Argitxu Dufau

«LABek ekologia babesteko konpromisoarekin jarraituko du»


talaia08 Argitxu Dufau Argitxu Dufau (1993, Baiona). Azkainen bizi da eta egun medikuntza soziala sektoreko LABeko arduraduna da Ipar Euskal Herrian.
 

 

Ipar Euskal Herrian mugimendu ekologistak ibilbide luzea du egina. Azalduko zeniguke gaur egun zein den Ipar Euskal Herriko mugimendu ekologistaren argazkia ?

Mendiz eta itsasoaz inguratuta egonik, Ipar Euskal Herria naturari esker eta haren inguruan garatu da eta hura babestea erronka handia izan da guretzat beti, batzuetan modu inkontzientean izan arren. Larrialdi klimatikoaz jabetu aurretik ere, inolako egituraketarik eduki aurretik ere, Ipar Euskal Herriak sentsibilitate ekologista izan du beti.

1970eko eta 1980ko hamarkadetan, ekologiaren inguruko lehen egiturak sortu ziren, laborarien sindikalismo alternatiboaren inguruan. Ezin aipatu gabe utzi Jean Pitrau eta ASAM elkartearen sorrera edota Mixel Berhocoirigoin eta ELB eta Euskal Herriko Laborantza Ganbara.

Azken hamarkadetan, klima-aldaketa gero eta nabarmenagoa bihurtu ahala, globalizazioaren aurkako mugimendua eta mugimendu ekologista egituratuz eta sendotuz joan dira, gaur egun funtsezkoak direlarik hala esparru politikoan nola mugimendu sozialen alorrean.

Ipar Euskal Herria, zorionez, ez da joera horretatik kanpo gelditzen. Asko eta asko dira proiektu eta balore ekologistak bultzatzen eta babesten dituzten mugimendu eta elkarteak, hala nola Larrun Ez Hunki, arrantza adeitsuagoaren aldeko arrantzale-taldeak, Lurzaidia, EHZ festibala, CADE eta abar.

Planteamendu ekologistak praktikan jartzen dira, kontsumoaren bidez gero eta gehiago, askotan haren ahalmena minimizatzeko joera badaukagu ere. AMAP elkarteak eta partaidetzazko janari-dendak lurralde osoan hedatzen ari dira eta itxaron-zerrendak luzeak dituzte. Tokiko monetaren sorrerak eta ekimen horrek izan duen arrakastak, bereziki, argi erakusten digute Ipar Euskal Herriak bertako produktu osasuntsuak kontsumitu nahi dituela.

Globalizazioaren aurkako mugimendua eta mugimendu ekologista egituratuz eta sendotuz joan dira
Politika-munduan ere berderanzko joera nagusitzen ari da. Europar Parlamentuko azken hauteskundeak Rassemblement Nationalek irabazi bazituen ere, Ipar Euskal Herrian EELV (Europa Ekologia-Berdeak, RPS mugimenduarekin koalizioan) izan zen zerrendarik bozkatuena.

Eta egunotako udal-hauteskundeetako kanpainan, berriz, mila biztanletik gorako udalerritan aurkeztu diren zazpi zerrendarien alde egin dute Berdeek. EH Bai-k, bestalde, «justizia soziala eta Ipar Euskal Herriarentzako trantsizio ekologikoa» defendatzen dituzten hogeita bi zerrendari eman die babesa, prentsa-ohar baten bidez adierazi duenez.

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi Bizi! globalizazioaren aurkako mugimendua. 2009an sortu zen kolektibo gisa, Kopenhageko goi-bileraren aurretik, Ipar Euskal Herriko biztanleak berotze globalaren ondorioen inguruan sentsibilizatzeko, eta elkarte-egitura hartu zuen hurrengo urtean. Joan den hamar urtean ekintza ugari antolatu dituzte, eta justizia sozialaren eta ingurumen-justiziaren aldeko esfortzuak areagotzeko eskatu diete bai herritarrei bai hautetsiei. Bizi!-ko ekintzaileen jarduteko eredu gogokoena desobedientzia zibila da. Mundu guztiak gogoratzen ditu «aulkien segalariak» eta «Macronen erretratuen ebasleak».

 

 

Borroka honetan LABek bere ildo propioa garatzeaz gain aliantzak ere ezinbesteko ditu. LABek ze aliantza mota lehenesten ditu larrialdi klimatikoaren aurkako borrokan ?

LABek ez du inolako aliantzarik lehenesten. Guk defendatzen ditugun balio berak defendatzen dituzten sindikatu, elkarte eta mugimendu guztiekin egiten dugu lan. Justizia soziala eta ingurumen-justizia txanpon beraren bi aldeak dira.

 

Sindikatuak ba al dauka larrialdi klimatikoaren aurkako ildo propiorik? Zer-nolako ekimenak egiten ditu?

2019ko maiatzaren 1erako, LABek proposamen bat egin zien intersindikalari (oraindik ez gaituzte onartu) eta Bizi!, Aitzina, Etorkinekin eta EBA (Egiazko Berdintasunaren Alde) taldeei, bost ardatz jorratzeko, denok batera: arlo soziala, feminismoa, ekologia, errefuxiatuen harrera eta gazteak. Ardatz bakoitza kolore batez ordezkatuta egongo zen manifestazio-buruan, eta gainerako jende guztia atzetik, denak batera, bakoitzaren kolorea edo bandera axola gabe. Lehendabiziko aldiz, maiatzaren 1eko manifestazio bateratua egin genuen Baionako kaleetan. Azken maiatzaren 1ean gure borrokak eta baloreak izan dira garrantzitsuena, eta ez gure marka sindikala edo zein elkarteko kide garen. Ukaezina da bai ekologiak bai Bizi!-ren presentziak asko lagundu zutela manifestazioa hain jendetsua izan zedin.

Kosta ahala kosta irabaziak eskuratzea beste helbururik ez duen kapitalari aurre egiteko borrokan, bat egitea eta elkarrekin borrokatzea da garaipenerako giltza
Era horretako elkarlanaren azken adibidea abenduaren 15ekoa dugu. Aitzinarekin eta Bizi!-rekin batera supermerkatu bat okupatu genuen. Supermerkatu hori goizeko seietatik gauerdira arte dago zabalik, asteko zazpi egunetan, baina ez daukate langilerik, kutxa automatiko bat baizik. Era honetako ekintzen bidez agerian uzten dugu zer-nolako lotura estua dagoen auzi sozialaren eta ingurumenaren artean.

Izan ere, robot bati «esker» ordutegiak luzatzeak ez die langileei inolako mesederik egiten. Robotizazioaren bidez sortutako irabaziek enpresaburuen eta akziodunen sakelak betetzeko baino ez dute balio, eta langileak presionatzeko tresna izan daitezke: «ez duzu igandean lan egin nahi? Ados, robotak egingo du zure ordez, baina baita astelehenean, asteartean... ere. Merkeago aterako zaigu».

Ekologiaren ikuspegitik egoera ez da hobea. Ordutegi zabalagoa izateak kontsumoa areagotzea dakar, gehiago ekoiztea eta gauza gehiago botatzea. Nekazaritza intentsiboa garatzea dakar, halaber, baliabide naturalak areago ustiatzea eta salgai gehiago garraiatzea. Eredu horren ondorioak argiak dira: berotegi-efektuko gasen isurpena handitzea eta baliabide naturalak neurri gabe ustiatzea. Logika hori jasanezina da klimak aurkezten digun erronkari aurre egin ahal izateko.

Azken hogei urtean egin dugun bezala, LABek ekologia babesteko konpromisoarekin jarraitzeko asmoa dauka, beste erakunde batzuekin batera. Kosta ahala kosta irabaziak eskuratzea beste helbururik ez duen kapitalari aurre egiteko borrokan, bat egitea eta elkarrekin borrokatzea da garaipenerako giltza.

LABek, sindikatu gisa, gertuko zerbitzu publikoak defendatzen ditu, garraio publikoa erabiltzea, laborarien txikien laborantza... Eta jorratzen ari garen borrokan horiek guztiak ikuspegi ekologista batean txertatuta daude, noski.

 

 

Kutsatzen duten enpresetan ordezkaritza dugu maiz. Ekintza sindikala garatzeko orduan kontraesanik sortzen al zaizue horrelako kasuetan?

LAB lanbide arteko sindikatua da, Euskal Herriko langileak defendatzen eta antolatzen dituena, haien lantokia edozein dela ere, eta horrek dakartzan kontraesanekin. Alde horretatik, guk ez daukagu arazo larririk, gurean ez baitago industria handirik edo zentral nuklearrik, adibidez. Baina, era berean, hortxe dauzkagu nekazaritza industrialeko produktuak saltzen dituzten supermerkatuak, ikaragarri kutsatzeaz gain munduko beste bazter batzuetako langileak esplotatzen dituzten arropa merkeko dendak edota suediar jatorriko altzarien saltokiak... Izan ere, sistema kapitalistak lanpostu sozialki onartezinak eta ekologikoki ez-jasangarriak sortzen ditu. Eta horrexegatik borrokatzen gara egunero sistema horren aurka.

Bien bitartean, hobe al da sindikaturik gabeko langile horiek esplotatzen uztea, irabazi-goseak bultzatutako akziodun handien eta enpresa handien esku? Erantzuna ezezkoa da, zalantzarik gabe!

Ez da onargarria ekologiaren izenean
lan-baldintza kaskarrak eskaintzea
Badakigu badirela beste era bateko lanpostuak ere. Lanpostu «berdeak» direlakoak. 2015ean, Bizi!-k aurkeztutako ikerketa batean arabera, Ipar Euskal Herrian 10.000 lanpostu berde sortzeko aukera dago, horietako 3.000 energia berriztagarrien alorrean, 2.000 saltokien birlokalizazioaren eta zirkuitu laburren bidez, 1.300 nekazaritzan eta beste horrenbeste etxebizitzen energia-aurrezpenaren eta isolamendu termikoaren esparruan. Jakina, lanpostu berde horiek sortzearekin batera beharrezkoa izango da erronka horri aurre egiteko gai den kudeaketa soziala aplikatzea, ez baita onargarria ekologiaren izenean lan-baldintza kaskarrak eskaintzea.

XXI. mendea ekosozialismoaren edo sozialismo berdearen mendea izango da, ezinbestean.

 

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma