Sergio Iribarren Galbete

Hezkuntza burujabea: Hezkuntza Sistema propio baten aldeko bidean

Sergio iribarren galbete Sergio Iribarren Galbete (Txantrea, 1978) Auzoko herri mugimenduan hazian. Bilboko San Frantzisko auzoko pisu batean eta AEKko udako trinkoen artean euskaldunduta. Kattalin eta Suaren aita, eta 2014ko irailetik Sortzen Elkarteko Nafarroako koordinatzaile. Aurten, besteak beste, elkarteko bazkideak diren Sakanako herri eskolen koordinazio lanak egiten ditu, baita Nafarroako Erriberan irekitzen ari diren D ereduko lerro berrien familiei babesa eman ere.
 
 

Euskararen herriko lurralde zatiketatik abiatzen gara

“Egin dute hiru zati, iparretik hegoraino. Baina euskara haizea da, eta haizea ezin da ebaki”
Nafar jota. Maria Morentin, jota abeslaria (2014)

Ez ditugu zerrendatuko pairatzen ditugun, eta euskarak pairatzen duen, zatiketa administratibo guztiak, baina argi dago, gure hizkuntzari kalte besterik ez diotela egiten. Gainera, zatiketa horiek, euskarak estatus ezberdinak izatea ahalbideratzen dute, gure arteko zatiketa areagotuz. Aurrerago ikusiko dugun bezala, elkarbizitza bera arriskuan jarriz.

“Euskarak berezko lotura izan behar du nahi eta behar dugun eskolarekin”

Dena dela, eta “Hezkuntza Burujabetza” kontzeptua definitzen hastearren, zatiketen gainetik, Euskarak berezko lotura izan behar du nahi eta behar dugun eskolarekin. Bertsogintzarekin ezinbesteko lotura duen bezalaxe, Euskararen Herriko eskola burujabeak euskara izan behar du berezko hizkuntza. Ezin dugu beste modu batean ulertu, bestela, gure buruari tranpa egiten arituko ginateke, gure burua beste nonbaiten kokatuz, gure burua deslokalizatuz, alegia. Eta hau, edonork ulertu dezake, baita ikasturte honen hasieran, Nafarroako Lehendakaria den Uxue Barkosen aurrean “egun on” esateari uko egin zion Marcillako alkateak ere. Euskararen Herrian, Euskararik gabeko eskola ez da burujabea, ikasle euskaldunak sortzen ez duen eskola ez da burujabea, buru gabea baizik.

 

Murgiltze eredua burujabetzaren ikur.

“No deixarem mai d´ensenyar la llengua”
Som Escola mugimendua (2018ko otsaila)

Zatiketarekin batera, “burujabetza” aipatzean, Katalunia etortzen zaigu burura, arrapaladan. Eta Kataluniarekin batera, Espainiar estatuaren zentralismoa, errepresioa, indarkeria, eta Espainiar Konstituzioaren 155. artikulua. Modu berean Seaskak kalitatezko hezkuntza bermatzeko behar duen irakasle kopurua lortzeko jarri dizkieten trabak etortzen zaizkigu burura ere; edota Nafarroako Hezkuntza Sistemak duen hizkuntza ereduen “hizki-zopa”; edota Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ikasle euskaldunak sortuko duen hezkuntza eredu bakarraren aldeko urratsak emateko ezintasuna.

“Hilabete hauetan Katalunian ikusi dugunarekin, inoiz baino argiago esan dezakegu: Herri guztiek behar dute bere hizkuntzaren transmisioa bermatuko duen hezkuntza sistema”

Zentzu honetan, Kataluniako “prozesua” geldiarazteko Espainiar Erresumak hartu dituen erabakien artean, bat azpimarratu nahiko genuke: Kataluniako Hezkuntza Sistemak duen Murgiltze Sistema deuseztatzeko saiakera. Hain justu, herrialde horren jendarteak kohesiorako duen tresna garrantzitsuenetako bat. Saiakera honek zenbait galdera sortzen dizkigu: Zein zen Espainiar Erresumaren helburua? Zergatik komeni zaio espainolismoari katalan hizkuntza, Katalunian, ulertzen ez duen populazio bat hezitzea? Nondik hartu du Espainolismoak inspirazioa Kataluniar jendartearen bizikidetzaren kontrako eraso hau burutzeko ?

Azken galdera honekin, ezin dugu gurera begira jartzea ekidin. Sortzen Elkartea osatzen dugunok, aipatu dugun erasoaldi honen aurrean, gure barruan mina sentitu dugu. Guru burua erasotua ikusi dugu, eta burujabetzaren norabidea argi ikusi dugu ere. Bagenekin Euskarazko Hezkuntzako murgiltze eredua gure jendartearen kohesiorako tresna bat zela, eta hilabete hauetan Katalunian ikusi dugunarekin, inoiz baino argiago esan dezakegu: Herri guztiek behar dute bere hizkuntzaren transmisioa bermatuko duen hezkuntza sistema.

 

Euskal Eskola Publiko Berriatik Auzo Bizi Onaren Eskolara: Hezkuntza Burujabetza da giltza

“Y, ¿qué tengo que decirle a la Universidad como artículo primero, como función esencial de su vida en esta Cuba nueva? Le tengo que decir que se pinte de negro, que se pinte de mulato, no sólo entre los alumnos, sino también entre los profesores; que se pinte de obrero y de campesino, que se pinte de pueblo, porque la Universidad no es el patrimonio de nadie y pertenece al pueblo de Cuba.”
Ernesto Che Gevara, 1959ko abenduaren 28an

“Mugimendu feministak planteatzen duen “gorputzen burujabetza”, edota lurrari lotutako eragileen “elikadura burujabetza” izan genuen erreferente”

Che Gevararen hitz hauek ekarri nahi izan ditugu gogora, hezkuntza sistemaren indarguneak nabarmentzeko helburuarekin. Kubatar iraultzaren protagonista honek Unibertsitatean gainean egin zuen gogoeta, baina gure ustez, Herrialde Burujabe baten Hezkuntza Sistema osoa kokatu dezakegu lerro horietan.

Sortzen Elkarteak, bere hogeita zazpi urteko ibilbidean, Euskal Eskola Publiko Berrian izan du iparra, Euskararen Herriak behar duen Hezkuntza Sistema propioa, alegia. Bide horretan, jardun ezberdinen bidez, Curriculum propioa garatu dugu, baita Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa ezaugarritzen duen Oinarrizko Hezkuntza Akordioa sinatu ere. Benetan, gure ustez, mugarri hauek Hezkuntza Burujabe baten bi zutabe dira.

Pasa den ikasturtean altxatu genuen Hezkuntzaren Burujabetzaren ikurra. Herri mugimenduei so eginez, eta neoliberalismoaren ondorioak gure hezi-gunetan bizi bizian sentituz, deshazkundearen bidea jorratzearen garrantzia mahaigaineratu nahi izan genuen. Ildo horretatik, mugimendu feministak planteatzen duen “gorputzen burujabetza”, edota lurrari lotutako eragileen “elikadura burujabetza” izan genuen erreferente. Burujabetza aldarrigai, behetik gora, nahi eta behar dugun eskola ametsetatik errealitatea bihurtzeraino.

Che Gevarak beltzen errealitatearekin bat egitea eskatzen zion Kubako Unibertsitateko eragileei, langileriarekin edota nekazariekin bat egin, herriarekin lotura izatea, alegia. Helburu berberarekin jaio zen Sortzen, eta horixe bera proposatzen dugu Sortzen Elkartetik Hezkuntza Burujabetza tresnatzat hartzen dugunean, Auzo Bizi Onaren Eskola lortzeko, herria eta eskola eskutik helduta bidea jorra dezagun, edo Che Gevarak esan zuen bezala: herriaz margo dezagun eskola.

Hauek dira Auzo Bizi Onaren Eskolaren ezaugarriak, Sortzen Elkarteak 2016.urtean aurkeztutakoak, Euskal Eskola Publiko Berriaren kontzeptuari gaurkotasuna eman nahian, elkarteak hogeita bost urte bete zuen urtean.

  • Slow Eskola: Ikasleen garapen beharrak errespetatu eta elikatzeko norbanakoari egokitutako erritmoa duen hezkuntza eredua, inor bazterrean utziko ez duelarik. Bertako elikadura natural eta osasuntsuaren bidez jangelek hezi-gune funtzioa dutena, pertsonen artean, elikagaiekin zein ekoizleekin harremanak landuz.
  • Euskaldunanitza: Ikasle “euskahaldunak” sortuko dituen hezkuntza eredua, hezkuntza komunitatearen zein ingurune soziolinguistikoaren aniztasuna oinarri duena.
  • AberAniztasuna: Ikasleen aniztasuna aberastasuna izanik pertsonen izaera kolektiboaren ezaugarria da eta, ondorioz, aniztasuna zaindu, elikatu eta elkar-aberastuko duena.
  • NiZuGutzailea: Ikasleek dituzten norbanako nortasun zein nortasun kolektibo ezberdin guztien ezagutza eta errespetua bultzatuko duena, enpatia sortuz eta begirunezko harremanak sustatuz.
  • SorBizitzailea: Pertsonaren garapenerako konpetentzien jabetza ezinbestekoa izanik, sortzailetasunaren eta modu libre zein bizizalearen bidez heziketa bultzatuko duena.
  • Adimozionala: Autoestimua eta harreman sozial zein afektibo osasuntsuak garatu ahal izateko emozioak ezagutzea, ulertzea eta kudeatzen ikastea bultzatuko duena.
  • AuzoEskoLan: Hezkuntza ez dagokio soilik eskolari, familiak eta herriak ere ardura eta funtzio garrantzitsua izanik, herria bera hezi-gunea bilakatuz, guztien parte-hartze aktiboa bilatuko duena.
  • Hezigune Sarea: Auzo Bizi Onaren eskolek behar duten garapen kultural, pedagogiko eta sozialerako interes komunen arabera elkarlanerako saretuko dira, saretze hauek Euskal Herri mailako sistema propio baten abiapuntua izango direlarik.

“Auzo Bizi Onaren eskola garatu dadin ikastetxean bertan hezkuntza proiektuaren, curriculumaren eta baliabideen erabaki eta kudeatze ahalmen handia behar da”

Eta lehen esan dugun bezala, deslokalizatua dugun eskolatik nahi eta behar dugun eskolaraino ibilbidea pausoz pauso egiteko, Hezkuntza Burujabetza dugu tresna nagusia, giltza: Auzo Bizi Onaren eskola garatu dadin ikastetxean bertan hezkuntza proiektuaren, curriculumaren eta baliabideen erabaki eta kudeatze ahalmen handia behar da, eta hor kokatzen da hain zuzen burujabetzaren iturburua, behetik gora eta txikitik handira egituratuko litzatekeena. Ikastetxetik eskualdeko ikastetxeen mailara elkarlana eta saretzea, komunak dituzten eduki eta beharren kudeaketa eta erabakiak hartzerako.

Eta behetik gorako antolatze ereduan kokatuko litzateke erabaki ahalmena, herrialde administrazioek halako eredua ahalbideratuko luketen arau, lege eta aurrekontu parte hartzaileak sortzeko ardura izanik.

Sergio Iribarren Galbete
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago