Green New Deal for Europe

Green New Deal delakoaren 10 oinarriak Europarako



talaia08 GNDE “10 pillars of the Green New Deal for Europe” dokumentuaren euskarazko bertsioa duzue hau. gaztelerazko bertsiotik itzulita eta era berean bertsio hau ingelesezko jatorrizkoaren itzulpena da: “Green New Deal for Europe” taldeak 2019ko Uztailean argitaratu zuen dokumentu hau, taldearen laneko dokumentu osoaren sarrera gisa. Green New Deal-aren inguruko eztabaidari ekarpen interesgarria egiten diola iritzita jaso dugu hemen.

 

Europako Parlamentuko hauteskundeek agindu argia helarazi zieten heldu berri ziren eurodiputatuei: larrialdi klimatiko eta ekologikoei aurre egitea. Milioika pertsona atera ziren Europako kaleetara bidezko trantsizioa exijitze aldera, eta milioika pertsonek alde bozkatu zuten. Europako buruzagiek aukera historikoa daukate Europa eraldatzeko plan handi eta pragmatiko bat aurkezteko, energia berriztagarrietara trantsizioa eginez. Horrez gain, hori guztia errealitate bihurtzeko betebehar historikoa ere badute.

Europan, Estatu Batuetan bezala, plan horri “Green New Deal” deritzogu. Europako Parlamentuko hauteskundeen bezperan, Europako hainbat alderdik plan hori ezartzearen alde egin zuten. Baina AOCk (Alexandria Ocasio-Cortez) adierazi bezala, ingurumen politika guztiak ez daude Green New Dealaren barruan. Horren barruan egoteko, ingurumen politikak ezin dira soilik zergez eta moldaketez osatuak egon: eraldatzaileak izan behar dira, sekula ikusi dugun ekonomiarik oparoena, bidezkoena eta iraunkorrena sortu behar dute.

Orain Europako Parlamentu berriko aulkiak jabe berriekin beteko direla, ohartarazpen bat: Green New Dealek ondorengo 10 funtsezko oinarri hauek bete ezean, ez da Green New Deal izango.

 

1) ERRONKAREN GARRANTZIARI AURRE EGIN

Zientzia argia da: tenperatura globalaren igoera 1.5 gradura mugatu behar dugu eta gure sistema naturalen kolapsoa gelditu, bestela dena galtzeko arriskuan egongo gara.

Europarako Green New Dealek erronka horren garrantziari erantzuten dio; izan ere, urtero gutxienez Europako BPGren % 5 inbertitzen du energia berriztagarrietara igarotzeko, biodibertsitatearen galera gelditzeko eta beste ingurumen arazo batzuk lehengoratzeko, baita Europan bizi diren pertsona guztien oparotasuna lortzeko ere.

Europari loratzeko aukera emango dion ekonomia sortuko du, planetaren mugak errespetatuz eta habitat naturalak, airearen garbitasuna eta lurzoruaren osasuna lehengoratuz gure kontinente osoan zehar.

1933ko Depresio Handiari erantzunez, Franklin D. Rooseveltek onartu zuen neurri txikiko erreformetatik harago joan beharra zegoela Estatu Batuetako sistema ekonomikoa errotik eraldatzen hasteko.

Green New Dealek anbizio hori dakar Europara, Atlantikoaren beste aldera eta XXI. mendera. Ez du soilik eskatzen karbono isurpenak murriztu daitezen. Horrez gain, gure ekoizpen, kontsumo eta harreman sozialen sistemak erabat eraldatzea exijitzen du: materialak ekoizteko erabiltzen ditugun sistemak berriz eratzea: birziklatzea, berrerabiltzea, konpontzea eta zaintzea. Anbizio gutxiagoko beste ezer ezingo da Green New Dealtzat hartu.

2) AKTIBO EZ DAUDEN BALIABIDEEI ERABILPEN PUBLIKOA EMATEA

Green New Dealek dei egiten die erakunde publikoei eraldaketa ekonomiko zein soziala bultzatu dezaten, krisi klimatikoari eta ingurumen krisiari aurre egiteko helburuarekin.

Orain dela mende bat Estatu Batuetan gertatu bezala, Europak denboraldi luze bat darama ezegonkortasun ekonomikoan murgilduta. Alemania bezalako ekonomia oparoetan ere, prekarietateak gora egin du eta etxeetan euren aurrezkiak inbertitze aldera toki emankorra topatzeko borrokan ari dira.

Green New Dealek horri guztiari erantzuna ematen dio.

Jatorrizko New Dealaren kasuan bezala, premisa John Maynard Keynes ekonomistaren lanetik dator. Hark demostratu zuen pizgarri fiskal batek susperraldi ekonomikoa bideratu dezakeela.

Proposamenak pizgarri hori eman dezala eskatu dio Europako Inbertsioen Bankuari eta, horretarako, zailtasunak dituzten Europako aurreztaileei etekina emango dieten bonu berdeak jaulki ditzala.

Beste modu batera esanda, Green New Dealek Europako baliabide ez-aktiboak zerbitzu publikoaren esku jartzen ditu, trantsizioaren karga herritar europarren gain jarri gabe.

3) HERRITARRAK ETA EUREN KOMUNITATEAK AHALDUNDU

Europako trantsizio berdea ez da goitik beherakoa izango. Herritarrak eta euren komunitateak ahaldundu behar dira euren etorkizuna eraikiko duten erabakiak har ditzaten.

Green New Dealaren oinarrien artean demokrazia dago. Mekanismo argiak eskaintzen ditu herritarren asanbladek eta tokiko gobernuek euren komunitate, udalerri eta eskualdeen garapenaren inguruan erabaki esanguratsuak har ditzaten. Halaber, bermatzen du, ahal den guztietan, Europako energia sistema berriak jabetza publikokoak izango direla eta modu demokratikoan kontrolatuak egongo direla.

Roosevelten Works Progress Administration bezala, Europarako Green New Dealek erakunde publiko berria sortuko du, herritarrek gidatu dezatela Europako trantsizio berdea.

Zehatz-mehatz, krisi klimatikoaren ondoriorik larrienak pairatzen dituzten komunitateek baliabide nahikoak eduki behar dituzte euren bizi-baldintzen narriadura zuzentzeko.

Green New Dealen oinarri demokratikoa lantokian ere aplikatzen da. Inbertsio berdeak sortutako enpleguek langileen eskubideak babestu behar dituzte eta enpresen gaineko kontrol handiagoa izan behar dute, langileek sortzen dutenaren balioa partekatu dezaten.

4) ENPLEGU EGOKIA BERMATZEA

Europarako Green New Dealek enplegu egokia eskainiko dio bilatzen duen orori.

Gaur egun Europa langabeziaren eta azpienpleguaren nahasketa batean murgilduta dago. Enplegu ezegonkorrek gora egin dute eta milioika pertsonek euren komunitateak utzi behar izan dituzte funtsezko beharrak asebetetzen dituzten enpleguak bilatze aldera.

Green New Dealek Europa guztiko komunitateetan inbertituko du ziurtatzeko inbertsio berdeak kalitate handiko lanpostu kualifikatu eta egonkorrak sortzen dituela. Modu horretan, herritar guztiek euren familiak mantendu ahalko dituzte, komunitateak atzean utzi gabe.

Horrez gain, emisio altuko industrietako langile guztientzako bidezko trantsizioa bermatuko du, baita enplegu ziurra, modu egokian ordaindutako trebakuntza aukerak eta etxebizitzak ere, behar dituzten guztientzat.

Green New Dealek zainketek gure ekonomian duten eginkizuna aitortu behar du behingoz. Horrela bermatuko da etxeko lanak zein umeen eta adinekoen zainketa lanak aitortu eta saritzen direla. Izan ere, gure sistema naturalak onera ekartzen laguntzen duten jarduerek funtsezko eginkizuna daukate gure ekonomian.

5) BIZITZA MAILA HANDITU

Europarako Green New Dealek oparotasun publikoa sortzen du, aberastasun pribatua beharrean. Xedea da kontsumoa ordezkatzea Europako komunitateentzat benetan garrantzitsua denarekin.

Green New Deal enplegu-bermea baino harago doa. Gure kontinentean bizitza maila handituko du hainbat modutan, osasunean eta hezkuntzan inbertsioak egiteaz gain, artean eta kulturan ere inbertituko da.

Erabiltzen ez diren etxebizitzak erabilera publikorako berreskuratuz, Green New Dealek etxebizitzaren arloan dagoen eta hainbeste pertsona etxe barik edo kaleratzeko arriskuan utzi dituen segurtasunik ezaren krisia jorratuko du.

Europako energia sareak berriz diseinatzen badira, isolamendu egokiarekin etxebizitzak modernizatuz eta guztiontzat garraio publiko garbia eskainiz gero, Green New Dealek bizitzaren kostua murriztuko du etxebizitza guztietan. Bioaniztasunaren galera gelditu eta kutsadura deuseztatzen bada, Green New Dealek komunitate guztiei aire garbi, ur geza eta tokiko erreserba naturalez gozatzeko aukera emango die.

Horrela, iraunkorragoa den ekonomian inbertituz gero, Green New Dealek astero lan egiten dugun ordu kopurua murriztuko du eta komunitateak parte hartu dezala esparru handiagoa eskainiko du.

Prozesuan zehar, krisi klimatiko eta ekologikoaren lehenengo ilaran dauden komunitateen kasuan, erresilientzia handitzen lagunduko da.

6) BERDINTASUNA SENDOTU

Green New Dealek finantziarizazioari aurre egiten dio eta berdintasuna finkatzen du Europako bihotzean.

Desparekotasun sozial eta ekonomikoak handiegia izaten jarraitzen du, bai herrialdeen barruan, bai herrialdeen artean. Azken lau hamarkadetan, aberastasunaren desparekotasuna gogor handitu da Europako herrialdeetan: goiko % 1ek beheko % 50ek bezainbeste hazkunde ekonomiko izan zuen.

Herrialdeen artean ere, bizitza-maila oso desberdina da, alde handia dago diru-sarrera, langabezia tasa eta kutsadurari dagokienez.

Bitartean, gure gizarteak geruzatuak daude arraza, sexualitate, genero, adin eta ahalmenen arabera, justizia soziala eta ongizate kolektiboaren aurrean hesi iraunkorrak sortuz.

Green New Dealek desparekotasunaren indarrei eraso egiten die eta gizarte berri solidarioa eraikitzen du. Roosevelten New Deal bezala, programak finantza-sistema berrikusiko du. Trantsizio berdearen onurak pribatizatu beharrean -2015eko Juncker Planak egin duen moduan-, Green New Dealek bermatuko du inbertsio publikoek aberastasun publikoa eragingo dutela. Baina jatorrizko New Deal ez bezala, programak oztopo sozialak jarriko ditu erdigunean, gutxiengoen kontrako bazterkeria deuseztatuko du eta trantsizio ekologikoa denontzat inklusiboa izango dela ziurtatuko du.

7) ETORKIZUNEAN INBERTITU

Green New Deal ingurumen-doikuntza programa bat baino gehiago da. Gure gizarteen etorkizunean inbertsio bat da, baita berriz ere imajinatzeko aukera bat ere.

Gure ingurumena suspertzeko, erabat berriak diren tresnak garatu behar dira: garraio publiko modu berrien eta eraginkorragoa den bateria bidezko biltegiratzeen bitartez, baita gure lurzorua indarberritzen duten nekazaritza jardunen eta gure basoak berriz hornituko duen basogintzaren bidez ere.

Hori dela eta, Europarako Green New Dealek ikerketa eta garapen ekimen bat barne hartzen du. Horri esker, beharbada komunitate zientifikoa animatuko da aldaketa klimatikoaren eta ingurumenaren narriaduraren kontrako konponbide berri eta interesgarriak garatzen.

Teknologiaren arloan egin diren aurrerapen handienetarikoak gobernuaren ikerketa eta finantzazioari esker gertatu dira: Internetetik hasita, ukipen-pantailetara, erreakziozko motorretatik, espazio-ontzietara, GPStik, bilatzaileen algoritmoetara. Baina gure ekonomiaren egitura dela-eta, estatuak ikerkuntzan inbertitzen duen bitartean eta arriskua gain hartzen duen bitartean, sektore pribatuak sari guztiak jasotzen ditu eta ia ez du zergarik ordaintzen bere irabaziengatik.

Green New Dealek bermatu behar du gizarteak modu zuzenean onura ateratzen duela tresna berrietan egiten dituen inbertsioetatik eta diru-sarrerak berrikuntza gehiago lortzeko inbertitzen direla. Halaber, lan-astearekiko mendekotasun soziala gutxitzeko hitza bete behar du.

8) AMAIERARIK GABEKO HAZKUNDEAREN DOGMA DESAGERRARAZI

BPGren hazkundea aurrerapen neurri nagusi gisa alde batera utzi behar dugu. Horren ordez, benetan garrantzitsua den horretan jarri behar dugu arreta.

Hazkunde ekonomikoaren obsesioa, Barne Produktu Gordinaren handiagotze gisa neurtua, krisi klimatikoaren eta ingurumen krisiaren faktore nagusietako bat izateaz gain, herrialdeei adore ematen die politika ekonomiko ausartegiak aplikatzeko, ingurumen kostuak eta kostu sozialak aintzat hartu gabe. Horrez gain, gure ongizate kolektiboaren neurri okerra da.

Green New Deal BPGren hazkunde infinituaren dogmatik harago joan behar da eta giza garapenerako neurri holistikoagoak hartu. Berdintasuna, ingurumena, zoriontasuna eta osasuna: hainbat adierazle gaineratu behar ditugu Europako aurrerapenaren gainean egiten dugun ebaluazioan.

Green New Dealek Europako erakundeak hobekuntza sozial, moral eta hezigarriak suspertzera bideratzen ditu eta, aldi berean, sorkuntza soziala ekoizpen materialaren gainetik hobesten duen ekonomia diseinatzen du. Horrela, gure planeta biziari presioa kentzeaz gain, hain beharrezkoa dugun energia trantsizio azkarra lortzea ahalbidetzen da.

9) JUSTIZIA KLIMATIKOA BABESTEA MUNDU OSOAN

Ingurumen krisia mundu mailakoa da, beraz, Green New Deal ere horrelakoa izan behar da.

Europak mundu mailako ahalegin horren buru izateko ardura historikoa dauka. Bi mendeetan baino gehiagotan zehar, Europako herrialdeek kutsadura erasotzailea eta baliabideen erauzketa sustatu dute, modu zuzenean munduko beste herrialde batzuk kaltetuz. Europarako Green New Dealek ondare kolonial hori zuzendu behar du.

Baliabideak berriz banatu behar ditu gehiegi ustiatutako eskualdeak lehengoratzeko, itsasoaren mailaren igoeraren kontra babesteko eta errefuxiatu klimatiko guztiei bizitza-maila egokia bermatzeko. Halaber, ziurtatu behar du Europako trantsizio berdea ez dela bakarrik mugatzen kutsadura munduko beste leku batzuetara esportatzera, edo Hegoalde Globaletik baliabideak etengabe erauztera. Europako trantsizio energetikoa egiteko horniketa kateak justizia sozial eta ingurumen-justiziaren printzipioekin konprometitua egon behar du.

Hegoalde Globalari laguntza emateagatik harro egon arren, Europako korporazioek askoz gehiago ateratzen dute interesen ordainketa, baliabideen lapurreta eta soldata-arbitrajeen bidez. Mundu mailako trantsizio berdeari laguntzeko, Green New Dealek jardun ekonomiko esplotatzaile horiekin amaitu behar du eta, behingoz, mundu osoko komunitateen eskubideak errespetatu, mundu mailan ingurumen justizia egon dadila bidea eginez.

10) GAUR BERTAN EKITEKO KONPROMISOA

Green New Deal ez da esparru, itun edo akordio bat. Ekintza zehatzen multzoa da, gure helmuga klimatiko eta ekologikoetara azkar eramango gaituena.

Munduko herrialde guztiek 2016ko Pariseko Itunarekiko duten konpromisoa beteko balute ere, mende honetan hiru graduko berotzea jasango genuke, baita sufrimendu neurtezina ere emaitza gisa.

Hala ere, herrialdeak euren konpromisoak betetzetik gertu ere ez daude. Hauxe da daukaguna Aldaketa Klimatikoari buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren esparruan, 30 urtetan zehar, mundu mailako negoziazioen ostean.

Green New Dealari esker, negoziazioetatik ekintzetara pasako gara. Ez da aldaketarako konpromiso politiko ahula. Ez da estatu parte-hartzaileek sinatutako paper zati bat. Ez da bilera aldeaniztuna edo saihestezina den eta jarraian datorren talde argazkia.

Green New Deal gizarteko alor guztiei zuzendutako neurri zehatz eta sinesgarrien multzoa da. Neurri zehatzen pakete bat da, hau guztia lortzea xede duena: ekonomia iraunkorrera trantsizio azkarra egin, gure demokraziak muga berrietara bultzatu, oparotasun partekatua sortu eta gure mugetatik harago mundu bidezkoagoa eraiki.

Hori baino gutxiago, ez da baliozkoa izango.

 

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma