Elkarrizketa: Bea Martxueta

«Kapital-bizia gatazka gure borroketarako ardatza izan behar da»

 

bea martxueta Bea Martxueta
LABeko Politika Sozialen idazkaria
eta batzorde sozio-ekonomikoko kidea

 

LABek Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialistak antolatu eta bertan parte hartu du, ze testuingurutan kokatzen duzu pauso hau?

I. Topaketa Ekosozialistak 2014ko urtarrilean, Genevan, eta II.ak 2015eko ekainean, Madrilen, burutu ziren; Nazioarteko III. Jardunaldiak 2016ko irailaren 23tik 25era bitartean Bilbon antolatzeko aukera izan genuen, Euskal Herriko, Suitzako eta Europako beste herrialde batzuetako hainbat mugimendu sozial, sindikatu eta erakunde politikotako lagunekin batera. Momentu horretan LABek argi izan zuen, bertan egon behar ginen.

Zeren eta ekosozialismoak, azken batez, jendarte sozialistaren alde borrokatzea esan nahi baitu. Ekologikoki iraunkorra izango den jendarte sozialista. Hazkunde hutsagatiko hazkunde nahiarekin amaitu eta horri buelta emango dion jendartea. Naturaren kontura ez, baizik eta naturarekin harmoniaz biziko den jendartea. Izaki humano moduan, habitatzen dugun planetarekin daukagun harremanetan erabateko aldaketa da hau. Eta hau guztia gure praktika sindikalean aplikatu beharra daukagu.

 

Ba al dakar honek LABek sustatu izan dituen bestelako balio batzuekiko hausturarik?

Jardunaldi ekosozialistetara deitu genuenean esan bezala, ordua da herriek, euren subiranotasuna erabiliz, egungo egoera aldatzeko ardura beren gain har dezaten. Ordua da bizitzeko, ekoizteko, kontsumitzeko eta ingurunearekin zein beste pertsonekin harremanak izateko bestelako eredu bat eraikitzeko eta, honetarako, komunitatearen, herriaren, protagonismoa azken hariraino eraman behar dugu, identitate anitz eta propioak kontuan hartuta. Ordua da suntsipen korrontearen ibilera aldaraziko duen emari ekosozialista eta feminista osatzeko. LABek balio hauen guztien aldeko borroka eta gure herriarekiko konpromiso saihestezina uztartzen ditu. Sindikalismoak bere burua berriztatu behar du eta inplikatu beharra dauka. LABek hau hitzez eta egitez betetzen du.

 

Diagnostiko global partekatuak eragin ditu topaketa hauek...

Gerrak, desertifikazioak, errefuxiatuen krisia –edo horrela, oker, deritzona-, natura baliabideen agorpena, desberdinkeriak, bizitzea beste bizitza batzuen kontura... hauek guztiak kapitalaren metaketa eta kontzentrazioa ezaugarri eta helburu nagusitzat daukan sistemaren diru gosearen ondorioak dira.

Hortaz, krisi globalari egin behar diogu aurre. Gizaterian aurrekaririk izan ez duen  sistemaren eta zibilizazioaren krisia da hau; krisi estrukturala da, beste hiru krisi handi sorrarazi dituena: zaintzen krisia, krisi ekologikoa eta krisi soziala.

 

“Gertatzen ari dena honela ulertzeak kapital-lana binomioa beste hiru gatazka larrik osatzen dutela ondorioztatzera eraman behar gaitu: kapital-zaintza gatazka, kapital-baliabide natural gatazka eta kapital-komunitate gatazka. LABek horrela birpentsatu, ulertu eta praktikara eraman behar du.”

 

Mugimendu sozial eta sindikala antolakuntzan eta politikoki aurrera egiten ari da, topaketa hauek aditzera ematen dutenez. Ze norabiderantz jo behar da?

Ekosozialismo deitzen dugun horren zeregin funtsezkoena erantzuna antolatzea eta jendarte, ekoizpen eta kontsumo eredu berri bat eraikiko duten herri alternatibak sortzea da.

Euskal Herrian ere premiazkoa da mobilizazioa areagotzea, esperientzia eta proiektu alternatiboetan sakontzea, zeren eta inork ez baitugu oparituko aldez aurretik guri, herri moduan, geurez dagokigun burujabetza, ezta gure lan eta bizi baldintzen hobekuntza ere. Gatazka desorekatu honetan, edo espekulatzaile eta errentistek, edo langileok, irabaziko dugu. Mugimendu sozio-sindikalak egoera hau aldatzen ez badu, beste inork ez du aldatuko. Eta hemendik urte batzuetara penetan ibiliko gara egin izan ez dugulako.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan esaten genuen bezala, naturaren mugak errespetatu behar dira, ekoizpen eta kontsumorako bestelako modu batez. Ekosistema mugatuan bizi gara: ez ditu materialak mugagabe birsortzen eta ez ditu hondakinak mugagabe absorbatzen. Lehengaien (berriztagarrien zein ez berriztagarrien) energia kontsumo gehiegizkoak, batez ere aberastutako herrialdeetan, baliabideen agorpenean eta aldaketa klimatikoan aktiboki eragiten du eta honek etorkizun hurbilean zorigaiztoko ondorio larriak izan ditzake. Bizi osasungarrirako eskubidean oinarrituko den ekoizteko eta kontsumitzeko bestelako modu bat premia-premiazkoa da.

 

Ingurumenaren zaintzak edota trantsizio energetikoak kontraesan bat baino gehiago ekarri dizkio ezkerrari, oro har, eta sindikalismoari, zehazki. Zelan ekin behar die honelakoei sindikalismoa egiteko modu berriak?

Ikuspuntu sindikal honetatik ekosozialismoaz hitz egitea, sistema kapitalista biozida eta iraunkortasunaren kontrakoa dela ulertzea da; kapitala ezaugarritzen duen diru gosea neurrigabea da, baliabide naturalak ez bezala. Azken batez, baliabide naturalen aferak sortzen duen gatazkari ekin behar dio langile klaseak, garapena oso ezberdina izango baita, baldin eta baliabide hauek kapitalaren esku edo herrien esku badaude.     

Sindikalismoak bizi eta lan baldintza duinak defendatu behar ditu ikuspuntu hau gogoan hartuta. Trantsizio energetikoa ekidinezina da. Modu batera edo bestera, baina izan, izango da. Inposatu diguten sistema ez da ekologikoki iraunkorra eta honek bizi eta garapen iraunkorrerako eredua defendatzera behartzen gaitu, gure herriarentzat, gure komunitatearentzat eta langileriarentzat.

 

“Sindikalismoak bizi eta lan baldintza duinak defendatu behar ditu ikuspuntu hau (ekosozialista) gogoan hartuta. Trantsizio energetikoa ekidinezina da. Modu batera edo bestera, baina izan, izango da. Inposatu diguten sistema ez da ekologikoki iraunkorra eta honek bizi eta garapen iraunkorrerako eredua defendatzera behartzen gaitu, gure herriarentzat, gure komunitatearentzat eta langileriarentzat”

 

Dirudienez, azaldu duzun hori bezain beharrezkoa da gure ikuspegi eta ekintza sindikalean lanen inguruko jarrera berri bat txertatzea... zaintza lanak, lan ez ordainduak eta abar eztabaidaren erdigunera ekarri behar den ardatza da.

Zalantzarik ez. Sistema kapitalista harreman patriarkaletan oinarritzen da eta, hortaz, pertsonen artean rol eta erlazio hierarkiko ezberdinak ezartzen ditu. Lan produktibo eta erreproduktiboaren arteko banaketak emakumeoi aitortza ekonomiko eta sozialik gabeko lanak inposatzen dizkigu; honek ikusezin bihurtu eta menperatzen gaitu. Gaur egungo sistemak, argi eta garbi, ezin dio zaintza lanen arazoari ikuspuntu sozialetik eraginkorra eta justua izango den erantzunik eman. Jendarteak behar dituen lan guztiak kontuan hartu behar ditugu (ordaindutako enplegua, zaintza lanak edo etxeko lanak oro har), guztiei merezi duten aitortza eta balioa eman behar diegu eta duin banatu daitezela bilatu behar dugu.

 

Baina sindikalismoaren gatazka-fronte nagusia oraindik dago soldatapeko enpleguaren lan eta bizi baldintza duinen esparruan. Kapitalismoa ustiapenerako daukan gaitasuna areagotzeko prestatzen ari da...


Aberastasuna gero eta jende gutxiagok pilatzen du, bidezkoa ez den banaketaz; honek desberdinkeria ekonomikoa eta genero desberdinkeria sorrarazten ditu: gure jendarteetan eta gure herrietan duintasunez bizi ahal izateko, enplegua, lan baldintza duinak, kalitateko zerbitzu publikoak edota prestazio sozialak eskuratzea galarazten du. Demokrazian bizi nahi duen edozein jendartek demokrazia horixe bera bermatu behar du produkzio harremanetan eta lanaren bitartez sortzen duen aberastasunaren banaketan.

Azken batez, ekosozialismoaz hitz egitean hondamendi honen sorburua non den kokatzen dugu: metaketa, kontsumismo eta merkatzien fetitxismoaren dinamika hedagarrian oinarritzen den ekoizpen, birsortze, banaketa eta kontsumo sistema, hau da, kapitalismo heteropatriarkala. Sistema honek desberdinkeriak, bidegabekeria soziala, pobrezia eta bazterkeria areagotzen ditu. Honek guztiak zera adierazten digu, sistemaren eta zibilizazioaren krisi globala pairatzen ari garela eta sistema osoaren eraldaketa eta birformulazio ekonomiko, sozial eta politikoa beharrezkoa dela.

 

Ze ondorio uste duzu atera behar duela LABek topaketa hauetatik?

Gertatzen ari dena honela ulertzeak kapital-lana binomioa beste hiru gatazka larrik osatzen dutela ondorioztatzera eraman behar gaitu: kapital-zaintza gatazka, kapital-baliabide natural gatazka eta kapital-komunitate gatazka. LABek horrela birpentsatu, ulertu eta praktikara eraman behar du.

Kapital-bizia gatazka (beste hiru gatazka horiek biltzen dituena) gure borroketarako ardatza izan behar da. Defendatzen dugun ereduak biziaren iraunkortasunari eman behar dio lehentasuna. Bizia erdigunean kokatu eta pertsonen zein lurraren zaintzari lehentasuna eman behar dio. Zeren eta, balio hauek errespetatu ezean, ez baitugu etorkizunik izango, ez pertsona moduan, ez herri gisa.

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma