José Iglesias Fernandez

«Proposatzen diren politikek, sistemaren tiraniaren aurrean, herritarren askapena bermatu behar dute»

jose iglesias fernandez José Iglesias Fernández (Ourense, 1931) ekonomia eta gizarte zientzia ikasketak egin zituen Oxford eta London-en. Beste batzuen artean, “Seminario de Economía Crítica Taifa”, “Mesa Cívica por la Renta Básica”, “Asociación EcoConcern-Innovació Social” eta Baladreko kide da.
 
‘Nire isiltasunaz damutzen naiz ezeren gainetik’. Audre Lorde
 
Berdinen Oinarrizko Errenta XX. mende bukaeran azaldutako aldarrikapena da, baina hainbat autoreren arabera, tartean zu, lehenengo jendarteetatik hona garatzen joan den proposamena da. Nondik dator herritarrentzako oinarrizko errenta baten ideia? Zertan datza?
Gizakia ez da esaten den bezain gupidagabea. Kapitalismoan bezala, ondarea jainkotzen duten jendarteetan bakarrik ematen da ugazaba-klaseek herritarrak zapaltzea. Baliabide naturalen eta lan indarraren jabetze/esplotazioan oinarritutako prozesu bat kontrolatzen dute, (ondasun eta errenta) desberdintasunak etengabe erreproduzitzen dituen prozesua, bere barrenetan pobrezia eta misera daramatzana.

Hau da, eskaletasuna pobreziaren azken estadioa da, sistemaren pobretze prozesuko eskaileretan, pertsonak bizi duen azken degradazio koska. Sistemak desberdintasunak behar ditu funtzionatu ahal izateko, eta bere erreprodukzio sistemikoaren logikaren baitako esplotazioaren ondorioz etengabe birsortzen ditu. Era berean, legeztatutako gutxieneko soldatak ez ditu pobrezia eta herritarren bizi prekarioak saihesten. Beraz, proposatzen diren politikek, sistemaren tiraniaren aurrean, herritarren askapena bermatu behar dute.

Esan bezala, jendarte hauetan dira nagusi ongintza instituzioak, eta hauekin bat datozen pentsalariek kapitalismoaren zapalkuntzen ondorioak arintzeko karitate programa berriak diseinatzen dituzte. Oinarrizko Errenta (OE) karitatea “eskubide subjektibo” izateko proposamena da. Bere definizio eta ezaugarriek pobrezia eta behartasun mailak jasangarri egiteko mekanismo birbanatzaile ezin hobea bihurtzen dute, baita balizko klase gatazka urtzeko ere: jaiotze hutsagatik, pertsona bakoitzak bizitza duina eraman ahal izateko aldizkako diru kopuru bat jasotzeko duen eskubidea da; eskubide indibiduala, unibertsala eta baldintza gabea. Hau da, ez dago diru-sarrerek, soldatapeko enplegu bat onartzeko obligazioak edo gizarteratze programaren baten parte-hartzeak baldintzatuta.

Oinarrizko Errenta eredu ahul bat da, hutsala, ez duelako herrialde bateko aberastasuna sortzen duten ekoizpen baliabideen jabetza pribatua ukitzea proposatzen, ezta desberdintasunak eragiten dituzten harreman sozialak ere. Gainera, ia bere defendatzaile gehienek pobreziarekin identifikatzen dute: gero eta pobrezia handiagoa hobeto, are gehiago legitimatuko baita pertsona txiroek estatuaren asistentziarako, karitaterako duten eskubidea. Pobreziaren kontrako neurri txiki bat da, ez kapitalismoaren kontrakoa.
 
“(OEk ez du) Sortzen duten ekoizpen baliabideen jabetza pribatua ukitzea proposatzen, ezta desberdintasunak eragiten dituzten harreman sozialak ere”
 
 
Errentaren birbanaketarako eredu desberdinak proposatu izan dira. Zergatik (pertsona) berdinentzako Oinarrizko Errenta bat? Zein izango litzateke bere helburua? Zerk bihurtzen du borroka antikapitalistarako tresna?
Karitateak eskaletasun eta pobrezia mantentzen baditu, eta hauek kapitalismoak eragindako desberdintasunetatik badatoz; berdintasunak esplotazio sistemak suntsitzea badu helburu, karitateak berauek sostengatzen laguntzen duen bitartean; orduan, berdintasuna eta karitatearen arteko kontraesan bat existitzen da hemen, berdintasuna eta kapitalismoaren artekoa. OE eredu ahulak, asistentzialistak, ogi apurrenak, karitatezkoak... ez luke konponduko. Beraz, berdinen Oinarrizko Errenta1 bat (gaztelaniaz Renta Básica de las iguales, RBis) proposatzearen xedea, elementu birbanatzailea mantenduta, beste elementu batzuk indartzea da, horrela eredu indartsu batean bihur dadin, tresna antikapitalista batean. Honako hauek lirateke elementuak:
1) Jaso beharreko kopurua, gutxienez, pobreziaren ataria haina izan behar da, biztanleko errentaren erdia bezala definitua;
2) berdinen Oinarrizko Errentaren Funts Komunalaren sorrera (Focorbis), hartzaile bakoitzak %80 eskura jasoko du,  gainerako %20 zerbitzu komunalen ekoizpen, eskuratze eta erabilerara bideratuko delarik2. Horrela, proiektu zehatzetan inbertitu ahalko da, eta pertsonek merkatu kapitalistaren legeen menpe ez dauden jardueretan aritzeko askatasun handiagoa izango dute.
3) bOE-ren finantzazioa, alde batetik, lanetik eratorritako eta kapitalen errendimenduen gaineko zergen bidez (gehien dutenengandik gutxien dutenetara), eta bestetik, gastu publikoaren ber-esleipenaren bidez (kanoi gutxiago eta gurin gehiago) egin behar da.

Esandakotik bOE-k zentzu eraldatzailea sistemaren kontrako tresna gisa eta baliabide komunalak sortzeko erabiltzen denean bakarrik hartzen duela ondoriozta dezakegu. Edo kapitalismoa suntsitzen da, edo ez dago esplotazio/alienazio guzti hori gaindituko duen edo garatzeko behar duen desberdintasun/pobrezia/miseria prozesua geldituko duen neurri sozialik.
 
 
brujula matriz
 
 
Zure bOE proposamenak bi atal ditu: herritar bakoitzak eskura jasotzen duen errenta eta beharrizan kolektiboak asetzeko bOE-ren funtsa. Asko eztabaidatu da lehenengoaren inguruan, baina zertan datza bigarrenak? Ze parte hartze eduki behar du jendarteak horretan?
Focorbis-en jabetza, erabakimena eta kudeaketa komunitatearen gain dago, ez udalerriaren edo bestelako estatu-instituzio baten esku. Pertsona orok du esleipenak nola antolatu erabakitzeko eztabaidetan parte hartzeko eta iritzia emateko eskubidea. Funts hau kutxa edo banku komunal kontsidera dezakegu. Focorbis-en pilatutako baliabide komunalak, komunitatearentzako proiektuetan inbertituko dira. Ondasun berri hauek (batez ere kapital komunal produktibo forman) Komunitatearen jabetza komunalaren metaketa berriaren parte izango dira, eta ezingo dira besterendu. Era berean, hala egoki iristen duten komunitateetan, txanpon komunala jaulkiko dute. bOE-ren jasotzaile kontzientziatuek borondatez eta dohainik lan egin ahalko dute Focorbis-ek inolako interes tiporik gabe sustatutako jarduera komunaletan. bOE-k bokaziozko zein ofiziozko jarduerak garatzeko aukera ematen die, aldi berean Komunitateari zerbitzu bat ematen diotelarik: pertsona hartzaile hauek bOE-ren sendotzeari eta aberastasun komunalaren metaketari ekarpena itzultzeko duten modu bat da. Beste talde eta proposamen batzuei ere (bestelako landa edo hiriguneetako bizi-ereduak) heldu ahalko zaie inbertsio hauen bidez: elikadura burujabetzak komunalak berreskura ditzake existitzen diren udalerrietan; permakulturak larre, baso eta abeltzaintza aukerekin lurren erabileraren inguruko aholkua eskain dezake; kooperatiba modalitate berriak (osasungintzakoak, hezkuntzakoak, industrialak, itsasaldekoak) sor daitezke, merkatuen tiraniatik aske garatuz, etab.

Eredu indartsuaren parte den heinean, Focorbis komunitatea eraikitzeko ezinbesteko ezaugarrietako bat da, proposamenak bildu eta prozesu antikapitalista baten oinarriak jartzeko: baliabide naturalak eta giza ezagutzak komunetik datoz, ekoizpen jarduera eta kontsumoa kolektibizatu egingo dira, elkarrekiko laguntza borborka dario komunen artean, etab. Pertsona bere dimentsio soziala topatzen eta kolektiboki bizitzen hasten da.
 
“bOE-k zentzu eraldatzailea sistemaren kontrako tresna gisa eta baliabide komunalak sortzeko erabiltzen denean bakarrik hartzen du”
 
 
Berdinen Oinarrizko Errenta potentzial eraldatzailea duen tresna dela defendatzen duzu, baina eraldaketa gauzatzeko bestelako tresnen beharra ere baduela. Zeintzuk izan daitezke mekanismo, politika horiek?
Azkenaldiko lanetan iparrorratz/matrize sinple eta zabaldua garatu dut. Tresna honek proposamenak aztertzeko eta subjektuak, prozesuak, tresnak eta alternatibak bereizteko balio du; sistemaren kontra edo alde. Hau baliatuz, munizipalismo komunala kapitalismoaren kontrako prozesuetako bat nola izan daitekeen eta izan behar den azaltzen dut, aldi berean kapitalismoaren kontrako alternatiba gisa eragile antisistemetan argia ikusten ari diren jendarte komunaleko ereduekin koherentzia mantenduz. bOE-k guzti horretan funtsezko paper bat bete dezakeela eta bete behar duela azaldu dugu, batez ere lehenengo faseetan.
 
“bOE-k bokaziozko zein ofiziozko jarduerak garatzeko aukera ematen die, aldi berean Komunitateari zerbitzu bat ematen diotelarik”
 
 
bOE proposamenak tentsio handiak eragin ditu, hautsak harrotu dituen eztabaida da. Zergatik dira eredu biak elkarren baztertzaileak?
Elkarrekiko baztertzaileak dira eta izaten jarraituko dute (ohiko) Oinarrizko Errentak kapitalismoa aberastasuna sortzeko sistemarik eraginkorrena dela uste duelako, baina gero berau gaizki banatzen duela; beraz, bere defendatzaileek kapitalismo gizatiarrago, berdeago, etikoago baten alde egiten dute, neoliberalismoaren garapenaren eskakizunekin erabateko kontraesanean. Aberastasuna birbanatzea edo kolektibizatzea ere ez du proposatzen. bOE (kritikoa), ordea, muturrekotu egin da kolektibo antisistemek, bestelako eredu komunal batzuk eraikitzen doazen heinean, sistemaren kontra erabili ahal izan dezaten. Eredu bien antagonismoaren oinarrian bakoitzaren konpromisoak daude, sistemaren alde ala kontra. 
 
 
“Horrela, proiektu zehatzetan inbertitu ahalko da, eta pertsonek merkatu kapitalistaren legeen menpe ez dauden jardueretan aritzeko askatasun handiagoa izango dute”
Ze arrisku edukiko lituzke indartsua ez den eredu batek?
Berberak. Azken batean, publiko zein pribatu, historian zehar kapitalismoaren baitan martxan jarritako biziraupenerako beharrezkoak ziren errenta eskuratzeko ereduek, hau da, soldatapeko lanak eta laguntza sozialek, inoiz ez dute lan esplotazioarekin edo planetan hedatutako pobrezia eta desberdintasunekin bukatzeko benetako eraginik izan. Txarrena da orain, neoliberalismoaren iritsierak, biztanleriaren kontrako Estatuaren ekintza gogortzea dakarrela, lan eskubideen eta gastu sozialaren murrizketa sakonekin. Ondorioz, milioika pertsona langabezia eta pobrezia egoera daude, prekarietate deitzen dugun horretan: lehengo pobreek egoera prekarioan egiten zuten lan, eskubiderik gabe; oraingo prekarioek pobrezia egoeran egiten dute lan, eskubiderik gabe. Hau da Rosa Luxenburgok salatzen zuen basakeria, kapitalismo distopikoak bere gordinenean erakusten duena, eta zeinen aurrean eredu leungarri, errukior, gupidatsu, karitatetsu eta asistentzialek ez duten ezertarako balio. Arriskua ez dago aldaketarako proposamenetan, horietariko asko ez baitoaz sistemaren baitako errebeldia izatetik harago, baizik eta kapitalismoaren DNA-n, arnasa hartzen jarraitzeko giza-sakrifizioak eskatzen ditu eta. Edo piztia akabatzen dugu, edo berak bukatuko du giza espezia eta bere habitatarekin: planeta.
 
 
1 Para profundizar en la Renta Básica de las iguales ver www.rentabasica.net
2 En el 2016, el PIB per capita en la Comunidad vasca era de 31.805 euros anuales. Por tanto, el umbral de pobreza era de 1.325 euros mensuales por persona. RBis en mano 80% = 1.060; RBis ingresado en el Focorbis 20% = 265 euros mensuales por habitante. En http://www.ine.es/prensa/cre_2016_1.pdf

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma