Stefania Barca, lan-mundua eta klima-aldaketari buruz
Lan-mundua eta klima-aldaketa: Klase-kontzientzia ekologiko eta emantzipatzaile baterantz*
Stefania Barca
Gizarte Zientzien Zentroa, Coimbrako Unibertsitatea (PT) eta Pufendorf Foundation, Lundeko Unibertsitatea (SE)
sbarca@ces.uc.pt
Artikulua euskaraz publikatu dugu, baina nahi izanez gero, jatorrizko bertsioan irakurri dezakezu ingelesez.
Klima aldatzeko “denon beharra” dago, zioen New Yorkeko Klimaren aldeko Herri Manifestazioak, baina gehien behar ditugunak langileak dira, ziurrenik. Beharrezkoak ditugu langileak eta haien antolakundeak, eta langile-mugimenduak bat egin behar du klimaren aldeko mugimenduarekin. Zergatik? Lana delako gizarteak eta naturak bat egiten duteneko gune nagusia. Era guztietako lanez ari gara: lan produktibo eta erreproduktiboaz, zerbitzuez, zaintzaz, lan intelektual eta immaterialaz. Metabolismo soziala, hau da, giza bizitzaren zutabe den material- eta energia-trukaketa, arautzen dute guztiek ere. Ez da lan-mundua prozesu horren gidaritza duena, ordea, kapitala baita ekomarxistek kapitalismoaren bigarren kontraesana esaten diotenaren ardura duena, kapitalaren eta naturaren arteko erlazioaren ardura, alegia. Horren ondorioz, langileek iraunkortasunaren aurkako era guztietako lan osasungaitz eta ekologikoki suntsitzaileak pairatu behar izaten dituzte maiz, merkatu-ekonomian bizitzeko aukera emango dien soldata bat eskuratu ahal izateko. Bigarren kontraesan hori langileen gorputzean gauzatzen da, eta haien bizi- eta lan-inguruneetan (Barca 2012).
Baina beste bi faktore garrantzitsu ere hartu behar dira kontuan.
Ekonomia politiko feministak gogorarazi digunez, lan guztia ez dago kapitalaren eta merkatuaren kontrolpean. Izan ere, hori izozmendiaren gailurra baino ez izatea da litekeena, eta soldatapeko lan-sistema kapitalistatik kanpo egindako lan ez besterendua izatea gehiena. Hor sartzen dira, besteak beste, gizarte-zerbitzuen sektoreak, etxe barruko lana, komunitatea edo ahaidegoa, kooperatibak, karitatezko erakundeak, diru alternatiboak eta trukea, eta eremu txikiko edo biziraupeneko nekazaritza (Gibson-Grahan 2006).
Abiapuntu itxaropentsua eskaintzen digu horrek iraultza ekologiko bati ekiteko, produkzioak, erreprodukzioak eta kontzientziak elkar eragiten duten moduaren gaineko iraultza bati alegia, ekofeminismoaren eta nekazaritza ekologikoaren ikerlari eta aktibista ugarik teorizatu duten moduan, elikadura-autonomia iraultzaren zero-puntua baita haientzat (Merchant 1987; Federici 2012). Horrenbestez, ekologia (nazioarteko) lan-agenda berri baterako plataforma bihurtu badaiteke, eta lan-mundua izan badaiteke klimaren aldeko mobilizazioaren subjektu nagusia, hastapeneko metaketan atzera egitea abiapuntu egokia izan liteke. Hastapeneko metaketak langileak eta lurra bereiztea eta biak gain-esplotatzea ekarri du. Bestelako gizarte bat eraiki liteke, besterentzen ez diren eta bizi-forma guztiei eusteaz gain bizi-forma guztiak indartzen dituzten beste era bateko lan-moldeen gainean, era horretara aukera berriak eta identitate berriak eskuratu ahal izango dituztelarik langileek, kapitalismoaren bigarren kontraesana azpikoz gora jartzeko helburuz. Ekologikoki suntsitzailea eta jasangarritasunaren aurkakoa den lana ezabatzea eta metabolismo sozialeko forma berriak aurkitzea da xedea.
Ekialdeko Europan, Txinan eta beste herrialde batzuetan esperimentu sozialistak ingurumen-suntsiketa eta -bidegabekeriaz betetako ondarea utziz geroztik, kezkagarria gerta badaiteke ere, funtsezko bigarren faktorea bide horretatik sartu daiteke eztabaidan, hain zuzen ere. Eta zerk eragin zuen porrot hura? “Existitu den sozialismoa” industrializazio behartuaren, barne- eta kanpo-kolonizazioaren eta ingurumen-plangintza eta -teknologia arras modernizatzaileen gainean eraiki izanak gehienbat, guztia ere erregimen kapitalistek erabilitako “suntsiketa kreatiboa”rekiko lehian.
Hortaz, ez da aski kapitalismoa ordezkatu eta gizarteko desorekak murriztea, beharrezkoa baita ekonomia-eredu maskulinistak, produktibismoa, erauzketa-jardueretan oinarritutako ereduak, BPGren hazkundea, gerra, arrazakeria, kolonialismoa eta herrien eta haien ingurumenen aurkako bortiz-keria eragiten duen guztia deusezta-tzea. Berdintasunean ez ezik bizi-forma guztiekiko errespetuan oinarritutako produkzio- eta erreprodukzio-sistema guztiz berri batekin ordezkatu behar da hori guztia. Hori litzateke hurrengo urratsa. Iraultza ekologikoa egitea beste aukerarik ez dago, ez dago lasterbiderik egungo sistema gainditzeko.
Eta, materialismo historikoak dioskunez, sistema berri bat eraikitzeko beharrezkoa da langile-klase antolatu eta kontzientziaduna aurrean jartzea. Baina zerbait azpimarratu nahiko nuke hemen: langile-klasea erlazio ekologiko berrien sistema bateko subjektu politikoa bihurtuko bada, kontzientzia berri bat beharko da: langile-klasea iraultza berde emantzipatzaile eta ez-zapaltzaile bateko subjektu historiko nagusi bihurtzeko gai den eta subjektibazio-prozesu berritu eta anizkoitz batean oinarritutako klase-kontzientzia ekologiko bat. Etorri beharreko iraultza ekologiko horretako subjektua bihurtzeko, langile-antolakundeek goitik behera eraldatu, eta ekologia jarri beharko dute beren estrategia eta ikuspegi politikoen erdigunean. Ez dago garbi lan-munduko politikak behar duen aldaketa hori gaur eguneko munduan gauzagarria ote den.
Izan ere, ez dira langile-mugimenduak eraldaketa behar duten bakarrak, eta, berez, lan-munduak ez dauka bere burua aldatzerik, hustasun sozial baten barruan. Aldaketa kulturaleko prozesu zabalago eta emantzipatzaile bat behar da, elkartasun eta aliantza berriak sor daitezen, eta lan-munduko subjektu ahaztua berreskuratzeko, menderakuntzatik eta esplotaziotik kanpo. Pride filmak gogorarazten digunaren tankerako zerbait, alegia. Film horretan, Londresko gay eta lesbiana militanteek Hego Galeseko ikatz-mea-tzarien borrokarekin uztartzen dute beren errekonozimenduaren aldeko borroka. Kultura- eta komunikazio-muga eta aurreiritzi ugari albo batera uzteak dakarren eraginkortasuna azpimarratzen du istorioak, eta erakusten du politika-molde berriak eraiki daitezkeela, jendea eta erakundeak “identitatea”ren errepikapen amaiezinean guztiz itota ez daudenean, bereziki. Areago, identitateak auzitan jartzen dituzten politika eraldatzaileen adibideak ematen dizkigu filmak, askapenerako eta iraultzarako aukera sendoago bat aurkeztearekin batera.
Langile-mugimendua fronte guzti-guztietan ia guztiz menderatu duten hamarkada luzetako politika neoliberalen ondoren, indartu egin behar da langileek beren burua eraldatzeko nahiz ikuspegi eta estrategia berrietan oinarritutako erakundeak sor-tzeko daukaten potentziala. Iraultza egiteko nolabaiteko antolakuntza eta estrategia ezinbestekoak direnez, borrokarako antolakuntza eta estrategia egokienak garatzen saiatu beharko genuke.
Klima-aldaketari aurre egitea erronka handia da, eta langile-mugimenduek lehen lerroan egon beharko lukete borroka horretan, kapitalismoak klima-aldaketaren kontra bultzatzen duen gerran langileak lehen lerroan baitaude dagoeneko. Langile-mugimenduez gain, herri indigenak, nekazari-komunitate txikiak, langabeak eta kolektibo guztietako emakumeak ere borroka-fronte horretako lehen lerroan daude. Horrenbestez, beren burua defenda-tzeko antolatzen direnean, gizateria osoa defendatzen dute hondamendi ekologikoaren aurrean. Borroka mota horrek langile-mugimenduaren, eta oro har ezkerraren, betiko ikuspegi eta leloen eraldaketa sakona eskatzen du, jakina.
Azken bi hamarkadetan, informazio- eta komunikazio-teknologiei eta sare sozialei buruzko ikerketa aktibistak garrantzi handia izan du antolatzeko moduak eta aukerak aldatzeko garaian, bai peer to peer foundation mugimenduaren bai sare sozialetako sindikalismoaren bidez. Baliabide horiek ez dute negoziazio zuzenerako ahalmenik sortzen, baina indartu egiten dituzte ikuspegi estrategikoak eta militantziarako ahalmena; Interneteko sindikalismoak ezin du herri- edo herrialde-mailako sindikalismoa ordezkatu, baina lagundu dezake hura aldatzen eta indartzen.
Langileak antolatzeko eta saretzeko eredu berrien artean dauzkagu, era berean, sarbide askeko argitalpenak, Interface. A Journal for and about Social Movements eta Roar. Reflections on a Revolution aldizkariak, esate baterako. Tresna berri horiek gai ekologikoak aintzat hartzeko norabidean eraldatzen lagundu diete langile-mugimenduei, bai eta aliantza berriak garatzen ere. Horrekin batera, funtsezkoak izan dira klimaren aldeko eta langileen eskubideen aldeko politikak uztartzeko aurre-baldintzak sor-tzeko garaian. Adibide batzuk: Aliantza Urdin Berdea eta “Klimari lotutako milioi bat lanpostu” kanpaina (UK, South Africa). Koalizio berri horiek emaitza ikusgarriak utzi dizkigute, New Yorkeko Klimaren aldeko Herri Manifestaziora joandako erakunde sindikalisten presentzia ikaragarriak edota Nazioarteko Konfederazio Sindikalaren (CSI) eta NBEko Nazioarteko Lan Erakundearen (NLE) agendan klima-aldaketaren gaia sartu izanak ederki erakutsi duten moduan.
Barne-eraldaketako prozesu ez-lineal konplexu baten aurrean gaude, noski, osagai desberdin eta batzuetan elkarren kontrakoez osatuta dagoena, eta barru-erresistentziak gainditu behar dituena maiz. Eta hortxe sartu daiteke ekologiari buruzko ikerketa politikoa langile-mugimenduan, kontraesan ekologikoek eragindako gatazka eta borrokak ulertzeko ikuspegi gisa. Kontraesan horiek langile-mugimenduarekin bat egiten dutenean, haren banaketa eragiten dute batzuetan, hainbat lerroren artean: herri-, herrialde- eta mundu-mailako bereizketa, genero-bereizketa, Iparraren eta Hegoaren arteko bereizketa, langile espezializatu eta trebakuntzarik gabekoen arteko bereizketa, hiriaren eta landa-inguruaren arteko bereizketa, eta ideologia- eta identitate-mailako bestelako bereizketa batzuk.
Klima-aldaketari aurre egiteak, beraz, esanahi desberdinak ditu sindikatu batzuk nahiz besteentzat. CSIrentzat Ekonomia Ekologikoaren ikuspegian oinarritutako “lanpostu berdeen” estrategia eta hazkunde berdea bul-tzatzea esan nahi du. Espainiako Solidaridad Obrera bezalako sindikatu antisistementzako, adibidez, “iraultza berde” askoz ere erradikalago batean oinarritutako agenda batekin du zerikusia, eta agenda horrek berekin dakar lanorduen murrizketa, zerbitzu publikoen birkomunalizazioa, beharrezkoa ez den lehengai- eta energia-kontsumoaren murrizketa, energia-sistemen deszentralizazioa eta sindikatuaren parte-hartzea fracking-aren aurkako eta herri-mailako bestelako mobilizazioetan (Ojanguren Flores et al 2014). Eta bi muturron artean daukagu klima-aldaketari buruz oraindik jarrera autonomorik garatu ez duten erakunde multzo handi bat, Munduko Federazio Sindikala (MFS), tartean. Federazioak ekologiari buruz egindako aipamen esplizitu bakarra 2013ko txosten batean aurkitzen dugu: Afiliatu Panafrikarren II. Konferentziako deliberazioetan dei egin zien kideei “multinazionalen eta monopolioen jardunak eragindako hondamendi ekologikoaren aurka aktiboki aritzera”. Kontuan izanik mineralen erauzketak zer-nolako eragina daukan klima-aldaketan, berekin dakartzan ondorioen banaketa guztiz desorekatuarekin, abiapuntu ezin hobea da hori “jasangarritasun bidezko” global baten aldeko plataforma sindikal bat antolatzeko. Klase-erakunde independentea izanik, MFSk potentzial handia dauka “kapitalismo berdearen” kritika erradikala garatzeko eta klima-justiziari lotutako borroken lehen lerroan kokatuko litzatekeen klase-borrokan oinarritutako ekologismo aurreratu bat bultzatzeko.
Munduak egun jasaten dituen krisi ugarietatik -ekonomikoa, lanari lotutakoa bai eta ekologikoa ere- ateratzeko, ezinbestekoa da “produkzioaren espiraletik” -BPGren hazkunde mugagabearen ideologia eta politikatik alegia- guztiz aldentzeko beharrezko ahalegin guztiak egitea. Beharrezkoa da iraultza ekologiko bat egitea, azken batean, Carolyn Merchantek teorizatu zuen moduan: produkzioaren, erreprodukzioaren eta kontzientziaren antolaketa sozialaren goitik beherako aldaketa bat. Bestelako lan- eta bizi-eredu bat behar dugu, bestela ekoitzi eta banatu behar ditugu ondasunak, lan ez-besterenduan oinarrituta, bizitzarekiko eta denona denarekiko errespetuan oinarrituta. Eta hortik abiatuta eraiki behar dugu aliantza berri bat lortzeko plataforma politikoa.
- *This is a reduced version of a chapter entitled ‘Labour and climate change. Towards an emancipatory ecological class-consciousness’, published in Temper L., and Gilbertson T., (eds). Refocusing resistance to climate justice: COPing in, COPing out and beyond Paris, EJOLT report no. 23, 2015.
Erreferentziak
BARCA, S. (2012), On Working-Class Environmentalism. A Historical and Transnational Overview. Interface. A Journal for and about Social Movements, 4. lib. (2), 61-80. or.
BARCA, S. (2014) Workers and environmentalists of the world, unite!, Roar. Reflections on a revolution, ekaina
BERGTHALLER, H. et al. (2014) Mapping Common Ground: Ecocriticism, Environmental History, and the Environmental Humanities, Environmental Humanities 5. lib., 261-276. or.
FEDERICI, S. (2012), Revolution at point zero. Housework, reproduction and feminist struggle, Oakland: PM Books
GIBSON-GRAHAM, J-K (2006), A Postcapitalist Politics, Minneapolis: University of Minnesota Press
MERCHANT, C. (1987), The Theoretical Structure of Ecological Revolutions, Environmental Review, 11. lib. (4), 265-74. or.
OJANGUREN FLORES, A., GALÁN SANZ, M. y CARRETERO MIRAMAR, J.L. (2014) El sindicalismo debe estar dispuesto a promover una alternativa global hacia una sociedad poscapitalista. El Ecologista, 80. zk.: http://www.ecologistasenaccion.org/article27798.html