Imanol Esnaola

«Ezinbestekoa da lurralde oreka zainduko duen herri hitzarmen zabala adostea»

talaia11 imanol esnaola Imanol Esnaola, Gaindegiako, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behatokiko koordinatzailea da.
 
 

Kokapen orokor gisa, zeintzuk esango zenituzke direla euskal geografiaren egituraren ezaugarri nagusiak?
Euskal Herriaren eremu geografikoa oso aberatsa da: kontinente eta penintsularen arteko lotunea den kostaldeko herria, Pirinioen iparraldeko hegian kokatua, bi eremu klimatiko nagusirekin... Era berean, antolaketa administratiboa ere anitza du (aldaketa handiak bizi izan dituena) eta lurralde egitura polinuklearra.
Euskal Herria aintzat hartzen dugunok, aniztasun guzti hori balioan jartzen dugu. Gogoetagai interesgarria da Euskal Herria aintzat hartzeko kezkarik ez dutenen artean zenbateraino den ezaguna aniztasun hori. Edonola ere, oro har onartua da gure lurralde aniztasuna gorde beharreko ondarea dela, besteak beste, tokian tokiko indarguneak baliatzeko. Etorkizuneko Euskal Herriak paradigma iraunkorrak izango baditu tokian tokikoa balioan jartzeak berebiziko garrantzia izango du.

 


Azken urteetan ordea, bi tendentzia kezkagarri garatzen ari dira: lurralde desoreken sakontzea eta  hirien metropolizazioa. Hainbat zonalde sozio-ekonomikoki ahultzen ari dira, eta, aldi berean, hirien eragin eremua gero eta zabalagoa da. Tendentzia hauek orokorki hartuz, nola interpretatzen dituzu? Zerk eragin ditu edo zergatik eman dira?
Lurralde desorekak aspalditik datoz eta industrializazioari oso lotuta egon izan dira, Bigarren Mundu Gerraren ondoko hamarkadek kontzentrazio urbano eta industrialari erabateko bultzada eman baitzioten. Hala eta guztiz ere, gaitasun industrialak bailara gehienak busti zituen eta lurralde oreka gordetzeko indargune izan ziren industria txiki-ertainak ere sortu ziren. XXI. mendean sartu garenetik, ordea, industria hori ahultzen joan da, eta horrekin batera, geografia berri bat azaleratu zaigu, zeinetan bailaretako ekonomia ahultzen doan eta hirien ingurukoa indartzen. Hirien inguruko ekonomiak, gainera, gero eta gutxiago du industriatik eta gehiago zerbitzuetatik. Industria hori, halaber, sofistifikatzen ari da eta enplegu gutxiago sortzen du zuzenean, baina inguruan ekosistema zabala behar du.
Prozesu honen ondorioz, gaitasunak inoiz baino kontzentratuago daude gune jakin batzuetan, eta horrek, lurralde desorekak areagotu ditu.

 


Biztanlez husten ari diren lurraldeen auzia oihartzun zabala hartzen ari da azken aldian. Europaren historian arorik jendetsuena den honetan, hainbat lurralde komunitatea iraunarazteko gutxieneko kopuruari ezin eutsi dabiltza. Euskal geografian ere badira halako joerak, euskal lurraldearen eskalan aztertzen badira, bederen. Non aurki daitezke fenomeno honen adibideak?
Nire iritzian, gure egoera husten ari diren lurraldeekin parekatzeak gure diagnostikoa zailtzen du. Euskal Herriko kasuak ez du zer ikusirik Eurostaten arabera, dentsitate apaleneko lurraldeek bizi duten egoerarekin (Iberiar Penintsulan zein Europa ekialdean ematen diren kasuekin, esaterako). Dena den, ukaezina da, Euskal Herri mailan lurralde zenbaitek zailtasun handiak dituztela biztanleriari eusteko eta biztanle berriak erakartzeko. Azken biztanleria datuen arabera, Nafarroako Pirinioak, Arabako Mendialdea, Zangozaldea, Trebiñu eta Zuberoa dira, hurrenez hurren, biztanle gehien galdu dituztenak. Zonalde horietan joera hauek hamarkadak badaramatza ere, ez gara egoera aldatzeko gai izan; edo ez dugu nahi izan.

 

 

Eta, zein faktorek bultzatzen dute despopulazio hori?
Despopulazioaren lehen arazoa bertako biztanleria errotu ezina da. Belaunaldi gazteek beraien inguru geografikotik kanpo gauzatzea heldutasun aroko bizitza proiektua, alegia. Horrekin batera, biztanleria berria erakarri ezin izatea ere ez da gutxiesteko problema. Faktoreei begira jarrita zerrenda luzea egin daiteke, aski ezagunak diren motibazioekin. Baina, egia esan, ez dakit zein den eragin handienekoa. Izan ere, ikusten ari gara enplegua eta zerbitzuak esku-eskura dituzten eskualdeetako gazte asko hirietara joaten ari direla bizitzera, egunerokoan lanera jatorrizko bailarara itzuli behar badira ere. Beraz, garraio azpiegitura hobeek ez dute jendea bailaran errotzen, alderantziz baizik.
Ondorioz, gaiari buruzko irakurketa konplexuak egiten hasi behar dugu eta auzi materialekin batera, indarrean dauden ideologia eta balore eskalak ere aztertzen hasi beharko genuke. Ezinezkoa da hiriak goratzen dituen kulturan bizita, landaguneak hauspotzen dituzten joera sozialak indartzea. Baliteke pandemiaren ondoko garaian balore eskala hori aldatzea. Eta, segur aski, aldatu beharko dugu lurralde sistema iraunkorra izatera iritsi nahi badugu.

 

 

Esan bezala, bigarren tendentzia bat ere hauteman daiteke: metropolizazioarena. Hirien indar zentripetoa gero eta handiagoa da, beraien eragin eremua hedatzen ari delarik. Hiriek inguruko zonaldeetan kapital eta pertsonak xurgatzen dituzte, eskualdeak ahulduz. Hauek iraganean bete izandako funtzio ugari betetzeko zailtasunak izango dituztela diozue.
Lurraldeak funtzio desberdineko nodoen arteko saretzean gorpuztu izan dira, eskualde bakoitzak bere txikitasunean ere integritate bat osatu izan duelarik. Mugikortasun intentsiboak, ordea, ahuldu egin du funtzionaltasun horren beharra. Aldiz, hiriburuak eta hauen aldiriak indartu ditu.
Dena den, Euskal Herriak polinuklearra izaten jarraitzen du. Kontu egin baditugula bost hirigune kilometro gutxiren barruan. Baina, biztanleriaren kontzentrazio maila oso altua dugu: biztanleriaren %82,6a lurraldearen %15,1an bizi da. Horrek gainerako guztia baldintzatzen du.
Metropolizazioa, ordea, ez da dimentsio homogeneoa, bere baitan diferentzia handiak ematen baitira, bai errenta, bai adin, bai jatorri mailakoak, besteak beste.

 

Talaia 11 Gaindegia hiriburuen eremu funtzionala

Hiriburuen eremu funtzionala Gaindegia.eus

 

Desoreka horien ondorioetako bat, Euskal Herri barneko migrazioak sortzen dituela da. Migrazio horiek oso lotuak daude ekonomiari edo lanaren arazoari. Landagune askotan oso zaila da nekazaritzaz aparte lanik aurkitzea. Horregatik, lanagatik mugitu edo jaioterrian geratzearen artean erabaki behar izaten dute bertako biztanle askok.
Ez dugu ahaztu behar, ezarri dugun markoan, landaguneek ez dutela ia aitortzarik. Erabakiak gehiengoz hartzen direnez, hiriguneen interes zein problemek hartzen dute erabateko lehentasuna. Era berean, landaguneetako komunitateen iraunkortasuna bermatzeko egiturazko politika publikoak behar dira eta ez dugu halakorik. Besteak beste, horretarako herri akordioak ezinbestekoak direlako, eta herri akordio gutxi dago gure herrian politika publikoak epe luzeetan mantentzeko.
Lurralde oreka da epe luzeko herri hitzarmena behar duen gai horietako bat, batez ere, bertako biztanleen eskubide eta ongizateari eragiten dielako, ez dezagun ahaztu. Halako hitzarmenik balego irudika ditzakegu tokian toki dibertsitate ekonomikoa bermatzeko egitasmoak. Halakorik gabe ezinezkoa da.

 

 

Barne migrazioen fenomeno horrek ez du berdin funtzionatzen gizon ala emakume izan. Bereziki emakumeen kasuan ematen dira migrazioak. Nola azaldu daiteke fenomeno hau?
Euskal Herriko sistema sozioekonomikoan gauza garrantzitsuak gertatu dira azken hamarkadetan. Horietako bat biztanleria aktiboaren feminizazioa da. Baina, era berean, prozesu horretan, gabezia garrantzitsua dago formazio eta lan orientazioei dagokienez. Oraindik orain, andre gazteen formazioa sektore jakinetara bideratzen da, nagusiki zerbitzuetara, zeinak lan intentsitate apalagoak eta lan baldintza kaskarragoak dituen. Halako enplegu gehienak hiriguneetan daudela kontuan hartuta, nor harritzen da emakumeen kasuan migrazio tasa altuagoak ikusita?

 

Tendentzia guzti hauek, zein erronka jartzen dizkigute mahai gainean?
Munduaren aurrean, euskal populuak, berak habitatzen duen lurraldea zaintzeko ardura du, bai hizkuntza eta identitatearen aldetik, baina baita lurraldearen, ingurumenaren eta ongizatearen aldetik ere. Administrazioaren aginduak Paristik edo Madrildik etorri arren, guk gure herria parametro horien barruan mantentzea lortu behar dugu. Hori da gure ardura. Eta gure esku ere badago erabakitzea nola eratuko dugun komunitate nazional iraunkor bat, baita lurraldea antolatzeko orduan ere.
Alde horretatik, hirien etorkizuna ez dago auzitan. Hiriek garrantzitsuak izaten jarraituko dute. Jarduera ekonomiko eta teknikoek jarraituko dute hurbiltasuna bilatzen gaitasunak ahalik eta ongien baliatzeko. Dena den, Euskal Herriak zaindu beharko du bere hiriguneen osasuna. Besterik da, ordea, landa guneei beraien egitasmoa garatzeko aukerarik ez ematea, eta landaguneak gutxiesten dituen antzinako pentsamenduan bizitzea. Landa guneek ere izan behar dute bere egitasmoa definitu eta gauzatzeko aukera. Baina, hiriguneak prest al daude lurraldearen gaineko gobernantza  landa guneekin partekatzeko?

 


Eta, posible da erronka horiei nola erantzun, zertzelada nagusi batzuekin bada ere, marraztea?
Erronkak asko dira, baina burujabetza mailan kokatzen badugu gure gogoeta, ezinbestekoa da lurralde oreka zainduko duen herri hitzarmen zabala adostea. Euskal lurralde sisteman landa guneek ekarpen garrantzitsua egin behar dute eta hori posible izateko bideak ezarri beharko ditugu.

 

Tags: hiri eredua, lurralde antolamendua, lurralde garrapena

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma