Pandemiak muturreraino eraman du bizitza-kapitalaren gatazka
Eider Casanova
LAB sindikatuko federazio publikoko idazkari ondokoa
Horrelako ezuste bat aurretik sumatu ezin zen gertaera zela argudiatzen zuen baten batek martxoan. Osasungintzan, helduen egoitzetan edota Hezkuntzan hartzen ziren baliabiderik gabeko neurriak kritikatzen genituenoi arduragabekeria leporatzen ziguten. Sindikatuak, edo norabide berean arraun egiten ez zuten guztiak kritikatzen zituzten beraiek. Hilabeteak igaro dira pandemia hasi zenetik, eta oraindik ez da ezer aldatu, egoera hau berandu eta gaizki kudeatzen jarraitzen dute, berriz ere gezurrean eta manipulazio sozialean oinarritutako kudeaketa ez eraginkor baten aurrean gaude. Egoera aurreikusteko zaila izan zitekeen arren, arazoa ez da pandemiaren aurreikus ezinetik abiatzen, baizik eta zerbitzu publikoak kudeatzeko politika zahar batetik; izan ere, Eusko Jaurlaritzak edo Nafarroako gobernuaren kudeaketek muturreraino eraman dituzte zerbitzu publikoak, eta langileon behin-behinekotasuna, inbertsio materialen falta, baliabideak eta benetako azpiegituren gabezia eta, nola ez, pribatizazio politika baten ondorioak ordaintzen ari gara. Zerbitzu Publikoen osasuna ez zen egokia pandemiaren aurretik.
Egoera aurreikusteko zaila izan zitekeen arren, arazoa ez da pandemiaren aurreikus ezinetik abiatzen, baizik eta zerbitzu publikoak kudeatzeko politika zahar batetik
Zerbitzu Publikoetan murrizketarik ez daudela behin eta berriro entzuten dugunean gezurra esaten digute. Enplegu politikek, administrazio ezberdinetako plantillak, ospitaleetan, lehen mailako arretako osasun zentroetan eta hezkuntzan, minimoetan utzi dituzte. Osasun publikoko edo hezkuntzako inbertsioak ia ez dira handitu, gaur egungo beharrak askoz handiagoak direnean. Duela urte luzetik hona, zerbitzu publikoen kudeaketa, pribatizazioan, austeritatean eta enplegu ezegonkortasunean oinarrituta dago. Gobernuek, interes handiz, oinarrizko zerbitzuen kudeaketa eta zaintza, negozio errentagarri bihurtu dute. Helduen egoitzak edo etxez etxeko laguntza bezalako oinarrizko zerbitzuak kudeatzeko enpresa-sare bat sustatu dute. Ahulenak babestu behar direla ziurtatzen diguten bitartean, langileen baldintza prekarioei buruz, lan zamak edo ratioen inguruan hitz egitea saihesten jarraitzen dute eta horrek heriotza-arriskuan jarri ditu langileak eta erabiltzaileak. Gaur egun oinarrizko zerbitzuen merkantilizazioaren politikaren ondorioak pairatzen ari gara.
Krisi honek, kudeaketa gezur handi bat izan dela agerian utzi du, martxotik hona gauzak beste modu batean egiteko aukera egon da, aukera bai, borondaterik ez. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute zerbitzu publikoen kudeaketa eta garapen eredua aldatzeko borondaterik erakutsi, horrek norabide berean arraun egin behar dugun ontziari bira eman izana suposatuko lukeelako. Hilabete hauetan zehar, epe motzeko neurriak planifikatzeko aukera galdu dugu, gure ospitaleak, lehen mailako arretako zentroak, helduen egoitzak eta funtsezko zerbitzuak egokitzeko inbertsio neurriak egiteko garaia zen, gastu publikoa berrantolatzeko eta diru-sarrerak egokitzeko eta indartzeko ahaleginak ez dira egin.
Gobernuek, interes handiz, oinarrizko zerbitzuen kudeaketa eta zaintza, negozio errentagarri bihurtu dute
Hilabete hauetan guztietan bagenekien bigarren olatu baten aurrean geundela, eta egoera horri aurre egiteko aukera bakarra zerbitzu publikoetan inbertitzea zela. Etorri zitzaigunerako prestatu behar ginela argi zegoen, denok bagenekien zer iritsiko zen, komunitate zientifikoak etengabe ohartarazten zuelako. Hala ere, haren kudeaketa guztia, hiru zutabetan oinarritu da: jendarteari, batez ere gazteei, errua botatzea, norbanakoen eskubideak murrizten dituzten neurriak hartzea eta enpresa handiak (Petronor edo Iberdrola) erreskatatzea, bere momentuan Bankuak erreskatatu ziren bezala. Baina osasun-arloan egin den inbertsioa, plantillen gehikuntzak edo azpiegituretarako inbertsioak ez dira nahikoa izan, “aurrekontuak mugatuak” direnaren aitzakiapean. Diru sarrerak politika fiskalaren bidez handitzeko ahaleginak ez dira egiten. Gobernuak gezurretan ari diren arren, langileak dira beraien esfortzu eta antolatzeko gaitasunarekin batetik eta, agintarien utzikeriaren aurrean egin dituzten salaketa eta mobilizazioekin, bestetik, egoera hau aurrera ateratzen ari diren bakarrak.
Gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen hezkuntzako langileak; irakasleak, garbitzaileak, sukaldariak, jangeletako begiraleak, haurreskoletako hezitzaileak, hezkuntzako espezialistak, direla hezkuntza presentziala aurrera ateratzen ari direnak. Hezkuntza sailak inposatu egin du, ez du inolako neurririk negoziatu sindikatuekin, plantillen igoera ez da nahikoa izan, espazioak ez dira berrantolatu nahiz eta erabilera publikoko beste espazio batzuk erabiltzeko aukera egon den, inbertsio digitala ez da nahikoa izan , eta hala eta guztiz ere, langileak eta familiak egoera hori aurrera ateratzeko egokitu behar izan dira.
Haren kudeaketa guztia, hiru zutabetan oinarritu da: jendarteari, batez ere gazteei, errua botatzea, norbanakoen eskubideak murrizten dituzten neurriak hartzea eta enpresa handiak (Petronor edo Iberdrola) erreskatatzea
Lehen mailako arretako zentroak gainezka daude, baina egoera hau aspalditik salatzen ari ginen, pandemia baino askoz lehenagotik. Osakidetzaren oasia gezur handia zen, itxaron zerrendak pilatzen ziren, medikuntza prebentiboak gabezia asko zituen, langileek ehunka kontratu kateatzen zituzten, enpresa pribatu handiek poltsikoak betetzen zituzten, oposaketa sistema iruzurrean oinarrituta egon da, behar diren sanitarioak formatzeko beharrezkoak ziren hezkuntza eta unibertsitatea ez da egokitu. Gaur, horren ondorioak sufritzen ari gara, ez da kasualitatea.
Osasunbidea kudeaketa interesatuaren beste adibide bat da, non gutxi batzuek agintzen duten interes publikoaren aurretik interes pribatuak lehenetsiz, eta horrek kaos handia eragiten du baliabideen antolaketan.
Ahaleginak batzen jarraitzeko eta zerbitzu publiko, indartsu eta kalitatezkoen alde lan egiteko garaia da
Kudeatzaile politikoen engainu eta gezur artean, noizean behin, bere nahia eta benetako politikak zeintzuk diren ezagutzeko argigarriak diren adierazpenak entzun ditugu, adibide gisa, Beatriz Artolazabal Sailburuak egin zituen adierazpenak; Funtsezko zerbitzu sozialen zuzeneko kudeaketa publikoa ez da bere eredua, ekonomikoki jasangarriak ez direlako. Gobernu neoliberal horientzat publikoaren kudeaketa negozioa da.
Hala ere, pandemiaren erdian egindako kudeaketa kaskar horrek eta pairatzen ari garen ondorio larriek benetan jasangarria dena argi utzi dute: arlo publikoan, osasunean, hezkuntzan, ingurunearen eta pertsonen zaintzan egiten den inbertsioak lehentasuna du. Horregatik, ahaleginak batzen jarraitzeko eta zerbitzu publiko, indartsu eta kalitatezkoen alde lan egiteko garaia da. Bizitza erdigunean jarriko duten Zerbitzu Publikoen alde mobilizatzea ezinbestekoa da, oinarrizko zerbitzuak publifikatzeko urratsak eman behar ditugulako, plantillak handitu eta egonkortasuna eman behar zaielako eta beharrezkoak diren baliabide eta azpiegituretan behar bezalako inbertsioak ezinbestekoak direlako.