Elikadura ardatz duten proiektuetako hainbat kideekin solasaldia

Elikadura Burujabetzara bidea... bere barrenetatik

 
 

Elikagaien ekoizpen eta kontsumo ohiturak aldatzeko makina bat proiektu sortu dira azken urteetan Euskal Herrian. Elkarlana, parte hartzea, hautu pertsonalak eta erronka kolektiboak, merkatuaren logikak gainditzea, aurreiritziak gainditzea, komunitatea.... urte hauetan elikadura burujabetzak elikagaien kalitatea, bertakotasuna eta sasoia baino erpin gehiago dituela ikusi dute.

Horren inguruan hausnartzeko, otsaileko arratsalde hotz eta euritsu batean Errekaleor auzo proiektuko 16. zenbakian hartu genuen aterpe, proiektu horietako batzuetako zenbait kiderekin batera mokadu bat hartu eta elikadura burujabetzaz hausnartzeko.

Solaskide izan genituen Errigorako Xabier Gojenola, Ereindajan elkarteko Amaia Pavón, Laboreko Alaitz Ajuriagerra, eta Errekaleorreko baratza lantaldeko Eneritz Basabe eta Haizea Agirre.

 
 
 
 

Zuen proiektuetako esperientzia oinarri hartuta... Zein da elikadura burujabetzaren filosofiara hurbiltzen den jendearen perfila? Zein da hartu-emana edo onura? Zabaltzeko zailtasunak?


Xabier Gojenola: Errigora dator Nafarroa hegoaldean euskarak bizi duen egoerari eta nekazaritzak azken urteetan bizi zuen egoerari erantzun bat eman nahi izatetik eta hori antolatze-bidean, hasiera batean egin genuena lantaldetxo bat antolatzea izan zen. Lagunen lagunen bitartez saiatu ginen saretzen, eta Euskal Herriko txoko desberdinetara heltzen. Harrera oso ona izan zen.  Existitzen ez den ekimen baten bat-batean 40-50 herritan hori landuko duten 50-100 lagun egotea... Herri honek baditu baldintza bereziak herri-ekimenerako, edo horrelako ekimen baterako bide eman dezaketenak. Eta behin lehenengo kanpaina abiatu, eta 8.000-9.000 saski saldu zirenean... Gure eskema guztiak apurtu ziren. Hortik aurrera etengabeak izan dira ekimen desberdinetatik etorri diren proposamenak, zabaldu diren ateak... Hasiera batean 5 ekoizlerekin hasitako ibilbide honetara orain ekoizleak beraiek zuzentzen dira, parte hartu nahi dutela esanez, etab. Orduan, zentzu horretan, Errigoratik behintzat, oso pozik harrerarekin, ederra izan da. Agian gehiegi, ez? Urte gutxitan asko hazi den herri-ekimena izan delako, eta horrek ere bere arriskuak ditu sarritan.

Alaitz Ajuriagerra: Laboreren kasuan, Bilbon “Zer jan eta nola erosi” jardunaldiak egin zirenean, jardunaldiek oso harrera ona izan zutela ikusi zen. Alde batetik, herrigintzatik datorren jendea; beste alde batetik, bai ingurumenarekin bai elikadurarekin sentsibilizatuta dauden pertsonak. Proiektua oraindik garatzeke zegoen bere osotasunean eta, hasiera batetik, jende askok apustu egin zuen proiektu honen alde. Eta behin zabalduta, beste jende asko hurbildu da. Orain beste profil bat gehituko nuke: osasunarekin sentsibilizatua dagoen jendea. Ibilbide txiki honetan esan dezakegu Laboreren harrera positiboa izan dela.

Amaia Pavón: Ereindajanen ere, bereziki denda zabaldu aurreko etapan, bereziki ikuspegi politikoa duen profil hori egon zen, baina denda zabaldu osteko etapan, kontsumitzaileen perfila aztertzen hasten zara, eta zati handi bat osasunarekiko arduragatik dendara joan dena da. Gaixotasunen baten ondorioz hartzen den kontzientzia horrek bultzatuta, edo... Dena delakoa, baina osasunarekin ikuspegitik jende pila bat hurbiltzen da.

Haizea Agirre:  Gurea nahiko desberdina da, ez dagoelako bezerorik... Baratza-lantaldea auzo-proiektu baten barneko adar bat da. Askotan aipatzen dugu proiektuan dirua erdian egon beharrean, bizitza kokatu behar dugula, eta lantalde desberdinetan funtzionatzen dugu: baratza bat da, baina badaude azpiegitura, komunikazioa, kultura... orduan, hartu-eman bat da. Guk auzora zabaltzen dugu, zerbait eta besteek berdina egiten dute. Baratza lantaldean gaudenok gara edo ikasteko interesa dugunok, edo baserrian hezitakoak, edo kontzientziatuak...

 
 
 
 

Parte-hartzea oso garrantzitsua da zuon proiektuetan. Auzolana, autogestioa... Nola eramaten duzue aurrera? Ze eredutara iritsi nahi duzue? Ze paper eduki dezake elikadura burujabetzak komunitatearen eraikuntzan?


AP: Gure ibilbidean bi etapa daude oso markatuak: bata denda ireki aurrekoa, eta bestea denda ireki ostekoa. Denda irakurri aurreko fasea, 2012-2015 artekoa, oso emankorra izan zen: elkartu ginen, 50-60 lagun inguruko talde-dinamikak izaten ziren, eta abiapuntutik jada banatu ginen kontsumitzaile eta ekoizleen lantaldean, produktuen identifikazio lantaldean, nola hedatu proiektua... lantalde desberdinak jarri ziren martxan. Bigarren etapan, badirudi lortu genuela nahi genuena, eta azkenean, egin dugun hausnarketa da jendeak ikusi duela gauzatuta nahi hori, eta nolabait amaitu dela parte-hartzearen grina edo beharra. Eta oso erronka potentea izaten dabil Ereindajan dendaren bueltan ekintzen antolakuntzan jendearen parte hartzea. Aktibatu genuen ekintza-plan majo bat: baserrietara bisitak, baserria ezagutu, produktu desberdinen dastaketak... eta parte hartzea, oro har, oso baxua da, beraz, erronka moduan daukagu.

AA: Lehenengo fasearekin oso identifikatuta sentitzen naiz, nahiz eta gure kasuan bigarren fasea oso motza den irakurketa egiteko. Baina komunitatea sortzeko orduan, tratu zuzenak, ekoizleak eta kontsumitzaileak elkarrekin batzeak, komunitate bat sortzeko aukera polita ematen dute. Ikusiko dugu gu ere zelan antolatzen garen, ze plangintza eta ze ibilbide markatzen dugun hemendik aurrera.

XG: Errigoraren kasuan, ekimenak gai edo ildo desberdinak lantzen ditu. Bat da euskararena, azken finean Nafarroa hegoaldean euskalgintzari lagundu nahi zaio, orain arte, dakigun modura, ofiziala ez delako izan eta zailtasunak daudelako. Besta bat elikadura burujabetzarena da. Eta nik uste dut beste batzuk badirela ere: lurraldetasunarena, herri-lanarena, auzolanarena... Beraz gai desberdinak dira, jende desberdina hurbiltzeko aukera ematen dutenak. Bat gehiago dator euskararen kontutik kontzientziatuta dagoelako; beste bat dator elikaduratik, eta elikaduratik ere bat dator osasunarekin irizpidearekin, bestea bertako ekoizleak laguntzeko; eta beste bat gustatzen zaiolako, ilusioa sortzen diolako eta ikusten duelako kutxaz kutxa zenbat jende mobilizatzen den eta ikusten duelako horrelako ekimenetatik datorrela eraldaketa.

Komunitatea sortzeari begira nik uste dut aniztasuna, zabaltasuna eta eskuzabaltasuna eduki beharreko elementuak direla. Gu zehazki, Errigorarekin, zonalde berezi batean lanean ari gara, ez da bereziki euskaltzalea den zonalde bat, adibidez, eta euskara erdigunean kokatuta joan gara. Horrek ze aukera eskaini dizkigu? Ba hainbat ekoizle bereziki euskaltzaleak ez zirenak, euskaltzaletasunerantz datozela Errigorarekin, gurekin eskutik eskura lanean ari dira. Beraz, garatzen ari garen bideak jende eta eremu berriak irabazten ditu.

Eneritz Basabe: Gure proiektuan gertatzen da auzolanak deitzean, parte hartzea konplikatua izaten dela. Ohituta gaude militantzia batera zeinetan indarra orain egin, eta emaitzak momentuan dauzkazun, orduan, baratzak eskatzen duen konstantzia mantentzea kostatzen zaigu. Denok dakigu elikadura burujabetzak daukan potentzialitatea, baina gero horrek suposatzen duen lana asumitzeko ez daukagu horrenbesteko prestutasunik. Orain arte izan dugun ikuspegia beti izan da auzoko kide batzuek sortzea baratza, auzokide guztiak elikatzeko produkzio maila erraldoi batekin, eta inoiz ez gara iritsi. Beraz, orain lantzen gabiltzana hori moteltzea da: goazen ikasteari ematera garrantzia, eta etekina beste modu baten ateratzera.

 
 
 talaia elikadura solasaldia 03
 

Askotan elikadura burujabea edo koherentea hautu pertsonal moduan ulertu izan dugu: norberak bere eguneroko erabakietatik bultzatzen duen eraldaketa. Nola egin hautu pertsonaletik borroka kolektibora salto?


AP: Nik esango nuke poliki-poliki gertatzen dabilela. Ereindajanen kasuan ikusten da kontzientzia maila altu bat duen jendeak martxan jarritako proiektua dela, baina gune horren presentziak berak hurbildu duela beste jende bat. Eta eztabaida ireki du herrian, prezioak ez direlako hain altuak. Gero, norberak erabakitzen du zenbateraino nahi duen koherenteago izan ala ez bere jan-hautuekin. Ikusten dudana da supermerkatuen eta produktu oso merkeen industria oso sartuta daukagula gizartean, eta horren aurrean beste kontsumo-ohitura edo produktu eredu batzuk zabaltzea erronka potentea dela. Baina nik uste dut gizartean badagoela eztabaida hori.

XG: Ni konbentzituta nago bor-bor dagoela elikadura burujabetzaren kontua eta hemendik eta 30 urtera, ikastolekin, euskaltegiekin... sortu zen antzeko egoera sortuko dela. Hau da, orain kontsumo-elkarteak eta elikadura burujabetzarekin lotutako kontsumo eredu alternatiboak sortzen ari dira, eta horrek emango du antolakuntza eta bat-egite behar bat. Garai batean gau eskolak zirena, edo herri bakoitzean ikastola bakoitza, gero antolatzen joan da, ezta? Ba hau ere antolatzen joango da, hautu pertsonaletik harago, estrategia komun batetara edo herri-antolaketa batera.

HA: Lehen ere komentatu dugu ezin dugula inor derrigortu. Hausnarketa norbanakotik ez bada ateratzen, beste norbaitek ez dizu aterako. Orduan, agian lehen fasea hausnarketa litzateke. Guk auzoan ez dugu oso ondo asmatu kontzientzia hori pizten, baina, gero eta kontzientzia gehiago daukagu elikadura burujabetzarekiko. Azken batean, asko kostatzen zaigu baratzean lan egitea, baina (soldatapean) lanean gabiltza berdina egiteko, hau da, jatekoa lortzeko. Ez gara gai ikusteko guk ere egin dezakegula, ez?

AP: Kontzientzia pertsonala inportantea da, baina saretzea ez badugu lortzen, Ereindajan bezalako proiektu batek arriskua dauka kolektibo oso mugatu baten ekoizle eta kontsumorako gune bakarrik izaten bukatzeko. Uste dut proiektu moduan bai eduki behar dela beste anbizio hori, poliki-poliki saretzen joateko bizi zaren komunitateko beste eragileekin.  Agian ez hazteko anbizioarekin, baizik eta... Ereindajan bezalako proiektu batek ahalko luke Arizmendi ikastolakoa bezalako jangela bat hornitu? Adibidez. Planteamendu hori bota eta aztertu Arizmendirekin, ekoizleekin... horrelako proiektuak.

XG: Uste dut txikitik handirantz egin behar dugula. Bestela oso eremu marjinaletan geratzeko aukera daukagu eta eraldaketa horrek bere mugak ditu. Beraz, gu behintzat Errigoratik kontziente gara, herri modura elkarlan bat eta norabide bat abiatu behar dugula. Uste dut elikadura burujabetzak aukera ematen duela oso bide transbertsala egiteko, izaera, esperientzi eta ikuskera oso desberdina daukan jendea batzeko. Guri ekoizleekin hori gertatu zaigu: hasten zara ekoizleekin lanean, ikusten dute gainera, ekimen horrek emaitzak ematen dituela... Horrek eragiten duena da beraiek ere elikadura burujabetzaren norabidean urrats berriak emateko disposizioan jartzea. Ordura arte zainzuriak konbentzionalean bakarrik egiten zituen elaboratzaile horrek, urratsak eman ditzake ekologikoan ari den nekazari batekin lanean hasteko. Horrelako errealitateak ematen ari dira Errigoraren dinamika honetan, eta imajinatzen dut beste guztietan ere.

AP: Ni ados nago zurekin, e? Txikitik handira. Baina handitasun horrek ez dauka zertan superfizie handien alternatiba izan. Handitasuna lor daiteke denda txiki batetik bailarako eskola eta kooperatibetako jangelak hornitzen.

XG: Bai, eta ez nago proiektu zehatz batez hitz egiten, izan daiteke proiektuen arteko saretze bat...

AA: Azkenean, eskaera handiagoa badago gizartearen aldetik, ekoizleek ere urratsak emango dituzte beste ibilbide batzuk hartzeko. Azkenean, kate-maila bat da, eta beti begiratzen dugu bazkide/kontsumitzaile ikuspegia, baina hemen gakoa ekoizleak dira, lehenengo katebegia dira, eta gu bukaerakoak. Guk lagundu behar diegu. Elikadura burujabetza edo elikadurari dagokionez burujabe izan nahi badugu, momentu honetan, ezinezkoa da, baina ikusita zeintzuk diren gure elikadura ohiturak, ekoizleek pausu batzuk eman ahal dituzte, gero euren lanak bidea hartuko duela jakinda.

 
 
 
 

Egungo merkatuaren ezaugarriek (berehalakotasuna, marka eta produktu eskaintza zabala eta globalizatua, marka zuriak, ia kostuaren azpitik dauden prezioak), ze erronka jartzen dizkigute? Nola saihestu hautu honen alde egiten dutenak “pribilegiatu” gutxi batzuk izatea?


AP: Bi norabide dauzkagu, baina Ereindajanen identifikatzen dugun erronka potenteenetarikoa kontsumitzaileen jan-ohiturak aldatzea da. Kontsumitzailea joaten da dendara, badaki otsaila martxoan tomatea ez duela topatu behar, baina ez dago bereziki txipean ea hilabete honetan zer jatea tokatzen den. Bertako eta sasoikotasun hori bada elikadura burujabetzaren oinarri garrantzitsuenetariko bat, niretzat gutxienez.

EB: Nik uste oso ohituta gaudela kapitalismoak eskaintzen dituen baliabideetara. Ni supermerkatura joan naiteke eta edozein gauza aukeratu, eta horiek dira nik dauzkadan pribilegioak.  Pentsatzen dugu baserritarrek produzitutako zerbait erosteagatik 3 euro gehiago ordaintzea pribilegio bat dela, baina zein da benetako pribilegioa eta zein da kapitalismoak egiten digun tranpa? Ez da hainbeste baliabide kontua, baizik eta kontzientzia kontua: zeri ematen diozun lehentasuna. Lehen soldataren %60a erabiltzen zen elikaduran, eta gaur egun ez da ezer, %12a edo, ez dago erdigunean, ez zaigu inporta nola elikatzen garen, aukera merkeak ditugulako.

XG: Azkenean, badago logika bat, janariaren inguruan, hain zuzen, espekulatu eta kultura konkretu bat sortzen duena, eta horren arabera funtzionatzen dugu. Errigoran hausnarketa batzuetan sartzen ari gara, konplikatuak izan arren... Adibidez, planteatzen ari gara herri-bitartekaritza eredu berriak sortu behar diren edo ez diren sortu behar. Ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko harremana zuzena eta ahalik eta laburrena izan behar da. Hori posible da batzuetan. Baina, zer gertatzen da, adibidez, Ablitasen dagoen olio errota batean, urtean 500.000 litro egiten dituena? Horrek ez dauka posibilitaterik familia-kontsumitzaileak berak bakarrik, zuzen-zuzenean aurkitzeko! Errigoraren lana, herri-bitartekaritza bat izan da, auzolanean oinarrituta egon dena, baina horrelako ereduak etorkizunera begira iraunkorrak dira? Behar dira beste planteamendu batzuk? Errigoran uste dugu eztabaidan gutxienez sartu egin behar garela, baina batzuetan ausartu ere, ez gara egiten...

AA: Bai, kontraesan piloa daude! Barazkiekin, baserritarrekin eta hainbat produktuekin eduki dezakezu zuzeneko harreman bat, baina hainbeste ohitura dauzkagu hain barneratuta... gauzak kanpotik ekarri behar ditugula, eta hor dagoeneko bitartekariak sartzen dira, ezin dituzu ekidin. Agian bultzatu ahal da bertako ekoizleak horiek ekoiztera. Ekarriko ditugu Alemaniatik edo Bartzelonatik produktu kimiko batzuk, etxea garbitzeko, hemen ez direlako egiten? Azkenean, erabiliko ditugu bai ala bai, beraz, zelan bultzatu baten bat hemen horretara jartzea? Badaude horrelako proiektuen adibide batzuk.

HA: Oso gai interesgarria da. Lehen aipatu dugun komunitate-eraikuntza horretan ze garrantzitsua den ezagutzea, konfiantza izatea... Bat izatea kontsumitzaile eta ekoizlea. Azkenean, oso zaila egiten zait bitartekari horiek agertzen diren momentuan, komunitate izaera bultzatzea.

XG: Eta bitartekaritza eredu horretan ezin da hori egin? Ezagutzera eman, ekoizlea hurbildu... Horrek beste eredu bat nahiko luke esan, baina egin daiteke?

AP: Zeri esaten diogu “bitartekari”? Ze Labore eta Ereindajan bagara bitartekariak.

AA: Bai, ekoizle eta kontsumitzaileak, aldi berean. Dena den, errealitatean, ezin dugu denok ekoitzi, orduan, bai, gu gara bitartekariak kasu honetan.

AP: Bai, eta eztabaida potentea egon da, e? Ereindajanen kasuan, ekoizle asko hurbiltzen joan dira  proiektura, baina sare zuzenetik, hau da, ekoizletik kontsumitzailera, saskien logikan, mugitu eta mugitzen jarraitzen du ekoizle askok. Baina, zer eta denda bat, gainera soldata pean kontratatutako bi pertsonarekin, margenak... Badakizue, eredu kapitalista birproduzitzen ari garen ala ez... Baina gero konturatu dira errealitatea dela prezioak ekoizleekin negoziatutakoak direla, margenak dendako martxa eta lanean daudenak sostengatzeko... Irabazi asmorik gabeko elkarte moduan bizi da Ereindajan, eta konturatu dira saskiez gain badagoela bestelako gune bat zure ekoizpen horri aterabidea emateko. Bitartekaritza bat da, eta uste dut komunitatea sortzen laguntzen duela.

 
 
 talaia elikadura solasaldia 04
 

Herri mugimenduetatik eta baloreen gainean sortutako proiektu desberdinetan, bereziki soldatapeko langileak dituztenean, oso ohikoa izaten da auto-esplotaziorako joera... ze hausnarketa eman dituzue lan baldintzen inguruan?


AP: Ereindajanen kasuan, bi langile daude lanaldi osoz. Hasieran bakarra hasi zen lanaldi osoz, gero bat lanaldi osoz eta beste bat erdiz, eta orain bi daude lanaldi osoz. Ez dugu hausnarketa propiorik egin zuzendaritza-taldean, edo agian ez dugu esplizitatu. Bileretan parte hartzen dute eta komunikazioa zuzen-zuzena da, ea haiek zelan bizi duten lana, zelan koordinatzen diren... Esango nuke hasiera-hasieratik lan duina eskaintzen gabiltzala eta langileak dira Ereindajan proiektuaren bihotza oraintxe bertan, eta uste dut hori aitortzen zaiela, entzun egiten zaiela. Dendaren ordutegia bera da puñeta bat, oso zabala izaten da eta: pertsonari eskaintzen dion bizi-erritmoa, beste eztabaida bat da. Agian ohitu beharko ginateke beste ordutegi batzuk edukitzen komertzioetan, baina...

XG: Errigoran proiektua aurrera begira kokatu nahian gabiltza, ea urte luzetara begira jarri behar den, edo ea bere zikloa bukatu den. Gero eta ate gehiago zabaltzen ari dira eta ate horiek pasatu behar dira, aukerak daudelako elikadura burujabetzaren norabidean aurrera jarraitzeko, eta  Nafarroa hegoaldean euskararekin urratsak ematen ere bai. Horrek eskatzen du aurrera begira tresna egokitzea, eta hor aurkitzen gara halako ekimenetan lan boluntarioak eta soldatapeko lanak daukaten tokiarekin. Nik uste dut, orokorrean,  Euskal Herrian badagoela lanerako eta auzolanerako kultura, eta, orduan, bi eztabaida korapilatzen dira. Gogoratzen dut bertso-finalean ere gai bat hori zela, ez dakit euskara elkartea zen, baina ea profesionalizaziorantz jo behar zen edo auzo-lanetik jarraitu behar zuen, eta argumentuak bietan zeuden.

Eraldaketan sinesten dugunok zenbat eta aukera gehiago eskaini norberaren orduak lanean, proiektu horretan inbertitzeko, nik uste urrunago helduko garela. Nahiz eta jakin horrek badituela bere arriskuak. Baina beldur eta aurreiritzi horietatik uste dut ezin garela aurrera joan. Badaude aurrera begira antolatzeko modu berriak lan bolondresa kontuan hartzen dutenak bazkide formatoan, edo ekimenari denbora ematen dion jendea, dirua ematen duen jendea... Badaude konbinazioak, behintzat, kontutan hartu behar direnak eta aurrera begira ereduak definitzerakoan zeresana daukatenak.  Gu debate horretan gaude.

AP: Bi alderdi daude, ezta? Profesionalizazio horrek ekarri ahal dizun erosotasunean jaustea batetik, eta bestetik... Lana bolondresa denean, bolondresa da eta kitto, ez? Baina lan egiten duzunean benetan sinisten duzun proiektu batean, nahasten da zer den lana eta zer den bolondresa. Gaurko elkarrizketara ni etorri naiz, baina Andoni edo Maite, langileak, etor zitezkeen, eta euren lan orduetatik kanpo etorriko lirateke, ez lukete ezer kobratuko etortzeagatik, baina oso gustura etorriko lirateke. Hau gertatuko balitz gaur, bihar, etzi eta etzidamu... hor agertzen da auto-esplotaziorako arrisku hori. Arrisku horrekin bizi behar dute honelako proiektuek.

XG: Ez dago eraldaketarik kontraesanik gabe, asumitu egin behar dira, bestela etxean gelditzen gara!

HA: Gure militantzia eredua oso azeleratua iruditzen zait, ez gaude prest pentsatzeko iraultza poliki etorriko dela. Orduan pazientzia galtze dugu, eta asko lotzen dugu militantzia gaztetasunarekin: gazteak garenean kriston iraultza egingo dugu, gero ikusten dugu ez garela iritsiko eta amore ematen dugu...

XG: Detailetxo bat bakarrik: Errigora bere sorreran, hamar laguneko koadrila ginen, eta erdia baino gehiago jubilatuak ziren. Ez ziren bereziki elikadura burujabetzatik zetozenak: bazetozen herrigintza kultura batetik, euskalgintzatik, ikastolen mundutik... Gaur egun jubilatuek mugimendu eraldatzaileetan, iraultzan edo askapen prozesuan egiten duten ekarpena nabarmentzekoa da.

EB: Gure kasuan ere, nahiz eta soldata ez jaso, badaukagu gure burua auto-esplotatzeko joera hori. Askotan konpromisoagatik, edo gurean baratzaren kasuan, “ai, hil egingo da bestela!” edo “ez dakit zenbat ordu sartu ditugunez, ezin dugu hemen utzi!”. Azkenean, askotan kostatu egiten zaigu muga jartzea, jakitea zein puntutaraino nagoen zerbait egiten nahi dudalako eta honetan sinesten dudalako edo... Askotan soldatapeko lanetik kritikatzen dugun hori gurera ekartzen dugu.

AP: Zaila da hainbeste motibatzen zaituen gauza batetik desatxikitzea. Auto-esplotazioaren kontzeptua zer den ere planteatu beharko genuke, ezta?

 
 
 
 

Proiektuan elikadura burujabetza bakarrik lantzen duzue, ala bestelako zehar-lerro edo ildo batzuk dituzue? Bestela esanda, elikadura ereduaren aldaketa lantzen duzue, edo eredu aldaketa orokorrean?


HA: Errekaleor proiektuaren oinarria autogestioa izango litzateke. Nik ulertzen dudan moduan, gutxienez, gure bizitzaren jabetasuna da helburua, gu geu ahalik eta zentzu gehienetan independenteak izatea. Bai baratzari dagokionez, bai etxe baten eraikuntzari dagokionez, azpiegiturazko oinarrizko ezagutzak ikasteari dagokionez... ahalik eta gehien ezagutzea gure bizitzaren gain erabakitzeko. Azken batean, lehen aipatzen genituen supermerkatuek, etab. saltzen diguten askatasuna dependentzia bat sortzea da.

XG: Azkenean, nik uste, ekimen gehienek gai tronkal bat daukatela, baina zeharka gauza asko ukitzen dira.

AP: Hori da! Ezin da elikadura burujabetza beste gauzetatik banandu.

XG: Errigoraren kasuan, adibidez, euskara, elikadura burujabetza eta auzolana dira ardatzak, baina... norekin topatzen zara bidean? Ba, mundu hau aldatu nahi duten sektoreekin aurkitzen zara. Esan nahi dut, burujabetza energetikoaren inguruan lanean dabiltzanak, guk egiten dugunarengandik oso urrun ez dabiltza! Etorkizunean gustatuko litzaiguke sortzen ari garen komunitate hori transbertsala izatea, eta ekoizleek, esaterako, beste urrats batzuk ematea... Ba beraien enpresan Goiener-en bazkidetu eta energia hortik hartzea, edo gure artean banka etikaren bidez funtzionatzen hastea. Aukera asko zabaltzen dira.

AP: Bai, ni bat nator zurekin. Azken batean, elikadura burujabetza proiektu baten oinarria izan daiteke, baina eraldaketa sozialaren erpin bat da, eta erpin batetik tira egiten duzunean, ezinbestean eramaten zaitu beste denak aztertzera. Gero proiektu moduan ahalmena eduki daitekeen?  Ereindajanen kasuan, elikadura burujabetzatik haragoko planteamendu integralak egitea, eraldaketa sozialaren inguruan? Ba gaur-gaurkoz agian ez, ez? Baina nik uste eraman egiten zaituela munduaren, komunitatearen, bizi-ereduaren planteamendu integral batera.

 
 talaia elikadura solasaldia 02
 
 

Orain arte egin duzuen bidea ikusita, Euskal Herria elikadurari dagokionez benetan burujabe izan daitekeela uste duzue? Ze urrats eman eta ze aldaketa egitea lortu beharko genuke horretarako?


EB: Gu ur handitan sartuko gara! Animatzen zaituztegu guraso ez izatera... Egia esan, elikadura burujabetza bideragarri izateko ez dago horrenbesteko baliabide ez nahikoa ekoizle, hainbeste pertsona sostengatzeko edo asetzeko. Produkzio masibo horretatik atera nahi badugu, ezinbestekoa da populazioa jaistea eta horrekin apurtzea.

AP: Baina populazioa handiagoa zen orain dela 100 urte, eta gu burujabeagoak ginen elikadura aldetik, ez dakit ba nik... Nik uste zerikusi handiagoa duela zer egin dugun gure lanarekin. Euskal Herriak bizi izan duen industrializazioak baditu gauza on asko, baina gauza txar asko ere bai. Debagoienaren kasuan, landa eremua erabat suntsituta dago. Ekoizleek masiboki ekoitzi nahiko balute ere, ezingo lukete, inguruak berak ez lukeelako ahalbidetuko. Administrazio publikotik ere bultzada bat behar da, ekoizleek ezin dutelako duin bizi euren lana eta ekoizpena. Gure kasuan,   ekoizle askok konbinatzen dute lehen sektorea kooperatibako lanarekin, ez dielako bizitzeko ematen. Eta hori ez da Ereindajan-ek bultzatu nahiko lukeen eredua, ezta? Lehen sektorearen biziberritzea nahiko genuke...

XG: Ekoizpen planteamendua ere aldatu behar da: gaur egun Euskal Herrian kontsumitzen denaren ehuneko oso baxua ekoizten da. Badago bide bat burujabeago izateko, hau da, aukera gehiago dago bertan ekoiztu eta bertakoa jateko. Gainera horrek gure ekonomia eraldatzen izugarri lagundu dezake. Hor badago ibilbide luze bat, baina ez naiz ausartzen esatera erabat burujabeak izango ginatekeen ala ez, horretarako kontsumo ohiturak guztiz aldatu behar dira.

AA: Eta ekoizpena dibertsifikatuagoa izatea, ezta? Azken hamarkadetan asko bultzatu izan dira monolaborantzak. Lehen ekoizpen eredua dibertsifikatuagoa zen, eta baserrian animaliak eta sasoiaren arabera barazki desberdinak zenituen. Azken batean, monolaborantzekin hemengo merkatua ez dela nahikoa eta kanpora eraman behar dela ekoizten den guztia. Gakoa hor dago: lehen sektorea bultzatzea eta ekoizpen dibertsifikatuago bat egitea.

EB: Beste gai korapilatsu bat! Lehen esan duzu landa eremua suntsituta dagoela, industrializazioarengatik, edo pinudiak jarri direlako edo dena delakoa... Kontuan hartzekoa da animaliak izan eta produzitzeak zer suposatzen duen landa eremurako. Zer suposatzen duen animaliak izateak eta lurra horri eskainita, zeri ezin diogun eskaini.

AP: Bat nator zurekin, baina hori estu-estu lotuta dago jaten dugun okela kopurua ikaragarriarekin.

AA: Baina beharrezkoak dira abereak, biodibertsitatea zaintzen dute eta.

EB: Bai, noski, baina ez gara zertan izan gu euren jabe horretarako.

AA: Beste eztabaida baten sartzen gara hor!

AP: Egia da Aramaio hain dela berdea, animaliak daudelako larreetan, ez baratzeak daudelako. Baina, aldi berean, konpartitzen dut animaliak hezteak, erosteak... erantzuten diola erabat anormalak diren kontsumo ohitura batzuei. Ez dakit nondik tiraka hasten den gurpil horren aldaketa, nondik egin beharko litzatekeen. Uste dut kontsumitzaileek esateko asko dutela hor. Luxu bat da produktu batzuk egunero mahai gainean edukitzea. Lehen Eneritzek esan duena asko gustatu zait, ze nahasmen daukagun luxua zer den eta zer ez: Bimbo ogia euro bategatik erostea ez da luxua eta arrautza ekologikoak 4 eurotan edukitzea bai, ezta? Bimbo ogia erostea luxua izan beharko litzatekeenean! Produktu elaboratu horiek egunero dauzkagu mahaian eta hain prezio merkeetan...

XG: Eta sartzen bagara zerk elikatzen duen eta zerk ez...! Gaur egun, gizarte kapitalistan, Euskal Herrian, jaten denaren ehuneko... ez naiz ausartzen portzentaje bat esatera, ez da janaria, gutxi elikatzen du!

 
 
 
 

Arratsalde osoa jarrai genezakeen... baina hortxe utzi genuen! Oso gai eta interesgarriak izan ditugu hizpide solasaldian zehar, orain norberak bere ondorioak atera eta erabakiak ditu hartzeko. Argi geratu da eta: gure kontsumo ohituren aldaketa da erosketa-gurdia kapitalismoaren karriletik atera eta burujabetzaren norabidean jartzeko palanka.

 

talaia elikadura solasaldia 01

 

 

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma