Amaia Aurrekoetxea eta Arantza Vazquez

Migratzaileak herrira, euskarara

talaia10 AmaiaArantza Amaia Aurrekoetxea LAB sindikatuko euskara idazkaria da eta Arantza Vazquez LAB sindikatuko zeharlerroetako arduraduna.
 

 

Don inorrez, horrela du izena Imanol Ubedak 2018an sortu zuen musika proiektuak. Horrela izendatu dezakegu azken urteotan migratzaileekin bizitzen ari garen egoera.  Don inorrez horiei izena jartzetik hasi beharko litzatekeela esaten dugu, hori baita, hain zuzen ere, gure herrira etorri den horri errekonozimendua egiteko bidea. Badirela esateko lehen urratsa. Izena, finean, izana eskuratzeko lehen pausua izan ohi delako. Arinkeriaz jokatu gabe kontuan hartu beharko dira sorterria utzi eta zerotik beste toki baten abiatzera eraman duten faktoreak, eta horiekin lan egiten hastea litzateke egokiena.

Baina bidean ez gara nahasi behar. Migratzaileen integraziorako lan egitea ezin baita inoiz izan gure egunerokoan asimilatzea. Beste herri, kultura, arraza… batzuetako jendearekin elkarbizitza da integraziorako gakoa. Askotan, hemengo kultura inposatu eta kanpotik datozenena ahantzarazteko joera izaten dugu. Hori asimilazioaren integrazio eredua da, hau da, etorkina integratua dago gu bezala bizi denean, asimilatzen dugunean.

Eta marko horretan non kokatu hizkuntza? Nola kokatu euskara?


Ezberdintasunak iritsi zaren tokiaren arabera

Migratzaileen integraziorako lan egitea ezin da inoiz izan gure egunerokoan asimilatzea.
Euskal Herrian egoera oso ezberdinak aurki daitezke iristen zaren tokiaren arabera. Euskararen egoera administratibo ezberdinek guztiz baldintzatzen dute euskara jasotzeko migratzaileek izan dezaketen aukera. Eta, aukera izanda ere, ez da gauza bera herri batera edo bestera heltzea  (adibidez UEMA herri euskaldunen mankomunitateak badauka beste herrialdeetatik  datozen pertsonentzako harrera protokoloa, baina Euskal Herriko herri gehienek ez).

Herrialdez herrialde egoera administratiboa oso ezberdina dela esan dugu. Euskal Autonomia Erkidegotik hasiz; euskarak ofizialtasuna legez onartuta duen arren, ez da lehentasunez eskaintzen. Petra Elser, alemaniar migratzaileak 2019an Hamaika Telebistari eskainitako elkarrizketa batean zera zioen: “Egun harrera bidea HHEk da, eta HHE ematen duen mezua da garrantzitsuena gaztelera dela. Hala ere, HHE laguntza handia da, joan zaitezke bertara, dohainik da, eskaintzen dizute zerbait ikasteko, eta hor egiten den bidea gaztelerara da, eta hor sortu behar dira bideak euskal mundura”.
Lan munduan euskara ez da existitzen, eta migratzaileentzat are gutxiago

Baina, EAEn euskara ofiziala izanik eta gaztelera koofiziala, planteamenduak beste bat behar luke, alegia, HHEra (Helduen Hezkuntzak) sarrera eta eskaintza euskaraz izatea. Horrez gain, euskara ikasteko doakotasun eza ere kontuan hartu beharrekoa da, hainbat alditan zenbait eragilek salatu duten bezala. Beste herrialde batera joan eta bertako hizkuntza ikasteko ordaindu behar izateak ez du zentzu handirik, baldin eta helburua datorrena bertakotzea bada. Zergatik egiten da eskaintza doakoa gazteleraz eta ordainpekoa euskaraz?

Nafarroari begiratuz gero, nabarmentzekoa da euskararen ofizialtasuna oraindik ere Euskararen Legeak baldintzatuta dagoela, beraz, ez dute zer ikusi handirik iparraldeko zonalde euskaldunetan edo hegoaldean jaso daitezkeen eskaintzek.

Ipar Euskal Herriaren kasuan, zer esanik ez. Oraindik orain euskararen ofizialtasuna onartu gabe dago. Frantsesa da estatuko hizkuntza ofizial bakarra, horrenbestez  migratzaileei euskara eskaintzearena kontenplatu ere ez da egiten.


Migratzaileen harreraren ardurak konpartitua izan behar du herritarron eta administrazioaren artean


Batzuetan, badirudi bertakotzearen ardura migratzaileena beraiena bakarrik dela, administrazioak, eta oro har herritarrek,  baliabideak eskainiz nahikoa egiten dugula, bada, ez da horrela izan behar inondik ere.
Gure proposamenetan migrazioa egiturazko gai politiko gisa kokatu beharko da.

Herritarrok, gutxika bada ere, gu/haiek dikotomia gaindituz joan beharko gara. Bide  horretan, ezinbestekoa da etxeko ateak zabaldu eta etorkinei gure sareetan sartzeko aukera ematea. Finean, guk transmititu behar dizkiegu kultura, hizkuntza eta orokorrean euskararen mundu sinbolikoak dakarren guztia.

Horrez gain, administrazioak berak ere asko du egiteko. Helduen euskalduntzean lehenago ere aipatu dugu akats nabaria dagoela, HHEn egiten den migratzaileentzako eskaintza gaztelera hutsekoa baita. Errazago “integratzeko” aitzakia hartuta.

HHEz gain, Lanbide Heziketaren eskaintza ere badago. Egun, eskaintzen den lan formazioaren %85 inguru gazteleraz ematen da. Egoera honetan, nola azaldu Euskal Herrira datorrenari  euskara beharrezkoa dela?

Derrigorrezko hezkuntzan ere hainbat plan daude, besteak beste Ikasle Etorkinentzako Hezkuntza Arretarako Programa edo HIPI (Hizkuntza Indartzeko Proiektuko Irakasleak) proiektua. Biak ala biak migratzaileen bertakotzea errazteko sortuak, euskarara erakartzeko asmoz egindakoak. Baina, Malores Etxebarriak ARGIAn idatzitako artikulu baten honakoa zioen proiektuaz: “Heziketa inklusiboaz ari gara matrikulazio kanpainetan kolore pixka bat sartu eta etorri berriei gure eskoletan behar dituzten baliabideak eskaintzen ez dizkiegunean”.

Horrez gain, kontuan hartzekoa da egungo egoeran proiektu horiek denak kolokan daudela COVID 19ak azaleratutako krisiaren eraginez eta hezkuntza arloko eragileek salatu dituzten murrizketen ondorioz.


Lan munduan zer?

Lan munduaz eta migratzaileez hitz eginez gero, are eta zailagoa da euskara aurkitzea. Orohar lan munduan euskara ez da existitzen,  eta migratzaileentzat are gutxiago.
Euskal Herrian egoera oso ezberdinak aurki daitezke iristen zaren tokiaren arabera.

Lan munduan migratzaileen oinarrizko beharrizanak betetzen ez direla argi dago, eta horrek asko zailtzen du pertsona hauek euskarara egin beharreko hurbilpena. Ala aste beteko kontratuak bata bestearen atzetik harilkatzen, ordutegi jakinik gabe eta hiritartasun paper ofizialik gabe dabilenak euskara ikasteko gogoa izango duela uste al dugu?

Eta ez dago esan beharrik migratzaile asko eta askoren, batez ere emakumeen, eguneroko ogia ezkutuko ekonomiatik datorrela. Datuetan sartzen ez direnak dira horiek. Beraz, nola sartu osatu ezinezko puzzle honetan hizkuntzaren aldagaia?

Lan mundua euskalduntzeko plana aurkeztu berri du Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politikako sailburuordetzak. Plan estrategikoa deritzona. Plana aurrerapauso bat denik uka ezinezkoa den arren, akats nabariak dituela argi gelditu da. Lehenengoa, adibidez, langileen ikuspuntuaz ez duela ezer aipatzen. Izan ere, tamainako plan batek lan mundua osatzen duten eragile guztien parte hartzea bermatua beharko luke, baina kasu honetan arreta gehiago jartzen da enpresen zuzendaritzetan, euskalduntzeak eragin zuzena izango duen langileetan baino.
Zergatik egiten da eskaintza doakoa gazteleraz eta ordainpekoa euskaraz?

Lan munduaren euskalduntzeaz ari direnean zein lan munduz ari diren ere aztertu beharrekoa da. Alegia, ezkutuko ekonomian dihardutenen egunerokoak ba al du lekurik horretan? Edo eta udarako kontratuarekin ostalaritzan lanean dihardutenen egoera ba al dago plan estrategikoan kontuan hartuta?

Argi dago kasu honetan ere, baztertuta gelditu direnak betikoak direla. Hizkuntzaren aldagaia egon badago joko zelaian, baina ordura arte jokatzeko aukerarik gabe zeudenak berriro aulkian gelditzen dira.


Nola eman buelta egoerari?

Egin beharreko proposamenaren abiapuntuan migrazioa egiturazko gai politiko gisa kokatu beharko da. Ondoren, hainbatetan aipatu bezala, migratzaileak subjektu politiko gisa hartu beharko  dira, eta beraiek hitz egin beharko dute, agendan sartu behar diren baldintzak eta neurriak marrazteko. Eztabaida irekitzeko neurri batzuk proposatzen dira ondoren, orokorrenetatik hasita zehatzagoetara:
  • Migratzaileak Lan Harremanen eta Gizarte Babesaren Euskal Esparruaren eraikuntzan sartzeko politikak bultzatzea.
  • Euskal administrazioei eskumen osoak eska eta beregana ditzatela exijitzea, harrera-baldintza propioak artikulatzeko, gure ehun sozio-produktiboaren arabera eta nazioarteko elkartasunaren eta lankidetzaren ikuspegitik.
  • Euskal administrazioei politika publikoetan neurri eraginkorrak har ditzaten eskatzea; Adibidez enpleguan, pertsona migratzaileen diskriminazioari aurre egiteko, emakume migratuen kasuan arreta berezia jarrita.
  • EAEko administrazioei atzerritartasun legearen aurkako jarrera har dezaten eskatzea.
  • Hemen dauden migratzaile guztiei paperak ematea, eta udal-esparrutik hasita botoa emateko eskubidea aldarrikatzea. Eskubideetan berdintasunik ez badago, zaila da integrazioaz hitz egitea.

Euskararekin zer?

Herritarrok, gutxika bada ere, gu/haiek dikotomia gaindituz joan beharko gara.
Hizkuntza politika berri, eraginkor eta betearazle baten beharra gero eta nabariago da. Azken urteetan euskalgintza zikloa amaituta dagoela entzuten da batean eta bestean, baina ez da ikusi erabaki ausartik horrek suposatzen duenari erantzuten hasteko. Euskarak esparruak irabazten joatea nahi bada beharrezkoa da ekiten hasteko plan berria diseinatzea, puntu hauen bueltan:
  • Euskara ikasteko doakotasuna, pertsona migratzaileak gure hizkuntzara hurbiltzeko bide gisa.
  • Formazio profesionala euskaraz eskaintzea, egungo %15eko eskaintza handitzetik hasiz.
  • Lan munduaren euskalduntzerako plan integrala egokitzea, benetan langileek dituzten beharrizanak aintzat hartuz.
Beraz, bidean esandakoak kontuan hartuz, DON INORREZ guztiak norbait izaterako bide horretan asko dago/dugu egiteko. Administrazio orokorretik hasi eta lokaletara, lantegitik hasi eta kalera, etxeetatik tabernetara, norbanakotik kolektibora.

Migratzaileek euskara nahi dute, euskal herritarrok migratzaileak nahi ditugu eta euskarak guztiok behar gaitu. Ekin diezaiogun bideari. Luze bezain emankorra izateko aukera asko ditu eta.

Tags: euskara, migratzaileak, hizkuntza

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma