Maider Caminos Miranda

Herri burujabeen garaia da

MAider caminos Maider Caminos Miranda (Zizur Zendea) artearen historian lizentziatua da eta LABeko industria federazioko kidea Iruñerria-Pirinioak eskualdean. Egun, Undioko bizilaguna, Zizur Zendean.
 
 

Indarrean dauden politika neoliberalek, han eta hemen, errotik baztertzen dugun bide bat marrazten dute.

Gure bizitzen eta planetaren aurkako mehatxua agerikoa da: desberdintasunen gorakada, aberastasun sozialaren metaketa kapitalaren esku gutxitan, eskubide sozialen ahultzea, bazterketa eta lan prekarietatearen areagotzea, baliabide naturalen erabilera okerra eta trataera txara, zerbitzu publikoak pribatizatzeko grina, ordena patriarkalaren sakontzea, erabaki eta auto-antolatzeko edozein subiranotasun gaitasun-komunitarioren desjabetzea, sostengarria ez den kontsumo eta ekoizpen eredu  baten berrespena...

“Gure bizitzen eta planetaren aurkako mehatxua agerikoa da”


Munduan zehar inon gertatzen dena ez zaigu arrotza. Horregatik, hemendik, Euskal Herritik, gutxi batzuen onuran pertsonen beharrizanen aurka egiten duen ordena ekonomiko, sozial, kultural eta politiko honen kontrako eraldaketan parte hartu eta ekarpena egin nahi dugu. Bai, nagusi den sistemaren norabidea eta egiturak bizitza ona bermatu ahal izateko eraldatu nahi ditugu, herrien desira eta beharrizanak ase ahal izateko, geure buruak zaintzeko zein planeta zaintzeko. Hori dela eta, aldaketaren estrategian sakondu egin behar dugu, eta norabide horretan, hain zuzen ere, kokatzen dugu Alternatiben Herria ospatzea.

Aldaketaren estrategian sakondu egin behar dugu, eta norabide horretan, hain zuzen ere, kokatzen dugu Alternatiben Herria ospatzea


Nafarroan aldaketa ahalbidetu zuen korronte soziala mantendu behar dugu. Justizia sozialaren aldeko gure apustua mantentzen jarraitu behar dugu, politika neoliberalen edozein tentaldi gelditu ahal izateko, eragin eta irauliko duen korronte bat. Alternatiben Herriaren antolaketa demokrazia eta tresna propioen aldarrikapena izango da. Kontraerreforma sozialak (fiskalak, prestazio sozialenak...) gaitzesteko mobilizazioetatik hasi, eta bide berriak (aurrekontu politika, inposatu nahi diguten AHT-aren aurrean bestelako alternatiba proposamenak...) urratzea proposatzen duten proiektu, hausnarketa eta ekimenetara arte. Hazten jarraitu behar duen korronte sozial bat, konplizitateak josi behar dituena, hainbeste desiratzen dugun eraldaketa sozialaren norabidean sakontzeko erronka berriak markatuko dituena.


Hamarnaka eragile sozial zein sindikal konprometitu eta murgildu gara ekainaren 2an Nafarroan ospatuko den “Alternatiben Herria”-ren antolaketan.  Errealitate bizi bat erakusteko aukera paregabea, bizitza soziala eraikitzeko modu berri baten oinarriak jarri ahal izatea aldarrikatu eta bidea egiten duena, dena auzolanaren filosofiak lagunduta: ongizate komunaren aldeko lan kolektibo eta eskuzabala.

Alternatiben Herriaren antolaketa demokrazia eta tresna propioen aldarrikapena izango da


Ekainaren 2a mobilizazio egun berezia izango da: hausnarketarakoa zein festarakoa, eztabaida eta elkartasunerakoa, konpromiso eta itxaropenez betea. Tailerrak, mahai-inguruak, hitzaldiak, informazio-pilulak, azoka soziala, jangela ekologikoak, kale antzerkia, erakusketak, erromeriak, dokumentalak... Eta protagonismoa injustua den ordena honekin eremu desberdinetatik apurtzea bilatzen dugun gu guztiona izango da: aberastasunaren birbanaketa justua; denok lan egin ahal izateko lan gutxiago egitea, hau da, lan produktibo eta erreproduktiboaren banaketa; ekologia eta justizia klimatiko globala; aniztasun funtzionala, sexuala eta jatorriari dagokiona; herrien arteko elkartasuna eta bidezko merkataritza;  preso dauden pertsonak; erregimen patriarkala; gauza guztien gainean erabaki ahal izateko subiranotasuna eta demokrazia; kultura; hezkuntza ereduak; euskara ondasun komun gisa...


Ekiteko, matxinatzeko eta eraikitzeko garaiak dira, eragitekoak, eraldatzekoak. Subjektu burujabe bezala herriek gure etorkizunean eta gure ingurunean eragiten duten eskubideak bermatu eta erabakiak hartzeko garaia da. Horregatik, elkarlanean hasi dugun bide hau ez da ekainaren 2an amaitzen.

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma