Liburu erreseina | Automating inequality (V.Eubanks)

Automatizazioaren atzean boterea dago

talaia12 virginia eubanksrVirginia Eubanks (Ameriketako Estatu Batuak, 1972). Albanyko Unibertsitatean irakaslea da, Politika Zientzien graduan. 3 urte eman zituen pribatutasun digitala, desberdintasun ekonomikoa eta datuetan oinarrituriko diskriminazioa ikertzen. Azken bi hamarkadetan justizia ekonomikoaren eta teknologia komunitarioaren aldeko taldeetan lan egin du, eta Our Data Bodies proiektuaren sortzaileetakoa da

 

Virginia Eubanks La automatizacion de la desigualdad liburua

Virginia Eubanksen “La automatización de la desigualdad. Herramientas de tecnología avanzada para supervisar y castigar a los pobres” datuetan oinarrituriko diskriminazioaren gaineko ikerketa zorrotza da. Algoritmoen erabakietan harrapatuak dauden hiritarren erretratu gordina. Jarraian, Jagoba Zulueta, Ipar Hegoa Fundazioko kideak idatzitako liburuaren erreseina duzue.

Jatorrizko izenburua: “Automating inequality: How High-Tech Tools Profile, Police, and Punish the Poor”. (2019) Gazteleraz, “La automatización de la desigualdad. Herramientas de tecnología avanzada para supervisar y castigar a los pobres” bezala Capitán Swing-ek argitaratua 2021ean.

 

 
Automatizazioa, robotizazioa, digitalizazioa… kontakizun ofizialaren harribitxia dira. Eguneroko bizitzaren zamak arinduko dizkigu, ekoizpen prozesuak jasangarri eta merke bilakatuko ditu, denbora librea biderkatuko du eta aisialdi hortaz gozatzeko tresna berriak emango dizkigu etengabe,… dena da ona teknologiak gidatutako munduan.  Ustezko onura hauei guztiei automatizazioak prozedura administratiboei ematen omen dien objektibotasuna eta, ondorioz, izaera justua batu behar dizkiegu.
Baina, gerta daiteke Zahar Etxe batean plaza librea eskuratzeko prozesu automatiko batek zure izena bidegabeki baztertzea, aseguru mediko batek zure tratamendua ez kubritzea modu batetara edo bestera markatua zaudelako, etxebizitza sozialeko programak zuri etxerik ez esleitzea baliabideak ez dituzulako… finean interes politiko jakin batzuei jarraitzen dieten irizpideen arabera sortutako algoritmoen baitan ebaztea hamaika prozedura administratibo. Virginia Eubanksek liburu honetara ekarri ditu Ameriketako Estatu Batuetako errealitatean jasotako eta ikertutako egoera eta kasuak. Eta ondorio ikusgarriak eta argigarriak ematen dizkigu teknologiaren erabileraren neutraltasunaren argudioa deuseztatuz. Are gehiago, eskubide zibilen, eskubide sozialen eta justizia ekonomikoaren ikuspegitik pobreak markatzeko, baztertzeko eta zigortzeko automatizazioa nola erabiltzen den ikusiko dugu.

Eskubide zibilen, eskubide sozialen eta justizia ekonomikoaren ikuspegitik pobreak markatzeko, baztertzeko eta zigortzeko erabiltzen da automatizazioa

Pentsa dezakegu Ameriketako Estatu Batuak, geografikoki ez ezik, estatu ereduan gugandik urrun daudela eta adibide hauek ez dutela translazio zuzenik. Defentsa mekanismo bezala uler dezakegu argudio hau. Izan ere, automatizazioak duen efektuetako bat erabaki lazgarri horiekiko distantzia emozionala eta politikoa sortzea baita, haiekiko ardurarik ez bagenu bezala. Prozesu tekniko eta objektibo horrek, bere ustezko neutraltasunarekin, apelaezinezko justizia ezarriko balu bezala eta arduradunik edo errudunik ez balego bezala.
Ez daude, ez, hain urrun. Nork jaso laguntza soziala eta nork ez, nork izan babes ofizialeko etxe baterako eskubidea eta nork ez, nor etxegabetu eta noiz, nork ordain dezakeen argindarraren faktura eta nork ez, nork izan pentsio duina eta nork ez… egungo eztabaida politikoak dira. Hor gertatzen ari da bizitza eta kapitalaren arteko borroka. Kapitalak eta kapitalaren aldeko politikak gauzatzeko erakunde politiko-instituzionalak teknologia eta teknika guztiak baliatzen ari dira langile klaseak eta pobreak identifikatzeko, kontrolatzeko, estigmatizatzeko, diziplinatzeko eta kasua gertatuz gero zigortzeko ere. Bajak kontrolatzeko eta lanpostura itzultzeko presio mekanismoak mutuen eta administrazioen partetik, diru sarreren bermerako errentaren jasotzaileen kontrolerako administrazioaren kanpainak eta estigmatizatzeko kanpaina politikoak, alokairu sozialetara sarbidea izateko behar gehien duten familiek dituzten arazoak,… aspaldi hemen dauden praktikak biderkatzeko eta teknologikoki optimizatzeko bidean dira.

Automatizazioak duen efektuetako bat erabaki lazgarri horiekiko distantzia emozionala eta politikoa sortzea da

Eubanksek erabakiak hartzeko prozedura automatizatuek berdintasunerako, justiziarako, osasunerako, demokraziarako, jendarte kohesiorako eta bizitzarako dituen arriskuak azpimarratzen ditu. Eta hor dago gakoa. Prozesu automatizatuak, erabakietatik pertsonak ezabatu dituztenak, ondorio deshumanizatuak izan ohi dituzte. Eta hori ez da emaitza saihestezin edo ezinbestekoa, nekropolitika kontzienteen ondorioa baizik.
Eubanksen hitzetan “Erabakiak modu automatizatuan hartzeak gizarte-segurantza txikitzen du, pobreak kriminalizatzen ditu, diskriminazioa areagotzen du eta biktimen balio sakonenak arriskuan jartzen ditu. Erabaki sozial partekatuak birformulatzen ditu, nor garen eta nor izan nahi dugun sistemen ingeniaritzako arazo gisa”. Eguneroko bizitzan eragin zuzen eta bortitza duten erabakiez ari gara, eta zaila da hori baino arazo handiagorik azpimarratzea. Pertsona zaurgarrienen bizitzaz eta heriotzaz ari gara, eta bizitza hori duintasunaren mugaren gainetik eramateko ahalmenaz. Baina, Eubanksek dioen moduan, horrez gain jendarte osoa interpelatua da. Denok gara interpelatuak. Nolako herria izan nahi dugun, nolako balore sozial, politiko, etiko eta ekonomiko izan nahi ditugun kolokan baitago.

Eguneroko bizitzan eragin zuzen eta bortitza duten erabakiez ari gara

Bere buruaren jabe izan nahi duen herri batentzat, bere herritar guztien bizi eta lan baldintzen duintasunaz kezkatzen den mugimendu ororentzat, bere herritarrekiko elkartasuna adierazi nahi duen herritar kolektibo guztientzat, saihestu ezinezko interpelazioa da. Eta horrek automatizazio, robotizazio eta digitalizazio prozesu ororen gaineko kezkaz harago, ziberburujabetzaz eta kritikotasunez jokatzeko gogoeta, eztabaida eta erabaki prozesuetara eraman behar gaitu.
 
 
 
La automatizacion de la desigualdad
Liburu erreseina | Automating inequality (V.Eubanks)
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago