Jon Artetxe

Aldaketa dakar, antola dezagun


talaia08 jon artetxe Jon Artetxe Menika (1969, Bilbo). Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Graduduna eta Ingurumen Osasun Teknikaria da. LAB sindikatuko Ingurumen Idazkari ohia eta batzorde sozioekonomikoko kide ohia da.
 

 

Llima aldaketa iritsi da dagoeneko, eta atzeraezina da. Horretan, itzel handia da zientziaren ebidentzia. Ondorioz, gizateriak energia eta lehengai gutxiagorekin bizi beharko du. Klima larrialdiak erantzun irmoa eskatzen badu ere, zalantzak daude konponbidearen izaera eta erritmoekin. Azken urteotan, hiru ildo ari dira nabarmentzen: business as usual deritzona, alegia hazkunde ekonomikoan oinarritzen den egungo ereduarekin jarraitzea, Green New Deal (GND) delakoa eta Deshazkundea (DA). Lehena arrazoi nabariengatik baztertuta, zein da bidea?

GND ezberdinak daude. Horrek zaildu egiten ditu erabateko arbuioa zein atxikimendua. Europar Batasunean momentuz gailentzen ari den korrontearen arabera, GND duela urte batzuetako ekonomia berdearen izen berria dugu, BPGaren hazkunderako estrategia berria. Isurketa neutralitatea du helburu 2050erako; hau da, eguratsera isuriko den CO2 bolumena baso, landare eta bestelako hobi naturalek xurgatuko dutenaren parekoa izatea. Popular, liberal eta sozialdemokratak pozik agertu dira Von der Leyen-ek aurkeztutako Itun Berde delakoarekin, baita EAJko euro legebiltzarkide Izaskun Bilbao ere. Banka finantzarioa, eraikuntza zein energia arloko enpresa handiak ere alde ditu.

Hala ere, ez da GND berdina Pedro Sanchezena, Ocasio-Cortez-ena, Corbyn-ena edo Iñigo Errejonena. Esaterako, Más País-enak aldaketa sakonagoak proposatzen ditu PSOE-renak baino.

Gizateriak energia eta lehengai gutxiagorekin bizi beharko du

Ezkerrera, jarrera handinahikoak ditugu, GNDarekiko kritikoagoak. IUko kide Sira Regoren esanetan, “ez da nahikoa GNDaz aritzea, botoak erdiesteko konponbide hutsal eta kosmetiko gisa; erdigunea gure egungo ereduaren ekoizpen eta kontsumo eredua da, neoliberalismoarena alegia”. Unidas Podemos urrundu egin da GNDtik, nahikoa ez dela argudiatuta, eta Horizonte Verde deitu duenaren alde egin du. Yayo Herreroren ustez, bidezko trantsizio ekologikoak eredu ekonomiko alternatiboa behar du, soilik egingarria eskariaren kudeaketaren markoan, non askoz energia gutxiago beharko den.

Euskal Herriko ezkerrak erabaki asko hartu beharko ditu, une ugaritan zirt ala zart egin beharko du

Mikel Otero legebiltzarkidearen esanetan, EH Bilduk ez du era asegarrian ebatzi konpondu hazkunde/deshazkunde gaia. Unai Pascualen esanetan, “irtenbide bideragarri bakarra deshazkunde iraunkorra litzateke, hau da, herrialdeen ekoizpen eta kontsumo mailak murriztea, arian-arian”.

Sindikatuetan ere, aniztasuna.Europar Batzordearen GNDarekin bat egiten du UGT-k, aukera ezin galduzko iritzi dio, eta guztiz uztargarritzat jo hazkunde ekonomikoa eta ingurumena zaintzea. CCOO ere alde agertu izan da, baina eskualde eta langileentzat bidezkoa izan behar duela nabarmenduz. Euskal gehiengo sindikalak harago joan gura du. ELAren arabera, gakoa ez da pixka bat edo pixka bat baino gutxiago hazten garen; mantratzat jo du hazkundea, eta ekonomia-eredua, aberastasunaren banaketa eta iraunkortasuna dira haren ekintzaren ardatzak. LABen iritziz, larrialdi klimatikoari ezin zaio aurre egin sistema kapitalistaren baitan: "Ez dago kapitalismo berderik, ez dago kapitalismo jasangarririk, sistemaren aurpegi zuriketa baino. Garapen ereduaren aldaketa erradikala behar dugu, lan produktibo eta erreproduktibo guztiak berrikusiko dituena, langileoi bizitza duin bat eskainiko diguna”.

Planetaren mugak are gehiago ez gainditzeko, energia eta material gutxiago kontsumitu beharra dago

Deshazkundea, ildo ausarta. Errotiko aldaketaren premiaz ohartarazten digute haren aldekoek.Deshazkunde iraunkorra honetan datza: “produkzio- eta kontsumo-mailen murrizketa ekitatiboa, zeinak giza ongizatea eta baldintza ekologikoen hobekuntza ahalbidetuko dituen bai maila lokalean bai globalean, bai eta epe laburrean zein luzean ere” (Schneider et al., 2010). Ez dago batere sobera Iker Etxanoren zehaztapena (2017), eranstean desazkundearen pisua Iparraldeko herrialdeek hartu behar dutela beren gain; izan ere, Hegoaldeko herrialde asko ongizate material handiagoaren beharretan daude oraindik.

Errejonen inguruko Tejero eta Santiago (2019) GNDaren pentsalariek aitortzen dute ez dela iraunkortasunik izango deshazkunderik gabe, baina oraingoz horri ekitea ezinezkotzat jotzen dute, gizarteak ulertuko ez duelakoan. Bada, lehenbailehen ekin beharko zaio limurtze langintzari. Agian ez da horren zaila ulertaraztea Euskal Herrian Peruko piperrak eta Hegoafrikako laranjak jatea ez dela bideragarria izango. Agian ez da horren zaila izango jendeak barneratzea nahiz eta etorkizunean gutxiago bidaiatuko dugun hegazkinez, elkarrekin egoteko tarte handiagoa izango dugula. Agian lanordu gutxiago izatearen onurez ohartuko gara, eta uztailean Alpeetara eskiatzera joango ez garen arren, kontsumismoan oinarrituta ez dagoen aisialdiaz gozatzen berrikasiko dugu. Gainera, oso onartuta dago BPGak ez duela gizakion ongizatea adierazteko balio, Europako Batzorde Ekonomiko eta Soziala ere bat dator horretan.

Proposamen askotan bat etorriko gara, GNDarenak zein DAenak izan. Litekeena da egunetik egunerako borroka eta erabakien arabera moldatzen joatea etorkizun sozioekonomikoa; eredu eta programen nahasketak izango dira, ziur aski ez da proposamen hegemonikorik izango. Bide horretan, Euskal Herriko ezkerrak erabaki asko hartu beharko ditu, une ugaritan zirt ala zart egin beharko du. Nire iritziz, GNDaren aldeko ausartenek nahiz DAren aldekoek proposatuta, babestu eta bultzatu beharreko neurriak izango dira ildo hauetan doazenak: lanaldia, kontsumoa eta mugikortasuna murriztu, etxebizitzak klimatizatu, desberdintasunaren arrakala txikitu, azpiegiturak trantsizio ekologikora moldatu, ekoizpen sistema eta kontsumoa birtokiratu.

Energia iturri fosiletatik berriztagarrietara aldatzea ez da nahikoa izango

Tejerok eta Santiagok (2019) aitortzen dute beharrezkoak direla gizartearen aldaketa sakonak, premisa limurtzaile baten pean: gutxiagorekin biziko gara, bizimodu ona izango dugu. Ikusten dugunez, bat datoz DAren beharrarekin. Ibilbide orria atzeratu egiten dute, baina gehiengoa erakarri nahi denez, hartu beharreko neurriak gibeleratu egin behar direla argudiatzen dute.

GNDaren alde batzuk baztertu beharrekoak direlakoan nago. Europako Itun Berdeak jasotzen du bidezko trantsizioa, integratzailea, ekonomia zirkularrekoa, non birziklapena, aprobetxamendua, konponketa eta lehengaien murrizketa funtsezkoak izango diren. Batzuetan jasotzen ez dena jasotzen dena baino garrantzitsuagoa izaten da. Ildo horretan, ez da ezer aipatzen ekoizpena eta kontsumoa murrizteaz. Eta erne horrekin, energia iturri fosiletatik berriztagarrietara aldatzea ez baita nahikoa izango (Capellán-Pérez eta al, 2019).

Europako GNDak ez dio ezer energi iturrien taxonomiaz, baina Estatuek adostuak dituzte energia mota bat iraunkorra den ala ez ebazteko irizpideak. Aurreakordio horretan ateak irekitzen zaizkio energia nuklearrari eta gas naturalari. Europako Batzordea GNDarekin lehen urratsak ematen hasi bezain laster tamaina horretako zaplastekoa emateak balio diezagula Itun Berdearen arriskuez ohartzeko.

GNDak emisioak murrizteaz dihardu helburu gisa, baina krisi ekologikoa ipar aldetik hegoaldera kanporatzeko arriskua itzela da. Karbono neutraltasunerantz joateak aldi berean mineralak kontrolatzeko are borroka gune handiagoa bilaka dezake Afrika. Hortxe dugu gakoetariko bat. Etorkizun hurbilean ezagutzan oinarritutako balio erantsi handiko lanpostu ugari izan nahi dugu planetako ipar aldeko herrialde industrializatuenok, Euskal Herrian ere bai, baina lehengai ugari herrialde txiroetan erauzten jarraitzea da asmoa, baita gure hondakinak hemendik at eramatea ere.

GNDak emisioak murrizteaz dihardu helburu gisa, baina krisi ekologikoa ipar aldetik hegoaldera kanporatzeko arriskua itzela da

Egungo ekonomia eredua materialen fluxu ikaragarrian dago oinarrituta, zeinarentzat ez dagoen BPGaren hazkundetik banantzerik, eta horrek nazioarteko aztarna materiala %6 haztea dakar, BPGa %10 hazten denean(Wiedmann et al, 2015). BPGa hazi ahala, mineralen erauzketa handitzen da, meatzeak hedatu, hondakinak areagotu. Hortaz, petrolio, gas, kobre, litio, platino… gutxiago kontsumitu behar ditugu.

Epelkerietarako berandu. Klima larrialdiak ez digu atzerapenetarako baimenik emango. Neurriak beharrezkoak ez ezik, premiazkoak ere badira. Zenbat eta gehiago aritu luzamendutan, orduan eta handiagoak izango dira egin beharreko aldaketak. Esate baterako, bizpahiru hamarkada ematen baditugu automobil-parkea elektrikora aldatzen, aldi berean mugikortasun eskaria kudeatu barik, gureak egin du. COP25 goi bileraren aurretik Nazio Batuek txosten bat argitaratu zuten, non beharrezkotzat jotzen zen hamarkada honetan urtero %7,6 jaitsi behar direla guztizko emisioak. Hori lortzeko, erabaki sendoak hartu beharra dago, orain. Larritasunak aldaketa handiak eskatzen ditu, mozorro eta txepelkeriarik ez.

STOP erraldoia erakutsi digu Ama Lurrak, eta aldaketa sakonen garaia heldu zaigu. Planetaren mugak are gehiago ez gainditzeko, energia eta material gutxiago kontsumitu beharra dago.Ekonomia beste era batean antolatu, mugikortasun eskaria kudeatu, hiri eredua zein lurralde antolamendua eraldatu, garraio, eraikuntza eta elikadura ereduak aldatzea ezinbesteko dugu. Aztarna ekologiko itzela dugu, lurraldea ziztu bizian ari gara artifizialtzen. Eginkizunean gobernuek nahitaezko funtzioa izango dutelakoan nago, besteak beste aldaketek eragindako kalteak konpentsatzeko eta aberastasuna birbanatzeko. Hori behar den lez egin dadin, nahitaezkoak dira sindikatuen esku-hartzea eta presioa. Azkarragarekin (2017) ados, trantsizio justu eta ekologikoak proiektu erakargarria eskain diezaioke gehiengoari; hau da, bizitza ona, baita bizi kalitate hobea ere, muga biofisikoen barruan

Aztarna ekologiko itzela dugu, lurraldea ziztu bizian ari gara artifizialtzen

Bideragarria da etorkizuneko bizimodua duina izatea, material gutxiagorekin, xumeagoa, eta aisialdiari dagokionez oparoagoa. Agian ez dugu zertan tematu eztabaidatzen BPGak hazi ala txikitu behar duen, ados baldin bagaude esandako arloetan murriztu beharra dagoela.

Eragile soziopolitikoek ihes egiten diete etiketei, zigilu itxiei. Sarritan ez dute korronte batean etiketatuak izan nahi, batez ere bertsio ezberdinak badaude horren pean. Canaleta adituak dio alderdiek zenbat eta gehiago lerrokatu, gehiago galtzen dutela. Tira bada, eragile oro, ez gaitezen lerrokatu nahi ez badugu; baina izan dezagun argi egoeraren larriak zer eskatzen digun eta ekin diezaiogun. Aldaketa dakar, antola dezagun; herritar gehienen aurka eta eliteen pribilegioak iraunarazteko izan ez dadin.

 

Erreferentzia bibliografikoak

Azkarraga-Etxegibel, J. (2017) Trantsizio ekosoziala helburu: ondo bizi, denok, muga biofisikoen barruan, Bilbo: Hegoaz zabalduz.

Capellán-Pérez, I., de Castro, C., Miguel González, L.J., 2019. Dynamic Energy Return on Energy Investment (EROI) and material requirements in scenarios of global transition to renewable energies. Energy

Strategy Reviews 26, 100399. https://doi.org/10.1016/j.esr.2019.100399

Etxano, I. (2017) Garapena eta iraunkortasuna: bilakaera, bateragarritasuna eta ikuspegiak, Bilbo: Hegoak Zabalduz.

Tejero, H. y Santiago, E. (2019) ¿Qué hacer en caso de incendio?: Manifiesto por el Green New Deal, Madrid: Capitán Swing.

Schneider, F., Kallis, G. and Martinez Alier, J. (2010): “Crisis or Opportunity? Economic Degrowth for Social Equity and Ecological Sustainability. Introduction to this Special Issue”. Journal of Cleaner Production, 18, 511-518.

Wiedmann, T., Schandl, H., Lenzen M., Morán D., Suh S., West J. and Kanemoto K. (2015) “The material footprint of nations”, PNAS, 112, 6271-6276. https://www.pnas.org/content/112/20/6271

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma