Unai Pascual

Gizarteak eraldaketaren gidaritza hartu behar du, bestela botere ekonomikoa dutenek hartuko dute gidaritza hori


talaia08 Unai Pascual Unai Pascual García de Azilu (1973, Gasteiz), bioaniztasunean aditua den ekonomilaria da. Basque Centre for Climbing Change (BC3) izeneko ikerketa zentroan egiten du lan, Leioako kanpusean. Gobernu-arteko IPBES plataformako kide ere da.


Testu hau Unai Pascualek 2019ko azaroan LAB sindikatuak “Sindikalgintza [BIR]Pentsatzen” jardunaldien baitan emandako hitzalditik ateratakoa da.
 

D iagnostiko bat egitetik hasiko naiz:

Biodibertsitatearen krisia aztertzeko gobernu arteko IPBES plataforman 133 Estatu daude. Nazioarteko ikerlari hoberenak elkartzen dira adostasun iturri batetik ikerketak egiteko, bere helburu izanik gisa jendeak izatea batetik eta bestetik gobernuak mugitzea  IPBES-ek.

2019ko Maiatzean argitaratu genuen IPBES-en ebaluazio orokorra: mundu osorako bioaniztasun eta zerbitzu ekosistemiko guztien azken diagnostikoa, 2019an egin da publiko. 500 bat aditu 3 urtetan zehar lan hau egiten ibili gara, musu-truk, zientzialariok komunitateari eskaintzen diogun lana da. Diagnostikoa egin ondoren horri aurre egiteko aukera desberdinak eskaintzen dira. Esan behar da plataforma hauen gomendioak ezin direla betearazleak izan Estatuentzat, gomendioak jasotzen dituzte baina ezin gara euren subiranotasunean sartu.  

Txosten horretan hainbat ondorio egin genituen publiko, esaterako lurrazalaren %75a nabarmen aldatuta dagoela gizakiaren eskusartzearen ondorioz edo hezeguneen %85a galdu dela, ozeanoen %13a bakarrik dela birjina... Baina txosten honek oihartzun handiena ondorengo lerro-buruagatik izan zuen: planetak hurrengo hamarkadetan 1.000.000 espezie desberdin galtzeko arriskua daukala. Hau da 8 espezietatik 1 galtzeko arriskuan gaude jadanik.

Bioaniztasuna ulertzeko alfonbraren adibidea erabiliko dugu: tapiz bat balitz bezala ulertu behar dugu bioaniztasuna, jositako puntu bakoitza espezie bat balitz legez. Espezieak galtzen goazen heinean zuloak egiten doaz. Zein da arazoa, tapiza itsusiagoa geratzen ari zaigula? Hori ez da arazoa. Arazoa da alfonbra horren puntu guztiak konektatua daudela eta konexio horiek sortzen dituztela zerbitzu ekosistemikoak. Eta hauek zer dira? gure elikagaiak lortzeko lurra emankorra izatea, ura nahikoa eta kalitatezkoa izatea, karbono zikloak eman ahal izatea, kate trofiko guztiak ozeano eta lurrean eman ahal izatea. Milioika urtetan sare hori ehundu da eta horrek sortu du gu hemen egotearen aukera. Tapizak gero eta zulo gehiago izan erlazio horiek mozten eta funtzionaltasun horiek galtzen doaz. Horregatik bioaniztasunak berezkoa duen balore bat (ez dauka zertan ekonomikoa izan: etikoa, morala, osasun arlokoa etab.) izan dezake. Bestalde berdin du guri funtzionamendu horrek onurak ekartzen dizkigun ala ez, naturak berez existitzeko eskubidea dauka, guk bezala besteek. Nire ustez pertsonen eta naturaren arteko erlazioak eta beraz gu geu eta natura ulertzeko erronka handi bat dugu. Beste era batera esanda, gizakiok naturarekiko nola posizionatzen garen ez dugu oso garbi. Ikuspegi bat antroprozentrikoa izan daiteke: natura behar dugu guri onurak ekartzen dizkigulako, gure ongizatearen oinarri den legez. Gizartea piramidearen gainean dago eta natura behar dugu guretzat. Hau horrela ulertzen dugu mendebaldeko kulturetan, eta dominantea den ekonomiaren paradigmatik batik bat. Hainbat kultura desberdinetan ez da horrela ordea. Adibidez, komunitate indigenetan, mundu mailan bioaniztasun gehien babesten duten komunitateetan, naturarekiko beraien posizionamendua beste modu batean ulertzen dute.

Nork dauka arrazoia, beraz? Bioaniztasunaren erronkari erantzuteko gure posizionamendua zein den argitu beharra daukagu. Hausnarketa sakon bat egin behar da.

Naturak gizakiari eskeintzen dizkion onuretara itzuliz, izugarri pila daudela aipatu beharra daukat. Guzti horiek 18 taldetan banatu ditugu eta ikusten dugu gehienetan lortzen ditun onuren fluxua beheraka doala. Zergatik? Naturaren, zentzu zabalean, eta baita ere bioaniztasunaren narriaduragatik. Ikusten dugu tapiz horrek gero eta zulo gehiago dauzkala. Zerbitzu ekosistemiko pila bat behera doazen heinean beste gutxi batzuk gora doaz: lehengaiak, elikaduraren produkzioa, zuraren produkzioa... gora doaz, baina hauek etorkizunean mantentzeko behar diren beste ekarpen ekologikoak behera doaz. “Orain ase, bihar gose”ren agertokira iritsiak gara. Itsasoan argi ikusten da hori, guk nahi dugun arrain biomasa guztia hartzen badugu ez diegu uzten espezie horiei nahikoa hazten hurrengo hamarkadetan guk nahi adina jaso ahal izateko.

Proiekzioak egiazki kaxkarrak dira. Agertoki sozio-ekologiko desberdinak sortu genituen:

Denok munduan EAEko biztanle batek bezala kontsumituko balu 2,6 planeta beharko genituzke.

1. Munduak horrela jarraitzea: politikoki, ekonomikoki, globalki... eta hori ekonomiak orain bezala hazten jarraituko duela pentsatuz. Hazkuntza ekonomikoak II. Mundu Gerratik orain arte bezala jarraitzen badu, bioaniztasunaren galera izugarria izango da.

Milioi bat espezie galtzeko arriskuan daudela esan dugu, baina munduan zenbat espezie existitzen dira? Ez dakigu. Ekologo hoberenak estimazioak egiten ari dira eta 3 milioi espezietik 100 milioi espeziera doaz. Guk osatu dugun txostenean esaten da estimazio kontserbadore bat eginda 8 milioi espezie existitzen direla, horietatik %75 intsektuak. Azken hauek oso inportanteak dira, asko ez ditugu ezagutzen eta ezagutzen ditugunetatik asko ez daude ondo klasifikatuta.

Ezjakintasun handia egon arren jakin badakigu estimazioak egiten espezien %25a galtzeko arriskuan gaudela hurrengo hamarkadetan. Eta hau ez da alarmista izatea, hau errealitatea da.

2. Hurrengo hamarkadetan erregioen arteko lehian sakontzea da beste agertoki posible bat. Txinak Latinoamerika eta Afrikarekin harreman ekonomiko eta finantzario garrantzitsuak ditu, AEBek bakarrik osa dezakete Atlantiar ardatz bat, Europa bestetik... Geopolitika erregionalizatzen joatea aukera dago eta agertoki hau ere kontutan hartzekoa da.

Agertoki honek ere sortu dezake izugarrizko bioaniztasun galera, ekonomikoki ziurtasun nazionala bermatzeak eragiten duelako lurraren erabileran, nekazaritza intentsiboan eta industrian eta ekonomiaren lehiakor honen “makinari” ikatz gehiago botako zaiolako daukagun ereduak aurrera jarrai dezan, honek zoriontasuna bermatuko duenaren ustearen azpian.

3. Imajinatu orokorrean planeta jasangarriago batera hurbiltzen garela. Hazkuntza material eta energetikoaren maila gutxitu, gero eta ekoizpen eta kontsumo eredu ekologikoagoak izan, lanpostuak ingurumen sektorera pasa... eta bioaniztasunak kasu horretan ere galera izango du, beste bi agertokirekin alderatuta, galera hau nabarmen txikiagoa bada ere.

Hau ulertzeko konturatu behar gara badagoela sistema ekologikoetan inertzia bat, klima sistemak eta bioaniztasun sistemak beraien inertziak dituzte eta ezin ditugu termostato baten antzera kontrolatu (on eta off botoiak sakatuz). Honek beste hausnarketa batera garamatza: Arazoa ez da kontu teknologiko bat.  Sistema oso konplexuetan bizi gara (sistema sozio-ekologikoak dira), funtzionaltasun eta konexioak mota askotakoak dira eta hauek ere inertzia batzuk dauzkate. Sistema konplexuetan orekak oso zaurgarriak dira, eta sortzen ditugun aldaketen ondorioak ez dira linealak, askotan dinamika esponentzialak ditugu gurean: Populazioarena, hazkuntza ekonomikoarena etab. Hauek aldaketa esponentzialak dira, eta baita bioaniztasunaren galerarena eta klima aldaketarena ere. Kurba horiek lerro zuzenak izango balira proiekzioak egin ahal izango lirateke eta sistemaren kontrola errazagoa izango litzateke. Baina tamalez sistema sozio-ekologikoak ez dira horrelakoak,  eta gainera ingelesez deritzon “typing points”-ak dauzka: momentu batean gauza bat gertatzen ari bada eta uste dugu kontrolatzen dugula baina heldu daiteke momentu bat non, sistemak krak egiten duen puntu konkretu batean eta puntu hori zein den jakitea oso zaila da, linealtasun ezak sortzen dira. Puntu batean ez badakigu sistema nola gestionatu saiatu behar gara puntu horretara ez heltzen zuhurtziagatik. Zuhurtziaren printzipio hau Europako legedian txertatuta dago eta oso garrantzitsua da nahiz eta behar baino gutxiago erabiltzen dugun. Sistema ekologikoaren linealtasun ezari (dinamika esponentzialak dira nagusi), bakarrik sistema sozialaren dinamika esponentzialekin egin ahal diogu aurre. Adibidez herritarren kontzientziazio eta mobilizazio gero eta jendetsuagoa (baita esponentziala) izan beharko litzateke. Aurrekontu publikoetatik eratorritako klima aldaketaren kontrako inbertsioak ere esponentzialak ez diren neurrian, bioaniztasun galerak eta klima krisiak gizarteari partida irabaziko diote. Edo hobeto esanda, arazo horiek sortzen dituztenek (mozkin ekonomikoak patrikaratu ahal izateko), arazo horien menpe bizi eta efektu negatiboak pairatzen dituztenei partida irabaziko diete. Beraz arazo ekologikoak arazo sozialak dira, eta alderantziz. Horregatik krisi sozio-ekologikoaz hitz egitea gustatzen zait. Hor ere semantikak badu garrantzia.

KLIMAREN KRISIA

Klimaz asko entzuten da medioetan. CO2 kontzentrazioa atmosferan urtez urte eta hilabetez hilabete marka berriak egiten ari da. Honek negutegi efektua sortzen du. Eguzkiaren berotasuna kanpora errebotatzen da. Negutegi efektuko gasek geruza antzeko bat sortzen dute eta honek egiten duena da zati bat kanpora ez errebotatzea eta horrek poliki poliki planeta berotzea. Datu bat aipatuko dut horrekin gera zaitezen. Gaur egun globalki gutxienez 45 gigaton CO2 ari da emititzen atmosferara urtero eta hau kontzentratuz doa, atmosferan geratzen da ehunka urtetan zehar. Gigaton bat mila miloi tona dira.

Klima aldaketari aurre egiteko 2015ko Pariseko akordioak dio munduak mendearen bukaerarako ezin duela lurraren bataz besteko tenperatura 2 gradutatik gora igo. Zientziak dio lurraren bataz besteko tenperatura 2 gradu igotzea klima zoratzen ari dela dioen adierazle bat dela, eta horrek esan nahi du besteak beste muturreko efektu metereologikoak izango ditugula. Euskal Herrian euria ezberdin egingo duela (gutxiago udan eta gehiago neguan), elur gutxi egingo duela, bero olatuak izango ditugula Euskal Herrian eta eragina izango duela hainbat sektoretan (uholdeak, lehorteak, etab pairatuko ditugu, maizago eta intentsitate handiagoarekin). Itsasoaren mailaren igoerak ere gure kostaldean eragin handiak izango ditu. Eta hori mundura eramanez gero esan nahi du Bangladesh-eko lur eremu oso zabala desagertuko dela, hortik milioika pertsonek alde egin beharko dutela etab. Nora joango dira? Fluxu migratorio handiak izango ditugu munduan zehar. Bi gradutara heltzea oso serioa da. Pariseko akordioak ere proposatu zuen saiatu beharko ginatekeela 1.5 gradutatik ez pasatzen, eta gutxi badirudi ere hor desberdintasun handi bat dago.

Parisko akordioa ordea ez da loteslea legalki. Estatuek ez badituzte betetzen beraien etxeko lanak ez da ezer gertatuko. Ez dugu nazioarteko ekimenik herrialde horiek zigortzeko. Herrialde bakoitzak bere legedia antolatu behar du, bere baitan loteslea izan dadin. Globalki loteslea ez izatearen seinale da adibidez AEB, kutsatzaile handienetakoa dela eta akordiotik atera dela.

90. hamarkada bukaeran Kyotoko akordioa egon zen eta hau loteslea izan zen, baina soilik herrialde garatuentzat. AEB, Errusiak eta beste batzuk kexati ziren beste herrialde batzuk (India, Txina, Brasil...) ere izugarrizko erantzukizuna zeukatelako eta akordioan parte hartzen ez zutelako. Aitzaki perfektua izan zen herrialde garatu horien erantzukizunari muzin egiteko. Ematen diren negoziazio garrantzitsuenak teknikoak baino geopolitikoak dira. AEBk Kyotokoa bezalako akordio lotesle bat ez sortzea lortu zuten, borondatezkoa izango zena. Hor dugu Paris. Paradoxa orain, Trump-en AEB Pariseko akordiotik atera dela de facto.

Nire ustez gaur egun deshazkuntza material eta energetikoa lortzeko oinarriak Green New Deal batean ezarri behar dira

Esan beharra dago 2015ean Parisen hartu zituzten promesak beteko balituzkete ere lurraren tenperatura 3 gradutatiko gora igoko litzatekeela. Ezarritako etxeko lan horiek ez dira nahikoak beraz. Madrilen berrikuspen egiteko ahaleginak bertan behera gelditu ziren. Ikusiko dugu aurten Eskozian (Glasgow hirian) egingo den gailurrean herrialdeek beraien etxeko lanak handitzeko borondatea erakutsiko duten. Ni eszeptikoa naiz. Uste dut Pariseko akordioa erren jaio zela eta erre jarraitzen duela.

Badakigu, klima aldaketan erregai fosilen erabilerak eragiten du gehienbat, eta baita lurraren erabilera okerrak ere: basoak etab deuseztatzen baditugu baso horiek jaso beharko luketen karbonoa atmosferan geratzen da. Aipatu behar da lurrak eta itsasoak (azken honek batik bat) atmosferako CO2-a xurgatzen dutela eta hori oso kaltegarria dela itsas ekosistemarako. Ozeanoek xurgatzen duten CO2 kopuruagatik itsasoa azidifikatzen ari da eta hori ozeanoen ekosistemetarako kaltegarria da.

60. hamarkadatik hona erregai fosilen eboluzioa aztertuko bagenu, petrolioa dago lehen postuan, gero ikatza eta ondoren gasa. Lehen munduaren politika petrolio mehatzak istea da, baina Txinan etab egunero ari dira mehatze berriak irekitzen. Badakigu petrolioak zein garrantzia duen, ikusteko dago goia joko duen, batez ere gaur egun petrolioa ateratzea oso garestia delako, teknologikoki ere gero eta arriskutsuagoa da. Ematen du gasa trantsiziozko teknologia bat balitz bezala erabiltzen ari garela jadanik, ez du hainbeste kutsatzen, ez dauka petrolioak eta ikatzak bezainbesteko CO2 dentsitatea, baina erregai fosila izanik, CO2arekin kutsatzen du atmosfera eta ozeanoa. Euskal Herriari dagokionez Eusko Jaurlaritzak gasaren aldeko apustua egina daukala dirudi, eta nazioartean ere hori da apustu nagusia. Adibidez Errusiak interes handia du gasaren ustiaketaren inguruan geopolitikoki. Uste dut ikatzak beheranzko joeran hasiko dela, petrolioaren erabilerarekin ikusi beharko dugula zenbat denbora beharko duen egonkortu eta jaisten hasteko, eta gasak aurrera egingo duela. Berriztagarrietan gora goaz baina oraindik oso oso urrun dago besteetatik. Izugarrizko iraultza teknologiko eta soziala beharko genuke energia berriztagarriak besteen ondoan buruz buru kokatzeko.

Klima aldaketaren gaia ez da berria, gai historiko bat da, herrialde bakoitzak metatuta zenbat CO2 sortu duen begiratu beharra dago bakoitzaren erantzukizuna neurtzeko. Begiratzen badugu iraultza industriala gertatu zenetik herrialde bakoitzak zenbat CO2 metatu sortu duen, ikusten dugu AEB dela garaile eta Txina oso azkar ari dela lehen postuetara urbiltzen, bere garapen ekonomikoa askoz berantiarragoa izan bada ere. Gaur egun, urtez urteko estatistikei erreparatuz, isurketa gehien Txinak jaurtitzen ditu, baina isurketa horiek per capita jarri ezkero (denok izango bagenu eskubide bat gure aztarna ekologikoa izateko, denok berdina) irudia oso bestelakoa da, hor AEB da garaile nabarmen eta Txina bezalako ekonomia erraldoia dezente atzerago dago kutsatzaileen rankingean.

Herrialde bakoitzaren isurketak ondasunen ekoizpenaren arabera aztertzen dira normalean. Baina ondasunen ekoizpena hori beste norbaitek ondasun horiek kontsumitzen dituelako izango da. Esaterako, Txinak asko produzitzen du guk inportatu eta kontsumitzeko. Ikuspegia aldatzen badugu eta ardura gehien kontsumitzen duten herrialdeetan jartzen badugu (zeren guk produkzioa gutxitu dezakegu baina kontsumitzen jarraitzen badugu beste herrialde batzuk produzitu beharko dute), kasu horretan nor da erantzulea? Nik uste dut gehien kontsumitzen dutenek dutela ardura gehien. Hor ere erronka handi bat dago, nola ikusi, produkziotik edo kontsumotik? Mundu globalizatu batean, produkzioa, kontsumoa eta nazioarteko komertzioa elkarrekin oso lotuta daude eta hor berriz agertzen dira oreka geoestraegikoak. EAEko aztarna ekologikoa neurtzen badugu, pertsona bakoitzeko gure kontsumoa asetzeko 4 hektarea beharko genituzkeela ikusten dugu. Planeta finitua denez ez dauzkagunez nahi ditugun hektarea guztiak, eta horrek, denok munduan EAEko biztanle batek bezala kontsumituko balu 2,6 planeta beharko genituzkeela esan nahi du. Aztarna ekologiko hori handituz doa bi arrazoirengatik: lehena, gure kontsumo ereduarengatik. Eta bigarrena, zerbitzu ekosistemikoak (lurraren produktibitatea, naturak produkzio hori eskaintzeko daukan gaitasun guztia) galtzen ari direlako. Sortzen ari garen narriaduragatik planetaren biokapazitatea behera doa kontsumoa gora doan bitartean. Jasangarritasunaren izugarrizko erronka batean gaude eta nonbaitetik krak egingo du. Hobe esanda, krak egiten ari da jada.

SINDIKALGINTZAREN PAPERA

Trantsizioa: Trantsizioa behar dugu? Bai. Eraldaketa behar dugu? Bai. Zer behar dugu trantsizioa edo eraldaketa? Biak, nik uste. Eraldaketa behar dugu: eraldaketa sozioekologiko bat, sistemiko bat, baina hori lortu ahal izateko oinarriak jartzen goazen heinean hori lortu ahal izateko trantsizio batean sartu beharra daukagu, eta hau ezin da soilik teknologikoa izan (adibidez mugikortasuna elektrifikatuz ez dugu krisiari buelta emango). Gauzak ulertzeko eta praktikan jartzeko modua aldatu behar dugu, beste sistema baterantz ibilbide bat sortu behar dugu eta nik ibilbide horri trantsizioa deitzen diot. Beti eraldaketa sortzeko bide gisa, ez oraingo sistemarekin jarraitzeko bide moduan. Bidea egin baina egiten ditugun gauza guztiek momentu batean salto sistemiko bat emateko balio dezaten.

Justua: Trantsizio horretan ezin dira gizarteak behar dituen baldintza duinak apurtu. Kristoren erronka daukagu beraz, nola lotu bi horiek? Eztabaidarako gai potoloa da.
Uste dut energia iturrien eraldaketa bat egongo dela uste baino azkarrago. Iraultzak oso azkarrak izaten dira, typing pointak ere gertatzen dira eta iruditzen zait uste baino lehenago eraldaketa horren erdian egongo garela eta esan bezala, oso azkarra izango dela. Erronka handiena zera da: gizarteak eraldaketaren gidaritza hartu behar du, kontrola, bestela botere ekonomikoa dutenek hartuko dute gidaritza hori,  elektrizitatearen korporazioak kasu. Beraiek aspalditik dakite eraldaketa hau emango dela eta presa daude gidaritza hartzeko, eraldaketa egitean beraien ikuspuntua inposatzeko eta eraldaketa hori sortuko duen sisteman garaile izateko. Beraz, uste dut hausnarketa oso serio bat egin behar dugula erabakitzeko nolakoa izan behar duen gure energia sistemak. Ez dugu gutxietsi behar eraldaketaren erritmoa, gertatzen ari da eta urte gutxitan ikusiko dugu nola enpresa erraldoi hauek izugarrizko inbertsioak jarriko dituzten martxan sektore publikoak lagunduta. Bankuak gure zergekin erreskatatu ditugun bezala planeta ere erreskatatu beharko dugu eta badaukagu esperientzia nahikoa jakiteko sektore publikoa eta pribatuaren elkarlanaz hitz egiten dutenean zertaz ari garen. Garrantzitsua izango da jendarte moduan hori dena nola gizarteratu eta mobilizatzen dugun interes ekonomiko dominanteen interesetara moldatutako eraldaketa bat ekiditeko.

Adibide bat jarriko dut. Eskozian gauza interesgarri bat gertatu da, eta da gizarteak bultzatuta komisio bat sortu duela Gobernuak: “Trantsizio Justu baterako Batzordea” izena du. Eskoziak Ipar Itsasoko petrolio asko dauka eta industria eolikoa oso garrantzitsua da. Energia ez berriztagarrien gainbehera ikusten ari dira, lanpostu asko galdu dituzte eta galera hori beste sektoreetara berbideratzen ari dira, sektore estrategiko berdetara. Nik uste Euskal Herrian eragile sozio-ekonomiko guztien artean Trantsizio Justu baterako Batzorde bat bultzatu behar dela. Bertan jendartearen ordezkaritza zabalak parte hartu beharko luke, trantsiziora jendartearen zati bat gabe bagoaz boteretsuenek hartuko dutelako trantsiziorako gidaritza.

AEBan Green New Deal edo Itun Berde Berria planteatzen dute. Bernie Sanders da presio gehien jartzen ari dena honen gainean alderdi demokrata barrutik, eredu sozioekologikoaren eraldaketaren diskurtsoa indartzen ari da. Naomi Klein bezalako intelektualak bere alde jarri dira. Green New Deal-a bi hitzetan esanda (nahiz eta konplexuagoa izan) honakoa litzateke: hazkuntza berdea eta sozialki inklusiboa.

Nazio Batuek ere horri buruz hitz egina dute. 2012an Rioko gailurraren 20. urteurrenean (Lurraren gailur garrantzitsua izan zen, garapen jasangarriaren kontzeptua lehenengo aldiz politikan orduan sartu zen 1992an)  Nazio Batuek “Rio + 20” txostena sortu zuten 2012an hazkuntza berdearen ideia bultzatzeko. Hori nire ustez ezinezkoa da: hazkuntza eta berdea bi termino kontrajarri dira. Brotxakada berde bat bota dakioke, baina hori ekologikoa al da? ez. Justua da? Ziurrenik ere ez. Alternatiba honen funtsa sistema kapitalistaren eraldaketa gatopardista bat ematea da sistemak jarrai dezan bere mozkinak metatzeko helburuarekin, eta azken finean sistema kapitalista krisi sistemikoaren aurrean babesa izateko. Kontuan izan behar dugu Nazio Batuak Estatuek osatzen dutela eta Estatu gehiengo zabala kapitalismoarekin lerrokatuta dagoela. Beraz hazkuntza berde hori aurreraka egiten den ihesaldia da, baina berdea. Interesgarria da 2012ko txosten hori Rio+20 Gailurrean ezin izan zutela adostu. Badira oraindik Green New Deal-aren kontra daudenak ere, eta horiek dute oraingoz botere gehien.

Galdera zail hauei elkarrekin erantzunez lortuko dugu aukera bat trantsizio hori gutxi batzuen gidaritzapean eman beharrean jendearen gidaritzapean eman ahal izateko.

Orain, ia 10 urte beranduago ideia antzekoa dugu: Green New Deal-ak hazkuntza ekonomiko berdea planteatzen du trantsizio justuarekin, baina hori niretzat oximoron bat da.  Dena den, onartu beharra daukagu Bernie Sandersek AEBetan eraldaketa sistema sozialdemokrata baterantz egin nahi duela, eta hori AEBetan kristoren iraultza bezala ulertu behar dugula, han lobby oso boteretsuak baitauzkate Green New Deal-aren kontra jarduten. Gure perspektibatik planteamendu arina dela iruditu dakiguke, baina hori AEBetan egitea latza da. Beraiek nahi dutena da bioaniztasuna babestu, klima babestu, eraldaketa sozioekologiko horretan lanpostu duinak sortu, klima aldaketari zuzen zuzen adarretatik eldu eta aukera berriak sortu, sozialki eta ekonomikoki. AEBko hauteskundeen inguruko eztabaidetan gai hau nagusituko den ikusiko dugu. Ikusi beharko dugu noraino heltzen den.

Eta hor dago eztabaida. Eraldaketa sozioekologiko bat egiteko trantsizio postkapitalista bat egitea funtsezkoa da niretzat. Pasa behar gara kapitalismotik sistema postkapitalista batera. Nik uste dut gidaritza jendarteak hartu behar duela, kapitalismoa etengabe elikatu behar den sistema baita eta osterantzean ekosistemetako alderdi berriak kolonizatuko ditu ezinbestean. Kapitalismoaren baitan dago dena kolonizatzea, merkatuen bidez ingurumen arlo guztiak kolonizatu nahi ditu eta hori erokeria hutsa da. Eredu postkapitalista horrek nolakoa izan behar du? Argi dut justua izango den eredu sozioekologiko jasangarri bat izan behar dela.

Hori lortzeko bidean sindikalgintzak bi ereduren inguruan hausnartu beharko luke nire ustez:

1. Green New Deal: hazkuntza ekonomikoa gizarte mailan eta ekologikoki oso kontzientea dena, errespetagarria gizartearen erronkekin, ez brotxakada berde batekin baizik eta benetan.

2. Deshazkundea: nik uste dut deshazkundea dela paradigmaren beste aukera. Batzuk diote ez dela errealista. Nik diot, ez dagoela beste aukerarik. Nik honela ulertzen dut deshazkundea: gizartearen metabolismo energetiko eta materiala jaistea. Horrek BPG gora edo behera joango dela esan nahi du? Berdin zait. Joseph Stiglitz-ek publikatu duen artikulu berri batean PBG inoizko asmakuntzarik tuntunena dela dio adierazle moduan. Jendeak ez daki zer den BPG. Hori bai denok hitzegiten dugu horri buruz. Langabeziarekin zerikusia dauka? industriarekin? Adierazle batzuk erabiltzen ari gara guk ere ez dakigunean oso ondo zer neurtzen duten, eta mantra baten moduan sedimentatu dugu gure buruan kulturalki BPG igotzea ona dela lanpostuak sortzen dituelako. Ea inork ekonomiako liburu bat erakusten didan hori frogatzen duena. Ez duzue aurkituko teoria sendorik hori azaldu edo frogatzeko ahalmena duenik. Gai hau fedearekin du zer ikusi gehiago arrazionaltasunarekin baino. Deshazkundeak dio berrasmatu behar dugula sistema bat non hazkuntza ekonomikoa ez den derrigorrezkoa. BPGren igoera beharrezkoa da jendarte baten ongizate maila ziurtatzeko? Herrialde batzuetan argi baietz, batez ere herrialde txiroetan. Baina gure testuinguruan nik uste dut ezetz. Eta ekonomialari gero eta gehiagok ere ezezkoa dio nire ustez. Mitifikatu dugu BPG eta hori gaitz bat bilakatu da. Hau ere eztabaidatu beharra du sindikalgintzak.

Deshazkuntzaren ideia egingarriago bat nahi badugu, honakoa planteatuko nuke: BPGren hazkuntzarekin tematuta jarraitzen badugu, posible da hazkuntza horrekin jarraitzea baina nire ustez gutxienez materialki eta energetikoki ez da hazi behar, ez kontsumotik eta ezta produkziotik ere. Beraz BPGren hazkuntzak beste sektore batzuetatik etorri beharko du. Kontsumitzen ari garena ere nolakoa den neurtu beharko dugu, energetikoki intentsitate handikoa edo gutxikoa izan daiteke. Adierazle berriak behar ditugu gure gizartearen metabolismoa ondo deskribatzeko. Gure ekoizpen produktuek naturari egiten dioten kaltea handia edo txikia den neurtu behar dugu. Horrelako adierazleak kalean egon behar dute. Dendetan, supermerkatuetan, teleberrietan, etab. Merkatutik pasa behar du merkantzia guztiak eta nahi duzu jarraitu produzitzen eta lanpostuak sortzen? Bale. Baina aztertu beharko dugu zer ari garen ekoizten, norentzat eta nor ari den mozkinak edo irabaziak (ekonomikoak, sozialak, ekologikoak...) sortzen. Eta nik uste dut hori dela galdera. Deshazkuntzak ezartzen digun erronkarik handiena orain arteko hazkuntza horrek zertan izan behar duen beheranzko joera zehaztea da, eta nik uste dut dela deshazkuntza materiala eta energetikoa. BPGren mitoarekin jarraitu nahi izan ezkero, jarrai dezakegu, baina argi eduki dezagun fedearen eraginaren azpian gaudela, ez arrazionaltasunaren azpian. Egia da II. mundu gerraren ostean paper garrantzitsu bat izan zuela BPGren adierazlea, garai horretan ekonomia suspertzeko halako adierazleak premiazkoak zirelako. Baina ez gaude testuinguru horretan, orain beste adierazle batzuk behar ditugu.

Nire ustez deshazkuntza material eta energetikoaren deshazkuntza lortzerako oinarriak orain Green New Deal batean ezarri behar direla. Green New Deal-a da orain egingarri ikusten dudan trantsizioa. Sindikalgintza oraindik ziur aski hastapenetan dago horrelako galdera zailari eskua sartzeko, baina nik uste dut abagune hori ahalik eta lasterren sortu behar dugula. Aukera daukagu sektore sozial askotan Green New Deal eta deshazkundearen arteko eztabaida sustatzeko.

XXI. mendeko sindikalgintzak ezin dio eztabaida honi muzin egin, deserosoa bada ere. Ekologismoarekin, feminismoarekin, zientziarekin... elkar hartuta diagnostiko bateratu bat egin beharko luke sindikalgintzak. Galdera zail hauei elkarrekin erantzunez lortuko dugu aukera bat trantsizio hori gutxi batzuen gidaritzapean eman beharrean jendearen gidaritzapean eman ahal izateko. Trantsizio sozio-ekologiko demokratikoa nahi badugu hasi gaitezen honen inguruan buru belarri eztabaidatzen eta esperientziak partekatzen.

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma