Auzo elkarteen memoria
Borroka demokratikoaren memoria: auzo-elkarteak
Egungo hiriak eta beraietan garatzen ari diren borrokak ulertu ahal izateko, nondik gatozen gogoratzea ezinbestekoa da. Memoria egitea. Auzoetan garaturiko borrokek, auzo elkarteek, maila lokalean egindako herrigintza ekarpenek, gure hiri eta herriak eraldatu baitzituzten, eta hein handi batean egungo Euskal Herria ere markatzen jarraitzen dute. Horregatik, orduko borroka demokratikoko memoriaren zati txiki bat jaso nahi izan dugu Carlos Trenorren eskutik, Donostiako Asociación Centro Cultural Recreativo Eguia-Atocha auzo elkartean ibilitakoa.
Trenorrek, frankismoaren azken urteetan, trantsizio deituriko garaian, bizi zen klima oroitarazten digu: “60 eta 70eko hamarkadetan giro politiko berezia zegoen. Erakunde politiko eta sindikalen aurkako errepresioa bortitza zen”. Gerra zibila bizi izan zuen jendearen beldurra du gogoan, fusilamentuena. Baina, gazte belaunaldi berrien eta nazioarteko mugimendu emantzipatzaileen eraginpean “lantokietan langileen antolakuntza eta borrokak hauspotu ziren, eta herri zein auzoetan mugimendu asanblearioen hastapenak bizi izan genituen, denborarekin indar handia hartu zutenak”.
Garai hartan auzoetako bizi-baldintzak kaskarrak zirela azaltzen du Trenorrek: “Ia ez zegoen ekipamendurik: ez zegoen eskolarik, ez osasun-zerbitzurik, ez kirol-ekipamendurik. Auzoak hirigintza anarkikoan sortu ziren, inolako eskrupulurik gabeko eraikitzaileek bultzaturik, epe motzean onura erraza bilatuz, administrazioaren laguntzarekin”. Horregatik, auzo elkarteen hasierako aldarrikapenak, hirigintzari oso lotuak zeudela nabarmentzen du.
1964an, elkarteen inguruko legea onartu zen, “Ley Fraga” gisa ezaguna, eta horren bidez, frankismoan lehen aldiz, kultur eta auzo elkarteak legeztatu ziren, baita Donostian ere. Legalizazioa lortzeko, estatutu formalak idatzi behar zituzten elkarteek, baina praktikan era asanblearioan funtzionatzen zutela defendatzen du Trenorrek. Horren adibide da Egian sortu zuten Asociación Centro Cultural Recreativo Eguia-Atocha. “Horizontalki funtzionatzen genuen, nahi zuenak parte hartzea eta erabakitzea lehenetsiz”.
Funtsean, auzo elkarte horiek, auzoetako bizi baldintzetan hobekuntzak bilatzen zituzten. Hori zuten helburu nagusi. “Hirigintzan hobekuntzak borrokatzen genituen, trafikoari loturiko gaietan, etxebizitzan, osasun zerbitzuetan, kultur edo kirol ekipamenduetan”. Horren adibide da Egiako auzoan Villa Salia etxearen defentsan garaturiko borroka.
Legalizazioa lortzeko, estatutu formalak idatzi behar zituzten elkarteek, baina praktikan era asanblearioan funtzionatzen zuten
Auzo asanbladetan, ordea, auzoetako problematika zehatzak gainditzen zituzten eztabaidak ere ematen ziren. Frankismo garaian zein trantsizio deiturikoaren hastapenetan, alderdi politikoak ez zeuden oraindik legeztatuak. Ondorioz, eztabaida politikoak emateko ez zegoen espaziorik, eta auzo elkarteak bihurtu ziren, hein handi batean, horretarako toki. Adibidez, amnistiaren inguruan jarduten zirela gogoan du Trenorrek. Baina ez solasten soilik. Borrokak ere, esparru lokaletik haratago joan ziren, auzoetako arazo zehatzetara mugatu gabe. Errepresioaren aurkako borrokak, elkartasun internazionalistarenak edo energia nuklearraren aurkakoak ere izan zuten beraien espazioa auzo elkarteetan. “Aktibismo handia zegoen, eta gazteen parte hartzea masiboa zen, manifestazioetan, asanbladetan, pankarta eta propagandarekin”.
Bazegoen ere auzo elkarteak gutxiesten zituenik, klaseartekoak edo interklasistak zirelako, eta beraz, ez zirelako sistemaren aurkako ardatz zentralean, hau da, kapitala vs lana gatazkan, zentratzen. Dena den, “frogatu zen borroka horiek osagarritzeko eta elkar elikatzeko gai zirela. Adibidez, auzoetatik langile mugimenduko borrokei elkartasuna adierazten zitzaien, mobilizazioak, erresistentzia kutxak… garatuz”. Horren eredu da Martxoaren 3ko gertakariei Donostiako auzo elkarteetatik emandako erantzun indartsua.
Herentzian gaur arte
Auzo elkarteak sistemak bazterrean uzten dituen sektore sozialen – langileriaren – parte-hartze politikoa bultzatzeko tresna izan dira
Auzo elkarte eta borroka guzti horiek ondare sakonak utzi dituzte. Politikoki izan zuten eragina nabarmentzekoa da: politizazio eta kontzientziazio esparru izan ziren, oinarrizko militantzian trebatzeko tokia, euskal identitate zein klase kontzientzia eta harrotasuna garatzeko espazioa. Hori gutxi balitz, antolakuntza zein borroka molde berriak frogatzeko ere balio izan zuten. Azken finean, auzoetan borroka egiteak sistema politikoak demokratizaziorantz tentsionatzen ditu, auzoetako biztanleak eskubidedun “hiritar” gisa proiektatzen baititu, eskubide politikoak hedatuz. Auzo elkarteek horren itzulpen organizatibo gisa funtzionatu izan dute, sistemak bazterrean uzten dituen sektore sozialen – langileriaren – parte-hartze politikoa bultzatzeko tresna izan baitira.
Ikuspegi urbanistikotik ere eraldaketa nabariak eragin zituzten borroka guzti haiek, herentzian jaso ditugunak. Horiei esker, auzoek oro har onargarria den ekipamendu-maila lortu dutela nabarmentzen du Trenorrek: ikastolak, kiroldegiak, kultur etxeak edo auzo-elkarteak.
Gaur egunera begiratuz gero, errealitate sozial orokorra eta bereziki auzoak asko aldatu direla nabarmentzen du Trenorrek. “Egun auzoek dituzten ekipamendu mailak ez du zerikusirik trantsizio garaikoekin alderatuz gero”. Baina erronka berriak azaleratu direla argi du. “Etxebizitzarena, gentrifikazioarena, helduen egoera… Hurrengo belaunaldiek arazo hauei erantzuna eman beharko diete, eta asmatuko dituzte horri begira antolatzeko eta borrokatzeko beste modu batzuk ”.