Bata bestea gabe
Ander Bilbao
LAB sindikatuko ekonomilaria
Legeak kapitala babesten du. Argi uzten du Nancy Fraserek, azaltzen duenean kapitalismoak, ekonomikoak ez diren funtsezko hiru baldintza beharrezko dituela sistema birproduzitu ahal izateko. Alde batetik, lan erreproduktiboa guztiz beharrezkoa da lan ordaindua, gainbalioa eta kapitalismoaren funtzionamendua existitu ahal izateko. Bestetik, naturaren desjabetze basatia beharrezkoa du sistemak, baliabide infinitoa izango balitz bezala. Azkenik, eta artikuluaren lehenengo esaldira itzulita, enpresa pribatua eta merkataritza sostengatuko duen marko legala beharrezkoa du, botere politikoa behar du.
Azken hamarkadetan kapitalismo heteropatriarkalaren estrategia inoiz baino globalagoak mundua merkatu bilakatu du eta langileria atomizatu
Bide honetan, kapitala babesteko helburuaz, Espainiako Gobernuak 2010 eta 2012an lan erreforma estrukturalak burutu zituen. Erreformek berebiziko aldaketak ekarri zituzten ordura arte ezaguna zen negoziazio kolektibora eta ondorioz, Hego Euskal Herrian ziklo mobilizatzaile indartsu bat abiatu zen, bost greba orokor tartean. Egun, kaleratze objektiboa da enpresak galeren aurreikuspena argudiatzen badu edo, irabaziak izan arren, diru sarreren beherakada konstantea ematen bada. Ultraktibitatearen desagerpenarekin negoziazio mahaietan langileen boterea ahuldu zen, kaleratzeak merkatu ziren eta aldi bateko kontratazioa are gehiago sustatu zen, besteak beste.
Aldi berean, azken hamarkadetan kapitalismo heteropatriarkalaren estrategia inoiz baino globalagoak mundua merkatu bilakatu du eta langileria atomizatu. Honela, ekintza sindikal klasikoaren eragina mugatu egin da eta negoziazio kolektiboaren joko arauak moldatu dira. Zenbateko mina egiten dio enpresari Euskal Herriko autogintzako fabrika batean greba mugagabea abian jartzeak, produktu berdina ekoizten duen beste hiru enpresa baditu Polonian, Hego Afrikan eta Txinan? Ze teilaturen pean hitz egingo dute haien egoeraz Glovoko langileek lan zentrorik ere ez badute eta, berez, ez badira enpresaren langile sikiera? Zerk bultzatuko du borrokatzera klase partikularrak eman eta umeak zaintzen dituen gaztea, bere kideekin hitz egiteko aukerarik ere ez badauka?
Sistema irauli nahi dugu, den dena nahi dugulako, eta norabide honetan estrategiarik ez badugu eraikitzen, langile klaseak sortutako aberastasun guztiaren apurrak baino ez ditugu lortuko.
Bizi baldintzei dagokionez, eta Ipar Hegoak 2020ko urrian publikatutako “Euskal Herriko langileriaren lan eta bizi baldintzak” txostenari jarraiki, 2008tik adierazle ia guztiek egin dute okerrera. Datu hauek 2008ko “krisiaren” eta aipatutako lan erreformen ondorio argia dira. Egoera honen aurrean, inoiz baino beharrezkoagoa da ekintza sindikalerako estrategia berri eta integralak eraikitzea.
Kapitala eta bizitzaren arteko talkan, bizitza duinak izan ditzagun eta gure behar materialak asetzeko bidean, aberastasunaren banaketaren alde lan egiten jarraitu behar dugu. Zelan aldatuko litzateke gure bizitza, asteko 30 orduko lanaldiak eta soldata duinak izango bagenitu? Baina ez gara horrekin konformatuko, aberastasunaren banaketan sakondu behar dugu zerumuga ahaztu gabe. Sistema irauli nahi dugu, den dena nahi dugulako, eta norabide honetan estrategiarik ez badugu eraikitzen, langile klaseak sortutako aberastasun guztiaren apurrak baino ez ditugu lortuko.
Kapitalak globalean pentsatzen badu, guk ere bai.
Beraz, aberastasunaren banaketa horren sakontzean, ekintza sindikalerako estrategia berrietan pentsatu behar dugu. Aurretik azaldu dugun moduan, ekintza sindikal klasikoaren eragin gaitasuna murriztu egin da kapitalaren estrategien ondorioz. Atzerriko sindikatuekin aliantzak estutu beharko ditugu, langileon posizioa multinazionalen aurrean indartzeko. Elkartasun keinuak, mobilizazioak, okupazioak zein grebak, baina ahalik eta elkarlan handienarekin. Kapitalak globalean pentsatzen badu, guk ere bai. Bide beretik, multinazionalak izanda ere, greba eta produkzio etete eraginkorrak garatzeko aukerak ditugu, enpresari benetan min ematen diotenak eta aurrerapausoak ematera laguntzen digutenak. Pieza konkretu baten produkzio etetea, bezero klabe baten produkzioa ez egitea edo amaiturik dagoen eskaera bat fabrikatik ez irteteko txandak egitea. Lantokirik ez duen edo bakarrik lan egiten duen langile baten kontra egiten badu enpresak, enpresatik kanpo garatu beharko dugu erantzuna. Herriarekin, auzoarekin, herri mugimenduekin zein kale bereko beste enpresetako dendekin. Mugimendu feministak zabaldu ohi duen mezuak dioen bezala, “si tocan a una nos tocan a todas”. Langile batasuna erraztu zuen elementuetako bat sabai berdinaren pean lan egitea bazen, eraiki ditzagun guk sabaiak. Auzoko elkartasun sarea, Gran Viako hitzarmen kolektiboa edo Euskal Herriko lan kodea.
Sistemarekin apurtuko duen prozesu burujabea eraikitzea dagokigu.
Bestalde, sistemarekin apurtuko duen prozesu burujabea eraikitzea dagokigu. Bazterrak eta periferiak zentrora ekarriz, bizitza duinak garatzen uzten ez diguten zapalkuntza guztiak irauliz. Estankoa ez den prozesuan boterea nahi dugu, besteak beste, enpresa pribatua eta merkataritza sostengatzen duen marko legala deuseztatzeko, legea langile klasearen interesen mesedetan jartzeko eta sortzen dugun aberastasun guztia gure mesedetan erabiltzeko.
Pentsa genezake bi karril ezberdin direla, bi lapiko ezberdin. Gure bizitzak hobetzea ahalbidetuko duen aberastasunaren banaketa batetik eta sistema irauliko duen prozesua bestetik. Baina lapiko asko daude, sukaldeak beste, eta sukalde bateko lanak beroa ematen dio bere lapikoari eta inguruko lapikoei. Haien enpleguaren defentsan borrokan dauden langileek, legearen aurrean guztiz babesgabe daudela jakinda, barrenak mugitu eta konfrontazio posizioetan kokatzeko arrazoiak behar dituzte. Ekintza sindikalerako estrategia berriak martxan jartzea bai, haien lan baldintzak defendatzeko ekintzak aurrera eramatea bai, baina eraldaketa prozesu baten parte direla sentitzea ere, haien borrokak bere ingurua aldatzeko balio duela sentitzea.
Konfrontazio posizio horietatik bakarrik egingo dio langile mugimenduak ekarpena kapital eta bizitzaren arteko talka gainditu nahi duen prozesu burujabeari.
Izan ere, konfrontazio posizio horietatik bakarrik lortu dezakegu enpleguen defentsa bermatzea edo lan baldintzak hobetzea. Izan ere, konfrontazio posizio horietatik bakarrik egingo dio langile mugimenduak ekarpena kapital eta bizitzaren arteko talka gainditu nahi duen prozesu burujabeari. Aldi berean, langileok konfrontazio posizio horietan kokatzeko guztiz beharrezkoa dugu sistemarekin apurtuko duen prozesu burujabearen parte izatea. Kalean dagoena, bazter guztietatik sistema zalantzan jartzen duena eta dena aldatzeko martxan gaudela transmititzen duena. Ezin dugu ulertu bata bestea gabe.