Maite Goienetxe

“Nutella” edo elikadura-autonomia sendotzeko aukera global beharra

maite goienetxe Maite Goienetxe (Donibane Garazi, 1976). Laboraria da eta LABeko Laborantza Sailean dihardu urte luzez. Egun Lohitzune-Oihergin bizi da.
 
 

Duela zenbait egun, Frantziako hipermerkatu marka batek eskaintza berezi bat egin zuen: 950 gramoko Nutella ontzia 1,41€-tan eros zitekeen, hots, usaian baino %70 merkeago. Ehunka pertsonak promozio horretaz baliatu nahi izan dute, eta jazarraldiak gertatu dira jendeak lehenetan heldu nahi baitzuen ahal bezainbat ontzi hartzeko. Zer pentsa horretaz? Lehen minutuetan ukan dudan lehen irakurketa izan da horrelako orgia bat ez nuela batere ulertzen: hori dena azukrez eta palma olioz bete ontzi batentzat? Ez naute sekula engainatuko; janari biologikoa jaten dut, lekukoa, baserrikoa; hots, beste elikadura mota baten hautua egin dut... Eta gogoetan egonik, ohartu naiz jazarraldi horien gibelean pertsonak bazirela, haur ttipi (eta handi) batzuen zoriona egiten duen  produktu ezagun bat erosi nahi zuten pertsonak. Pertsona horiek beherapen batez baliatu dira haien familiako batzuei produktua gustatzen baitzaie. Produktu azukreztatua eta merkea da: milaka kontsumitzaileren gogoa asetzeko osagai guziak bilduak ziren, beraz. Baina irakurketa sozialago bat ere egiteko ekaia bada afera horretan.

Alabaina, 2016ko azterketa batek (Le portail des statistiques) erakusten du 1.000€ko erdiko lansari batentzat, 180€ baizik ez direla elikadurarentzat baliatzen. Ratio hori hautua ote da? Familia egoera zehatz batzuk aipa genitzake bi egoerei (hautua / ez hautua) arrazoi emateko.

Hemen auzia lansari apalez eta horren ondorio den gastuen (eta bizimoldeen) hautuaz da, beraz, lekuko eta kalitatezko elikadurari ematen zaion garrantziaz (ala ez), erosketak bestela egiteko aukerez, bakoitzaren aurrekontu-lehentasunez,  palma olio monolaborantza intentsiboak egin kalteez... Hots, gauzak zinez dudan ezartzea da kontua, eta elikadura-usaiak aldatzeko prozesu sakona eramatea.

Beste zerbait ere bada auzitan produktu azukreztatuei buruz. Zientzia-komunitatea ez da aho batez ari, baina eztabaida abiatua da jakiteko azukreak (bereziki azukre zuria neurri handian) kasu batzuetan mendekotasuna eragin dezakeen. Ez naiz alor zientifikoan sartzera menturatuko, baina ohar gaitezke jan txarraren produktu nagusiak azukre zuriz biziki aberats direla.

Aipatu eskaintza bereziak sortu jazarraldiak berriz ere eredu soziala auzitan ezarri du (lansari egokien zaintzea), baita elikadura eredua ere (zerk eman lezake haurrei ogi eta Nutellak bezainbat plazer?), baita jendarteek alternatiben garatzeko plantan ezarri baliabideak ere, eta laborarien eta langile-soldatapekoen arteko zubiak, etab.

Kontsumitzaileek sanoki jan dezaten eta laborariak haien lanaz  duintasunez bizi daitezen, lekuko eta kalitatezko elikadura mantendu behar da eta horretarako aukera franko bada. Hala nola, urte guziez, ostiralarekin Lurramara heldu diren 3.000 haurrak; kalitatezko (AB, Idoki, AOC… lana egiten duten ehunka euskal laborariak, Iparraldeko 25 AMAPk (1.000 familia), Hegoaldeko kontsumitzaile-kooperatibak, hazkurri emaile diren laborantza-lurrak mantentzeko lanean ari diren egiturak (bereziki Lurzaindia), etab. Garrantzitsua da elkarlana sendotzea langileen, soldatapekoen eta enplegu eskatzaileen artean. Azkenean, palma olioz egin produktu azukreztatuak eta merkeak (omen), zinezko plazerak baino gehiago, miseria eta ondorio makurrak sortzen ditu.

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma