Euskal Herrian eta munduan sistema aldatu, ez klima

Pertsonak, planeta eta bizitza erdigunean jartzen dugunon esku baleude hartu beharreko erabakiek sistema bera errotik kolokan jarri beharko lukete

urtzi ostolozaga

Urtzi Ostolozaga

LABeko batzorde sozioekonomikoko kidea

 

Egunetik egunera, medio ofizialak izkutatzen saiatzen badira ere, egoera gero eta larriagoa da. Eta bai, alarmistak izan beharra dugu, klima aldaketaren ondorioak gero eta gehiago igartzen ari gara munduko txoko ezberdinetan: goseteak, errefuxiatu klimatikoak, natur baliabideen hustiapena eta agorpena, desberdintasun itzelak, gerrak,... ....

Eta zergatik izkutatu behar dute errealitate hori? Kapitalismoa ez delako kapaza bizitza babesteko eta zuzentasun soziala lortzeko. Kapitalismoa sistema zapaltzailea eta harraparia da, irabazien etengabeko hazkundea behar duena biziko bada.  Eta hau badakigu epe luzera eutsiezina dela: muga fisikoak eta sozialak begi bistan daude.

Munduko agintariak aldaketa klimatikoaren ondorioak gutxitzeko hainbat aldiz bildu dira, baina ezer gutxi egin dute arazoari aurre egiteko. Oraingoan, hogeigarren aldiz Parisen bilduko dira, eta Kiotoko Goi Bileran hartutako adostasunak berretsi beharko dituzte. Baina Kiotoko protokoloaren helburuak eta eraginkortasuna ez ziren nahikoa izan.  Esperantza gutxi dugu Goi Bilera honetan jarrita, izan ere, bertan parte hartuko duten gobernuen interesak ingurumenarengandik, pertsonon ongizatearengandik zein osasunarengandik hurrun daude. Beraien interesak merkatuen menpe daude eta itxurakerietan ibiliko badira ere, gutxi batzuen aberastasuna lehenetsiko  dute beste guztiaren gainetik.

Pertsonak, planeta eta bizitza erdigunean jartzen dugunon esku baleude Goi Bilera honetan hartu beharreko erabakiek  sistema bera errotik kolokan jarri beharko lukete. Edo gutxienez 2020tik aurrera Kiotoko protokoloa benetan emisioak gutxituko lituzkeen akordio bategatik aldatuko genuke.

Parisen eskeiniko zaiguna dagoeneko agortua dagoen formula da. Ezinezkoa da erregai fosiletan oinarrituriko ereduan jarraitzea. Dagoeneko urgentea da ahalik eta epe laburrenetan karbono gutxian oinarrituriko ekonomia garatzea. Hori lortzeko, frackinga bezalako teknikak legez kanporatuak izan behar dira, berriztagarrien alde egin behar dugu, agroekologiaren eta arrantza jasangarriaren alde egin behar dugu, gertuko merkataritza bul-tzatu behar dugu... Eta horrekin batera, behar sozialak errebisatu behar ditugu errotik: zer den benetan behar duguna, nola ekoiztu pertsonak eta lurra kontuan hartuta eta nola banatu beharko liratekeen lan horiek. Neurri hauek nahitaezkoak dira atzeraezina izango den egoerara ez heltzeko.

LABek Euskal Herrian, aldaketa klimatikoaren aurrean Euskal Herriko Karta Sozialean jasotako naturaren eskubideak gure erakundeen marko araugilean txertatzean ikusten du aterabidea.

Ingurumen osasuntsua eraikitzea da gure nahia, eta horretarako naturaren eskubideekin konprometitua egotea besterik ez dago. Goazen edo hobe esanda, kapitalismoak daramagun bidetik jarraitzerik ez dago, uste baino lehenago amildegiarekin aurkituko garelako. Aldaketak planteatzen ditugu guk, aldaketa errealak eta egingarriak, eta bide berri horiek hartzeko, jendarteko gainontzeko eragileekin aliantzak sortu eta elkarlana abiatzea da gure hautua.

Produkzio bitartekoetan eta erakundeetan inziditu beharra dugu, interes espekulatiboen asezinen gainetik ingurumena eta gu guztion osasuna jarri behar dugu langileok jendarteko gainontzeko sektore guztiekin batera. Horretarako, erabakien jabe gu geu izatea nahitaezkoa da, langileon eta gainontzeko sektoreen parte hartzea guztiz beharrezkoa da komunitate osoaren mesedetan kudeatzeko, bai gure belaunaldiaren alde, eta bai etorkizuneko belaunaldien alde ere.

Gure lehentasunak argi marraztuak dauzkagu, badakigu zeren aldekoak garen eta zeren aurkariak garen.

Ez dugu energia nuklearrik onartuko, Lemoiz itxi genuen, eta Garoña iztea ere derrigorra dugu. Kantauri itsasoan hidrokarburorik dagoen ez dugu ikertu dezaten ere nahi, eta Euskal Herria frackingetik librea izan behar da. Mugikortasunari dagokionez, Abiadura Handiko Trenaren aurkariak gara, makroproiektu hau euskal herritarron-tzat ekonomikoki, sozialki eta ingurumenari dagokionez kaltegarria da, obrak gelditzea eta auditoria soziala egitea exijitzen dugu. Hondakinen tratamenduari dagokionez, errauskailuak bezalako sistemak edo zementeretan erraustea gaixo sortzailea eta guztiz kutsakorra dela jakinda, sistema hau alboratzea exijitzen dugu.

Baina noski, ez gara ezezkoan gelditzen, ereduen arteko talka egiten dugu, biak aurrez aurre konfrontatuz. LABek arrantza, nekazaritza, hosto zabaleko basogintza... bezalako sektore estrategikoen alde egiten du. Argi dugu bidea elikadura burujabetza dela. Energiari dagokionez, gehiegizko kontsumoa gelditu, aurreztu eta enplegua sortuko duten berriztagarrien eta ordezkagarrien alde egitekoak gara. Mugikortasunari dagokionez, batez ere lanera eta ikastera joan etorriak egiteko, garraiobide komunitario eta publikoaren alde egiten dugu. Hondakinen tratamenduari dagokionez, kontsumo eta produkzio arduratsuak egitearen alde egingo dugu, erraustegiak alboratzeko, zero zabor izan behar da helburua, eta hori lortzeko, sistema egokiena denaren alde egingo dugu.

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma