Auzo elkarteen memoria

Borroka demokratikoaren memoria: auzo-elkarteak

Erreportaia honetan trantsizio deiturikoaren hastapenetan pisu nabarmena izan zuten auzo-elkarteen inguruan jardun nahi izan dugu, elkarte hauek baitaude gure hirien konfigurazioan eragile aktibo izan diren herri mugimendu eta eragile askoren oinarrian. Orduko borroken memoria jaso nahi izan dugu, egindako borroka demokratikoaren memoria, egun bizi digun hiriak ulertzen saiatzeko. Horretarako, Carlos Trenor, herri mugimendu askotan aritua, eta Asociación Centro Cultural Recreativo Eguia-Atocha elkarteko sortzaileetakoarekin hitz egin dugu, bere eskutik jasoz auzo elkarte horiek izandakoaren errelatoa.
 

Egungo hiriak eta beraietan garatzen ari diren borrokak ulertu ahal izateko, nondik gatozen gogoratzea ezinbestekoa da. Memoria egitea. Auzoetan garaturiko borrokek, auzo elkarteek, maila lokalean egindako herrigintza ekarpenek, gure hiri eta herriak eraldatu baitzituzten, eta hein handi batean egungo Euskal Herria ere markatzen jarraitzen dute. Horregatik, orduko borroka demokratikoko memoriaren zati txiki bat jaso nahi izan dugu Carlos Trenorren eskutik,  Donostiako Asociación Centro Cultural Recreativo Eguia-Atocha auzo elkartean ibilitakoa.


Trenorrek, frankismoaren azken urteetan, trantsizio deituriko garaian, bizi zen klima oroitarazten digu: “60 eta 70eko hamarkadetan giro politiko berezia zegoen. Erakunde politiko eta sindikalen aurkako errepresioa bortitza zen”. Gerra zibila bizi izan zuen jendearen beldurra du gogoan, fusilamentuena. Baina, gazte belaunaldi berrien eta nazioarteko mugimendu emantzipatzaileen eraginpean “lantokietan langileen antolakuntza eta borrokak hauspotu ziren, eta herri zein auzoetan mugimendu asanblearioen hastapenak bizi izan genituen, denborarekin indar handia hartu zutenak”.


Garai hartan auzoetako bizi-baldintzak kaskarrak zirela azaltzen du Trenorrek: “Ia ez zegoen ekipamendurik: ez zegoen eskolarik, ez osasun-zerbitzurik, ez kirol-ekipamendurik. Auzoak hirigintza anarkikoan sortu ziren, inolako eskrupulurik gabeko eraikitzaileek bultzaturik, epe motzean onura erraza bilatuz, administrazioaren laguntzarekin”. Horregatik, auzo elkarteen hasierako aldarrikapenak, hirigintzari oso lotuak zeudela nabarmentzen du.

 

auzo elkartea egia talaia11


1964an, elkarteen inguruko legea onartu zen, “Ley Fraga” gisa ezaguna, eta horren bidez, frankismoan lehen aldiz, kultur eta auzo elkarteak legeztatu ziren, baita Donostian ere. Legalizazioa lortzeko, estatutu formalak idatzi behar zituzten elkarteek, baina praktikan era asanblearioan funtzionatzen zutela defendatzen du Trenorrek. Horren adibide da Egian sortu zuten Asociación Centro Cultural Recreativo Eguia-Atocha. “Horizontalki funtzionatzen genuen, nahi zuenak parte hartzea eta erabakitzea lehenetsiz”.


Funtsean, auzo elkarte horiek, auzoetako bizi baldintzetan hobekuntzak bilatzen zituzten. Hori zuten helburu nagusi. “Hirigintzan hobekuntzak borrokatzen genituen, trafikoari loturiko gaietan, etxebizitzan, osasun zerbitzuetan, kultur edo kirol ekipamenduetan”. Horren adibide da Egiako auzoan Villa Salia etxearen defentsan garaturiko borroka.

Legalizazioa lortzeko, estatutu formalak idatzi behar zituzten elkarteek, baina praktikan era asanblearioan funtzionatzen zuten


Auzo asanbladetan, ordea, auzoetako problematika zehatzak gainditzen zituzten eztabaidak ere ematen ziren. Frankismo garaian zein trantsizio deiturikoaren hastapenetan, alderdi politikoak ez zeuden oraindik legeztatuak. Ondorioz, eztabaida politikoak emateko ez zegoen espaziorik, eta auzo elkarteak bihurtu ziren, hein handi batean, horretarako toki. Adibidez, amnistiaren inguruan jarduten zirela gogoan du Trenorrek. Baina ez solasten soilik. Borrokak ere, esparru lokaletik haratago joan ziren, auzoetako arazo zehatzetara mugatu gabe. Errepresioaren aurkako borrokak, elkartasun internazionalistarenak edo energia nuklearraren aurkakoak ere izan zuten beraien espazioa auzo elkarteetan. “Aktibismo handia zegoen, eta gazteen parte hartzea masiboa zen, manifestazioetan, asanbladetan, pankarta eta propagandarekin”.


Bazegoen ere auzo elkarteak gutxiesten zituenik, klaseartekoak edo interklasistak zirelako, eta beraz, ez zirelako sistemaren aurkako ardatz zentralean, hau da, kapitala vs lana gatazkan, zentratzen. Dena den, “frogatu zen borroka horiek osagarritzeko eta elkar elikatzeko gai zirela. Adibidez, auzoetatik langile mugimenduko borrokei elkartasuna adierazten zitzaien, mobilizazioak, erresistentzia kutxak... garatuz”. Horren eredu da Martxoaren 3ko gertakariei Donostiako auzo elkarteetatik emandako erantzun indartsua.


Herentzian gaur arte

Auzo elkarteak sistemak bazterrean uzten dituen sektore sozialen – langileriaren - parte-hartze politikoa bultzatzeko tresna izan dira

Auzo elkarte eta borroka guzti horiek ondare sakonak utzi dituzte. Politikoki izan zuten eragina nabarmentzekoa da: politizazio eta kontzientziazio esparru izan ziren, oinarrizko militantzian trebatzeko tokia, euskal identitate zein klase kontzientzia eta harrotasuna garatzeko espazioa. Hori gutxi balitz, antolakuntza zein borroka molde berriak frogatzeko ere balio izan zuten. Azken finean, auzoetan borroka egiteak sistema politikoak demokratizaziorantz tentsionatzen ditu, auzoetako biztanleak eskubidedun “hiritar” gisa proiektatzen baititu, eskubide politikoak hedatuz. Auzo elkarteek horren itzulpen organizatibo gisa funtzionatu izan dute, sistemak bazterrean uzten dituen sektore sozialen – langileriaren - parte-hartze politikoa bultzatzeko tresna izan baitira.
Ikuspegi urbanistikotik ere eraldaketa nabariak eragin zituzten borroka guzti haiek, herentzian jaso ditugunak. Horiei esker, auzoek oro har onargarria den ekipamendu-maila lortu dutela nabarmentzen du Trenorrek: ikastolak, kiroldegiak, kultur etxeak edo auzo-elkarteak.


Gaur egunera begiratuz gero, errealitate sozial orokorra eta bereziki auzoak asko aldatu direla nabarmentzen du Trenorrek. “Egun auzoek dituzten ekipamendu mailak ez du zerikusirik trantsizio garaikoekin alderatuz gero”. Baina erronka berriak azaleratu direla argi du. “Etxebizitzarena, gentrifikazioarena, helduen egoera... Hurrengo belaunaldiek arazo hauei erantzuna eman beharko diete, eta asmatuko dituzte horri begira antolatzeko eta borrokatzeko beste modu batzuk ”. 

 

 

Villa Saliako borroka

Villa Salia izeneko etxea Gizarte Aurreikuspeneko Institutu Nazionalarena (INP) zen, Donostiako Egia auzoan kokatua. Medikamentu biltegi moduan funtzionatu izan zuen, baina 70. hamarkada erdialdean abandonatua eta botika iraungiz betea zegoen. Auzoan beharrezko jarduerak aurrera eramateko tokirik ez zegoenez, begiz jo zuten auzokideek etxe hura. 1976ko uztailean, auzokideak antolatu eta etxea okupatu zuten. Poliziak okupatzaileak kanporatu eta etxea hesiz ixtea lortu zuen ordea.
Urte bete pasata, 1977ko uztailean, INPk etxea saldu behar zuenaren zurrumurrua zabaldu zen. Egoera horren aurrean, berehala elkartu ziren batzarrean auzotarrak eta salmenta hori ekiditeko antolatzen hasi. Lehen pausu gisa, batzorde bat osatu eta udalarekin zein INPrekin hitz egitera joan ziren. Udalari etxea erosi eta auzoaren esku jartzeko eskaera luzatu zioten.
 
Udalaren partetik mugitzeko intentziorik ikusten ez zutenez, uztailaren 14tik aurrera auzoan ekintzak gogortzen joan ziren: batzarra eta manifestazioa egin zituzten egun horretan bertan; 15ean, kontzentrazioa INPren eraikinean, enkantea geraraz zezaten exijitzeko; 16an, kontzentrazioa gobernu zibilaren aurrean; 19an, batzarra frantziskotarren komentuan. Eta beste batzar bat 22an. Hala ere, INPk partikular bati saldu zion etxea. Egiatarrak sutan zeuden.
 
Uztailaren 24an, 500 bat lagun udaletxe parean agertu ziren, etxearen salmenta atzera bota eta udalak eros zezan exijitzeko. 26an, bigarren manifestazio bat udaletxera. Orduan ere 500 bat lagun abiatu ziren Egiatik, baina beste auzoetako jende asko elkartu zitzaien harako bidean. Hedabideetara ere iritsi zen gaia, hiri guztian bolo-bolo hedatuz. Manifestariek indarka udaletxera sartzea lortu eta udalbatza aretoa okupatu zuten egun hartan.
 

villa salia egia talaia11

Auzotarrek udalbatza okupatu ostean, jarduneko alkate gisa ari zen Muñoz Mugica, etxea erosi eta auzoari uzteko konpromisoa sinatu zuen momentua. | argia artxiboa cc by sa • gordegia.eus-en bidez
Biharamunean, INPk enkantea bertan behera utzi zuela zabaldu zuten hedabideek. Auzoko jendea fidatu ez, eta berriz ere udalbatza aretoa okupatzea lortu zuten. Hantxe, beste erremediorik ez zuela, jarduneko alkate gisa ari zen Muñoz Mugicak (Otazu kanpoan baitzen), etxea erosi eta auzoari uzteko konpromisoa sinatu zuen. Eta bete zuen hitzemandakoa: Villa Saliako etxea erosi eta auzotarren esku utzi zuen udalak.
 
Orduz geroztik, Villa Saliako etxeak auzoaren unean uneko arazo eta premiei erantzuteko espazio gisa funtzionatu du. Bertan izan dira haurtzaindegia, euskaltegia edo orain bezala Helduen Hezkuntza Iraunkorreko Ikastetxea, auzoko beharren zerbitzura.

Tags: hiri eredua, auzoak, auzo elkarteak

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma