Pobreziak zapalkuntza aurpegia du

Aiora Epelde Agirre

Sortuko plan feministako arduraduna

 

Pobreziak emakume* aurpegia duela esan izan dugu sarri azken urte luzeetan. Hala da! emakume* izateagatik soilik egiturazko zapalkuntza ezberdinak pairatzen ditugula kontutan hartuta. Gaur baina beste ideia bat azpimarratzetik hasi nahiko nuke, pobreziak zapalkuntza aurpegia duenarena alegia.

Logikoa da ezta? Kontua da, askotan badirudiela pobrezia, zapalkuntza eta indarkeriaren ondorio dela kokatzea kosta egiten zaigula. Gaur egungo sistema kapitalista heteropatriarkalaren baitan, pobrezia egoerak pairatzen dituzten pertsona guztiek sufritzen dute zapalkuntza eta indarkeria. Uste dut hau kontutan hartzea garrantzitsua dela.

Intersekzionalitateak zerbait erakutsi badit, jendarte antolaketaren baitako ardatz ezberdinetan (...) ezarriak ditugun botere harremanak euren artean gurutzatu eta indartu egiten direnarena da

Pertsona guztiek baina ez dugu pobreziaren zapalkuntza era berdinean jasotzen. Intersekzionalitateak zerbait erakutsi badit, jendarte antolaketaren baitako ardatz ezberdinetan (sexu-generoa, klase soziala, sexualitatea, adina, aniztasun fisiko edo psikikoak, etnia, itxura fisikoa, ...) ezarriak ditugun botere harremanak euren artean gurutzatu eta indartu egiten direnarena da, eta ondorioz zapalkuntzak larriagotu eta konplexuago egiten dira.

Zer esan nahi dut honekin? Bada, pobreziak, emakume* gehi identitate ez normatibo, arrazializatu, migratu, gazte...etab-en aurpegia duela. Batzuetan ezaugarri guztiak metatuz eta beste askotan ez. Baina konturatzen bazarete, emakume* izateak klabea izaten jarraitzen du, jendartearen erdia baino gehiagoz hitz egiten ari baikara ezaugarri hori soilik kontutan hartuta. Jakina pobrezia egoeran ez dauden emakumeak* badaudela, baina orokorrean jendartearen erdia baino gehiagori beste erdia baino pobreagoa izatea inposatua diogu oraindik, soilik emakume* izateagatik. Azken Ikusmira 08 honek biltzen ditu baieztapen hori egiten jarraitzeko datuak.

Orokorrean jendartearen erdia baino gehiagori beste erdia baino pobreagoa izatea inposatua diogu oraindik, soilik emakume* izateagatik.

Lehenik eta behin, enplegu bat bermatu ez eta euren lanaldia osoki etxean gauzatzen duten emakumeen* afera dugu. Errealitate hau jada gaindituta legokeen aitzinako jendartearen ezaugarri bat bailitzan hartzen bada ere, ematen duena baino dimentsio handiagoa dauka egun ere: 182.000 lagun, gehien gehienak emakumeak*, bere elkarbizitza unitatearentzat lanean ari dira. Zaintza lan hauek ez dute enpleguak duen aitortza soziala, soldata edota kotizazioa. Lan hauetan ari diren emakumeek* ez dute sarrera ekonomiko duinik eta beste norbaiten (gehienetan, gizon baten) menpeko dira ekonomikoki.

Bigarrenik, enplegu bat duten emakumeek lan baldintza kaskarragoak dituzte. Horietako askok, lanaldi partzial inposatuak pairatzen dituzte emakume* izateagatik: lanaldi partzialetan ari direnen %78 emakumeak* dira. Era berean, soldata baxuagoak dituzte: urteko gizonezkoek baino 6.447 euro gutxiago, %25 gutxiago, bataz beste. Gainera, arrakala hau ez da murrizten ari, kontrako baizik, izugarrizko igoera izan du azken hamar urteetan, 2008tik %21. Honela, prekarietatearen elementu desberdinak partzialitatea eta behin-behinekotasuna kasu, elkar gurutzatzen dira. Pandemian zehar oinarrizkotzat jo izan diren oinarrizko lanetako asko (elikagai merkataritza eta garbiketa kasu) lan baldintza prekarioak dituzten emakumeek* egiten dituzte.

Gainera, emakumeek* enpleguan duten lanaldiari zaintzako lanaldia gehitzen zaio. Bataz beste, emakumeek* 38 ordu lan egiten dute astero zaintza lanetan, eta gizonezkoek berriz 25. Eta gainera, emakumeek* zaintza lan intentsiboagoak egiten dituzten bitartean, gizonezkoek aisialdi egoerekin lotura duten zaintza lanak egiten dituzte gehien bat.

Emakume*, migrante eta arrazializatu diren pertsonek, oro har egoera zaurgarrian eta kasu askotan paperik gabeak, esplotazioa pairatzeko arrisku handiagoa dute.

Desoreka honek noski eragina du emakumeen* erosmen ahalmenean eta ondorioz autonomian. Esaterako, EAEko emakumeek* euren soldataren %52 bideratu behar dute etxebizitzaren alokairura, gizonezkoek baino 8 puntu gehiago.

Enplegua duten emakumeen* artean<, aipamen berezia merezi dute erregimen berezi baten menpe dauden etxeko langileek. Emakume*, migrante eta arrazializatu diren pertsonek, oro har egoera zaurgarrian eta kasu askotan paperik gabeak, esplotazioa pairatzeko arrisku handiagoa dute. Ipar Hegoak berak argitaratutako monografikoan jasotzen zenez, etxean egoiliar dauden langile kasik guztiak emakume* migranteak dira eta horietako % 30 egoera administratibo irregularrean daude. Horietatik gehienak mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintza lanak egiten dituzte. Ia erdiak astean 80 ordu baino gehiago egiten du lan eta erdiak baino gehiagok (aparteko ordainsariak barne) 800-1000 euro artean jasotzen du. Bestelako indarkeriak jasateko aukerak ere biderkatu egiten dira egoera horretan.

Hirugarrenik, bizitza osoan zehar lan egin ondoren erretiroa hartzen duten emakumeen* egoera dugu: 1100 eurotik azpiko pentsioen %72 emakumeena* da eta %28 gizonena. Erretiroa hartutako emakumeek*, gainera, zaintza lanetan pisu handiagoa izaten jarraitzen dute; kasu askotan, zaintza sistema publiko baten gabeziaren aurrean, aisialdirako baino ahaide helduak edota bilobak zaintzeko erabiltzen dute euren denbora.

Ondorioz baieztatu dezakegu, emakumeak*, gazteak eta migrante razializatuak direla egoerarik zaurgarrienean daudenak, zer esanik ez emakume* gazte arrazializatuak beraz. Eta gainera azpimarratu, egoera mejoratzen baino okertzen ari dela, arrakalak gero eta handiagoak direla urtetik urtera.

Egoera hau baina irauli daiteke, baldin eta horretarako erabaki politikoak hartzen badira. Mugimendu feministak eta sindikalismoak aldarrikatu bezala, besteak beste, honako neurri hauen alde borrokatzeko garaia da:

Egoera hau baina irauli daiteke, baldin eta horretarako erabaki politikoak hartzen badira
  • Zaintza lanen aitortza soziala. Zaintza lanetan aritu eta aritzen direnekiko zorraren aitortza.
  • Enpleguaren eta zaintza lanen banaketa parekidea. 30 orduko enplegu bat denontzat, denok zaintza lan mota guztietan erantzunkidetasunez parte har dezagun.
  • Etxeko langileentzako lan hitzarmena eta egoiliar erregimenaren abolizioa.
  • 1400 euroko gutxieneko soldata eta 1080 euroko gutxieneko pentsioa denontzat.
  • Soldata arrakalarekin amaitu, feminizatutako sektoretan lan baldintzak duinduz eta maskulinizatutakoetan emakumeen* sarbidea ahalbidetzeko neurriak hartuz.
  • Atzerritartasun Legearen derogazioa eta herritar guztien erregularizazioa.
  • Indarkeria matxista erauzteko prebentzio eta ekintza tresnen garapena.
  • Hezkidetza planak bai oinarrizko hezkuntzan baita lan mundura bideratutako hezkuntza espezifikoetan ere.
  • Zaintza sistema publiko komunitarioaren osaketa.
Pobreziak zapalkuntza aurpegia du
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago