Iñaki Alegria | UEUko kidea

«Momentu honetan, 5G-a kapitalismoaren abangoardia da»

talaia12 xabier alegriaIñaki Alegria UEUko kidea, EHUko irakasle eta ikerlari ohia
 

Azken aldian sarri hitz egiten da 5G telefono-sareen inguruan, baina orokorrean gaiaren gainean dugun ezagutza mugatua da. Zertaz ari gara 5G-az ari garenean?

5G-a 4G teknologiaren bilakaera bat da, “aurrerapena” esango genuke. Hainbat ezaugarri ditu, baina definizio orokor bezala Interneteko datuen abiadura handitzen duela esan dezakegu. Eta berrikuntza nagusiena dena: latentzia txikiagotzen du. Latentzia txikiagotzeak esan nahi du zuk norabide batean seinale bat bidaltzen duzunetik erantzuna jasotzen duzun arte igarotzen den denbora tarte hori murrizten dela. Eta 5G-arekin tarte hori oso laburra bihurtu da.

Latentzia oso txikia izateak aplikazio berriak ahalbidetzen ditu, adibidez, gidaririk gabeko autoak. Horrelako auto batek, bidean dauden sentsoreen informazioan oinarrituta, erreakzionatzeko behar duen abiadura gaur eguneko teknologiarekin kablez baino ezin daiteke lortu, baina 5G-ak kablerik gabe egiteko aukera emango luke.

Nolabait esateko, teknologia berri honek lehen kablearekin egiten zena orain kablerik gabe egitea posible egiten du.


Eta zein eragin izango du 5G-aren inplementazioak? Zein eraldaketa ekar ditzake esparru ezberdinetan?

Nik ez dut aurreikusten hainbesteko eraldaketa etorriko denik. Eta aldaketa kualitatiboa baino kuantitatiboa izango da.
Dena den, hainbat dira aipatzen diren aplikazio berri prototipikoak; Bat, ia edonork egin ahal izango duela kaletik zuzeneko emisio bat. Lehen satelite bidezko konexioa beharrezkoa bazen, orain nahikoa izango da telefono linea batekin. Telemedikuntzaz ere hitz egiten da. Ebakuntzetan adituak diren medikuen falta dagoenez, distantziara operazioak egitearen aukeraz mintzo dira. Hala ere, gaur egun kable bitartez hori egiteko aukerak badaude, eta ez dira egiten. Kontua da zer den errentagarria ekonomikoki eta zer ez. Robotika industrialean ere berrikuntzak izango dira. Horrez gain, lehen kable bidez iristea zaila zen lekuetara konexioa iristea ere posible izan daiteke, aire libreko mehatzetara adibidez. Hodeian lan egiteko sistemak ere indartuko dira (lokalean edo hodeian lan egitea antzekoa izango baita abiadura aldetik). Eta, teorian, internet orain iristen ez den tokietara iritsiko da. Nik nire zalantzak dauzkat. Iruditzen zait egin behar den inbertsioa oso handia dela eta etekina txikia.

Hala ere, esandakoa, eszeptikoa naiz aldaketa kualitatibo oso inportantea etorriko dela esaten dutenekin. Saltoa kuantitatiboa izango da batez ere. Orain arte egiten zena egin ahal izango da, baina askoz kopuru handiagoan.

Teknologia berri honek lehen kablearekin egiten zena orain kablerik gabe ere egitea posible egiten du

Guzti honek problemak ere ekarriko ditu, segurtasun kontuetan adibidez. Gauzen Internetaren sorrerarekin, segurtasun zulo asko irekiko dira. Hainbeste gauza elkar konektatuak izatean funtzionalitateari ematen zaio lehentasuna, segurtasunaren gainetik, eta hackerrek aukera horiek aprobetxatzen dituzte erasoak egiteko.

Teknologia honi alor ezberdinetatik egiten ari zaizkion kritiken ondorioz eztabaida sozial zabala ireki da azken boladan.

 

Talaia12 5Gak www

 


Zeintzuk lirateke dituen eragozpen edo/eta muga nagusiak?

Lehenik eta behin, aparte utziko nituzke konspiranoiaren barruan kokatzen diren gaiak. Badaude teoria batzuk koronabirusa eta 5G-a lotzen dituztenak... horiek alde batera utzita badira kontuan izateko elementu batzuk.

Bata osasunarena. Momentuz dakigunarekin ez dago zientifikoki frogatuta 5G uhinak kaltegarriak direnik. Beste gauza bat da estazioak ahaltsuagoak izatean uhin indartsuagoak igorriko dituztela. Uhinei dagokienez, ez da frogatu kaltegarriak direnik (ezta wifiarenak ere), baina kable bidezko konexioekin  arrisku posibleak ekiditen dira.

Problema nagusia, nik uste, ingurumenarena eta berotze globalarena dela. Hau bizi dugun kapitalismoari lotua dago. Gero eta gehiago, gero eta azkarrago, gero eta ahaltsuago... filosofiari. Eta paradigma honek argi dio zein den etorkizuneko teknologia: 5G. Teknologia hau defendatzen dutenek diote posible dela telefono bakoitzeko, router bakoitzeko edo antena bakoitzeko energia kontsumo mailari eustea, energia gehiago ez kontsumitzea. Horrela justifikatzen dute ingurumenarekiko ez dela bereziki kaltegarria izango. Arazoa da askoz elementu gehiago egongo direla konektatuta, gailu guzti horiek biderkatu egingo direla, eta ondorioz, energia kontsumo globalak gora egingo duela nahitaez.

 
5G teknologia honen kontrolaren gainean guda geopolitiko oso bat ireki da, Txinako Herri Errepublikaren eta Amerikar Estatu Batuen artean. Posible da Europak bere garapen autonomoa izatea?

5G-rako seguruenik jada berandu da, uste dut ez dagoela aukera handirik. Estatu Batuek eta Txinak teknologia honen erabateko kontrola dute. Orain adimen artifizialean dago aukera. Eta hau 5G-arekin batera aplikazio-eremu posibleetako bat dela kontuan izan behar dugu (5G-a hardwarearekin aldera daiteke, eta adimen artifiziala softwarearekin).

Ez dut aurreikusten hainbesteko eraldaketa etorriko denik. Eta aldaketa kualitatiboa baino kuantitatiboa izango da

Egia esan, adimen artifizialean ere ez du erraz Europak. Lehia horretan aritzeko formazio oso handiko jendea behar da eta estatubatuarrak aditu prestatuenak kontratatzen ari dira. Txinak, aldi berean, Estatu Batuetako unibertsitateetara jendea bidaltzeko eta gero berriz herrialdera itzultzeko politika indartsuak garatu ditu. Europak arrisku handia du, nahiz eta oraindik aukerak izan, denborarekin atzean geratzen joateko.

Bestalde, Europak posizio autonomo bat garatu nahiko balu, nazioarteko aliantza politiketan aldaketa oso sakonak egin beharko lituzke, eta, momentuz behintzat, ez dut aukera hori aurreikusten.
 
Etengabeko inbertsio beharrak teknologia berri hauek oso esku gutxitan kontzentratzea dakarrela kritikatu izan da, horrek dakartzan ondorio guztiekin.

Ematen ari den joera botere kontzentrazioarena da, oligopolioak sortzearena. Enpresa gutxi batzuetan, eta hiri konkretu batzuetan. Estatu Batuetan tendentzia hau oso argi antzematen da. Bi kostaldeetan ari da boterea pilatzen eta erdialdeko hiriak krisi larrian daude (eta alderdi errepublikanoa bozkatzen dute).

Teknologiak hain esku gutxitan kontzentratze honek eraginak izango ditu. Enpresa oso handiak egongo dira, non informazio guztia pilatuko den. Eta hori burujabetza teknologikoaren garapenerako oso arriskutsua da.  

Jende guztiaren alfabetatze digitala, Interneterako sarbide unibertsala... bermatu eta finantzatu beharrean kontrakoa egiten da, oligopolio horien errentagarritasuna bilatu, arrakala digitalean sakonduz.

Eta bukatuko dugu diruaren arabera zerbitzu batzuetara sarbidea izaten edo ez, dagoeneko ordainpeko telebistak dauden bezala.


Aipatu kontu guzti hauek aintzat hartuta, zer egin genezake jada?

Gaur egun telefono baten bila zoaz eta 5G-a badu jada. Hau da, kontsumitzaile moduan ez dugu zer egin handirik, ez dugu erabakimen gaitasunik.

Momentuz dakigunarekin ez dago zientifikoki frogatuta 5G-a osasunerako kaltegarria denik

Politikoki, oso gaizki egin ditugu gauzak. Geneukan zuntz optikoaren sare publikoa oparitu genion Euskalteli, euskal enpresa zelakoan. Eta Euskaltel gero joan da pixkanaka funts putreen eskuetara pasatzen. Orain MásMóvil-ena da, baina MásMóvil ere funts horien eskuetan dago. Eta, seguruena, laster beste enpresa handiago baten esku geratuko da. Okerrera goaz.

Badaude, dena den, ahaleginak, eduki dezaketenak bere garapena. Adibidez, Zumaian eta Oñatin  sare lokalak zabaltzen ari dira. Kontua da horretarako inbertsio ekonomiko oso handiak egin behar direla. Oso konplikatua da. Txinaurri bat zara elefante baten kontra. Gainera, teknologia oso azkar aldatzen doa, eta zu ere neurri berean aldatzen joan behar zara. Arazoa da hori oso garestia dela.
Landu behar den esparrua ekologiarena eta deshazkundearena da. Aldaketa klimatikoari begira, kontzientziazioa, erabilpen kritikoa... baina oso zaila da. 5G-a, momentu honetan, kapitalismoaren abangoardia baita.


Eta zein aurreikuspen egiten duzu?

Oso gai garrantzitsua da hau, erpin asko dituena. Gertatuko da autoekin pasatu zena. Autoek, aurreko mendean, izugarrizko garapena izan zuten: gero eta abiadura handiagoa hartzen zuten, motorrak gero eta txikiagoak ziren... azkenean muga batzuk jarri behar izan zitzaizkien. Inportanteena abiadurarena. Istripuak ikusita, garapen horri mugak jarri behar zitzaizkiola baloratu zen. Orain erregaiekin berdina ematen ari dira. Kotxeak garestiagoak izango dira. Jende asko ez da ados egongo, baina sozialki baloratu eta erabaki da etorkizunari begira inportantea dela kontrol gehiago ezartzea.

Europak posizio autonomo bat garatu nahiko balu, nazioarteko aliantza politiketan aldaketa oso sakonak egin beharko lituzke

Teknologia berriekin ere nik uste hor dagoela gakoa, hor dagoela borroka. Gobernuek erabaki beharko dute zer lehenesten duten. Adibidez, moratoria bat jarri ahalko litzateke: arrakala dagoen bitartean ezin da beste teknologiarik hedatu. Goazen iristera herrigune guztietara, maila ekonomiko guztietara... eta ondoren ikusiko dugu. Borroka ekologikoan bezala egin beharko da. Lokalean aritu, globalean pentsatu.

Tags: 5-G, teknologia, burujabetza teknologikoa

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma