatuak dituen sektoreetara iristean erreakzionatu du, sektore horietan eman den dualizazioari aurre egiteko, baina gogoeta orokorra egin behar du emakumeen zapalkuntza berezia, arrazismoa, sektore prekarioenen egoera... benetan kontutan hartzeko. Pobretutako herrietako emakumeak adibidez, herri aberatsetara esportatzeko umeak edukitzeko zereginetan jarri ditu neoliberalismoak. Kapitalismoak ezaugarri zehatzak ditu eta oro hartzailea da. Emakume migrantearen kategoria onartzen du Carrizok, argigarria delakoan eta errealitate hau guztia agerain jartzen duelako.
    Zaintzaren kate globalaz hitzegitea ikuspegi eurozentrista izatea dela uste du, egun hitzegiten den moduan behintzat. Zaintzaren korrelazio bat dagoela aurre suposatzen du. Esplotazio kate globala dagoela salatu du Carrizok. Ez gara gai barne erregimeneko etxeko lanen neoesplotazio egoerari aurre egiteko. Eta horrek definitzen gaituela iradoki du Malen Etxeko kideak. Langileen artean jerarkia eta desberdintasun egoera bortitzak sortzen dira. Eskubiderik gabeko milioika pertsonen ejerzito baten gaineko ongizatea eraiki da eta ezinbestekoa da eskubideen aitortza hori egitea.

    

005

 

Eguneko bigarren eztabaidak Euskal Herrian prozesu eraldatzaile eta eratzailerako subjektuaren eraikuntzaren gaiari heldu dio. Saioa Bea Martxuetak (LABeko Politika Sozialetako idazkariak)  zabaldu du Euskal Herriko Karta Soziala prozesu horren erdigunean egon behar duen osagai gisa azalduz. Martxuetaren hitzetan Kartaren dinamika abiatu zuten eragile sindikal eta sozialek subjektu politiko bezala agertzeko urrats kontzientea egin zuten, indar korrelazioa aldatzeko ofentsiba egin asmoz. Karta osatzeko aurrera eraman zuten prozesua zehatz azaldu Bea Martxuetak: diagnostiko zorrotza eta partekatua egitea bizi dugun larrialdi egoera nazional eta soziala definituz. Egoera onartezin honen aurrean hausnarketa, formazio, antolakuntza eta proposamen prozesua garatzen hasi ziren eragileok. Prozesu parte hartzaile horrek Kartaren eraikuntza ekarri zuen. Botere ekonomikoak jendeari, herriari hitza kendu nahi ziola garbi ikusi zuten eragile sozial eta sindikalek, Martxuetaren hitzetan, eta Kartak euskal herritarren erabakitzeko eskubidea maila eta esparru guztietan defendatzeko eta baliatzeko abiapuntu garbia proposatzen du. Paper hutsa baino, Karta Euskal Herriaren etorkizun ekonomiko eta sozial berria eraikitzeko tresna ezinbestekotzat aldarrikatu du. Kartaren prozesuan subjektu sozio-sindikal erreala egituratu duela eta prozesuari edukia ematen dion korpusa eraiki duela adieraziz amaitu du.  

    Adolfo Araizek hartu du hitza jarraian. Nafarroan EHBilduko legebiltzarkide denak, herrialdean eman den aldaketa instituzionala urtetan egindako borroka, protesta eta mobilizazio sozialen fruitu dela adieraziz hasi du bere hitzaldia: “Herritarrok gara aldaketaren protagonistak eta indar politikoak, herri eragileak eta instituzionak herritarron ordezkariak, ez ordezkoak” esan du. Aldaketa prozesuak, etengabe, demokratizazio ariketa etengabea izan behar du bere ustez. Baina, aldaketa insituzionala hasi zen unetik nolabaiteko kemen galera nabaritu du. Horren aurrean, epe luzeko begirada aldarrikatu du eta mugimendu eraldatzaileen hausnarketa sakona eskatu du akatsak zuzentzeko. Aldaketa orok erresistentziak piztuko ditu, eta horien aurreko estrategiak behar ditugu. Herritarren aktibazioaren beharra jarri du Araizek ezinbesteko zereginen artean. “Aldaketa areagotu, sakondu, zabaldu eta itzuliezin bilakatzeko urrats berriak pentsatu eta emateko garaia” dela esan du eduki sozialen agenda baten adibideekin batera. Demokrazia eta burujabetza banaezin ikusten ditu Araizek eta Nafarroaren burujabetzari azpimarra egin dio. Estiloari dagokionean, ezberdinen arteko elkarlana ezinbesteko ezaugarri jo du, tentsiorik gabeko adostasun esparrurik ez dagoela garbi badu ere. Ondorio bezala, aldaketaren protagonista herria dela azaldu Araizek. Aldaketa ezin da desmobilizazioa eta jendartearen desaktibazioa izan. Prozesua etengabea izan dadin hamaika ekimen eta lehia molekular irabazi behar direla adierazi du.

 

004

 

    Saioari amaiera Zesar Martinezek eman dio. EHU irakasle eta Joxemi Zumalabe Fundazioaren kideak nolako eraldaketa edota askapen prozesuak behar ditugun galdetzen ekin dio hitzaldiari. Pertsonen eguneroko bizitzaren logikak erdigunean jarriko duten prozesuak eta bereziki zapalkuntzak pairatzen dituzten pertsonak eta sektore popularrak aintzat hartuz. Pribilegioak sortu dituzten mekanismoak (kapitalismoa, patriarkatua, kolonialismoa eta teknokrazia) indar handiz ezarriak daude eta horiei aurre egiteko bestelako logika eta proiektuak behar ditugu Martinezen hitzetan, zaintza, interdependentzia eta aukera berdintasuna ezaugarri dituztenak. Esan bezala patriarkatua, kolonialismoa eta kapitalismoa sendo errotuta daude, eta elkarloturik sortzen dutena krisiaren erdigunean dauden faktoreen eragile da. Horren aurrean, Martinezen hitzetan, aliatu potentzialen zerrendak sekulako potentziala du, statu-quo horren alde ez dagoenen indar korrelazioa oso zabala delako. Sektore zapalduen aldeko etika duen oro ikusten du eremu horretan. Aipatu du halere, logika horiek guregan ere funtziotzaen dutela eta eguneroko edo hurbileko diren zapalkuntza horiek ezin ditugula bigarren maila batean utzi, horretan eraikitzen baitugu gure subjektibitate pertsonala eta nolako subjektu kolektiboa garen. Etengabeko lantzat jo du zapalkuntza ez diren praktika emantzipatzaileak eraikitzea. Subjektu edo identitateen eraikuntzari garrantzia eman dio irakasleak, borroka esparru bakoitzeko errealitatea besteekin batera birdefinitzeko beharra adieraziz. Subjektu pluralagoa sortzea helburua izan behar dela irizten du.

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 fundazioa@iparhegoa.org


@iparhegoafund


 

 

Hizkuntza-Idioma