Ipar Hegoa Fundazioan, klase ikuspegitik eta herri ikuspegitik azterketa eta gogoeta sustatzeko lan egiten dugu. Zentzu horretan bitartekoak eskaintzea eta jasotzea dugu heburu, betiere jendarte eraldaketa sustatu eta gauzatzeko asmoz.

EGITEN DUGUNA

LAB sindikatuaren barne mailako behar formatiboak asetzen ditugu. Langileen jabetzerako formazioa beharrezkoa dela iruditzen zaigu. Horregatik, material ezberdinen bidez - idatzizkoak, ikusentzunezkoak…- langileen egoera hobetzeko eta beste jendarte eredu baten alde borrokatzeko tresna formatibo ezberdinak ekoizten ditugu.

Jendarte eraldaketa bideratzeko hegemonia soziala beharrezkoa dela uste dugu. Horregatik, gehiengo sozial berriak artikulatzeko beharrezkoak diren prozesu sozialen azterketak eta gogoetak sortu eta zabaltzen ditugu klase ikuspegitik.

Zentzu honetan, langile subjektuaren ikuspegi berritu eta zabala osatzea dugu helburu. Horretarako beharrezkoak diren gogoetak, azterketak eta estrategiak bideratzeko lan egiten dugu.

Langilegoak gaur egun eraldaketa subjektu gisa aritu dadin dituen erronkak identifikatu/aztertu eta eragile aktibo bihurtzeko indartze/sendotze estrategien gaineko gogoetak bultzatzen ditugu. 

Mundu mailan orokorrean eta Euskal Herrian zehazki, ematen ari diren aldaketa politiko eta ekonomikoek eraldaketa soziala pentsatzeko eta garatzeko tresna politikoen egokitzapena behar dutela jakinik, tresneria zein gramatika politiko berriaren sormenean lan egiten dugu. 

Kalitatea eskaintzen dugu. Ekoizten ditugun materialak azterketa politiko eta sozial rigurosoek (zorrotzak-zehatzak-zientifikoak) proposatzen duten metodologien bidez lantzen ditugu. Aztergai ditugun eremuetan dabiltzan aditu eta arituen elkarlanaren bidez osatzen ditugu hain zuzen ere.

 

GURE BALOREAK 

Klase ikuspegia. Esplotazioa gainditu eraldaketa sozialaren bidez.

Euskal Herria osatzen duen errealitate soziopolitikoan eragiteko eta berau eraldatzeko garatzen dugu gure jarduna.

Genero ikuspegia. Tranbertsalitatea. Genero harremanak parekideak izan daitezen garatzen dugu gure jarduna, gure eguneroko praktikan afektuak eta subjektibidadeek duten garrantzia azpimarratuz.

 

Gogoetarako talaia

talaia logoa

LABeko Batzorde Sozioekonomikoak eta Ipar Hegoa Fundazioak gogoeta eta prestakuntzarako Talaia berezi bat aurkeztu nahi dizuegu.

Bestelako Euskal Herria nahi dugunontzat, edozein delarik gure lan edo borroka esparrua, lagungarria izan nahi duen talaia. Baina, jakina, bereziki ekintza eta borroka sindikal eta soziopolitikoan engaiaturik diren emakume eta gizonei zuzentzen gatzaizkio.

Talaia, bizitza bestelako koordenada batzuen arabera ulertzeko apustua, lanabesa da. Begirada kritikoz gure inguruan dagoenari erreparatzeko eta gure praktikak eraldatzen laguntzeko lanabesa hain zuzen ere. Hau da, langile mugimendua eta sindikalismoa ikuspegi berrituz garatzen laguntzeko trena formatiboa izan nahi du talaia honek.

Gai sozial eta gai ekonomikoetan sakontzeko euskarri ezberdinak baliatuko ditugu. Argitalpen monografikoak, ikastaroak eta mintegiak, hitzaldiak, artikuloak, elkarrizketak... Begirada jaso, eta aurrera eta luze begiratzeko talaia izan dadila hau.

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma