Zorion Ortigosa

Euskal Herrian trantsizio ekosozialista industrian


talaia08 Zorion Ortigosa Zorion Ortigosa (1980, Donostia) enpresen administrazio eta zuzendaritzan graduduna, LABeko industria federazioko antolakuntza arduraduna da.


Testu hau Zorion Ortigosak  2017ko maiatzean Herri Eskola Ekosozialistak antolatutako “Euskal Herriko industriaren trantsizioa ekosoziala” jardunaldiko hitzartekik osatutakoa da.
 

KAPITALISMOAREN MUGAK AGERIKOAK DIRA

Mundu mailan nagusi den eredu kapitalistak helburu nagusi eta bakar ahalik eta irabazi gehien metatzea duenez, baliabide naturalak horretarako bitarteko soil moduan ulertzen ditu. Arazoa da mundu finitu baten baliabideak mugatuak direla, eta beraz, guk nahi ala ez, noizbait amaituko dela hazkundea.

Lurraren berotzea, klima aldaketa, baliabide naturalen agortzea, ekoizpen ereduak herrialde garatuenetan uzten duen aztarna ekologikoa… hazkundearen muga gero eta gertuago dugunaren sintomak dira. Hortaz, derrigorrean ekoizpen ereduaren eraldaketa emango da. Jokoan dagoena, aldaketa hori nola emango den da, era adostu eta mailakatuan ala era kaotiko eta derrigortuan.

Kapitalismoa naturaren ikuspegitik ez da bideragarria, baina pertsonen ikuspegitik ere ez. Erabiltzen diren adierazle ekonomikoek hazkundea eta ongizatea edo zoriontasuna berdintzen dute, baina errealitateak erakusten du ez dela beti horrela. Ongizatea lan gehiago, diru gehiago eta kontsumo gehiagorekin lortzen dela auzitan dago, ezberdintasuna sozialak areagotzen ari dira eta oinarrizko beharrizanak betetzeko arazoak gero eta nabarmenagoak dira.

Hausnarketa honek kapitalismoaren muinera jotzen du zuzen-zuzenean: zein izan behar da jarduera produktiboaren helburua? Irabazien metaketa mugagabearen aurretik, pertsonen ongizateak, pertsonen bizitzak beharko luke. Horretarako, jabetza pribatua bera eta zer, nola eta zertarako  ekoiztu jarri behar dira eztabaidagai. Egungo eredu ekonomikoa baztertu eta ekosozialismoan oinarritutako eredu berri bat eraikitzeko erronkaz ari gara: ekonomiaren trantsizio ekosozialista. Egungo eredu kapitalistan lehentasuna aberastasunaren handitzea soilik denez, argi dago eredua aldatu ezean ez dela ekoizpen eredua irauliko, baina badago egungo eredutik hasita zer egin, eta ematen ditugun urratsek aldaketa erraztu dezakete.

 

NORENA DA TRANTSIZIOAREN ARDURA?

Merkatuak bere kabuz hazkunde eredua aldatuko ez duenez, ezinbestekoa da sektore publikoaren bultzada edo esku-hartze zuzena: etorkizunerako lurraldearen beharrei erantzungo dien ekoizpen eredua diseinatu beharko litzateke, langile eta ekoizpen bitartekoen jabeekin elkarlanean.

Tamalez, mundu mailako agintarien estrategia oso bestelakoa da: hazkunde ereduari aterabidea bilatzen saiatzen ari dira, beste baliabide batzuen ustiapena eta teknologia berrien bidez, baina eredu ekonomikoa auzitan jarri gabe, edukiz hustu duten jasangarritasunaren izenean.  Hala ere, momentua heltzerakoan, ez dute arazorik argi eta garbi irabazien metaketa lehenesteko. Azken adibidea, Estatu Batuek eta Txinak klima aldaketaren aurrean neurri xumeak hartzeari emandako ezezko borobila, inolako krisi politikorik sortu ez duena.

 

INDUSTRIA EUSKAL HERRIAN

Industriak Euskal Herriko ekonomiaren funtsezko jarduera izaten jarraitzen du, nahiz azken urteetan pisua galdu. Lanean ari diren langileen %20ak lan egiten du industrian zuzenean, eta zeharkako lanpostuak askoz gehiago dira: industriako lanpostu batek, 3 lanpostu sortzen dituela kalkulatzen da.

Industriaren digitalizazioaren eta lantegi adimenduen (industria 4.0. deiturikoa) garaiaren atarian gauden honetan, Euskal Herriko industriak egiturazko arazoak ditu. Teknologian, ikerkuntzan, berrikuntzan eta garapenean Europako bataz-bestekotik urruntzen ari da.  
 
Instituzioen jarduerari dagokienean, Jaurlaritzak errealitate honi erantzun beharrean BasqueIndustry4.0. propaganda erabiltzen du, punta-puntako industriaren irudia saldu nahirik. Baina nazioartean lehiatzeko benetan bultzatzen dena prekarietatea da (lan kostuen jaitsiera) eta langileen zatiketaren estrategia.  Orokorrean, epe motzeko ikuspegia gailentzen da; epe luzeko inbertsioak baztertzen dira. Hau da,  berehalako etekina bilatzen da, nahiz eta mundu mailan lehiatzeko lan baldintzak okertzearen estrategiak epe ertainera porrot egingo duen. Espainiako lan harreman eredua ez da neutrala, prekarietatean oinarritutako eredu hau bultzatzeko tresna ugari eskaintzen ditu: negoziazio kolektiborako eskubidea ukatzea, kontratazio berrien diskriminazioa, azpikontratazioa, zerbitzu enpresak, aldi baterako enpresak,  emakumeen  sarbideari mugak ezartzeko aukera eta langileak kaleratzeko erraztasun erabatekoa.

Nafarroan ere, Europako erreferentziekiko defizit teknologikoa egoteaz gain, multinazional handiei alfonbra gorria jartzea izan da industria politikaren eredua. Horren isla da multinazional handi batzuek, bereziki Volkswagen-ek, Nafarroako ekonomian duten pisua, eta ondorioz, boterea.

Trantsizio ekosozialistan urratsak eman ahal izateko, burujabetza beharrezkoa dugu hemen gure erabakiak hartzeko.

Instituzioek baldintzarik gabeko diru-laguntza politikak eraman dituzte aurrera, eta orokorrean enpresa handien mesedetan eta menpean aritzen dira: xantaia fiskala da horren adibide argienetako bat: Estatu bat osatzen ez dugunez,  beste Autonomi Erkidego batera helbidea aldatze hutsarekin, Nafarroa edo EAEko kontuak hankaz gora jar ditzakete multinazionalek. Nafarroako enpresa nagusi den Volkswagen-ekin mundu mailan gertatu dena argigarria da duten botere maila ulertzeko: gasak legez kanpo isurtzeko iruzur egin izana frogatu zen arren, isun bat besterik ez dute jaso, eta hori ere gobernuekin eurek negoziatu eta adostuta. Ikerketa desberdinen arabera, iruzur honek hainbat heriotza sortuta ere, ez da egon enpresaburuen kontrako zigorrik. Aldiz, iruzurra ordainduko dutenak langileak izango dira, 30.000 lanpostu desagerraraziko baitituzte.

Kanpoko kapitalarekiko geroz eta menpekoagoa da bertako industria, jabetza gero eta gehiago inbertsio fondoen esku ari da gelditzen, eta inoiz erantzukizun sozialik egon balitz, orain ez dago horrelakorik.

 

EUSKAL HERRIAN EKOIZPEN EREDUAREN ALDAKETA BEHARREZKOA DA

Ekoizpen ereduaren trantsizioa baliatu genezake aitzindari izateko industriaren eraldaketa eta modernizazioa sustatzeko, langileen gaitasunean oinarritutakoa. Teknologikoki aurreratua, baina baita lanaren eta ingurumenaren ikuspegitik ere. Trantsizio ekosozialistan urratsak eman ahal izateko, burujabetza  beharrezkoa dugu hemen gure erabakiak hartzeko, gure eredu ekonomikoa, ekoizpen eredua, finantza eredua, lan harreman eredua eta eredu energetikoa erabakitzeko. Esaterako, milaka kilometrotara heriotzak eragiten dituzten armak edo armetako osagaiak, besteak beste, Euskal Herrian ekoiztu nahi ditugun erabaki beharko dugu. Prozesu hori demokratikoa, gardena eta herritarren partaidetzarekin osatu behar da. Burujabetza prozesua,  maila baten, herri ereduaren erabakitze eta eraikitze prozesua denez, prozesu horrek eredu berri baterako bidea izan behar du.

Euskal industria ataka larrian dago, eta instituzioek neurriak hartu beharko lituzkete egiturazko defizit teknologikoarekin amaitzeko eta hainbat sektoreren eraldaketa sustatzeko, lehenbailehen  eta era adostuan, traumatikoa izango ez den prozesu  bat egin ahal izateko. Eraldaketaren ardatza jendartearen ongizatea izan behar denez, langileen eskubideak bermatu beharko lirateke:  Euskal Herrian altzairu eta ontzigintza sektorean eman ziren birmoldaketa-ereduak, zeinetan langile batzuek dena galtzen zuten bitartean enpresariak aberasten ziren, baztertu beharko genituzke. Jarduera berriak bultzatu beharko lirateke (industria berdea, birziklapena, energia berriztagarriak, energia autokontsumoa, puntako teknologia jarduera berriak), beste batzuk era orekatu eta planifikatuan gutxitu, eta mantendu behar diren jardueretan ekoizpen ereduak egokitu. Horrelako prozesu batean aitzindari izateak, berez abantaila emango liguke, jarduera alternatiboak bultzatzen lehenak ginatekeelako.

Automobilgintza sektorea garrantzitsuena da gure herrian, eta enpresa nagusienak diren Mercedes eta Volkswagen-ek, erregai fosilak kontsumitzen dituzten ibilgailuak ekoizten dituzte. Esan bezala, etorkizun mugatua du honek, eta sektorea  eraldaketa prozesu bete-betean dago, ibilgailu elektrikoaren hedapena ekarriko duena teorian, baina ziurgabetasuna da nagusi. Ziurra dena da eraldaketa prozesuak ibilgailuak egiteko balio katea osoari eragingo diola, hau da, Euskal Herriko egitura produktiboaren ardatz nagusiari.

Altzairugintza zein Kimika eta Porlan lantegiek ere pisu nabarmena dute gure ekonomian, eta beharrezkoa da sektore horietako ekoizpen ereduak berritzeko eta egokitzeko plan bat martxan jartzea.

Energia sektoreari dagokionez, bada datu bat benetan argigarria dena: estatu nordikoek kontsumitzen duten energiaren erdia baino gehiago eurek ekoitzitako energia berriztagarria den artean, EAEko kopurua, Europa osoko baxuenetarikoa da. Liechtestein-enek soilik kontsumitzen du bertan ekoitzitako energia berriztagarri gutxiago. Nola uler liteke hau  Gamesa sektoreko punta-puntako euskal enpresa (orain Siemens-en eskuetan)  izanda? Energia sektoreko enpresa nagusiek osatzen duten oligopolioaren botere erabatekoarengatik. Zehazki horietako bik, Petronor-ek eta Iberdrola-k, EAEko aurrekontuaren %12a finantzatzen dute zerga bidez. Interes ekonomiko hauek dira gauzak ez aldatzearen arrazoi nagusia.
 

 

BAKARRIK GAUDE BERAZ, BAINA GEHIENGOA IZAN GAITEZKE

Herritarrok izango gara gure geroa eta baita eredu ekonomikoa erabakiko dugunak, eta hortaz, aurrean dugun erronka gure interesak babestuko dituen alternatiba bat proposatzea da, gehiengoaren babesa jasoko lukeena. Horretarako, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta izan liteke abiapuntu egokia, mugimendu feminista, ekologista eta sindikalarentzat lurzoru komuna. Euskal Herrian, mugimendu sozialen historiaren altxor horrek bat egin lezake, aldarrikapen espezifiko bakoitza kapitalarekin kontrajartzetik, alternatiba oso bat kapitalarekin kontrajartzera igaroz: pertsonen bizitza duinak kapitalarekin parez pare jarriz.  

Trantsizio ekosozialistak enpleguaren ikuspegi hegemonikoa aldatzeko balio behar du, ekoizpen ereduaren txanponaren beste aldea den zaintza lana azalarazteko.

Trantsizio ekosozialista irudikatzeko baliagarriak zaizkigu, era berean, egungo eredu kapitalistan irla txikiak diren eta Euskal Herrian ezagutzen ditugun bestelako ekonomia sozialeko eredu eraldatzaileak (autoeraketa, energia kooperatibak, kontsumo kooperatibak, finantza kooperatibak...), dagoeneko bestelako gizarte bat marrazten doaz eta.

 

ZER EGIN DEZAKEGU INDUSTRIAKO LANTEGIETAN?

Negoziaketa kolektiboaren kontrako erasoaldi bete-betean, lantokietako aldarrikapenetan edukiak gehitzeko zailtasunak daudela agerikoa da. Dena den,  LABek, diagnostiko zein bide partekatu bat egiteko adostasunak bilatu beharko genituzke, lantokietan trantsizio ekosozialistaren bidean elkarlanean aritzeko.

Lehenik eta behin, herritarren gehiengoaren atxikimendua lortzeko, beharrezkoa da langileek  aldarrikapena bere egitea, eta horretarako lan ideologikoa, kontzientziazio-lana, txinaurri-lana beharrezkoa da. Egiturazko aldaketen norabidean kokatzen diren aldaketa praktiko txikiak ere bultzatu ditzakegu lantokietan, energia kooperatiben alde eginez adibidez, korporazio handiekin kontratuak eteteko enpresei ere eskatuz.

Ekintza sindikalaren bidez, enpresen demokratizazioa ere bultzatu behar dugu, ekoizpen erabakietan ere benetako partaidetzaren alde eginez, errentagarritasun ekonomikoa faktore erabakigarri bakarra izan ez dadin.  Negoziazio kolektiboaren eskumen eta eragina txikitu nahi duten honetan, berau edukiz bete beharko genuke: eztabaida dezagun egin beharreko inbertsioetaz, ekoizpen-ereduaz, erabiltzen diren produktuek osasunean zein ingurumenean duten eraginaz, nori erosi eta nori saltzen diogun, zer egiten den saltzen dugunarekin... Langileen parte-hartzearen aldeko diskurtso instituzional orokortuaren atzean, praktikan, geroz eta antidemokratikoagoa  den enpresa-eredua hedatzen ari da. Bada, bultza dezagun benetako parte-hartzea enpresetan, borroka ditzagun erabakiguneak lantokiz lantoki.

Bestalde, lanaren banaketan urrats berriak emateko garaia da, hazkunde  ereduaren amaierak ezinbestean ekoizpenaren gutxitzea ekarriko baitu, izan era adostuan, izan era derrigortuan. Enpleguaren banaketak, lanaldia murriztuz, langabeziaren jaitsiera, pertsonen ongizatearen handitzea eta lan erreproduktiboaren banaketa orekatuagoa dakartza eta gizarteko desberdintasunak gutxitzen ditu. Trantsizio ekosozialistak enpleguaren ikuspegi hegemonikoa aldatzeko balio behar du, ekoizpen ereduaren txanponaren beste aldea den zaintza lana azalarazteko. Emakumeek era prekarioan egiten dituzten lan horiek, askotan aitortuak ere ez dira izaten. Industriaren eraldaketa ikuspegi feminista batetik landu beharko da, lanaren banaketa integrala bultzatuz.

Mundu mailako arazoa izan arren, Euskal Herrian guk gure trantsizio propioa asmatu behar dugu, marraztuz eta ibiliz. Gure txikitasunean, gure aletxoari balioa aitortuz eta beste lurraldeetan egin beharreko bidean lagunduz.

 

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma