Iratxe Esnaola | TM eLab-eko kidea

Gizartearen “datifikazioa” eta datuen gobernantza

talaia12 iratxe esnaolaIratxe Esnaola informatika-ingeniaria, unibertsitateko irakaslea eta Telesforo Monzon eLab Euskal Herrigintza Laborategiko kidea da.
 

Informazioaren jendartetik, jakintzaren jendartera pasa omen ginen. Orain gizarte “datifikatu”-ez hitz egiten da, errealitatea “datifikatzen” duten gizarteez: datuak aktibo garrantzitsu diren eta datuek gidatzen dituzten gizarteez.

 

Eztabaidaezina da datuen kudeaketa egoki batek erakunde publiko eta pribatuei ebidentzietan oinarritutako erabakiak hartzeko aukera eskaintzen diela: agertoki berriak eta berritzaileak sor ditzakeela, non herritarren ahalduntzea sustatzen den. Era berean, ezin da zalantzan jarri egun ematen diren datu-biltze eta -erabiltze prozesu nagusi eta zabalduenak erabat estraktibistak direla: GAFAko multinazionalen partetik ematen den datu-estrakzio eta datu-ustiaketak gure esperientzia soziala erabat “datifikatzen” duela; “datifikazio” prozesu horren izaera asimetrikoa eta baztertzailea dela; eta monetizazio soileko eskema baten baitan kokatzen dela, bide batez herritarren gaineko bijilantzia areagotuz.

 

Aipatu bezala, egun nagusi diren “datifikazio” prozesuak erabat desorekatuak dira: botere harreman asimetrikoak dira. GAFA eta “datifikazio” asimetrikoa sustatzen duten bestelako enpresa edota erakunde publikoen kasuan, herritarren datuak enpresaren edo erakundearen balioa handitzeko erabiltzen dira soilik. Eta honen aurrean, nola egin behar dugu herritarren datuak gizarte kohesioa indartzeko erabil daitezen? Nola administratu eta gobernatu behar ditugu herritarren datuak eurak ahaldundu eta euren ongizatea bermatzeko erabiliak izan daitezen? Funtsean, zein dira bideak herritarren datuek sortzen duten balioa gizartera itzultzeko?

 

Plataformen eta big tech handien aro honetan, asimetria horri erantzun asmoz, anitzak dira munduan datu gobernantza eredu alternatiboak teorikoki sortu eta praktikan martxan jartzen saiatu diren ekimenak. Mozilla Fundazioak deskribapen zabalak eta adibide zehatzak bildu ditu txosten honetan: Shifting Power through Data Governance. Tartean dira Datu Kooperatibak eta Data Commons-ak(datuen prokomunak).

 

Herritarren %73 datu pertsonalak partekatzeko prest leudeke, zerbitzu publikoak hobetzeko erabiliko balira, eta modu sinple eta seguru batean egin ahalko balitz.

Datu Kooperatiba bat legezko egitura bat da, norbanakoen edo erakundeen datu-elkartrukea ahalbidetzen duena, beti ere kooperatibako kideen onura ekonomiko, sozial edo kulturalerako. Normalean, datuen jabetza eta kontrola kooperatibako kideen artean partekatua da. Adibide gisa, besteak beste, Driver Seat aipatzen da. Datu kooperatibak dira, ziur aski, teorian eta praktikan gehien landu direnak. Igor Calzadaren Data Co-operatives through Data Sovereignty artikuluan hogeita hamarretik gora adibide aipatzen dira (sei oso garatuak).

 

Datu Kooperatibekin batera, Data Commons da, ziur aski, ezagunena egin ahal zaiguna. Bartzelonako hiria proiektu pilotu baten protagonistetako bat da, Amsterdamekin batera. DECODE (Desentralized Citizen Owned Data Ecosystem; Herritarren Jabetzako Datuen Ekosistema Deszentralizatua) da, Horizon 2020 Europar Batasuneko ikerkuntza eta berrikuntza programaren baitan, Data Commons gisako proiektuen artean ezagunena, edota anbizio gehien duena: datuen kontzepzioa aldatzea baitu oinarri eta helburu. Euren azterketa baten arabera, herritarren %73 datu pertsonalak partekatzeko prest leudeke, zerbitzu publikoak hobetzeko erabiliko balira, eta modu sinple eta seguru batean egin ahalko balitz. DECODEk, datuak “azpiegitura publiko” gisa ulertzen ditu, elektrizitatea eta ura bezala. Eta datuen erabilera datuen balioa jendartera itzultzeko helburura mugatzen dute, herritar bakoitzak, indibidualki eta kolektiboki, zein datu pribatu mantendu eta zein partekatu erabaki dezakeelarik. Oso argi adierazten dute: herritarrek sortutako datuak herritarrenak dira eta egun datu horiek duten balio ekonomiko neurtezin hori herritarrengana itzuli behar da. Anbizio handikoa da, aipatu dudanez, udalerri/hiri, nazio/estatu eta Europa mailan gara daitekeela baieztatzen baitute.

 

Europarrok egunerokotasunean erabiltzen ditugun web zerbitzu gehienak enpresa estatubatuarrenak da, eta hortaz, ezinbestekoa dela europa mailan datuen gaineko politika irmoak eraikitzea.

Ildo berean, Tim Berners Lee, WWWaren sortzailea ere, kezkatuta dago herritarren euren datuen gaineko kontrola erabat galdu dutelako, eta bere saiakera ere egiten ari da, “pods” direlakoekin. Bide batez, balioan jartzen du Europako pribatutasunaren araudia, big tech-en datuen erabilerari muga batzuk jartzen dizkiolako. 2018koa da araudi hori eta 2020an Europak “Datu Estrategia” aurkeztu zuen. Txostenean literalki diotenez, “Datuen Europako estrategiak datuen merkatu bakar bat sortzea du helburu, Europaren lehiakortasun globala eta datuen burujabetza bultzatuko dituena.” Urte berean aurkeztu zuten “Data Governance Act”, datuen gobernantzarako Europako araudia. Eta aurten, urtea bukatu aurretik, “Data Act” aurkeztu behar dutela suposatzen da, datuen lege proposamen bat, B2G (business-to-government) datu-partekatzea sustatuko duen markoa sortzeko helburuarekin. Ikusteko dago honek guztiak zein eragin izango duen, baina argi izan behar dugu, Cédric Durand-ek bere Tecnofeudalismo: crítica de la economía digital liburuan dioen bezala, europarrok egunerokotasunean erabiltzen ditugun web zerbitzu gehienak enpresa estatubatuarrenak direla, eta hortaz, ezinbestekoa dela europa mailan datuen gaineko politika irmoak eraikitzea.

 

Babes neurriak sortzeaz gain, datuen estrakzioan oinarritutako egungo ‘datifikazio” prozesuen aurrean, alternatibak eraikitzea ere ezinbestekoa da: estraktibismotik ahalduntzera eramango gaituzten alternatibak; datuen erabilera, monetizazio eskema batetik, beste helburu batzuetara eramango dutenak. Era berean, datuak modu kontzientean sortzeko aukera dagoela ere barneratu behar da, egun bizi dugun datu-sortze inkontziente eta etengabekoari ahalduntzetik erantzuteko.

Datuak modu kontzientean sortzeko aukera dagoela ere barneratu behar da, egun bizi dugun datu-sortze inkontziente eta etengabekoari ahalduntzetik erantzuteko.

 

Zentzu horretan, Ramon Llull Unibertsitateko My Data, My Rules proiektuaren baitan, herritarren ahalduntze digitala zer den zehazten saiatu ziren. Lau dimentsiotan banatu zuten:

1) ahalduntzea (nire zein datu, nork ditu eta non dauden jakitea);

2) auto-espresiorako gaitasuna (datuak norekin eta zertarako partekatu nahi ditudan erabakitzea);

3) gardentasuna (datu-emate eta -partekatzearen arauak argi zehaztuak egotea);

eta 4) alfabetizazio digitala (datuen gaineko erabakiak hartzeko prozesu hori aurrera eramateak eskatzen dituen gaitasunak izatea).

 

Pentsatu nahi dut, jendea, oro har, gero eta deserosoago dagoela egunerokoan pairatzen dugun datu-estrakzio masibo honekin. Eta aplikazio eta zerbitzuak erabiltzeari utzi ez arren, hasi dela sentitzen, GAFAkoen partetik bederen, ez dela gizartearen onura bilatzen. Eta hortaz, une egokia izan daiteke “datuen kultura” sortzen eta indartzen hasteko. Eta datu isolatu batek indarrik ez duenez, datuek zentzua modu kolektiboan hartzen dutenez, datuen gobernantzarako alternatiba bat eraikitzeak jabetza eta kontrol indibidual eta kolektiboarekin esperimentatzea eskatzen du.

 

Euskal Herrian bada nahikoa jakintza eta gaitasun datuen gobernantza demokratikoa helburu duen gisako tokiko proiektu bat sortzeko. Egin dezagun. Eman ditzagun urratsak herritarren ahalduntze digitalean. Sor dezagun horrek eskatzen duen ekosistema minimoa: tokiko erakunde baten borondate politikoa; dagokion hasierako finantzazioa bermatzea; balioa herritarrei itzultzeko arazo, gai edo sektore bat identifikatzea (benetako beharra duena); prozesua aurrera eramateko herritar taldea eta berau alfabetatua egongo dela bermatzeko bidea. Goazen.

Iratxe Esnaola | TM eLab-eko kidea
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago