Solasaldia | LAB sindikatuan antolaketa eremuetan aritzen diren kideak

«Kapitalak, babesgabetasun egoerak baliatzen ditu, langileria ahalik eta gehien estutzeko»

talaia10 Inigo Alonso Iñigo Alonso Gómez (1988, Bilbo) LABeko zerbitzu pribatuetako kidea da.
talaia10 Edurne Larranaga Edurne Larrañaga Celada (1982, Oiartzun) LABeko batzorde sozialeko antolakuntza idazkaria da.
talaia10 Oskar Goldaraz Oskar Goldaraz Moreno (1977, Lizarra) LABeko Erdialde-Erribera eskualdeko Idazkaria.
 

 

Langile migranteen hainbat egoera ezagutzeko aukera dugu aldizkari honetan. Beraien ahotik eta lehen pertsonan irakurri ahal izan ditugu haien bizipen eta esperientziak. Baina ez genuen horretan geratu nahi, eta LAB sindikatuan antolaketa eremuetan aritzen diren kideeekin ere solasaldi bat antolatu nahi genuen. Gure asmoa denak mahai baten bueltan bildu eta solasaldia presentzialki egitea bazen ere, egoerak hala behartuta telematikoki egin behar izan genuen. Edurne Larrañaga, Oskar Goldaraz eta Iñigo Alonsok langile migratzaileen egoeraz mintzatu, sindikalismotik egiten diren edo egin daitezkeen eskaintzez hausnartu eta aurrera begirako erronkez hitz egin zuten, besteak beste.

 

Langile migratzaileen errealitatearen argazkia. Bizi duten egoera, non aurkitzen diren, emakume migratzaileak, pandemiaren eraginak...

Oskar Goldaraz: Migratzaileen egoera oso kaskarra da, lan faltagatik, jardunaldi oso luzeak dituztelako, presioak, mehatxuak...
Gure eskualdean batez ere nekazaritzan, zaintza lanetan eta kontserbetan egiten dute lan. Behin behineko lana dute gehienek, nekazaritza kanpainei loturik batez ere. Horregatik oso ziurgabetasun egoera handiarekin bizi dira.
Pandemiari dagokionez, nekazaritzan ez da hainbeste sentitu, produktua jasotzea ezinbestekoa baita. Baina bai, aldiz, zaintza lanetan. Batez ere emakumeek egiten dituzten zaintza lan horietan ordu murrizketak eta kaleratzeak eman dira.

Iñigo Alonso: Zuk diozuna Bilbon ere nabaritu da. Erregimen agrarioaren inguruan asko ikasi behar izan dugu, hiriguneetan zeuden langile migratzaileetako asko, lan faltagatik, nekazaritza kanpainak egitera joan behar izan baitira (marrubiarena, gereziena...).
Nire esparruari, zerbitzu pribatuei, begiratuz gero, migratzaile gehien egon daitezkeen sektoreak ostalaritza eta eraikuntza dira.  Nire kasuan ostalaritzakoekin daukat kontaktua batez ere; hoteletako zerbitzariekin, tabernariekin, frankizietako langileekin (gehienak etorkinak, enpresako goi karguak ezik, hauek beti gizon zuriek betetzen baitituzte) eta orain pandemian “modan” jarri diren riderrekin.
Lan hauen argazkia egitekotan, babesgabetasun oso altua dutela esango nuke. Eta, Kapitalak, babesgabetasun egoera horiek baliatzen dituela, langileria ahalik eta gehien estutzeko, ohiko zapalkuntzari buelta bat gehiago emateko. Migratzaileek badituzte berezko zailtasun batzuk: sarritan aitortu gabeko lanetan ibiltzen dira, gizarte segurantzako erregimenetik kanpo, hizkuntza ez dute menperatzen... eta egoera hori baliatzen du Kapitalak bere etekinak maximizatzeko.
Gainera, aitortutako lana duten horiek (zeren eta beste kolektibo batzuk, manteroak edo sexu langileak kasu, ez daude aitortuak) normalean ez daukate bere osotasunean onartua. Ostalaritzan oso  ohikoa da hori, hiru ordutako lanaldi ofizialak izatea, paperak lortzeko aitzakia horrekin. Eta hortik aurrera 40 ordutik gorako lanaldiak egitera behartzen dituzte, kontratuari eusteko.
Horrez gain, esango nuke logika berdinean erabiltzen dela babesgabetasun hori emakumeen jazarpenean sakontzeko, baita jazarpen sexualerako ere. Horrelako portaerak pairatzea ohikoagoa izaten da emakume migratzaileen kasuetan, jazarpen hori “errazagoa” delako nolabait bahituta daudelako lan kontratua mantentzera.

Pandemiaren eraginez egoera berri bat sortu baino, aurretik zetorren krisi estrukturala agerian geratu da

Edurne Larrañaga: Esango nuke, aipatu den guztiari lotuta, azkenean pandemiaren eraginez egoera berri bat sortu baino, aurretik zetorren krisi estrukturala agerian geratu dela, eta egoera larrian zeuden pertsonen egoera are eta gehiago kaskartu dela. Eta uste dut langile migratzaileen kasuan nabarmen eragin duela.
Azken finean, mundu mailako ordenu berriaren forma politiko, ekonomiko, kultural eta militarrak inpaktu zuzena du beraien bizitzengan. Migrazio fluxuak, baita Euskal Herrira datozenak ere,  mundu mailan dagoen aberastasun banaketa desorekatuaren ondorio dira.    Beraz, uste dut migrazioarena auzi estrukturala dela, ez dela orain sortzen den zerbait, esan bezala orain modu ageriago batean islatzen den arren.
Emakumeetan zentratuz gero, baldintzak are okerragoak dira. Egoera zaurgarrian dauden langileak izanik, eremu ezberdinetan dira kolpatuak. Alde batetik, lan baldintza duinetara sarbiderik ez dute, eta horrenbestez lanaren bitartez ez dituzte nahikoa diru sarrera lortzen bizitza duin bat izateko. Adibidez, etxebizitza eskubidea ez dute bermatua, elikadura osasuntsu baterako eskubidea ez dute bermatua, oinarrizko eskubideak (osasuna, hezkuntza) urratuak dituzte, lan baldintzei dagokienean esan dute Oskarbi eta Iñigok zein den beraien egoera...
Horri eremu sozialean ematen den estigmatizazio eta kriminalizazioa gehituko nioke, aurretik bazegoena, baina uste dut egoera honetan areagotu dena.
Honi loturik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik gure ustez urgentziazkoak ziren aldarrikapen batzuk kaleratu genituen, bizi izan dugun egoerari erantzuteko oinarrizkoak. Eta lehentasun gisa administrazio egoera irregularrean edo eta ezkutu lanean dabiltzan pertsona horien erregularizazioa kokatu genuen.

I.A: Nik argazki hori osatzeko, eta emakumeek jasaten duten babesgabetasun handiago horrekin loturik, zaintza lanak beraien kargu geratzen direla gehituko nuke, eta horrek beste puntu bat ematen die dauzkaten beldur eta ziurgabetasunei. Edozein elementuk  ez baitauka eragina  beraiengan bakarrik, baizik eta zaintzapean dauzkaten horiengan ere.
 
O.G: Nabarmendu nahiko nuke Patronala nahiko eroso dagoela egoera honetan. Adibidez nekazaritzan, non, sarritan, langileak antolatu gabe egoten diren, sakabanaturik lanean. Horretaz aprobetxatzen dira, beraien garaipena da.  Azken boladan, batez ere nekazaritza eta kontserbetan, LAB da beraien etsaia. Eta guk ilusioz beterik jarraitzen dugu, baina zailtasun handiak jartzen dizkigute, hortik ateratzen baitituzte beraien onurak. Nafarroako eskuma (lur-jabe handiak) LABen indarraldia eusten ari dira.

I.A: Esango nuke nolabaiteko zirkulu bizioso bat ematen dela. Normalean nolabaiteko ziurtasun batzuk bermatuak dituenak, edo nolabait ahaldundua dagoenak, minimo bitalak aserik dituen horrek borrokatzen ditu bere eskubideak.
Baina, lehen mailako beharrak aserik ez dituenak, beste eskubide batzuen aldeko borroka bigarren edo hirugarren plano batean kokatzen du, ez duelako berehalako behar gisa. Orduan nahiz eta lana izan, sarritan ez dira pobrezia egoeratik ateratzen. Hori baldintza onak dituzten sektoreetan ez da gertatzen, aukera, indarra, denbora eta gogoa baitute beraien eskubideak defendatzeko.


Sindikatuaren eskaintza errealitate honen aurrean. Nola borrokatu migratzaileen aurkako diskriminazio eta  prekarietatearen aurka. Sindikalgintzatik garatu beharreko diskurtso zein praktikak.

E.L: Orokorretik hasiko naiz eta joango zarete adibide konkretuak gehitzen. Uste dut, lehenik eta behin, ni /zu, ni/zuek hori apurtu beharko genukeela eta GU berri bat eraiki. Esan nahi dut, migratzaileen egoera espezifikoaz hitz egin behar da, hitz egin behar da dituzten lan baldintza  edo bestelako baldintza sozial espezifikoez, baina uste dut apurtu behar dugula ni/zu horrek sortzen duen urruntasun horrekin. Horrek sindikatuari diskurtso berritu bat egitea eskatzen dio.  Uste dut bide horretan urrats batzuk eman ditugula,  nahiz eta ez garen nahi genukeen tokiraino iritsi oraindik.
Guk klase sindikatu bezala egoera espezifikoei erantzun behar diegu, eta egoera espezifiko horretan dauden kideei antolaketarako esparruak eskaini. Sindikatu sozio-politikoa gara, Euskal Herria beste modu batera eraiki nahi dugu, eta horrenbestez, egoera zaurgarrian dauden kolektiboak zentroan kokatu behar ditugu, adibidez gure programa sozioekonomikoaren baitan. Esplizituki egon behar dute. Politika publikoen inguruko interpelazioak egiten ditugunean, proposamen politikoak egiten ditugunena... ezin dugu gai hau burutik kendu, etengabekoak izan behar du egiten dugun ariketa horrek.
Horrez gain, sindikatuaren baitan ere migratzaileek hitza izan behar dute.  Beraiek entzunez  asko ikasiko genuke. Eta oso garrantzitsua da sindikatuak dituen borrokarako tresnak partekatzea, ahalduntze horretarako ezinbestekoa.

Gai honetan aliantzak garatzen jarraitu behar dugu, herri eta auzo guztietan.

O.G: Iruñerrian azken hilabeteetan (pandemia aurretik), Txoko deituriko proiektua sortu genuen. Ideia migratzaileekin harremanetan egoteko espazio bat sortzea zen, hurbilpen hori emateko. Badakigu nahiko zaila dela, azken finean ordu asko egon ohi dira lanean, igandetan kanpainetan... Horrelako egoeretara moldatzeko gai izan behar gara. Guk adibidez, beharrezkoa izan denean, igandetan egin izan ditugu bilerak, arratsaldez, guztiok bildu ahal izateko. Orain Iruñerriako Txoko horiek  Nafarroa osora zabaltzea da gure asmoa. Pandemiak baina, guzti hau asko zaildu du. Krisi honek lehendik zegoen distantzia handitu egin du, zoritxarrez.

I.A: Uste dut hau ez dela sindikatuaren arazo bat bakarrik, ezker abertzale guztiaren arazo bat dela baizik. Ez gara migratzaileen gaiaren espezifikotasunak behar bezala txertatzeko gai izan.
Hainbat tope izan ditugu bide horretan. Alde batetik, uste dut paternalismoarekin jokatu dugula. Beti gogoratzen dut Venezuelar batek esaten zidana: “la verdadera revolución se hace en la lavandería”. Beraiekin egon beharko gara eta entzuten jakin. Hori ezinbestekoa da. Ezin gara lau gizon zuri bildu eta migratzaileen gaiarekin zer egin dezakegun pentsatu.
Horrez gain, borroka moldeen gaia ere kontuan hartzekoa da. Niri grazia egiten dit, baina beraiek errebindikatzeko ohitura propioak dituztela kontuan izan behar dugu, gureen oso desberdinak izan arren. Kartelekin bueltak eman, galderak oihukatuz... nire burua ezeroso ikusi izan dut horrelako egoeraren batean, baina ulertu behar dugu molde horiek erabili beharko genituzkeela, beraiek propio sentitzen dituztenak.

E.L: Aldi berean, sindikatua bera ere egoera espezifiko hauei erantzuteko nola antolatu behar dugun pentsatu beharko genuke. Hor argi dago, ekintza sindikalean lan zentroetan ematen diren diskriminazio eta prekarietate egoerei aurre egiteko antolatu behar garela. Eta balioan jarri nahiko nuke etxeko langileen eremuan, nekazaritza sektorean, ridersetan... egin den lana. Gatazka konkretuei lotuta antolatzen hasi gaitezkeela erakusten dute adibide hauek.
Horrez gain, kontuan izan behar dugu gure azken eztabaida prozesuan ekintza sozialeko egitura sortzea erabaki genuela, eta uste dut egitura hau badela egoera espezifiko honi sindikatu bezala erantzuteko tresna egokia. Azken finean, sindikatua gara, eta lan baldintzei erreparatu beharko genieke, baina egoerak eramaten gaitu oinarrizko bizi baldintzak kolokan dauden bitartean hauek modu integral batean ulertu eta sindikatu gisa borrokatzera.

I.A: Beste alde batetik, uste dut sindikatuak hizkuntzaren eta komunikazioren ikuspegitik elementu batzuk birpentsatu beharko lituzkeela, eta ez nago gaztelerari buruz hitz egiten soilik.
Adibidez, greba orokorrean Bilbon LABek txinatarrez, woloferaz, eta arabieraz atera zituen hainbat material. Afrikatik datorren populazioaren zati handi batek frantsesez dihardu eta eman ditzake urteak Bilbon gaztelania ikasi gabe, ez pentsa euskara. Horri buelta bat eman beharko genioke. Integratzeko beharrezkoa da elkarren artean ongi komunikatzea eta beraiekin ongi komunikatu ahal izateko baliabideak edo tresnak behar ditugu.

Sindikatuak hizkuntzaren eta komunikazioren ikuspegitik elementu batzuk birpentsatu beharko lituzke (...) ongi komunikatzea ezinbesteko baita

E.L: Ados nago diozun horretan, baina kontuz ibili behar gara, eta argi utzi hemen euskara ez dela oztopo, euskara ezin dugula ulertu oztopo gisa, euskara zapaldutako hizkuntza bat baita. Gurea eta lehentasunezkoa beharko lukeena zapaldua dago. Uste dut borroka eremua ez dela hori. Euskara ezin dugu oztopo bezala proiektatu, eta beste hizkuntzekiko hartu eman horretan zein tresna behar ditugun pentsatu beharko genuke.

I.A: Formulak pentsatu behar ditugu euskararen normalizazio horretara beste hizkuntzetatik datorren jendea erakartzeko. Badago gure kide bat, Erika, izatez Kolonbiarra - urteak daramatzagu batera borrokan-, eta berak zioen: a ze ederra euskara, erakutsi beharko didazue. Hori da izan dezakegun enbaxadorerik onena.


Aurrera begirako erronkak. Langile subjektuaren berrosaketa, migratzaileekin harreman eta aliantzak.

O.G: Esango nuke erronka handiak ditugula aurretik. Baina, aldi berean, zailtasun handiak ditugula ere badakigu: ordutegiak, egutegia, ezberdintasun kulturalak... eta orain, gainera, pandemia. Hala ere, gogoak jarriz gero lortu daiteke, hori izan behar da gure jarrera eta anbizioa. Gai honetan aliantzak garatzen jarraitu behar dugu, herri eta auzo guztietan.

Ezker abertzaleak, mugimendu eraldatzaile bezala, ez du gai honetan zuen potentzialitatea askatzeko behar besteko indarrik jarri.

E.L: Hasteko, Ezker Abertzale bezala autokritika egitea garrantzitsua da. Gu, ezker abertzaleko komunitatea, oso gure inguru gertuenera begira ibili gara, testuinguruak hala behartuta. Horrek, ziurrenik, gure perspektiba mugatu edo baldintzatu egiten zuen. Ezker abertzaleak, mugimendu eraldatzaile bezala, ez du gai honetan zuen potentzialitatea askatzeko behar besteko indarrik jarri. Dena den, ezker abertzalearen ibilbide eta norabide politikoaren esentzian beti egon da periferian zeuden borrokak zentroan kokatu beharra, intersekzionalitatea. Nik uste feminismotik ekarpen handia egin dela zentzu horretan. Estrategia politikoa egungo egoerara egokitu dugunean eta askapen prozesua termino sozialagoetan eraikitzen ari garen honetan, autokritikatik, bide hori azkartu behar dugula ere ondorioztatu dugu.
Orain, bai egoerak behartuta, bai hausnarketa egin dugulako, horretaz konturatu gara. Konturatu gara periferietan zeunden hainbat borroka zentroan kokatu behar ditugula. Feminismotik ikasi dugu hori, autokritikatik.
Gure borroka nazionala, askapen borroka da, pertsona eta herri bezala askatuko gaituena. Baina, aske ez gara izango pertsona guztien eskubideak bermatuak ez dauden bitartean. Ez da egongo euskal demokraziarik, elkarrekin eraikitzen ez badugu.
Guk estatu bat aldarrikatzen dugu. Hori bai, estatu bat eraiki daiteke modu batera edo bestera. Estatu bat izateak ez digu, berez, politika publikoak beste modu batekoak izango direnaren ziurtasunik ematen, bai ordea beharrezkoak ditugun tresnak edota ahalmen legegile osoa erabakitzen duguna egikaritzeko. Horregatik uste dugu gaurdanik, estatu horretaranzko bidean, burujabetza prozesuan, agenda sozial bat kokatu behar dugula zentroan. Eta agenda sozial horretan etorkinen eskubideak proposamen politikoan integratuta egon beharko direla.

Krisi honek lehendik zegoen distantzia handitu egin du, zoritxarrez

I.A: Nire ustetan LABi dagokio ezker abertzalearen baitan, klase subjektuaren berrosaketa horretan  aitzindari eta erreferente izatea, beste gai askotan izan den bezala.  Eta gaur egun ezin daiteke ulertu klase subjektu bat migratzaileak aintzat hartu gabe.
Klase subjektuaren berrosaketaren erdigunea izan behar da LAB, lanaren munduan jarduten duelako, eta horrenbestez, errealitatetik gertuen dagoen hanka litzatekeelako ezker abertzalearen baitan.
Bide horretan, kontuan izan behar dugu normalean migratzaileak antolatuta egon ohi direla, modu formal edo informalean, kutsu politiko edo kritikoa duten erakundeetan, edo lagunartean. Beraien antolakuntza propioak dauzkate. Guk ez daukagu beraientzat harrera sistemarik, baina migratzen duen jendeak beraien artean antolatu ohi dute harrera sistema bat. Badaukate nolabaiteko harrera estruktura bat osatuta.
Gu hori baliatzeko gai izan beharko ginateke. Bilbon badaude hamarnaka erakunde formal migratzailez osatuta. Hor garatu beharko genuke aliantza politika, erreferentzia bilakatu, arrotza izan daitekeen horrengana gerturatu.

Periferietan zeunden hainbat borroka zentroan kokatu behar ditugu. Feminismotik ikasi dugu hori, autokritikatik.

O.G: Egia da. Oso antolaturik daude. Eta horrek harremanak asko errazten ditu. Zu batekin harremanetan jarri zaitezke, eta  bere bidez inguru osora hurbildu, oso harreman estuak baitituzte.

E.L: Baina sarritan ordutegi ezberdinak, kultura ezberdinak, harremantzeko modu ezberdinak... ditugu. Dena. Uste dut gure esperientzia batzuek, Kartak kasu, bide hori nola egin asko erakutsi digutela, bidea elkarrekin egin behar dugula eta ez sartzen utzi.

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma