Agurne Gaubeka, Haizea Solagurenbesakoa eta Maddi Arrieta

Sindikalgintzatik turismo-ereduaz mintzo


talaia06 agurne gaubekaAGURNE GAUBEKA ERAUSKIN (Bermeo, 1984) Bizkaiko Merkataritza sektoreko arduraduna
 
talaia06 haizea solagurenHAIZEA SOLAGURENBEASKOA ALKORTA (Donostia, 1989) Gipuzkoako Merkataritza eta Ostalaritzako kidea
 
talaia06 maddi arrietaMADDI ARRIETA LAKA (Donostia, 1993) LAB sindikatuko Donostiako Ekintza Sozialeko arduraduna
 

Eguraldi ona agian ez, baina uda iritsita, turistaz bete da Donostia aurten ere. Mugimendu etengabea sumatzen da Egiako autobus eta tren geltokien inguruan. Motxila handiak bizkarrean patxadaz dabiltzanak, gurpildun maletarekin karraka doazenak, hortxe bertan dagoen turismo bulego kanpoaldean euren txandaren zain ilaran daudenak...

Tabakalera etengabeko joan-etorri horren lekuko izateko luxuzko talaia da. Izan ere, turismo eredua pil-pilean dagoen gaia da, sindikalgintzatik ezinbestean heldu beharrekoa. Eta turistak inguruan kuxkuxean genituela, gaiaz luze aritu gara LABeko hiru kiderekin: Bizkaiko Merkataritza Sektoreko arduradun den Agurne Gaubekarekin, Donostiako Ekintza Sozialeko arduraduna den Maddi Arrietarekin eta Gipuzkoako Merkataritza eta Ostalaritzan dabilen Haizea Solagurenbeaskoarekin.

 

 

 

Behin-behineko kontratuak, lanaldi amaigabeak, soldatak baxuak, behin-behinekotasuna... prekarietatea turismoaren egiturazko elementua da ala indarrean dagoen turismo ereduarena? Posible al da baldintza hauek erreproduzitzen ez dituen turismo eredu bat?

Agurne: Turismoak toki bakoitzean duen edo izan dezakeen eragina aztertu behar dugu. Horren arabera eredu bat edo beste landu genezake. Zer pasatzen da gaur egun? Eredu bakarra dagoela eta hori prekarietatea dela. Gainera, ze turismo jaso nahiko genukeen birpentsatu beharko genuke. Baina turismoaren aldeko apustua egin nahi bada, kontratazio eredua, malgutasunaren ikuspegia etab. berrikusi egin beharko lirateke, baita negoziaketa kolektiboa eta hori dena erregulatzea lortzeko piztu beharreko borrokak ere.

Maddi: “Turismoak prekarietatea dakar?” galderari erantzunez, badirudi gaur egun ezagutzen dugun turismo eredu bakarra hau dela eta kapitalismo berriari ateak irekitzen dizkion turismo eredu bat dirudi. Nik uste dut badagoela hainbeste prekarietate ez duen bestelako eredu bat egiteko aukera. Baina horretarako beharrezkoa da egiturazko arazoaz ohartzea: ez dela hainbeste turismo eredua, baizik eta ze logikaren arabera funtzionatzen dugu. Ikuspegi aldaketa orokor bat behar da.

Haizea: Gainera egungo ereduak turista jartzen du erdigunean eta, beraz, harentzat ahalik eta aukera eskaintza zabalena, ahalik eta erraztasun handienak. Horrek zerbitzuak euren behar, antoju eta nahien arabera egokitzea eskatzen du, eta ondorioz, langileek euren lan baldintzetan pairatzen dute. Egia da orain arte udan kontzentratzen zela, baina Donostian gutxienez joera hori urte osora luzatzen ari da eta hainbat sektoretan, ostalaritzakoan esate baterako, bereziki jende gaztea dabil, aldi baterako kontratuen portzentaia hazten ari da eta lanean dauden baldintzak ere oso adierazgarriak dira. Kontratuan 20 ordu jarrita ere 40 betetzen dituzte, soldata bat daukate baina gero B-an beste zati bat kobratzen dute; beltzean kobratzen duten hori beti da gauean ordu gehiago egiteagatik edo lar karga gehiago hartzeagatik... Beraz, turismo eredua aldatuko baldin badugu,  paperak aldatu behar dira: egun turista erdigunean baldin badago, langilea erdigunea egotea da planteatu behar dena. Langilearen bizi eta lan baldintza duin batzuen harira, zer nolako baldintzak sortu behar diren da hausnartu beharrekoa eta negoziaketak ere horren arabera eman behar dira. Gaur egun eztabaidarako faktoreak kanpotik jartzen dizkigute: ez dakit zenbat turista datozela... Buelta eman behar diogu: langileak egin behar dituen ordu kopurua, gutxieneko baldintzak adostu eta horiek jakinda, zerbitzu mota bat edo beste bat emango da eta beharrezkoa baldin bada, kontratazioa areagotu.

“Egun turista erdigunean baldin badago, haren ordez langilea egon behar da”

A: Beste gako bat da “turismo” hitza aipatzen dugunean zerbait masiboa datorkigula burura. Horregatik euskal jendarteak zein enpresek Mediterraneoko turismoan pentsatzen dute. Baina hori da guk nahi duguna? Kasu horretan turismoa erakartzeko guk ez dugun zerbaitekin lehiatzen ari gara: eguraldi ona. Zer egin beharko genuke horrekin lehiatzeko, oso turismo merkea sustatu? Lan baldintzak are gehiago prekarizatzea dakar horrek. Masiboa izateak merkea izatea eskatzen du eta hori aldatu beharko genukeen elementu bat da.

M: Herriz herri turismoa bertako ezaugarrien arabera aldatu egiten da eta horri dagokionez, Euskal Herrian aniztasun handia dago. Donostian sustatzen den turismo eredua ez da batere merkea, oso elitista da, hau da, oso jende gutxiren eskura dagoen turismo bat da eta oso garestia bilakatzen da herritarrentzako, azkenean bizitza bera garesti bilakatzen baita. Dela supermerkatura joatea, dela etxebizitzaren prezioa, dela edozer gauza. Beraz, zentzu horretan, langileaz gain, herritarra jarri beharko litzateke erdigunean, bizitza bere osotasunean dagoelako kolokan geratzen dena.

A: Deigarria da Donostian turismo elitista horretan apustu egin bai, baina lan baldintzak ez direla onak. Gakoa turismoan jarduten duten langileak merkeak izatean dago.

H: Mito bat deseraikitzeaz ari gara: turismoak dirua dakar, aberastasuna dakar. Aztertu beharko litzateke aberastasun hori zeini eta nola bideratuta dagoen. Soldata igoerak planteatzeko gero eta zailtasun gehiago daudela ikusten ari gara edo hainbat hitzarmen izoztuta egoteagatik langileek soldatak izoztuta eduki dituztela azken bost bat urteetan, ostalaritzan adibidez. Azpikontratazioaren bidez ere merkatzen dituzte langileak. Turismo eredu honek poltsiko konkretu batzuetara dakar dirua. Enpresa txikiak marka handien aurrean desagertzen doazen heinean, aberastasun hori kanpora doa.  

A: Beste gako bat da hori: zenbat diru publiko inbertitzen dugun turismoan eta trukean zenbat  itzultzen zaien herritarrei eta zenbat geratzen den poltsiko konkretu batzuetan. Guggenheim museoan gertatu zena adibide argia da: Guggenheim Fundaziora diru publikoa bideratu da, baina langileek hortik ez dute ezer jaso, 5 euro kobratzen zuten ordua. Langile formatuak, hezitzaileak, hainbat hizkuntza hitz egiten dituztenak... Nora joan da diru publiko hori? Kontratatzen zituen ETTetara eta fundaziora.

M: Are gehiago okertzeko, hemen egiten ari den politika turistikoa km. 0 filosofiakoa den engainua saltzen digute. Baina ze kilometro 0 filosofia egiten ari da? Diru guztia poltsiko gutxi batzuetan gelditzen baldin bada... Egia da hemengo jendea dela ez dakit zenbat hotel eraiki, ez dakit zenbat pisu alokatu eta ez dakit zenbat frankizia irekitzen ari dena, baina hala ere, gutxi batzuk dira. Horrelako engainu piloa sartzen dizkigute.

“Turistari eguneko hogeita lau orduetan eta asteko zazpi egunetan zerbitzu guztiak eskuragarri jartzea da helburua”

H: Jai egunetako irekierak horrekin lotuta daude: turistari eguneko hogeita lau orduetan eta asteko zazpi egunetan zerbitzu guztiak eskuragarri jartzea da helburua. Euskal Herrian zorionez errotuta eta irabazita dagoen zerbait izan da jai egunetako deskantsu itxiera eta ez kontsumitzea. Baina azken urteetan  eraiki dugun kultura hori eraisteko arrakalak sortzen ari dira. Hainbat enpresa zein marka handi jai egunetako irekiera sustatzen ari dira, urtean zehar egun zehatzetan irekiz edo ordutegiaren liberalizazioaren bidez. Mendebaldetik datozen kanpaina erraldoiak ere horren parte dira: Black Friday, Shopping gauean edo dena delakoa. Horrek dendak normalean baino ordutegi zabalagoz irekita egotea dakar, gauera arte luza daitekeena edo igandeetan bertan ere irekitzea. Donostiaren kasuan, adibidez, Estrellaren denda edo Zurriola pasealekuan asteko zazpi egunetan goizeko 9etatik goizaldeko ordu biak arte irekitzen duen Supercorra. Horrek zirkulazio bat ekartzen duela esaten da, inguruko dendei onura egiten diela horrek. Baina epe motzeko zerbait dela ikusten ari gara. Azken batean aldameneko komertzio txikiak ere zailtasunak izango dituelako Supercorrek duen gaitasunarekin lehiatzeko: Zurriolan bertan lokalek eduki dezaketen prezioa, ordu gehiago irekita egoteagatik sortzen diren erraztasun erreferentziak, produktu merkeagoak... Ez da berdina elementu hauei autonomo edo enpresa txiki bat izanda aurre egitea edo multinazional oso bat atzean edukita. Zirkulazio mota berri bat sortzen da, baina beharrezkoa ez dena. Ohitura batzuk oso barneratuta daude gurean, inkestek erakusten dute kontsumitzaileek ez dutela ordutegien zabalpenik eskatzen eta dena dagoela kanpotik datozen turistei bideratuta dagoela, kontsumoa erdigunean jarriz.

“Inkestek erakusten dute kontsumitzaileek ez dutela ordutegien zabalpenik eskatzen”

A: Deigarria da jai egunen inguruko legedian, 150 metro karratu baino gutxiagoko komertzioek EAEn bazutela nahi adina ordu eta egun irekitzeko eskubidea. Aldiz, estatu espainiarrak Olde Handiko Turismo Zonaldeen Legea ateratzen du eta honen bitartez 150 metro karratu baino gehiago dituzten komertzioei berdina baimentzen zaie. Beraz, benetan ari da sustatzen kanpotik datozenek bertako produktuak erostea? Argi ikusi da zonalde turistikoak ezarri diren tokietan, adibidez Madrilen edo Valentzian: gune komertzial zehatz batzuk sortzen eta irekitzen joan da, baina auzoetako komertzio txikiak ixten. Turismoa multinazionalei mugak ezabatu eta lan baldintzak malgutzeko aitzakia gisa erabili dute.

H: Zentzu berean, auzoen identitate eta konposizioak erabat aldatzen dira. Donostiaren kasuan, kostalean edo erdigunean dauden espazioetan kontsumorako edo aisialdirako eskaintza bat dago, baina merkataritza zentroak eta hotel handiak horrelako guneetan kokatzen dira. Horren eskutik dator prezioen garestitzea, alokairuen igoera... eta bertan bizi garen auzokide eta langileoi gerrikoa estutu eta sakrifizio handiak egitea edo ezinbestean periferiako auzoetara mugitzea besterik ez zaigu geratzen. Ondorioz, auzo horiek hustuz doaz, zenbait zerbitzu izateari uzten eta hiriaren erdigunean zentralizatzen da dena.

A: Oraingoz hau hirietan gertatzen ari da. Baina zonalde turistikoen legediari begiratuz gero, zonalde turistikoak edozein udalerrik izendatu ahal izango ditu,  monumentu historiko bat edo bidaiarien portua duen edozein herriri zaiolako legea aplikagarri. Beraz, Euskal Herriko hainbat txokora heda daiteke.

 

talaia06 solsaldia


Azken urteetan gatazka desberdinak piztu dira turismoarekin lotutako sektore desberdinetan. Zer dela eta? Zeintzuk dira borrokatzeko zein negoziatzeko zailtasun eta indarguneak?

A: Aintzat hartu beharreko lehen elementua sektore hauetan jarduten duten langileek borrokatzeko duten gaitasuna da. Esan dugun bezala, oso lanaldi partzialak dira, jendea sektore honetan sartu da beste aukerarik izan ez duelako edo beste sektoreren batetik kaleratu dutelako, krisiak harrapatu ditu eta sektore honetan edozein baldintzatan sartu dira. Sindikalgintzatik zer eskaini ahal diegu, ze ekintzak sindikal egin dezakegu edozein baldintza onartzeko prest dagoen norbait laguntzeko? Hala ere, pizten hasi dira. Esaterako, lehen aipatutako Guggenheimeko kasuan. Hezitzaile eta gida turistikoen sektorean inoiz ez zen borrokarik aurrera eraman, baina hasi zirenean, ETT baten bidez kontratatuta zeudenez, kaleratu egin zituzten. Beraz, nondik jo dezakegun argitzea erronka handi bat izango da sektore hauekin.

“Donostian turismo elitistaren alde apustu egin da, baina soldatak ez dira igo”

H: Gipuzkoaren kasuan, Hitzarmenaren negoziaketaren harira hoteletan dagoen egoera loratu da. Gainera, hedapen bidean dagoen merkatu bat izanda, bere garrantzia dauka. Orain arte Gipuzkoan hoteletako langileentzako hitzarmen propio bat egon da, baina azken urteetan hainbat zerbitzu azpi-kontratatzeko joera antzeman dugu: dela garbiketa, dela sukaldearen antolaketa... Azpi-kontratatutako langile horiei ez zitzaien zertan Hoteletako Hitzarmena aplikatu. Hotel berean lan berdina egiten dauden pertsonek oso baldintza eta soldata ezberdinak izatea ikusi izan dugu. Gainera ez da une zehatz batean, testuinguruak behartuta gertatu den zerbait, egiteko modu baten abiapuntua baizik. Hoteletako langileek, azpikontratatuta egonda ere, lan berdina egiten dutela ulertuta, lehentasunezko borroka bat izan da soldata eta hitzarmena hobetzeaz gain, azpikontratatutako langileei hitzarmen bera aplikatzeko konpromisoa lortzea. Azkenean, kostuak nola gutxitu zen gakoa eta patronalak izugarrizko aurpegia eduki du adierazpenak egitean: sektoreak zailtasunak zituela esaten, komunikabideek etengabe bonbardatzen gaituztenean turismo uholde bat dagoela eta datuek frogatzen dutenean gero eta jende gehiago datorrela. Beraz, arrazoi ekonomiko hori ez dago, borondate eza eta diru gosea baizik.

Langile mugimenduak ondo jakin izan dugu Donostian ospatuko zen turismoaren goi gailurrak eskaintzen zigun abagunea borroka eraginkortzeko baliatzen. Garrantzitsua da sektoreak dituen zailtasunez gain, borrokarako indarguneak identifikatzea: gaur egun turismoa oso agerikoa da, oso publikoa, borroka horiek kanalizatuz gero, ekimen puntualek min handia egin dezakete. Azken baten, sektore turistikoak zein administrazioak irudiarekin asko jolasten dute. Begira Euskal Herria, ze polita, ze garbia, ze bakean, gatazkarik gabe, pasaia urbanistiko garbia, margoketarik gabe... Argazki horren erdian langile gatazka bat lehertzeak sekulako mina egiten du eta, beraz, inplikazioa ere handitu egiten da. Aukera bat dago hor, gatazkak lehertu eta sozializatzeko abaguneak zeintzuk izan daitezkeen identifikatzea. Saltzen diguten guzti horren azpian dagoena zer den eta zerk mantentzen duen aireratzeko: kalea garbi dago horretarako langileak daudelako dela, hoteletan zirkulazioa badago langileek aurrera ateratzen dutelako dela... beraz, euren baldintzak erdigunean jarri behar direla, ezer ez delako dohainik.

M: Beste gako bat turismo eredu honi aurre egiteko subjektu baten baitan bateratzea izan behar da. Baldintza desberdinetan, lan desberdinetan dauden herritarrak batuko dituen subjektu bat, direla langileak, langabetuak, ikasleak, pentsionistak, haurrak... Turismoko Goi Bilera Donostian izan zenean, sekulako aukera ikusi zen: hoteletako deialdia egin zen, politikariak eta enpresariak erabat urduri zeuden ea euren negozioaz zer izango ote zen eta, aldi berean, atxikimendu handia batu zuen mugimendu edo plataforma herritar bat sortu zen.  Biak elkar uztartu eta babestu zitezkeela ikustean, grina handia egon zen. Azkenean, zorionez, hitzarmena lortu ahal izan zen, baina elkarrekin ekiteko eta indarrak batzeko irrika zegoen.

“Turismoa oso agerikoa da, oso publikoa, ekimen puntualek min handia egin dezakete”

A: Borroketan eta ekintza sindikalean sortzen den edozein eztabaidak Eusko Jaurlaritzarengan eraginen bat duela ikus dezakegu. Adibidez, Donostian egin dituzten azken adierazpenak gugandik hartutako ideia batekin izan da: turismo jasangarria. Beste kontu bat da hori zelan egikaritzen duten, aurpegia zuritzeko bakarrik. Baina birritan pentsatzen dituzte mugimenduak.

 


Turismoaren fenomenoa gero eta nabariagoa da Euskal Herriko txoko desberdinetan, batzuetan aspalditik pairatzen hasitako kontua izan arren. Konturatu orduko, olatuak harrapatu gaitu, eta berton tradiziozkoak izan diren beste sektore batzuk alboratzen ari da. Ze arrisku eta ondorio ditu batez ere turismoan oinarritzen den ekonomia ereduak?

A: Turismo zentralista bat da bultzatzen ari dena. Inguru bakoitzaren ahulguneak eta indarguneak aztertu behar ditugu argitzeko ea bertan turismoaren sektorean inbertitzeko aukerarik dagoen ala ez.   Kontua da estatu espainiarra turismoa ezartzean tematuta dagoela. Alde batetik horrek Madrilen boterea metatzeko aukera ematen diolako, bai lan erregulazioan, bai enpresen eta ekonomiaren erregulazioan... Hemen beste eredu bat gauza daitekeen aztertu eta horretarantz jo beharko genuke. Trenak harrapatu gaitu, sinistu egin da turismoa dela krisitik aterako gaituen sektorea.

H: Turismoaz edo turismoak jokatzen duen paperaz hitz egiten dugunean garrantzizkoa iruditzen zait, eta bereziki burujabetza prozesu bat proposatzen duen ezkerreko mugimendu independentista baten ikuspegitik, Euskal Herri burujabe bat izateko zein behar ditugun eta nola garatu nahi ditugun. Turismoak ezinbestean kanpoko dependentzia dakar: turistarik ezean, turismorik ez dago eta zirkulazio hori ez dago gure esku. Beraz, soilik turismoarekiko apustu egiteak burujabetza galera ekar dezake. Egun indartzen ari den joera turismoa eta hirugarren sektorea indartzea bada, horrek oinarrizko baliabide eta produkzio sisteman, industrian bertan egin beharreko inbertsioa burujabetza sozial eta ekonomikoa eraikitzeko zein garrantzitsua den  birplanteatzera garamatza. Horrek ez du esan nahi turismoari ateak itxi behar dizkiogunik, baina betiere Euskal Herriaren eta bertako herritarron beharrak erdian jarrita. Eta betiere jasangarria izan daitekeen turismoa, ez menpekoa.

M: Jakin nahi nuke zeri deitzen dioten turismo jasangarria, nik nahiago dut turismo iraunkorraz hitz egin. Turismoa gure ekonomiaren oinarria izatea proposatzen badugu, horrek sekulako ziurgabetasuna sortzen du, oso bolatila delako, beraz herri honek aurrera egiteko ez du bermerik jartzen. Poltsikoak betetzeko eta momentuan momentuko satisfakzioak lortzeko baldintzak bakarrik ematen ditu.  Baina ezin dugu gure burua engainatu betirako izango dela pentsatuz, bi urtera izugarrizko krisia egon baitaiteke eta berriro zerotik hasi behar izan.

A: Beste gako bat sektorearen profesionalizazioa da. Oinarrizko sektore bat izango baldin bada, sektore horretako langileei balioa eta kalitatea eman behar zaie. Horretarako alde batetik, lan baldintzetan inbertitu behar da, eta bestetik, hezkuntzaren papera berrikusi. Egun langile formatuak ditugu, baina haien ikasketa maila ez dator bat dituzten lan baldintzekin. Ondorioz, jende formatuak ez du turismoan lan egin nahi eta lan egiten duena, berriz, ez dago hain formatua. Esku hartu behar da hor.

 

talaia06 solsaldia III

 

Lan merkatuan sektore zaurgarrienak direla ulertzen badugu, zelan eragiten die guzti honek emakume, gazte eta etorkinei?

H: Turismo ereduak disponibilitatea, aldibaterakotasuna... eskatzen duen heinean, gazteak izan daitezke une jakin batean enplegu hori hartzeko prestutasuna izan dezaketenak, besterik ezean, udarako lan gisa zein ikasketak osagarritzeko. Hori prekarietatea mantentzeko edo okertzeko baliatzen da. Azken batean, lan eskubideekiko ezezagutza eta beharrizana batzen dira askotan, baita langile aldaketa handiak ere.

M: Nik uste gazte, emakume, langabetu zein etorkinei turismoak eskaintzen diena, hain zuzen, enplegua dela, asko dagoelako eta kualifikazio maila txikia eskatzen duelako. Kontua da denbora tarte labur baterako (koltxoi bat egiteko, ikasketak ordaintzeko) izango zena denboran luzatzen doala eta lan baldintza horiek errotzen. Azkenean, erabateko dependentzian harrapatzen gaitu. Aukera galera handi bat dakar, beste gauza batzuk ikasten, bizitzen erabili ahalko litzatekeen denbora eta dirua galdu egiten dela, turismoan bakarrik dauzkagulako begiak. Momentuko beharrizanak asetzen dizkigu eta diru asko egin dezakegu oso denbora gutxian, baina gero...

A: Sektore horietan dirua behar duten langileak daude, beraz ia edozer onartu behar dute. Adibide on bat haurrak zaindu behar dituztelako lanaldi murriztuan dauden emakumeena da. Basque Fest edo horrelako beste zerbait datorrenean, patronalak ordu gehiago sartzeagatik diru gehiago eskaintzen die  eta euren lana gaizki ordainduta dagoenez, onartzen dute. Bost arratsalde egingo dituzte agian, baina horrek urte osoko lanaldian eragiten du: bost egunez euren zaintza moldatu ahal izan badute, zergatik ez urte osoan zehar? Eta konturatu orduko, hasieran dirua amu gisa erabilita egindakoa, joera gisa normalizatzen da.

 


Guzti honek postaletan ateratzen diren herri eta hirietako herritarren bizitzengan eragin zuzena du. Ze inpaktu sozial ditu turismo eredu honek?

H: Hasteko, Euskal Herrian aipatzekoa da turismo eredu honek duen inpaktu linguistikoa. Azken batean, zerbitzua atzerritik datozen pertsonentzat diseinatzen da eta hauek errusieraz, txineraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez... hitz egiten dute. Baina euskaraz ez. Ondorioz, kaleko seinalizazioa, publizitatea, propaganda, komertzioetako promozioak ez daude euskaraz. Langileen artean ere euskaraz jakitea eta gure hizkuntza sustatzeko konpromisoak are eta mugatuagoak dira. Donostian bertan denda batzuetan kontsumitzaile gehienak frantsesak direnez edo frantses olatu handiak etortzen direnez, langileei oinarrizko frantses klase batzuk ematera iritsi dira, hurbiltasuna transmititzeko. Gure identitate kulturala bigarren plano batean utzi edo desagerrarazi egiten da, beste hizkuntza eta erreferentzia kultural batzuk barneratzeko. Horrek dakartzan ondorioekin: orain arte zure auzoko dendan euskaraz aritzeko zailtasunak bazenituen, orain agian informazio gehiago jasoko duzu beste edozein hizkuntzan zurean baino. Euskararen mugapena turismoaren eraginez aztertzeko fenomeno bat da.

M: Horren adibide oso esanguratsu bat da Donostiako Zinemaldiak hainbeste urtetan eduki duen izena aldatu eta internazionalagoa (eta beraz, integratzaileagoa) izateko, hemendik aurrera ingelesez deituko dute. Inpaktu sozialaz hitz egiteko, bizi egin behar da. Jakin egin behar da zer den herri turistiko baten bizitzea. Bizitzen den arte, dena dira turismoaren inguruko uste onak. Gainera guzti honi turismofobia deitzen diote. Ez da turismofobia, bestelako turismo eredu baten aldeko mugimendua baizik, edo Arran-ek dioen bezala, klase borroka.

A: Hitz egin ez dugun beste elementu bat turismoak ingurugiroan eragin ditzakeen mehatxuak dira. Gaztelugatxen gertatutakoa oso argigarria da: serie baten harira oso modan jarri eta jende andana jasotzen ari da tokia ez dagoenean prest eta babestutako inguru natural bat denean. Horri lotuta, EAJk oraindik ere poltsikoan gordetako dauka Urdaibain bigarren Guggenheim bat eraikitzeko proiektua, non eta gune natural batean. Museoa, hotela, aparkalekua... ingurumen legedia ororen gainetik. Ondorio larriak izan ditzake.

H: Turismoak dakarren jende zirkulazioa biderkatzen doan heinean, sortzen den kutsadura eta zaborra handiagoa da, lurraldearen higadura ere handiagoa da, beraz eraikuntza lan gehiago... Horrez gain, bereziki horretara bideratutako proiektuak dauzkagu, zeinetan mendiak txikitu behar ditugun edo hondartzen azpian zulokoteak egin alferrikako metroak eraikitzeko, etab.

A: Bai, ez dugu ahaztu behar gure herriak ez dituela erraztasunak horrelako eraikuntzak egiteko. Oso menditsua da eta hori ez da aintzat hartzen instituzioetan.

 

talaia06 solsaldia II


Inpaktu nabariena, turismoaren beharrizanetara egokitzeko hirigintzan eta hiri ereduan azken hamarkadetan egindako aldaketak dira. Ze prozesu ematen ari dira eta ze ondoriorekin? Ze neurri jar daitezke hauek erregulatzeko?

M: Turistifikazioa eta gentrifikazioaren eraginez auzo asko husten ari dira eta esklusibotasunez turismora bideratzen. Ondorioz bertako biztanleak kanpoaldeko auzoetara bidaltzen ari dira ezin dituztelako prezioak ordaindu. Baina ez soilik etxebizitzena, baizik eta bertan saltzen den janariarena, oinarrizko produktuena... Eta guzti horrek herritarrarengan eragiten duen inpotentzia eta ordura arte zeramaten bizitza mantentzeko ezintasuna hain da handia, jende asko haserre dagoela ez turistarekin, baizik eta turismo politikarekin.

A: Ibizan gertatzen ari dena muturreko adibidea da. Gutxika biztanleak beste auzo batzuetara mugitzen hasi ziren, baina gaur da eguna zeinetan bertan lan egiten duten langileek ez duten non lo egin, ezin dutelako alokairua ordaindu. Horrez gain, Haizeak turismoaren inguruan esan duenari kontsumoa gehitzen zaio. Zer erosten dute turistek? Zer jaten dute? Hemen oraingoz libratu egin gara Euskal Herriko pintxo eta gastronomia gustatzen zaielako, baina modak oso aldakorrak dira. Ohituta dauden hori ere eska dezakete: Burger King, McDonald’s...

H: Horri lotuta, sentsazioa dut berdin duela zein hiri handitan egon: Bilbon, Donostian, Bartzelonan, Madrilen edo Parisen. Batean zein bestean ingurua, estruktura zehatz batzuk, kaleen antolaketa, masibotasuna, hainbat denda... hirien uniformizazio bat ematen ari da. Identitate kulturala, aniztasuna, berezkoak diren ezaugarriak (linguistikoak, historikoak, kulturalak) exotiko edo folklore bilakatzen dira, kontsumo objektu edo promoziorako elementu. Hori bai, desitxuratuta. Hozkailuan jartzeko iman bihurtuta. Gure kultura zabaltzearen ideia salerosketarako aitzakia bihurtzen da.

A: Bilbo eta Donostiako udalek Gune Turistikoak ezarri zituztenetik, hirigintza araudiak ere aldatu dituzte gune horiei lehentasuna emateko. Bai apartamentuetan, bai irisgarritasunean... dena gune horietara bideratuta dago. Berez araudi horiek ezin ziren aldatu eta herritarrak konturatu gabe aldatu dituzte.

M: Oso denbora gutxian, gure bizi erritmoa aldatzen ari zaigu. Hirien kanpoaldean bizi gara eta edonora joateko garraioa behar dugu, elikadura ohiturak aldatzen joan dira marka handiak sartu ahala, betidanik jolas eremu izandakoak egun tabernetako terraza dira, betidanik ikusi ditugun arrantzaleen ordez yateak eta Club deportiboak daude, ordutegien liberalizazioa... Orain arte nahikoa izan da erlijioak antolatutako zazpi eguneko aste horrekin eta lanak banatutako aste horiekin, baina, hemendik aurrera, lanetik atera eta gauera arte erosketak egin baditzakegu, non gelditzen da ohitura? Beste zerbait hartzen ari da tradizioaren tokia: kontsumoa, enplegua, turismoa... Identitatea oso azkar galtzen ari gara, ohartu gabe.

H: Azken aste hauetan salatu izan dugu 200.000 metro karratu baino gehiagoko merkataritza azpiegitura handien eraikuntza planteatzen dutela EAEn. Horietariko asko ez dira dendak bakarrik izango, baizik eta tabernak zein aisialdirako guneak, hirietatik edo erdigunetik kanpo, periferian.  Horrek ere funtzio bat betetzen du, azken batean, gure hirian edo auzoko parkean egin izan dugun bizitza, gertuko komertzio txikian kontsumituz, kanpoko azpiegitura erraldoi batera lekualdatzen da eta bertara joatea egun pasa bilakatu. Hara joan eta aisialdirako aukera daukat, kafea edo pote bat har dezaket, bazkaldu, erosketak egin, dena familia giroan. Baina betiere kanpoan, lau pareta kristalizaturen artean, kontzentratuta eta kotxez mugituta.

Gaur egun ba al dakigu ezer kontsumitu gabe denbora pasatzen? Aukerarik al daukagu horretarako? Hori berrartu eta bestelako proiektu horien aurkako salaketa egitea nire ustez langile zein herritarron lehentasunezko borroka bat da.


Turismoak ze aukera edo arrisku ekar ditzake Euskal Herrian?

H: Aukera bat izan daiteke kanpotik datorren jendeari hau beste herrialde bat dela ikusaraztea, beste ohitura batzuk eta hizkuntza bat ditugula. Baina horrek lanketa bat eskatzen du, oihartzuna izan dezan: “ez naiz Espainian edo Frantzian egon, Euskal Herrian egon naiz”. Identitate propio hori, hala ere, bi estatuek zein sistemak bere onuran erabiliko du, zerbait desberdina eskaintzeko. Beraz, aukera zein mehatxua da. Ondo pentsatu behar dugu turismoa nola landu, askapen borrokarentzako indargunea eta ez mehatxua izan dadin.

A: Eskaintzen dugunaren arabera izango da aukera. Azken batean, begira Bartzelonan zer pasatzen den: jendea txano mexikarrak zein sevillanen gauzak erostera joaten da, bertan saldu egiten direlako. Ez dute identitate desberdin bat ikusten, eskura dituzten produktuak beste edonon aurki ditzaketen berdinak dira eta.

“Agerian utzi behar da saltzen duten guztiaren azpian zer den benetan ezkutatzen dena”

 


Turismo masiboa fenomeno transbertsala den heinean jarduera eta eremu desberdinetan eragiten duela aintzat hartuta, zein izan behar da sindikalgintzaren papera bere aurrean? Ze ekarpen egin dezake bestelako eredu bat sustatzeko? Ze aliantza topa ditzakegu bidean?

A: Nire ustez sindikalgintzak paper garrantzitsu bat eduki behar du instituzioak baldintzatzeko orduan: erregulazio desberdinen inguruan, hitzarmenen inguruan, bereziki diru publikoa jasotzen duten espazioen inguruan... Adibidez, museoetan diru publikoa jasotzen duten heinean, instituzioek bertako erregulazioan sartu beharko lirateke. Erregulazio hori herritar eta langileei begira eta ez soilik turistei begira izan dadin presio egin behar dugu guk.

H: Interpelazioa enpresa edo patronaletara ere zuzendu behar da. Aurpegia zuritzeko kanpaina asko egiten dituzte, alderdi politikoekin batera askotan, beraz, agerian utzi behar da saltzen duten guztiaren azpian zer den benetan ezkutatzen dena. Eraiki diren hainbat argudiaketa eta uste deseraiki behar dira, turismoak dirua badakar nora doan eta zeinen kontura argitu. Sindikalgintzak horretan paper bat dauka.

M: Askapen prozesu honetan jakin behar dugu aukera hau, hala dela ulertzen badugu, aprobetxatzen. Turismo ereduarekikoa jende asko elkartzen duen kezka izaten ari da, potentzial handia dauka. Sindikalgintzak hori bere egiten eta baliatzen jakin behar du, lantokietan zein kalean borrokak pizteko, eta, nire ustez garrantzitsuena, bi espazio bi horiek bateratzeko.

Hemen gaude

IPAR HEGOA FUNDAZIOA
Rekalde Zumarkalea, 62 -behea P.K. 48010 BILBO
94 470 69 00 info@iparhegoa.eus


twitter youtube mastodon


 

 

Hizkuntza-Idioma