Alazne Intxauspe

«Konbentzituta gaude Elikadura burujabetza aldaketa sozialerako ardatzetako bat denaz eta baita klima aldaketaren aurkako borrokan ere»


talaia08 Alazne Intxauspe Alazne Intxauspe Elola (Andoain, 1984). Gizarte Zientziak eta Enpresa ikasi eta telebistan lanean hasi arren, bizimodua aldatzeko apustua egin, eta baserrira itzuli zen, aiton-amonen bidea jarraituz. EHNE eta Etxaldeko kide da.
 
 

Klima aldaketa eragiten duen arrazoi nagusia isurtzen den CO2 kopurua da. Azken urteetan abeltzantza industrialak sortzen duen CO2 kantitatea izan dugu izpide, sarri abeltzantza bere osotasunean jarriz jopuntuan. Gaur egun nagusi den abeltzantza eta nekazaritza intentsiboak zenbaterako ardura dauka CO2 ixurien ugaritzean?

FAO ren esanetan, giza aktibitateak sorturiko karbono dioxidoaren % 9 aren eragilea da abeltzantza sektorea. Harridura sortu zen, erakunde honek berak plazaratu zuenean abeltzantza industrialak garraio industriak baino %18 co2 kopuru gehiago isurtzen zuela. Dena delakoa izanda ere, argi dagoena da, nekazaritza eta abeltzaintza eta baita elikadura sistema agroindustrial honek erantzukizun handia daukala CO2-en ugaritzean besteak beste.

Errentagarritasunaren eta lehiakortasunaren izenean, ehunka behi, leku batzuetan milaka, Nafarroako Caparrosoko adibidea kasu, kanpoko larreak usaindu ere egin gabe nabe batean sartuta esnea ekoizteko ereduak ingurugiroan arazoak ekartzen ditu noski. Edo berdin milaka hektarea monolaborantzan ustiatzeak, ongarri kimiko, herbizida, plagizida eta gainerantzekoak direla tarteko. Berdin, Espejo inguruan Hispalux enpresaren bitartez eta Eusko Jaurlaritzaren bultzadarekin hidroponikoan jarri nahi dituzten 6 hektareatik gorako tomate produkzioak, 18 ra irits daitezkeenak eta lurrik gabe eta urteko garai batzuetan berogailuen laguntzarekin ekoitziko dutena. Elikagaiak munduaren alde batetik bestera milioika kilometro egiten dituztenean ere, dela kamioi, itsasontzi edo hegazkinetan sartuta, dagoeneko badaukagu nahikoa informazio konturatzeko horrek ez diola mesede handirik egiten naturari.

Hala ere, azpimarratzekoa da, elikadura sistema agroindustrial, azken batean kapitalista eta neoliberal honek ez diola soilik kaltea ingurugiroari ekartzen. Azken aldian denon ahotan dabil aldaketa klimatikoaren afera baina hortik haratago osotasunean dituen ondorio kaltegarriak aztertzea egokia da baita ere. Bestela, askotan, partzialtasunetan erortzen gara eta horrek ez digu osotasuna ikusten uzten. Alegia, arazoa errokoa dela, sistema honek ingurugiroan, arlo sozialean, pertsonen arteko berdintasunean, bertako ekonomian, burujabetzan, elikadura osasuntsuan, … denean duela eragin negatiboa.

 

Klima aldaketak zer nolako eragina izaten ari da baserritarren egunerokoan eta biziraupenean?

Baserritarra eguraldiaren baldintzapean jarduten denez, eragin zuzena du aldaketa klimatikoak gure egunerokoan eta biziraupenean. Gurean esaterako, aurten negurik ez du egin kasik eta horrek landareen ziklo naturalak aldatzea dakar. Larriagoak dira hala ere, munduko beste toki batzuetan, esaterako espainiar estatuan Levante aldean, izan diren txingor, euri jasa eta uholdeak, horiek uzta osoak galtzea ekar baitezakete, edo Aragoin izan diren elurteek hainbat ikuilutako teilatuak puskatzea eta ondorioz abereak galtzea ere ekarri baitu. Horrek baserritarrari emozionalkiz gainera ekonomikoki ekartzen dion kaltearekin. Zer esanik ez, mundu mailan gero eta maizago gertatzen diren ezbehar klimatiko larriez, esaterako lehengo urtean Mozanbike eta inguruak astindu zituen Idai zikloiarenak, non gehiengo handi bat baserritarra den eta ezer gabe geratu zen.

Arazoa errokoa da, sistema honek ingurugiroan, arlo sozialean, pertsonen arteko berdintasunean, bertako ekonomian, burujabetzan, elikadura osasuntsuan, ... denean du eragin negatiboa.

 

Etxaldek behin eta berriz aldarrikatu du Euskal Herriko Elikadura Burujabetza gure biztanleriaren osasuna, lan eta bizi baldintza duinak eta lurrarekiko oreka lortze bidean besteak beste. Klima aldaketaren aurkako borrokan zein eragin izango luke elikadura burujabetzaren norabidean urratsak emateak? Klima aldaketaren aurkako borrokaren ardatzetako bat izan beharko luke?

Konbentzituta gaude Elikadura Burujabetza aldaketa sozialerako ardatzetako bat denaz eta baita klima aldaketaren aurkako borrokan ere beraz. Elikadura Burujabetzaren bidean ematen ari garen urratsek nabarmen erakusten dute hori dagoeneko gainera. Esate baterako, Euskal Herriko hainbat herrietako eskoletako jangeletan bertako produktuaren alde egiten ari diren apustuak ematen dizkigu adibideetako batzuk. Oraindik bidea geratzen bada ere egiteko gero eta gehiago dira dauzkagun esperientziak. Eredu iraunkorrean eta bertan ekoizten duten ekoizleen elikagaiak gure eskoletako sukaldeetan erabiltzeak, alde batetik ingurunean eragiten du; bai garraioan distantzia txikiak egin behar direlako eta baita ekoizpen eredua iraunkorra eta sostengarria delako eta beraz natura errespetuz tratatzen duelako eta oreka aurkitzen duelako. Eragiten du baita ere gure jendartearen osasunean, haurrenean gehienbat kasu honetan, garaikoak eta freskoak diren elikagai osasuntsuez osatzen delako euren otordua. Aldi berean, badu eragina haur horien kulturan ere, bertako ekoizpenak zein diren, zein sasoitan ekoizten diren, nola ekoizten den, … ezagutzeko aukera baitute hainbat ariketa didaktikorekin. Osotasunean begiratzen badugu, eragiten du bertako ekonomian, baserritarrek zuzenean saltzeko aukera sortzen baita. Eragiten du baserritar horien duintasunean ere, polita da jakitea zuk mimoz ekoitzitako elikagaiekin elikatzen direla etorkizuna izango diren gaurko haurrak. Eragiten du burujabetzan azken batean, eskolako komunitatea ari baita erabakitzen baserritarrekin batera zer motatako elikadura nahi dugun, natura errespetatuko duena, osasuntsua, pertsonen lan baldintza duinak bermatuko dituena, bertako ekonomia bultzatuko duena,…

 

Elikadura burujabetzaren eraikuntza, burujabetza ekonomiko eta sozialaren artikulaziotik ulertzen duzue. Nekazal sektoreez gain zer nolako aliantzak behar direla uste duzue zuen proposamen politikoa garatu ahal izateko?

Aliantza zabala behar-beharrezkoa dela sinetsita gaude eta ildo horretan lan egiten saiatzen gara bai gehiengo sindikalaren barruan, bai Euskal Herriko eskubide sozialen kartan, bai mugimendu feministaren baitan, bai pentsiodunen mugimenduarekin batera, …

Langile klasearen parte ulertzen dugu gure burua eta zentzu horretan ulertzen dugu langile klasearen batasuna beharrezkoa dela baldin eta aldaketa sozialerako bidean urratsak ematerik izango badugu. Era berean, gizarteko eragile ezberdinen artean artikulatzen asmatzeak indarrak batzea dakar eta eragiteko aukera gehiago ematen digu. Feminismoaren iturritik ere asko ikasi dugu eta ikasten ari gara, geure feminismo propioari izena eta izana jarri eta feminismoa ulertzeko beste modu batzuekin elkartrukatuz gogoeta asko mahaigaineratzen zaizkigu. Errotik aldatu nahi dugu sistema guk ere eta ez dago hau egiterik nagusi den patriarkatuari eta honen ondorioei erreparatu gabe. Ez litzateke integrala izango aldaketa. Eta pentsiodunez zer esan, erakustaldi ederra ematen ari zaizkigu, bai borrokan, bai antolaketan, bai konpromezu mailan.

Langile klasearen batasuna beharrezkoa da baldin eta aldaketa sozialerako bidean urratsak ematerik izango badugu

Elikadura Burujabetzaren proposamen politikoa garatu ahal izateko, azken batean kontsumoa antolatu beharra daukagu. Alde batetik, informatuz eta argi hitz eginez, jendea ez nahastuaz. Argi jakin behar du jendarteak elikagai bakoitzaren atzean zer dagoen eta zer ari den bultzatzen eredu iraunkorrean eta tokian ekoitzitako elikagai bat erosiaz edo eredu industrialen ekoitzitako bestea erosiaz nahiz eta bertakoa izan , baserritarrari edo denda txikian erosiaz edo bitartekari handiei erosiaz, … elikadura osasuntsurako eskubidea aspaldi urratua dugu sistema agroindustrial honekin eta beharrezkoa zaigu eskubide hori bermatzea eta kontsumitzailea eta ekoizlea elkarrengana hurbiltzea eta elkar ulertzea. Horrek erakutsiko digu burujabetzarako benetako bidea, guk erabakitzeko aukera.

 

Zuen aliantzak ordea ez dira mugatzen Euskal Herrira.

Ez, mundu mailan ere antolatuak gaude, La Via Campesina izeneko mugimendu internazionalean, 1993an honen sorreraz geroztik. Munduko 81 herrialdetako 182 erakundek osatzen dugu mugimendua egun. Borroka ezberdinak batzen ditu: justizia klimatikoaren alde eta aldaketa klimatikoaren aurka, lurra lurraldea eta uraren defentsa, agrotoxikoen aurkako borroka, agroindustriaren aurkako borroka, trasnazionalen eta munduko merkataritza erakundearen aurkakoa, merkataritza askeko itunen aurkako borroka, indarkeria matxistaren aurkakoa, emakume nahiz gazteen aukera berdintasunaren aldeko borroka …

Esan dezakegu baserritarron eskubideen aldeko borrokan diharduela mugimenduak arlo ezberdinetan eraginez eta aldi berean gizarte eraldaketa baterako borrokan ere bai. Langile mugimenduekin, emakume mundu martxarekin … elkarlanean aritzen gara mundu mailan ere.

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma