Mario Zubiaga, biopolitika bat garatzearen beharraz

Beharrezkoa litzateke biopolitika bat garatzea, bio-poterearen aurrean

 

mario zubiagaMARIO ZUBIAGA UPV/EHUko irakaslea eta Zientzia Politikoetan doktorea da. Teoria politiko garaikidea, gizarte mugimenduak, protesta moduak eta herri-burujabetza prozesuak aztertzen ditu, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko “Gure Esku Dago” mugimenduko kidea da.

 

Nola pasa gaitezke “Disney“ mundutik auzolanera Euskal Herrian? Nola pasa bilakaera alternatibo batera, auzolanaren filosofiaren arabera garatu daitekeen eredura?
Naturak ez du saltorik egiten, baina kapitalismoak bai, jauzi izugarri batean ari gara. Modernizazio prozesu klasikoetan sumatzen ditugun urbanizazio, industrializazio, merkantilizazio, zentralizazio prozesu horiek guztiak azkartu egin dira.


Komuna denaren pribatizazioa ematen ari da. Maila globalean desjabetza izugarriak gertatzen ari dira. Errenten desjabetza ematen ari da, eta beraz, nonbaitetik kendu behar da errenta hori gutxi batzuen esku kontzentratzeko.


Zer gertatzen ari da bizitzaren kolonizazioaren inguruan? Foucaltek aipatzen zuen bio-poterearen dinamika azkartu, areagotu eta sakondu egin da. Teknologia berrien iraultzak areagotu egin du dinamika. Kolonizazio horrek bi gune ditu, alde batetik pertsonena, eguneroko bizitzaren kolonizazioa, arlo pribatuak konkistatu duena. Arlo pertsonalean bio-potere horrek gauza izugarriak egin ditu.
Bestetik, espazio fisikoaren, lurraren kolonizazioa ematen ari da. Lurra konkistatzeko eremu gisa betidanik ikusi du Kapitalismoak. Orain jauzi sakonagoa ematen ari da lurraren pribatizazioan. “Disneyfikazioa” hortik dator, tematizatzen ari dira espazio fisikoak zein lurrak, eta monumentalizazio eta hiri klabeen, hiri globalen dinamikan sumatzen ari dira prozesuak.


Espazio fisikoaren konkistak eragiten du lubaki, harresi eta hesi berriak sortzea, jendearen mugimendua ekiditeko. Erdi Aroko dinamikak sendotzen ari dira, segregazio dinamikak, klase desberdintasunak finkatzeko. Behar denerako fluxu finantzieroak eta onartzen dira, baina fluxu fisikorik ez, arriskuan jar dezakeelako errenta banaketa horren ondorioz onura lortu dutenen bizimodua.

 

orokorra


Pertsona eta lurra bilakatu dira pribatizazio konkistaren eremu. Beharrezkoa litzateke biopolitika bat garatzea, bio-poterearen aurrean. Kontrabotere bezala, biopolitika eta bio-potere kontzeptuak aurrez aurre jarrita.


Beraz, lurra eta pertsona bilakatzen ari badira borroka gune nagusi, izango dira eremu batzuk biopolitikaren borroka garatzeko aproposagoak. Euskal Herria izan daiteke bat. Lurrarekin zuzeneko lotura galdu ez duen komunitate bat baldin badago, hor pertsona, komunitateko kide bezala, eta lurra oso gertu dauzkagu. Borroka hori derrigorrez lekututa dago, oso behetik gora bideratu behar delako. Pertsonatik eta lurretik, espazio fisiko oso konkretu batzuetatik.


Zergatik izan daiteke Euskal Herria eremu aproposa? Borroka historia luzea dugu, ikuspegi komunitariotik abiatuta lortu da nazio eraikuntza edo estatu eraikuntza minimo bat lortzea, erakundetzea, Euskal Herrian herrigintzatik eta beheti gorako dinamika popularretik. Horrek lortzen du ikuspegi kritiko bat boterearekiko, sortzen du kultura politiko jakin bat. Kointura historiko batzuk definitu dute egoera bat eta horrek erraztu egiten du zenbait kultura politiko errotzea gure herrian. Antzekoa gertatu da Katalunian, Eskozian edo estaturik gabe ari diren beste herri txikietan, beren nortasun kolektiboa garatzeko. Normalean sortzen duten kultura politikoa bestelakoa da eta aukera aproposa eman dezake horretarako.


Modernizazioaren aurrean erreakzioak ezberdinak izan daitezke. Bata aurremodernitateak zeuzkan zenbait elementu berreskuratzea: auzolana edo deshazkundearen kontzeptualizazioak edo sozialismo autogestionatutik eratorritakok zenbait erreflexio. Modernizazioaren azkartze neoliberal honen aurrean somatzen da neokarlismo bezala definitu dezakegun erantzun mota bat.
Badago ere erantzun erabat modernoa, neurri batean marxismotik datorrena eta horren bilakaera da gizarte mugimendu berriek 60.hamarkadan sortu zuten kontzeptualizazio berria, utopia positibo eta baikor batean oinarritua, mundu hobea etorkizunean izateko.


Euskal Herrian nolabaiteko artikulazioa dago bi pentsamoldeen artean. Alde batetik, iraganetik etortzen diren elementu eta aspektuak jasotzea, eta bestetik, proiektu aurrerakoi utopiko bat. Posible da mundua aldatzea, mundu alternatibo bat eratzea.


Horrez gain, globalizazioak berak dakartzan kontraesanak aprobetxatzeko aukera aproposagoa daukagu Euskal Herrian beste zenbait lekutan baino. Potentzialki errentagarria den konfigurazio kulturala dugu. Horrek badu arriskua, disneyfikazioarena, alegia, Euskal Herria bihurtzea parke tematiko errentagarri batean.

 

 


Konfigurazio kultural horietan definitzen den neurrian komunitate bat, hor ere sortzen dira erresistentziarako aukerak. Errenta sortzen duen merkatu espezializazioak, era berean, sortzen du erresistentzia. Hiri globalizatuek sortzen dute berez errebeldiaren beharra eta adierazpena. Gurera ekarrita, euskal hiri, Euskal Herri errebeldea sortzeko aukera gehiago dago, hain zuzen ere, konfigurazio errentagarri bat delako.


Horiek dira aukera teorikoak biopolitikaren euskal eremua definitzeko. Izan ditzakeen adierazpen praktiko, estrategia eta taktika konkretuen inguruan ideia pare bat:
Lurraldea eta pertsona bilakatu badira borrokagune, borroka eta pertsonaren estatusarekin kezka, ardura eta erreibindikazioekin lotutako jarduerek hartu beharko lukete lehentasuna. De facto, bigarren mailako kontraesanak zirenek orain lehentasun izugarria hartu dute.


Beste lerro bat, merkatu eragileen esku uzten duguna, lurralde narratiben inguruko eztabaida da. Lurralde narratibak dira lurralde inteligenteak, “smart citys”, euskal hiria, euskal erregioa eta halako kontzeptualizazio narratiboak. Borroka honetan muturra sartu behar dugu, komunaren kontzeptualizazioan eta erreibindikazioan hasi da pixkat narratiba alternatiboa eraikitzen, baina narratibaren borroka eremua hor dago.


Jarduera ereduen inguruan bada beste elementu bat ere: demokraziaren berkontzeptualizazioa, demokrazia klasikoan oinarritua, krisian dago. Mediazio egiturak, borondate kolektibo eta indibidualaren artean dauden tarteko egiturak —sindikatuak, alderdiak, komunikabideak— krisian daude. Batzuk desagertuko dira ez daukatelako funtziorik, besteak egokitzen ari dira beren funtzioak, eta egokitzapen horretan demokraziaren kontzeptualizazioa bera ere aldatzen ari da.


Demokrazia ordezkatzailea erakundeekin eta hauteskunde prozesuekin lotuta dago. Demokrazia parte hartzaileak orain arteko eskemetan mugapen batzuk baditu, gatazkaren dimentsioa alboratu egiten da, baina ezin da alboratu, demokratizazioan aurrera egingo bada.


Orain arteko eskemetan demokrazia parte hartzaileak neurri batean status quo baten garapenerako balio du, baina ez demokratizazioan aurrera jotzeko. Azken finean, zuzeneko demokrazia, herritarren zuzeneko adierazpena, horregatik pizten da. Adierazpen horiek dira kontsultak, erreferendumak, prozesu konstituienteak... autoorganizazioaren esku, jendearen erabakiaren esku. Egun garrantzia izugarria hartu dute, lelo berriak dira erabakitzeko eskubidearen marko orokorrean kokatzen den zuzeneko demokraziaren berpiztea eta, horrekin erabat lotuta, behetik gora prozesu konstituziogileak garatzea.


Horiek definitzen dute demokrazia eredu eraberritu bat, pentsamendu kooperatibo sakon batek dauzkan edukiekin. Landa eremuan auzolanarekin islatzen zena, zenbait eremu sozio-ekonomiko edo industrialetan kooperatibetan islatzen dena, baina falta da pentsamendu sakon hori arlo politiko instituzionalera eramatea.


Demokrazia kooperatiboan jarriko nuke behetik gorako logika konstituziogilea, herri eta eskualdeetatik abiatutako itun herritarren dinamika. Itun soziala, adibidez, oso saiakera interesgarria da, baina falta zaio bitartekaritza eragileetatik haratago jotzea, herritarren ikuspegira eramatea neurri batean itun sozialaren gakoa. Hori litzateke prozesu konstituziogile baten garapena, eta hori lotuz zuzeneko demokraziarekin, kontsultarekin, bada lerro biopolitiko bat potentzialitate izugarria izan dezakeena Euskal Herrian.


Bitartekaritza eragileetatik herritarrengana jauzi egin eta herritarren inplikaziotik itun herritar sozio-ekonomiko, kultural eta bestelakoak garatzea, gero zuzeneko demokrazioarekin lotuz, edo kontsultekin, edo erreferendumekin. Hor bada lerro bat jorratu daitekeena.


Bestalde, zein punturaino da inportantea ehuntze kooperatiboa, ekonomikoa solidario eta soziala deitzen den hori indartzea eta bultzatzea, globalizazioak kontrolatu nahi dituen dinamika, elementu eta fluxu guztien —jendea, errenta, zaborra, lurra, hiriaren antolakuntza, sinboloak, kultura, hezkuntza— inguruan? Bitartekaritza egituren eginbeharra ere bada beren baliabideak erabiltzea ehuntze kooperatibo horiek lagunduz, bultzatuz, sortuz. Bolo-bolo dabilen eztabaida da sindikalismoaren lana zein litzatekeen; agian sindikalismoak ere bueltatu behar du XIX. mendera, eta itzultzeko modu bat da ehuntze kooperatibo horretan saiatzea, enpresa eta produkzioaren eremua gaindituz.


Hori da gakoetariko bat Disneyfikazioari aurre egiteko ere. Auzolana vs Disneyfikazioa baldin bada biopolitika eta bioboterearen arteko tentsioaren adierazpena, auzolan eskema hori eraman behar da dinamika elementu guztietara.


Estatua izateko ibilbidean dauden estaturik gabeko nazioen erakundetze maila bat badago eta erakunde horietan dauden arduradun ideologikoak klabe ideologiko alternatibo batzuetan egon daitezke. Hori kontuan hartu beharko litzateke partenariado formula ezberdinak garatzeko. Gobernantza publiko-pribatua izan da sistemaren funtzionamendua azken hamarkadetan. Posible izango litzateke gure herrian jakinda zein indar harreman dagoen zenbait erakundetan, gobernantza publiko herritarra garatzea, hau da, kolaborazioa erakunde eta sare kooperatibo horren artean? Hor bada beste eremu bat hastapenetan.


Azken finean, kontua litzateke ikustea salbuespen egoera batean gaudela, horrek eskatzen ditu salbuespenezko erantzunak, eta neurri batean, oraindik ere pixkat lotuta gaude agitazio eta propagandaren aktibitate ohikora eta erresistentzia aktibitatera. Salbuespena aprobetxatzeko modu bat da eraikuntza klabeetan aritzea, eta horrek suposatzen du pixka bat apurtzea gure jarduera eredu klasikoarekin, jarduera berriak garatu behar ditugula pentsatuz.  Berritzaileak izan daitezke orain aplikatzen direlako, baina iraganean daude adibide eta eredu horiek. Kontua da eraberritzea eta biopolitikaren mesedetan jartzea, bio-botereari aurre egiteko.

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma