Angela Davis Euskal Herrian

Euskal Herrian dugu Angela Davis. Injustiziaren, arrazakeriaren eta zapalkuntzaren kontrako ekintzaile eta intelektual porrokatua. Angela Davis, militante komunista eta feminista da. Pentsalari marxista, erreferentzia globala izan dena hamarkadetan zehar. Gure sinbologia kolektiboan txertatutako emakumea, bere ekarpen politiko sakonagatik eta pairatu zuen jazarpen errepresibo- politikoarengatik.

Zapalkuntzaren ardatz ezberdinak bateratzeko eta orekatzeko ekarpen politiko sakona egindakoa da Davis. Eta eraldaketa, zapalkuntza horiei batera aurre egiteko subjektua eraikiz gauzatzeko urratsa egin nahi izan dugunontzat ezinbestekoa izan da bere gogoeta.

Ipar Hegoa Fundazioak Gite-Ipes Elkartearekin batera, eta Bilgune Feminista eta Ernai lagun izan ditugula antolatu dugu bixitaldi hau. Egunotan Angela Davisen presentzia eta hitzekin egingo diren ekitaldietarako leku fisikorik gabe gaude, tamalez. Kontziente gara Angelaren presentziak sortu duen espektatibaz eta interesaz. Baina, ezin dugu gure baliabideekin espektatiba hori guztiz asetu. Halere, espero dugu otsailaren 5ean Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean egingo den mintegia eta 7an Guggenheimen egingo den ekitaldia internet bidez jarraitzeko aukerak samurtuko duela hainbaten gogoa.


Larunbatean, ikastaroa

Ipar Hegoa Fundazioak, Ernaik eta Bilgune Feministak otsailaren 6an ikastaroa egingo dugu Angela Davisen partehartzearekin. Herri, klase eta feminista ikuspegitik zapalkuntza hirukoitzaren aurrean eraldaketa bideak aztertu nahi ditugu, XXI. Mendeko baldintza sozial, politiko eta ekonomikoetara egokituta.

Donostiako Zuatzu Enpresa parkean kokatua dagoen Iratzar gelan egingo dugu. Parte hartuko duzuenoi goizeko 9:30ean bertaratzeko eskatuko dizuegu, jende kopuru handia garenez, izenematea eta itzulpen-gailuen banaketa ahalik eta modu txukunenean egin dezagun. Saioa 10etan hasi nahi dugu, 13.30etarako bukatu ahal izateko.

Esan gabe doa, bixitaldia amaituta ahalegina egingo dugula, egun hauetan jasotako guztia zuenganatzeko euskarri ezberdinen bidez.

Gogoetarako talaia

talaia logoa

LABeko Batzorde Sozioekonomikoak eta Ipar Hegoa Fundazioak gogoeta eta prestakuntzarako Talaia berezi bat aurkeztu nahi dizuegu.

Bestelako Euskal Herria nahi dugunontzat, edozein delarik gure lan edo borroka esparrua, lagungarria izan nahi duen talaia. Baina, jakina, bereziki ekintza eta borroka sindikal eta soziopolitikoan engaiaturik diren emakume eta gizonei zuzentzen gatzaizkio.

Talaia, bizitza bestelako koordenada batzuen arabera ulertzeko apustua, lanabesa da. Begirada kritikoz gure inguruan dagoenari erreparatzeko eta gure praktikak eraldatzen laguntzeko lanabesa hain zuzen ere. Hau da, langile mugimendua eta sindikalismoa ikuspegi berrituz garatzen laguntzeko trena formatiboa izan nahi du talaia honek.

Gai sozial eta gai ekonomikoetan sakontzeko euskarri ezberdinak baliatuko ditugu. Argitalpen monografikoak, ikastaroak eta mintegiak, hitzaldiak, artikuloak, elkarrizketak... Begirada jaso, eta aurrera eta luze begiratzeko talaia izan dadila hau.

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma