“G7 EZ” plataforman parte hartzen ari diren LAB sindikatuko kideak

“G7aren gailurra ez dugu ezeren mugarri, ez bada elkarrekin irudikatzen dugun mundu antikapitalista eta subirano horren bidean elkarrekin urrats bat ematea”


edurne larranaga celada Edurne Larrañaga Celada (Oiartzun, 1982) LABeko Ekintza Sozialeko antolaketa idazkaria
talaia06 maddi arrieta Maddi Arrieta Laka (Donostia, 1993) LABeko ekintza sozialeko kidea
talaia07 igor arroyo Igor Arroyo Leatxe (Iruñea, 1978) LABeko idazkari ondokoa
talaia07 enaut aramendi Eñaut Aramendi (Urruña, 1979) LABen Ipar Euskal Herriko bozeramailea
 
 
 
2000ko urrian Europako Goi Gailurra ospatu zen Miarritzen, Europako Eskubide Sozialen Karta osatzeko aitzakian. Euskal Herriko eragile desberdinek herrien autodeterminazio eskubidea ukatzeko eta eremu sozialean aurpegia zuritzeko inposaketa salatu eta kontra-gailurra antolatu zuten.

Bi hamarkada igarotzear daudela, 2019ko abuztuan Miarritz goi gailur baten anfitrioia izango da berriro ere, G7ak bere urteroko bilkura burutuko baitu bertan. Eta berriro ere, eragile desberdinak antolatzen ari dira. “G7 EZ” plataforman parte hartzen ari diren Igor Arroyo, Edurne Larrañaga, Maddi Arrieta eta Enaut Aramendi LAB sindikatuko kideekin solastu gara gailur honen ingurumariez.
 

Plataforman eta kontra-gailurrean sakondu aurretik, ze testuingurutan ospatuko da G7aren gailurra eta zein helbururi erantzuten die? Zergatik Miarritzen?

Edurne Larrañaga: 2008an lehertutako krisi ekonomikoaren aurrean, politika neoliberaletan sakontzeko hautua egin zuten elite ekonomiko, politiko eta finantzarioek. Horren ondorioz, krisi holistiko baten aurrean gaude, bizitzaren eremu guztiak zikintzen dituena (kultura, politika, eskubide sozialak, eredu ekonomikoa, zaintza, ingurumena...). Lana prekarizatuz etekina ateratzeaz gain, bizitza prekarizatuz kapitala metatzen jarraitu nahi duen kapitalismo basatiaren aurrean gaude.

Kapitalismoak krisi sistemikoari kapitalismo gehiagorekin erantzun eta hor topatzen du tokia faxismoak. Oldarraldi horri, ordea, herritarrok proposamenekin eta determinazioarekin erantzun diogu. Euskal Herrian borroka feminista eta pentsionisten borrokarekin batera, langile borrokak ere aipatu behar ditugu, lan zein bizi duinaren alde milaka langile borrokan baitaude lan zentro nahiz kaleetan. Era berean, faxismoaren aurrean, klase elkartasuna handitu da eta horren adibide dira errefuxiatu edota etorkinen bizi baldintza duinen aldeko dinamika herritarrak: oso adierazgarriak dira aurtengo martxoaren 20an, Arrazakeria eta Xenofobiaren aurkako egunean, izaniko mobilizazio jendetsuak.

Maddi Arrieta: Miarritzen izatearen arrazoiak egiazki zeintzuk izan daitezkeen jakin barik, argudio ezberdinekin egin genezake saltsa. Frantses estatuko egoera sozioekonomikoa biziki korapilatsua den honetan, kontraboterea desartikulatzea eta arreta mediatiko desbideratzea bilatzen du agenda politikoak. Biarritz, egun, frantses estatuko turismo helmuga nagusietako bat da, eta gailurra bertan ospatuz, erreferentzia izango da mundu osoan.

Igor Arroyo: Macronen nahikeriari erantzuten dio. Gustuko omen du Miarritze, goi mailako turismorako, negoziorako. Horrela ikusi dute Frantziatik euskal kostaldea historikoki: frantses burgesentzako oporleku gisa. Guretzat, aldiz, Lapurdiko kostaldea geure herrikideen bizilekua da. Bi ikuspegi antagoniko hauetan islatzen da LABen Biltzar Nagusian aipatzen genuen “Kapitala vs. Bizitza” talka.

Enaut Aramendi: Zergatik erabaki duten Miarritzen antolatzea G7 ez dakigu, eta ez dugu zehazki jakingo, bainan abuztu erdian, euskal kostaldean holako erokeria bat egiteak ez du logikarik!


Estatu Batuek gidatutako mundu batetik, blokeen arteko lehiak ezaugarritutako eredu multipolar baterantz trantsizioa ari gara bizitzen. Tentsio horien adibide da Krimeako gatazkaren harira Errusia G8tik kanpo utzi eta gurera datorren G7 hau. Kapitalak zirriborratutako bide-orri horretan, zein izan daiteke G7 eta tankerakoen papera?  

I.A.: Globalizazioarekin estatuak urtzen ari direla ipuin bat da. Estatuak Kapitalaren mesederako tresna dira. Herrialdeko muga bakoitzaren barruan, aberastasuna esku gutxitan pilatzeko prozesuaren bermatzaile dira. Eta nazioarteari begira, herrialde bakoitzeko enpresentzako baldintza egokiak eta baliabideak lortzeaz arduratzen dira, beharrezkoa bada gerraren bidez. Izatez, bloke kapitalisten arteko lehian gero eta esku hartze handiagoa izaten ari dira Estatuak. Estatu Batuen gidaritzapean orain arte nagusi izan den bloke kapitalistaren aurrean lehiakideak sortzen ari dira, bereziki Txina. G7, NATO eta bestelakoak hegemonia mantentzen saiatzeko tresnetako batzuk dira.


“G7 EZ” plataforma Euskal Herri osokoa da eta dinamika nazionala zein lokala uztartzen ditu. Nola hasten da eratzen? Zein eragilek hartzen dute parte bertan? Ze helburu ditu? Ze garapen eduki du orain arte?

I.A.: Logikoa den bezala, Ipar Euskal Herritik ekin zioten lanari. Pasa den udan hasi ziren lehen harremanak.  G7aren aurrean herri erantzuna eman beharra zegoela ulertuta, udazkenetik aurrera mugaz gaindiko elkarlanean hasi ginen. Europa osotik etorriko diren eragileekin koordinazioa bermatzea ere bada gure xedea, baina Euskal Herritik bestelako mundu bat sortzeko egiten ari garen ekarpenean jarri nahi dugu arreta. Hau ez da Frantziako burgesiaren atsedenlekua, hemen burujabetzaren eta justizia sozialaren aldeko borrokan diharduen herri bat dago.

E.L.: Behar hirukoitzetik abiatzen gara: batetik, herri gisa munduan proiektatu beharrak; bestetik, bizitza erdigunean izango duen eredu berri baten aldeko gehiengo soziala artikulatzen jarraitzeko beharrak eta, azkenik, G7ak ordezkatzen duen ereduaren aurka herri bat agertzeko beharrak.

Bi helburu nagusi ditu plataformak: bata, G7a ordezkatzen duenari kontrakotasuna adieraztea, bizitzaren aurka egiten duen kapitalismo suntsitzaile honekin ez gaudela ados adieraztea eta, bestea, bizitza erdigunean izango duen eredu berri baten aldeko aliantzatan sakontzea, gehiengo berri bat artikulatzeko saiakeran.

M.A.: 36 alderdi, sindikatu eta eragilek osatzen dugu egun plataforma, kolore ezberdin asko nahasten da bertan. Apustu handia da denon aldetik, geure espezifikotasunak alde batera utzi eta elkartzen gaituen horretan indarra egitea: borroka ideologikoa, masa mobilizazioa eta desobedientzia zibila, plataforma antikapitalista eta subiranista baten oinarrietan. Aniztasunak kudeatzen ikasteko espazio ezin hobe honetan, gehiengoak artikulatu, adostasunak bilatu eta elkarrekin aurrera egitea bera ere lortutako helburu handi bat dela ezin ahantz genezake.

E.A: Hori da. Denak ados gaude G7k ez hemen eta ez inon legitimitaterik ez duela esateko, baina egunerokotasunean ez da erraza antolatzea eta adostea. Gure desberdintasun guztiak kontutan hartuz ari gara lanean eta ez dut dudarik lortuko dugula gure kontra-gailurraren bitartez erakustea beste mundu bat eraikitzea posible dela. Horrela begiratuta, 36 eragile gutti da! Ondoko egun, aste eta hilabeteetan oraindik plataforman ez diren eragile asko sartu behar dira gurekin batera!

M.A.: Orain arte tokian tokiko plataformek egindako lanak kontzientziak piztea du helburu nagusi, eta gailurra iritsi bitarteko beroketa soil bat baino gehiago, politizaziorako espazio izatea bilatzen du. Geure alternatibak plazaratzeko bide ere badira plataforma hauek, herri eta hiriburuetan herri subirautzatik eraikitzen hasteko bestelako mundu bat.

E.L.: Maddik esan bezala, uda bitarte gaia kokatu, sozializatu nahi dugu: mobilizazioak, hitzaldi edota mahai inguruak, erakusketak, ekimen ikusgarriak... Udan, berriz, gailurra gerturatu ahala, ekimen nagusienak IEH-n kokatuko ditugu. Gailurraren aurretik Miarritzen mobilizatu nahi dugu, hiria zapaltzen utziko gaituzten une bakarra izango delako eta G7aren testuinguruan jardunaldi zein ekimen zabalagoak antolatzen gabiltza.


2000 urtean Europako Gailurra ospatu zenean, Miarritz erabat setiatu zuten: goi bilkuraren antolaketa guztiz opakoa izan zen eta herritarren eskubide politikoetan atzerakada handiak eman ziren, mobilizazio nagusiak Baionan izan behar izan zirelarik. Berdina aurreikusten duzue aurten?

E.A.: Askok ezingo dugu libreki ibili gure herrian. Bitartean, Macron eta bere konpainiak pribatizatuko dute Miarritze osoa, bere hondartza, aireportua, tren geltokia, garraio publiko guztiak... G7 antolatzeko, berdin zaie Herri oso bat bahitzea.

E.L.: Dugun zuzeneko eta zeharkako informazioaren arabera, Miarritze eta inguruak setiatu eta segurtasun indar ezberdinek okupatuko dituzte bazter guztiak. Miarritzen bertan auzotarren mugikortasun askea mugatuko dute eta hainbat auzo hustu ere egingo dituzte. Pertsonen zirkulazio askea Irun-Hendaia arteko muga itxiz oztopatzeko arriskua ere hor dago. Mobilizazioak neutralizatu nahi dituzte. Jakin badakigu, ordea, bizilagunek kezkaz eta beldur puntu batekin bizi dutela egoera.


LAB sindikatuaren ordezkari gisa hartzen duzue parte plataformaren espazio desberdinetan. Ze paper du zuen ustez sindikalgintzak guzti honetan? Nola lotzen da plataforman egiten duzuen lana egunez egun lan zentroetan garatzen denarekin?

I.A.: Guk hautu argi bat egin genuen azken Biltzar Nagusian. Kapitala eta Bizitzaren arteko gatazkaren aurrean, Euskal Herrian bestelako eredu sozial eta ekonomikoa eraikitzea da gure erronka. Horretarako, gure ekintza sindikala berritu dugu, prekarietatea pairatzen duten sektoreengana hurbiltzeko ahalegin berezia eginez. Ekintza Sozialeko egitura sortu dugu, lantokietatik harago eredu aldaketa baten aldeko borroka egiteko. Eta herri eragileekin aliantzak indartzeko apustua egin dugu. Erabaki horien ildoan kokatzen da G7ez plataforman egiten ari garen elkarlana.

M.A: Sindikalgintzatik bestelako lan eta bizi eredu baten alde egin izan dugu beti, patronalaren interesen aurrean antolatuz eta borrokatuz. G7a patronalen patronala da eta sindikalgintzari dagokio G7aren aurrean artikulatzen ari den aniztasuna jostea.

E.A.: Euskal Herriko biztanleen iritzien gainetik, G7 hau Euskal Herrian antolatzea erabaki du Macronek. Badakigu Parisetik edo Madrildik, Bordeletik edota Pauetik etortzen diren inposaketa guzti horiek Euskal Herriko langileen interesen kontra joaten direla. Estatutik etortzen diren inposaketa guzti horien aurrean dugun “arma” hoberena da erabakitzeko eskubidea berreskuratzea. Horregatik, lan harremanetarako guneak aldarrikatzen ditugu, langileriak bere geroaz erabakitzeko!


“Euskal Herritik beste mundu bat sortzeko” gonbidapena egiten du plataformak. Zalantzarik gabe, eremu desberdinetatik, horretan ari gara. Zelan bihur daiteke gailurra bezalako inposaketa bat eraldaketa sozialerako palanka edo hauspo? Ze helburu jartzen dizkio kontra-gailurreko egunei?

I.A.: Hau da behin eta berriz mahai gainean jartzen ari garen galdera. G7 eta horrelakoak ospatzen diren bakoitzean erantzun sozial bat egotea beharrezkoa da, baina gure ustez erantzun hori ezin da bihurtu polizia eta manifestarien arteko ohiko ika-mikan. Gure ustez, Euskal Herrian aldaketa sozial eta politikorako indarrak biltzeko erabili behar dugu G7aren mugarria. Horregatik arreta jarri nahi dugu borroka ideologikoan, egingo diren jardunaldien edukietan, eta aldaketa bat nahi duten herritar guztiei begirako mobilizazio eskaintza zabal batean.

M.A.: Kapitalaren ofentsiba eztabaidaren erdigunera ekartzeko aukera da, politizaziorako aukera zabalduz. Euskal Herriko gehiengoen adostasunen lehen lerroan jartzeko eta batera ekiteko aukera berriak eskainiz honela. Guzti honek herri eta hirietan zein forma hartzen duen aztertu beharko genuke, esate baterako, geure salaketa eta alternatiba zein neurritan sustraitzea lortzen dugun. Langile klase osoari erasotuko dion agendaren aurrean, guk indarrak batu eta horiei forma emateko ordua baitugu.


Aurtengoan fisikoki Euskal Herrian bilduko badira ere, goi bilkura horren erabakiek herri guztiengan edukiko dituzte ondorioak. Nola ari zarete lantzen internazionalismoa? Beste herrialde batzuetako mugimenduekin harremana garatzen ari zarete, parte hartzea espero da...?

I.A.: Estatu frantsesean eratu da plataforma bat eta gurekin dago harremanetan. Europa mailan harreman sare zabala duen ATTAC ere gurekin ariko da elkarlanean. Eta gustatuko litzaiguke G7an dauden estatu “handien” aurrean, estatu “txiki” eta duin bat izateko borrokan ari diren nazioen ikuspegia ere ordezkatua egotea. Horrez gain, kasik 100 milioi langile ordezkatzen dituen FSM-WFTU izeneko mundu mailako sindikatuen federazioko kide da LAB eta badugu asmoa Miarritzera gonbidatzeko.

E.A.: Euskal Herria bezala, beste herri asko ari dira haien erabakitzeko eskubidea eta askatasunaren aldeko borrokan, baita bertako sindikatuak ere. STC (Kortsika), SLB (Bretaina), USTKE (Kanakia) CUT (Galicia), UGTG (Guadalupe), etab. bezala,  “Estatu Gabeko Sindikatuen Plataformako” kidea da LAB. Kapitalismoaren aurrean, Euskal Herriko Sindikatu GUZTIOK dugu zer egin. Are gehiago, beste MUNDU bat nahi badugu, MUNDU osoko sindikatuek bat egin behar dugu!


G7ko ordezkariak etorri eta joan egingo dira. Utziko du aparrik bilera horrek? Eta plataformaren ibilbideak? Zein?

M.A.: Hasteko isunak, nahi haina (kar-kar). Plataformaren baitan, elkarrekin egindakoen gazi gozoak, irakaspenak eta hobetu beharrak egongo dira, noski. Baina egongo dira baita ere, harreman zubi berriak, elkarrekintza eta borroka esperientzia zein molde berriak ere. G7aren gailurra ez dugu ezeren mugarri, ez bada elkarrekin irudikatzen dugun mundu antikapitalista eta subirano horren bidean elkarrekin urrats bat ematea. G7ak ezartzen duen ezkutuko agenda neoliberalak Euskal Herrian nola lur hartzen duen gogoan izan behar dugu: politika sozialen murrizketak, merkantilizaziorako gosea, bertako instituzioen eskumenen murrizketa, herrien burujabetzaren aurkako estrategia... Horretarako, herri honek bestelako Euskal Herri baten alde egin beharreko bidearen gaineko begirada berritzeko erronka ere badugu.

I.A.: Guretzat hori da garrantzitsuena, apar bat uztea. Batetik, aparra utzi beharko luke gazteriaren artean: horrelakoak mugarri izaten dira belaunaldi berrien sozializazio politikoan, horrela izan zen nire kasuan 2000. urteko Miarritzeko gailurra. Bestetik, Euskal Herrian aldaketa sozial baten aldeko dinamikak sortzen ari dira, mugimendu feministatik hasi eta pentsiodunetaraino, eta beharrezkoa ikusten dugu aktore sozial desberdinen arteko batera jotzeak zehaztea, Euskal Herrian aldaketa sozial eta politikorako prozesu bat, ezinbestez soberanista izan behar duena, elikatzeko. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta aldarrikapen sozial desberdinak biltzeko tresna gisa jaio zen eta uste dugu orain gogoeta estrategikoa egin behar dugula, ikusteko zer nolako tresnak behar ditugun aurrera begira. Logikoa litzateke gailurraren ondotik G7ez plataforma desegitea, baina eragile ezberdinen artean egindako elkarlan esperientziak baldintza hobeagoetan kokatu gaitzake aipatutako ariketari ekiteko.

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma