Elkarrizketa: Iñaki Barcena

Gure bidea deshazkunde sustengarri demokratiko batean topatu behar dugu

inaki barcena

 

Iñaki Barcena,
EHUko Zientzia

Politikoetan
katredaduna
eta ekintzaile ekologista

 

Diagnostikoari helduta, baina berriki eman den kasu bati helduta, oso hastapenetan dagoen arren hortaz dakigunaren inguruan, zer ikasi dezakegu Volkswagen auziaz, kapitalismoaren jokabideaz?

Ondo iruditzen zait hurbilpen horretatik hastea. Kasu horrek, Volswagenenak, erakusten du, aspalditik komunitate zientifikoak baieztatu duen aldaketa kaltegarri eta arriskutsu baten aurrean, kapitalismoaren printze nagusiek (alegia, multinazionalek), gobernu nagusiak presionatzen dituztela euren enpresen kontrako neurriak har ez ditzaten. Baina era berean, onartutako arau horiek ere, esaterako Europar Batasunak planteatu dituenak eta oso bajuak direnak, urratzen dituzte. Horrelako kasu asko eta asko topa ditzakegu. Batez ere, Kyotoko protokoloan asmatutako “garapen garbia”ren mekanismo horiekin. Arauak bete egingo dira kasu batzuetan, baina tranpeatu egiten dira kasu asko eta askotan. Agerikoa da hori.

Alde batetik, negazionisten bideak, aldaketa klimatikoak suposatuko duen eragin kaltegarria ukatzen duenak, gero eta eragin txikiagoa eta espazio mediatiko eskasagoa dauka. Baina, oraindik ere krisi klimatikoak agerian jartzen du eredu soziala, eredu ekonomikoa eta eredu energetikoa aldatu egin behar direla. Zer gertatzen da zehazki? Auto eta garraioen irudiarentzako oso kaltegarria izango da azken afera hau. Europar Batasunarentzako ere, ikusten baita kontrol politikoaren falta izugarria izan dela. Beste ustelkeria kasu bat da. Gizarte dinamiketan gaudenontzat argudio indartsu bat gehiago da. Baina jada ez da argudio eta kontra-argudio dinamika bat. Jadanik ez gaude arrazonamenduen fase batean. Nondik atera ditzakegu indarrak, masa kritiko nahikoa aldaketa hori bultzatzeko zientifikoak eta arrazonamenduzkoak hor baitaude? Maila txikian ari gara. Hor dugu Alternatiben Herria esaterako. Hala ere, nire ustez, ezinbestekoa da une honetan aldaketa politikoa bultzatzea.

 

Kasu berdinari helduz, esango genuke auzi honen inguruko kezka bi norabidetan garatu dela: batetik kezka nagusia klimatikoki eta ingurumenaren ikuspegitik emisio horiekin egiten zaigun erasoa dutenak daude, eta bestetik auzi honek kolokan jar ditzakeen ondasun, enplegu eta inbertsioaz arduratu direnak daude. Interes dibergentzia hori nola egin behar diogu aurre alternatiba komun eta herritar baten ikuspegitik?

Gaurko pentsamoldean lanpostuak sakratuak dira. Eta inbertsio eta garapen ekonomikoak ezinbestekoak dira, antza. Badirudi  aurreraka doan lerroa geldiezina dela. Eta ikusi dugu 2008tik aurrera hori guztiz faltsua dela. Deshazkunde prozesu batean sartuta gaude nolabait. Horrek ez du laguntzen aldaketaren logikarako. Kuestionatu beharko dugu horrelako enpresak eta horrela funtziona-tzen dutenak existitzen jarrai dezaketela inolako arazorik gabe.  
Pertsona guztiok daukagu bizitza bizigarri eta kalitatezkoa izateko eskubidea. Eta orduan, pertsona guztiok behar dugu lanpostu bat, edo soldata bat edo beharrizanak asetzeko moduren bat. Baina horrek ez du esan nahi automobilak egiten izan behar duenik. Berdin dio krisi energetiko izan, edo aldaketa klimatikoa izan, edo zaintzaren krisia izan, edo Ongizate Estatuaren edo krisi fiskala izan... Une honetan, gauzak egiteko bestelako modu bat topatu behar dugu. Iruzurrak, eskandaluak, ustelkeriak hor daude, baina horiek baieztatzen dutena ereduaren faltsutasuna da. Horren aurrean behar duguna: aliantzak, indarrak, estrategiak eta aldaketa politiko instituzionalak beste eredu politiko-sozial-ekonomiko batetarako.

Ez da erraza. Begiratu Nazio Batuen esperientzia. Rio de Janeiroko 1992ko konferentziaren harira komentatu dugu askotan. Inoizko gobernuburu bilera handiena izan da hori eta koiuntura oso berezian (Sobiet Batasunaren desagerpenaren garaia). Han agertu zen Bush presidentea, Bush aita, ozenki esanez, bera ez zegoela han estatubatuarren bizimodua kolokan jartzeko, eta ez zuen ezer sinatu. Geroztik 23 urte joan dira eta dinamika horiek garatu egin dira (klimari buruzko konferentziak urtero egiten dira, orain Parisen COP21 egingo den bezala). Nazio Batuen Erakundeak behar dute aldaketa sakona behar du. Burokrazia handia, dinamika antidemokratikoa, eta antzeko arazo handiak ditu. Horren zain egon behar dugu aldaketa klimatikoari aurre egiteko? Ez du ematen.

 

Berdin dio krisi energetiko izan, edo aldaketa klimatikoa izan, edo zaintzaren krisia izan, edo Ongizate Estatuaren edo krisi fiskala izan... Une honetan, gauzak egiteko bestelako modu bat topatu behar dugu

 

Zein da beraz, halako konferentzien birtualitatea, aldi berean estatuek TTIP,  bezalako hitzarmenak negozia-tzen eta sinatzen dituzten bitartean? Libre merkatuaren arauetan edo desarautzean sakontzeak non uzten ditu konferentzia horietan hartu beharreko konpromisoak?

Parisen irudikatuko dena, Nazio Batuen zaharkitze edo loditze prozesu horren ondorioz, egin behar dena egiteko ezintasuna izango da. Normalean, multinazionalek exekutibo gehiago eramango dituzte gobernu askok baino. Aurrekoetan BMW, Volkswagen eta antzekoek stand izugarriak jarri izan dituzte eta delegazio handiak eramaten dituzte eta estatu batzuk, aldiz, delegazio txikiak bakarrik eraman ahal dituzte. Eredu horretatik etorri diren borondatezko konpromisoek ez dute eraginkortasunik izan eta “erantzukizun sozial korporatiboa”ren asmakizunak ere huts egin du. Ezer ezean geratu dira.

Parisen nik ez dut akordio berririk espero. Ez dago horretarako girorik edo gobernuen agendetan premiarik, akordio sendo bat behartzeko. Egongo dira zertxobait presionatuko duten gobernu batzuk, Latinoamerikako gobernu ezkertiarrak adibidez eta egongo da mobilizazioa noski, mobilizazio inportantea, baina ez dut uste aldaketa klimatikoaren garrantziak eskatzen duen eta munduan gertatzen ari diren fenomeno klimatikoen aurrean egin beharrekoa egongo denik. Aldaketa batetarako engaiamendu, mobilizazio eta konpromezu gehiago behar dira.

 

Globaletik lokalera etorrita, zeintzuk dira erronak Euskal Herrian?

Ondo gogoratzen dut, E.A.E.-an egon den gobernuerik eraginkorrena, sikiera diskurtso eta formetan, Sabin Intxaurraga Jaurlaritzan egon zenean alegia, nola esaten zuen bere kontseilari batek: “gu oso txikiak gara aldaketa klimatikoaren aurrean zer edo zer egiteko” eta guk esaten genien orain Goienerrek esaten duena: “gu oihanean txikiak gara, baina kolibri baten moduan gure ekarpena egin behar dugu”. Euskal Herria txikia da, bai. Erkide Autonomoa txikiagoa. Nafarroa eta Ipar Euskal Herria ere. Denera 3 milioi izango gara. Baina guk gurean bidea egin behar dugu. Energetikoki oso dependienteak gara. Zor ekologiko izugarria dugu beste herrialdeekiko. Daukagun bizimoduaren aztarna ekologikorako, Euskal Herriarena, bi planeta t’erdi beharko genituzke. Badaude okerragoak, baina hobeagoak ere badaude.

Eusko Jaurlaritzak 2050erako planteatu dituen aldaketa klimatikoaren politikak ez dira zuzenak, gure ustez. Guk, gure eredua eraiki behar dugu. Jakin behar dugu zernolako herria garen, zer baliabide energetiko ditugun, zer tekonologia, industria eta nekazaritza ditugun, esaterako. Eta horrekin batera eta eztabaida demokratiko eta garden baten ondoren plan bat ipini behar dugu martxan. Eta ez daude hori egiten ari. Aldaketa klimatikoaren plan nagusiak Petronorrek, Iberdrolak, Abiadura Handiko Trenak eta abarrek markatzen dute, horiek baitira emisio gehien sortzen dituzten enpresak eta azopiegiturek. Horiek baldintzatzen dituzte ingurumen politika nagusiak.

Jauzi bat egiteko beste politikari batzuk, beste diskurtso batzuk behar dira. Adibidez, duela 15 urte Nafarroa izan zen Europako erregiorik ekologikoena energia politiketan. Elektrizitatearen %100 baliabide berriztagarriekin sortzen zen. 2002an energia ministro guztiak Iruñean batu ziren, manifestazio erraldoi bat egin zen (10.000 lagun) . Egun badago energia eolikoaren garapen garrantzitsua, baina bestelako bide kutsakor eta antiekologiko batzuk ere zabaldu dituzte, energiaren alorra negozio lerro huts bezala kontsideratzen dutelako eta ez euskaldun guztiek behar dugun zerbitzua. EAEn, berriztagarrien garapena oso oso eskasa da, %4 edo %5aren bueltan dabil. Etxeko lanak beste batzuentzat uzten dira. Erantzukizuna nazioartean, Europan eta estatuetan jartzen da. Haiei egozten zaie. Eta aldi berean, politikak multinazionaleen egoitzetan diseinatzen dira: EDF iparraldean; Repsol, Petronor, Iberdrola eta abar hegoaldean. Ekologistok erreibindikatzen dugu herritarrok parte hartu behar dutela trantsizio energetikoan edo politika klimatiko berrietan. Ezin dugu multinazionaleen interesek agindu dezaten utzi. Bada momentua politikariek herria multinazionalen aurretik jar dezaten.
Guk ezagutu genuen 80ko hamarkadako desindustrializazioa. Badakigu noren kaltetan egin zen. Baita noren mesedetan. Herri industriala gara halere. Eta behar dugu industria sustengarri bat. Sozial eta ekologikoki onuragarria dena mantendu behar dugu eta aldatu behar dugu bestea. Petronor berez doa pikutara. Ez du zentzurik. Ez du inoiz izan, baina gaur egun gutxiago. Birfindegi bat petroleo putzutatik 6000 edo 7000 kilometrotara? Petroleorik txarrena ekartzen ari dira, osasun eta kalitate ikuspuntutik, Koke planta horretan birfintzeko eta merkatu bat egiteko. Azken bi urtetan ekonomikoki kale egin du eta hurrengoetan ere egingo du ez direlako lehiakorrak. Guk plazaratu nahi dugun eztabaida hauxe da, Pariseko goi bileraren harira Euskal Herrian zabaldu nahi duguna: Euskal Herriak aldaketa klimatikoarentzako politika berriak behar ditu eta pentsatu behar du zer eredu energetiko eta soziala behar duen, denok bizi gaitezen modu duin batean eta kontutan izanik multinazionalek saldu diguten bidea okerra dela.

 

Euskal Herrian posible da aldaketa eta trantsizio energetiko hori?

Energia berriztagarrien ekonomiak enplegu gehiago sortzen du, kalitate hobeagokoa eta modu onuragarriagoan mantendu daitekeena. Estatu espainarrean elektrizitatearen multinazionalek, esaterako, energia berriztagarrien kooperatiba txikien dinamika oztopatzea lortu dute, erregulazioaren arauak aldatu eta politika fiskal zigortzaile ezarriz.

Non dago Garoñako 200  langileen aldarrikapena? Nuclenorrek eta gobernu espainiarrak gure kontra erabili zituzten. Baina, hori oso kostu txikia da haientzat. Nahi dutenean amortizatu ditzakete. Petronorren dauden 9000 langileentzat hemendik urte batzuetara beste leku bat bilatu beharko dugu, hor ezingo dutelako lan egin. Baina ez ekologisten presioagatik, zoritxarrez. Guregatik bihar bertan itxi beharko litzateke. Baizik eta, munduko dinamika finantziero eta ekonomikoek ez dutelako eutsigarri egiten horrelako instalakuntza bat. Mexicon, Venezuelan, Arabian edo beste nonbaiten birfindegia antola dezaketelako petroleo putzuaren ondoan eta petroleoari bertan atera ahal diote balio gehigarri guztia. Eta hori Repsolek jakin badaki.

 

Ekologistok erreibindikatzen dugu herritarrok parte hartu behar dutela trantsizio energetikoan edo politika klimatiko berrietan. Ezin dugu multinazionaleen interesek agindu dezaten utzi. Bada momentua politikariek herria multinazionalen aurretik jar dezaten.

 

Anton Borja zenak, esaten zigun Euskal Herrian berriztagarrien aldeko politiken eza eta politika horiek sektore publikotik ez gauzatzea, lotura zuzena zuela enpresa multinazional horietako batzuk (Iberdrola, Petronor) egoitza Bizkaian izatearekin eta hauek botere politikoarekin dituzten loturengatik. Horrela esan dezakegula uste duzu zuk ere?

Dudarik gabe. Gu herri txikia gara eta baliabide gutxi ditugu. Nafarroan, adibidez, Energia Hidroeléctrica de Navarra sortu zuen gobernuak duela hogei urte baino gehiago eta horiek hasi ziren energia eolikoarekin. Eta horiek eredu izan ziren Europa osoan. Nafarroa zabala da, orografia egokia du eguzkiaren eta haizearen aprobetxamendu energetikorako. Gero bestelako interes batzuk nagusitu dira. Aldiz, beste herrialdek txikiagoak dira. Ente Vasco de Energia, EAEn, beste bide batetik hasi zen, agroerregaien alorrean lan egiten. Baina horretarako ere, ez du zentzurik Indonesiatik edo halako lekutatik palmako olioko kantitate erraldoiak garraiatu behar izatea eta gure zor ekologikoa handitzea.

Galderari erantzunez, bai. Zoritxarrez, bai. PNV, UPN, PP, PSOE, establishmenteko alderdiak guztiz lotuta daude interes horiei. Horregatik behar dugu aldaketa politiko-instituzionala. Ikusi nahi dugu Nafarroako Gobernuak zer politika energetikoa hasten duen.

 

Aldaketaren beharra azpimarratzean krisi ezberdinak zerrendatu dituzu: energetikoa, klimatikoa, zaintzarena, demokratikoa,... Azken hau izan da errepikatu duzuna. Sakondu dezakezu horretan?

Demokratizaziorik gabe ezin dezakegu ulertu krisiaren irteera, edo krisi ezberdinen konponbidea. Joseba Azkarraga soziologoak eszenatoki ezberdinak proiektatzen ditu. Horietako bat “Mad Max” da: autarkia eta kaos energetikoan, norbere armekin besteak akatu. Hori baztertu egiten dugu. Beste bat multinazionalena da,  baliabideak eta teknologia dugula eta lasai egoteko, egingo dugula, diote, kapitalismoak soluzioa topatuko duela. Badago ere sozialdemokraziarena, kalte ekologikoak ekonomia kapitalistan integratuko direla eta kontrolatuko dutela.

Eta gure ustez, hiru eszenatoki horiekin ezin da. Muga batzuk daude, muga ekosistemikoak daude. Baliabide guztiek, petrolioak, gasak, uranioak... dute bere gailurra eta ezin dugu pentsatu 250 urte industrialetan altxor hori xahutu ostean, jarraitu ahal izango dugula bide beretik. Gure bidea deshazkunde sustengarri demokratiko batean topatu behar dugu. Zergatik esaten dugu demokratikoa? Uste dugulako munduan benetan gehiengo zabal batek nahi duela aldaketa hori. Oso jende gutxik esango du gaur egun ez duela bere burua ekologistatzat jotzen. Balore hori txertatzen joan da. Naturaren zaintza eta naturarekiko jokaera orekatzea modu orokorrean onartutako jarrera da. Baina gero, praktikara etorriz konturatzen gara jendearen balore, asmo eta gogoak batetik eta  konduktak eta jokabideak bestetik, kontraesanean egoten direla. Horregatik esaten dugu aldaketa martxan ipintzeko bide demokratikoak behar ditugula: politika energetikoak, politika klimatikoak, politika sozialak,... ezin dira multinazional eta elite politikoen artean atzeko patioan egiten duten tratu baten bidez erabaki. Eta oraingo sisteman partehartzea berba egiteko eskubidera mugatzen dute hori. Partehartzea, erabakitzeko ahalmena da. Ez dugu bakarrik protestarako eskubidea. Bide demokratikoa eta gardena erabakia hartzerakoan erabili ahal izatea da.

Azpiegitura politikak diseinatzeko garaian, adibidez, eztabaida demokratikoa egin behar da. Non egin daiteke eztabaida hori? Maila lokalean? Batzutan bai. Ez dago, ordea, markorik eztabaida hori modu gardenean herritarrekin egiteko. Bai aldaketa klimatikoaren politiketan, bai politika energetikoetan, edo zaintzaren politiketan edo politika industrialetan... erabakiak eta praktika berriak behetik gora etorri behar dira: praktika komunitarioak, bailara ezberdinetan aurrera ateratzen diren alternatibak josten eta saretzen... Eta baliabideak joan gara sortzen ere. Udalbiltzatik hasita eta orain osatu diren udaletxeek ere paper bat joka dezakete.

Jakin badakigu demokrazia oso kon-tzeptu likidoa dela. Gaur egun demokraziaren izenean  gerrak, inbasioak, eta sarraskiak egiten ari direlarik, are gehiago gainera. Baina nire ustez, guk kontzeptu hori erreibindikatu behar ditugu. Etorri behar diren politika berriak herritik sortuak, herriaren izenean eta herriaren ongizateari begira sortu behar dira.

 

Aldaketa demokratiko horretan, langileek zer paper izan behar dute? Sindikalismoak zer paper eduki behar duela uste duzu?

Euskal Herrian mugimendu ekologistan nagusi da ekologismo politikoa edo soziala. Ekosistema eta gizartea ez ditugu bereizten. Euskal Herria txikia da, baina horren barnean badira Gorbea eta Bilbo, Aizkorri eta Ondarroa, Baiona eta Aralar... Dena da Euskal Herria. Nekazal arloak, industria, hiria, herr txikiak... dena sartzen da gure nazioan. Dibertsitatean.  Mugimendu ekologista osoa ez da berdina. Sindikalismo guztia ere ez. Eta langileria  ere oso desberdina da.

Zorionez Euskal Herrian abantail bat badugu. Badugu mugimendu sindikal bat, gehiengo sindikal bat, ez duena Estatuaren errapeetatik bizi behar. Mugimendu sindikala antikapitalista dena badugu. Badira, bai, kapitalismoan bizitzetik haratago ezer ikusten ez duten sindikatuak ere baditugu gurean.

Gizarte nahikoa orekatua gara, gure bizimodua eta bizi baldintzak inguruko herriekin konparatuta nahikoa onak dira, pobrezia gutxiago dugu,... baina horrek guztiak ez du esan nahi aldatu behar ez dugunik. Trantsizio energetikoa abia-tzeko baldintzak baditugula uste dut. Jakina, “establishment” politiko eta ekonomikoa oso indartsuak dira. Euskal sindikalgintza arma potentea da horren aurka egiteko. Bere momentuan euskal sindikalgintza izan zen Lizarra – Garazi akordioaren garaian aldaketa politikoa martxan jartzeko indarra biltzeko tresna oso inportantea. Nik gehiengo sindikala iksuten dut aldaketa bultzatzeko bidean tresna garrantzitsu bezala. LAB, EHNE, ESK, STEE- EILAS, ELA, HIRU ikusten ditut horretan, agente sindikal eta soziopolitiko bezala ingurumen politika demokratikoak bultzatzen, eremu honen demokratizazioa behartzen.

Sindikatuetan oraindik kostatzen da ingurugiro politikak, edo hizkuntzarenak, edo identitate sexualarena... lehentasun bezala kokatzen. Bigarren mailako kontraesan gisa ikusi izan dira. Euskal sindikalgintzak barneratu behar du hemen ez daudela lehen mailako kontraesanak (sozioekonomikoak) eta gero bigarren eta hirugarren mailakoak. Hori bukatu da. Arazo sozioekonomikoak ezin dira beste baldintza horietatik banatu. Eta Euskal Herrian kultura politiko hori azkar hedatzen ari da.

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma