Gorka Julio | Talaios Koop. eta Teks sareko kidea

Teknologia burujabetzaren ebakipuntuak

talaia12 gorka julioGorka Julio Informatika ingeniari teknikoa (EHU) da eta software libreko masterreko titulatua (UOC). Talaios Kooperatibako kidea da

 

T

eknologia burujabetzari buruz hitz egitean azpiegituraren gaiari heltzen zaio maiz, baina bada garaia ikuspuntu orokorrago batetik ere horiek pentsatzen hasteko. Teknologia burujabetza telekomunikazio azpiegitura propioen beharrarekin soilik lotzea, murriztailea izateaz gain, garaiak hainbeste behar duen konplexutasunaren irakurketa eta begira sistemikoago baten beharra alboratzen du.

Teknologia burujabetza eztabaidaren erdian kokatuko da hurrengo urteetan, baina hitzak berak interpretazio ezberdinak egiteko aukera ematen du, batzuk interes orokorretik urrun. Arriskuetako bat, teknologia burujabetza, burujabetza nazional ez askatzaile bati lotzeko joeran dago. Macron ikusi dugu Frantziaren burujabetza teknologikoa defenditu nahian, Espainian monopolio zaharren pribatizazioetatik sortutako enpresa handiak dira, autonomia estrategikoaren izenean, beren ildoa, estatu-ildo bezala definitu nahi dutenak. Gertuago ere, burujabetzaren perspektiba falta edo kutsu neoliberala erabatekoa da, esate baterako Eusko Jaurlaritzaren azken proposamenean1.

Zertaz ari gara bada teknologia burujabetzaz ari garenean? Elikadura burujabetzaren alorrean Via Campesinak erabilitako definizioa oinarri har daiteke: «Burujabetza teknologikoa herriek, komunitateek eta herrialdeek, nork bere ezaugarrien arabera modu ekologikoki, sozialki, ekonomikoki eta kulturalki egokiak erabiliz, beren sistema eragile, software, hardware, sare eta azpiegitura politika propioak definitzeko eskubidea dute. Teknologia eduki eta ekoizteko eskubidea barne hartzen du, alegia, jende guztiak daukala teknologia seguru, bizigarri eta kulturalki egokia eta teknologia ekoizteko baliabideak izateko eskubidea, eta nork bere burua eta bere gizartea modu iraunkorrean eustekoa. Teknologia burujabetzak esan nahi du herriek eta komunitateek nagusitasuna dutela merkataritza auzien gainetik teknologia eta teknologien ekoizpena kontrolatzeko».

Arriskuetako bat, teknologia burujabetza, burujabetza nazional ez askatzaile bati lotzeko joeran dago

Teknologia burujabetza horrela definituta hartzen duen izaerak, beste arlo batzuetako burujabetzei lotzeko (hezkuntza, elikadura, finantza, energia…) aukera ematen digu. Adibidez ekimen nabarmenetako bat da X-netek Bartzelonan proposatutako «datuen pribatutasunean eta ikastetxeen digitalizazio demokratikoan bikaintasuna lortzeko proposamena»2 software librea erabiliz, eskoletan hedatzen ari den eredu tekno-kapitalistari soluzio integral bat eskainiz.

Aldi berean, erraldoi teknologikoekiko mesfidantza gero eta handiagoa da, izan duten arrakasta izugarriari lotuta noski, gure bizitzako alor gero eta gehiagotan sartzen ari diren heinean. Plataforma-Kapitalismoa deitzen hasi zaion honek sortzen duen kaltea ere nabaritzen hasi gara. Auzoko liburudendak desagertzen ari dira, auzokideak ez dira hain auzokide eta enpleguaren prekarizazioa etengabe areagotzen ari da.

 

Arriskuetako bat, teknologia burujabetza, burujabetza nazional ez askatzaile bati lotzeko joeran dago

AirBnB, Glovo edo Uber bezalako enpresak3, alde batetik, eta Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft moduko korporazio handiek, bestetik, komunak ahultzen dituzte eta gure herri eta komunitateei zuzeneko kaltea eragiten die; hustu egiten baitituzte, haien baitako harremanen ordez merkatuak baldintzatutako harremanak txertatuz. Lehenengoek lan baldintzen prekarizazioaren bidez lortzen dute beren helburua eta bigarrenek, aldiz, ezinbestekoak eta orain arte publikoak ziren alorrak konkistatuta; osasunaren eta hezkuntzaren arloak, konkista horren bi adibide dira. Bata zein bestea oldarraldi berdinaren bi aurpegi dira.

 

Plataforma tekno-kapitalistari aurre egiteko mugimendu berriak ere garatzen ari dira leku ezberdinetan. Batzuk erresistentziatik, ohiko sindikatuen lan ildo bilakatu dira4, eta beste batzuk sindikatu sozialen forma hartzen ari dira, Ridersporderechos, kasu. Beste hainbat, aldiz, aurretik Glovo eta Deliveroo bezalako enpresetan zeuden edota beren kasa antolatzea erabaki duten langileek antolatutako kooperatiben forma hartu dute, Mensakas edo Eraman kooperatibek, adibidez. Bidean, ekosistema kooperatibo berriak ere sortzen ari dira, ekimen zehatzetik harago eredu berriak barreiatzen dituztenak, horien artean: Coopcycle, Open Food Network, FairBnB.

Kooperatibismoak dinamismo berri bat erakutsi du eredu berriak sortzeko garaian eta horri lotuta kooperatibismoari lotutako ekinbide berriak sortzen ari dira. Horietariko askok energia berriztagarriekin eta teknologikoarekin harreman zuzena dute. Horrela, kontsumoari lotutako kooperatibak berritzaileak ez ezik (Goiener, Somenergia, Somconexio, Izarkom), lana eta produkzioari lotutako beste batzuk ere jaiotzen ari dira (i-ener, Nafarkoop, Abaila). Denetan ez bada, gehienetan, kooperatibismoaren forma edota gobernantza eredu berritzaileak topatzen ditugu. Beste adibide batzuk, Coopdevs eta Teks sarea,teknologia librea eta ekonomia sozial eraldatzailea bultzatzen, elkarlan teknologikoan diharduten bi eredu.

Telekomunikazio azpiegituren gaian murgilduz, ertz asko dituen gaia dela esan daiteke. Alde batetik, marko legalek eragin zuzena daukate, bestetik, konpetentzia handiko espazioa da. Sareen garapenari dagokionez, sare horiek hedatzeko gaitasun legala behar da lehenik, ondoren sareak martxan jarri, mantendu eta erabiltzaileengana iritsi, operatzeko azkenik. Prozesu osoak behar du arreta, nahiz eta atal bakoitzerako proposamen partzialak ere egin daitezkeen.

Telefonia zerbitzua emateko garaian, espektro erradioelektrikoa oso mugatua dago. Enpresa batzuek soilik, lizentzia dutenek, erabili dezakete. Horregatik ere, besteek sarea erabiltzeko bideak ere arautua daude, OMB (Operadore Mobil Birtual) bidez. Enpresa handiek Movistar, Vodafone, Orange, Más Movil… kontrolatzen dute sarea eta beste konpainia askok, enpresa horietako konexio denbora eta datu bonoak erosi behar dituzte. Horrez gain, enpresa horiek beraiek merkatu estrategia makurrak erabiltzen dituzte pertsona-helburu ezberdinetara iristeko. Bakoitzak azpi-marka sorta handi bat du gazteagoa, merkeagoa, euskaldunagoa…. merkatu kuota handitzeko helburuaz.

Horregatik honetan diharduten beste era bateko proiektu eraldatzaileen mugimendu esparrua ere murritza da, zerbait egin badaiteke ere. Sare horien hedapenean ez bada, enpresa horien izaeran adibidez. Ez da berdina operadorea enpresa publiko bat izatea, irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat edo ohiko enpresa pribatu bat. Ez da berdina baldin eta horren inguruan biltzen den jendea eta proiektuaren jabetza eta gobernantza komunitate horren esku eta interes orokorragoei begira egiten bada. Hala ere, Som conexió edo Izarkom bezalako kooperatibek inposatutako muga horien barnean jokatu behar dute. Zuzenean daude lotuta handi horien erabakiei merkatu mailan eta baita estatuek ezarritako mugei eremu administratiboan.

Telefonia zerbitzua alde batera utziz, bestelako sare eta komunikazio azpiegiturei begiratuz gero, aukera gehiago irekitzen dira. Uhin bidezko sareak, zuntz-optikoko sareak, azpiegitura pasiboak edota zerbitzari propioak izateko aukerak badira. Horiek garatzeko estrategiak publikoak, kooperatiboak eta komunitarioak izan daitezke. Goitik beherako ereduak eta behetik gorakoak uztargarriak dira, baldin eta komunean oinarritutako eredu bat proposatzen bada. Horretan eredugarria da Guifi.net Sare Libre eta Neutralak eraikitzeko proiektua. Eredu honen bidez edozein dela sarearen sustatzailea ere jabetza eta gobernantza eredu partekatu bat eramaten da aurrera. Sareen aprobetxamendu ona ere sustatzen du, ezinbestekoa den azpiegitura soilik hedatuz, ingurumenean ere ahalik eta inpaktu negatibo gutxiena izateko.

Burujabetzaren ikuspuntu totalizatzaileak alboratu behar ditugu

Guifi.net fundazioak laguntzen du lan horretan. Bere esperientziari eta eskarmentuari esker arlo juridikoan, administratiboan, teknikoan.. ematen diren egoerei soluziobidea eskaintzen die eta sarean operatu nahi dutenen arteko koordinazioa ahalbidetzen. Praktikan eredu honekin hedatzen diren sareetan inbertsiorik bada hobeto erabili ohi da eta zailagoa bihurtzen da inoiz pribatizatuak izatea, jabetza eta gobernantza bertako agenteek kontrolatzen dutelako. Katalunian bereziki interesgarria da GRETA sarea eta Euskal Herrian eredugarriak dira Sakana5 eta Zumaiako6 adibideak.

Azken honetan ZOZ Zuntz Optikoa Zumaia egitasmoa jarri dute martxan. Proiektuarekin sortuko den sarea belaunaldi berriko zuntz optiko ultra-azkarreko sarea izango da eta bertan parte hartzen duen Zumaiako herritar oro izango da sarearen jabe. Sare neutro, ireki, libre eta mankomunatua izango da. Elkarlanerako hitzarmena sinatu duten Guifi.net fundazioa eta Zumaiako Udala dira proiektuaren sustatzaile nagusiak, baina ez bakarrak. Bi horiez gain, herritarrek eta bertan hartuko duten operadoreek ere, nahi badute, eros ditzakete sarearen zatiak.

Udalarentzat, herriaren %100era iritsiko den kalitate handiko sare bat lortzea izan daiteke interesgarria. Guifi.net fundazioarentzat, beren ereduan sustatutako sareak herri mailan gara daitezkeela erakustea. Bazkide egiten diren herritarrei, hileko zerbitzu kuotan aurrezteko balioko die eta tokiko operadoreei, beste era batera ematerik ez luketen zerbitzuak tokiko ekonomiatik emateko aukera.

Bakoitza, bere interesetatik biltzen da sarera, baina denek elkarrekin komun berri bat eraikitzea lortzen dute. Bokazio unibertsala duen zerbitzu bat, horrekiko konpromiso maila gehien erakusten dutenek bultzatua eta gobernatua, baina parte izan nahi duen herritar ororentzat irekia aldi berean. Bazkide egin gabe, sarea erabiltzen duten hornitzaileen zerbitzuak kontrata ditzakezu. Kasu horretan, sarearen inguruko erabakiguneetan parte hartu gabe, sarea bera erabiltze soilarekin ere, nolabaiteko ekarpena egiten ari zarelarik.

Arlo publikoari dagokionez, interesgarria litzateke era honetako ekimenetan edo sare publiko baten garapenean buru belarri murgiltzea. Aurrekariak ez dira onak, Euskaltel eta Telefonicaren pribatizazio adibideak etsigarriak dira. Helburu xumeena berriro horrelakorik ez gertatzea litzateke, baina horretan ere erren gabiltza oraindik, adibidez hainbat udaletan, sare azkarren garapenerako erabiltzen ari dira Europako zenbait diru-laguntza. Horietako askotan baina, enpresa pribatu batek egin ohi du hedapena, udalei prozesua erraztuz, baina urte gutxi batzuen ondoren sare hori enpresa horren jabetzan eroriko dela ziurtatuz.

Hala ere, arlo honetatik ere gauza asko egin daitezke burujabetzaren bidean inpultso orokor bati itxaron behar izan gabe. Azpiegitura publiko asko dago, zuntz iluna, sare publiko instituzionalak, antenentzako enplazamenduak, azpiegitura pasiboa (kableak pasatzeko hoditeriak)… Etorkizuna hipotekatuko ez duten eredu burujabeetara bideratu behar dira hauek guztiak. Beti gogoratu behar dugu sareez ari garenean, elkar konexioa dela gakoetako bat. Interneten arrakasta, sareen sare bat izatea izan zen. Horregatik, gure sareek ere elkarrekiko konexioa bilatzea ezinbestekoa izango dute; hori gabe irla autarkikoak lirateke, ez burujabeak. Dibertsifikazioa egon daiteke sare ereduetan, pertsonek eta instituzioek osatutako sareak eta baita pertsonek, erabiltzaileek, langileek operatutako operadoreak. Denak dira beharrezkoak, baina denak elkarrekin ulertzera eta konektatzera bideratutako eredu batean egon behar dute arrakastarik izango badugu. Garaiak beste era bateko apustu indartsuagoa beharko luke, baina hori gabe ere ezinbestekoa da martxan jartzea.

Bide batez, burujabetzaren ikuspuntu totalizatzaileak alboratu behar ditugu. Hau da, burujabetza totala ez bada, ez duela ezertarako balio pentsatzea. Burujabetza totala ezinezkoa edo oso zaila da, faktore teknologikoak gainditzen ditu, gainera. Burujabetzan kontzesioak, zesioak, pragmatismoa, aukera… nahasten dira.

Irudimen hegemonikoa baino azkarrago jardun beharko dugu

Teknologia burujabetza pila bat balitz7, azpiegituretatik hasi, datuetatik pasatu eta teknologia horiek guztiak garatuko dituzten pertsonen ezagutzaraino iritsiko litzateke; denak lirateke garrantzitsuak. Geruza batek hurrengoarekin harremana dauka, baina, aldi berean, autonomoa da hein handi batean. Burujabetzaren pilan beraz, kapa batean aurrerapenak eman daitezke eta horrek burujabetza orokorrean eragina izango du, dena lortzera itxaron behar izan gabe; burujabetza horrek duen bektorea argia izatea da gakoa.

Burujabetza terminoaren beraren polisemia eta erabilera ezberdinak momentu berean emango diren testuinguru batean jokatu beharko ditugu. Burujabetza hori herrientzat eta komunitateentzat mesedegarriak izan daitezen borrokatzea tokatuko zaigu, horrenbestez. Bide horretan, urratsak emateko, irudimena izango da tresnarik indartsuena. Horretarako, irudimen hegemonikoa baino azkarrago jardun beharko dugu, analisi sozio-teknologikoko zenbait adarrek proposatzen duten moduan8.

Beraz, hainbat eredu elkarrekin bizi eta elkarlanean aritzeko gai den ekosistema batek abiapuntu egokia dirudi jendartearen eskala handiagoei eta premia handiagokoei aurre egiteko. Kontua, orduan, honela aurkez genezake: posible al da ekosistema kooperatibo digital lurraldetu bat sortzea? Lurraldetu hitzak, Jule Goikoetxeak9 adierazten duen zentzua hartzen du hemen: «Ez badaukagu lurralde gisa markatuta eremurik, ez daukagu populaziorik. Populaziorik gabe ez daukagu herririk eta herririk gabe ez dugu herri subiranotasunik edo burujabetzarik…». Hau da, digitala dena eremu espezifiko bat bezala hartu behar dugu, bere berezitasunekin, lurralde bakoitzean eta bere komunitateengan sortzen dituen ondorioak eta eragiten dituen ekoizpen- eta erreprodukzio-indarrengan duen eragina eta garapena kontuan hartuta.

Kontziente izan behar dugu teknologia burujabetzaren bidean garatzen duguna finkatzeko beste hainbat faktore, aliantza eta erakundetze maila ere beharko direla. Eztabaidarako gaia bada ere, teknologia burujabetzaren alorrean interesa dugunok erakundeetan, legedian, erakunde publikoetan… eragitea lortu behar dugu. Beharrak asko dira, baina batzuk aipatzearren:

  • Teknologia burujabetzari lotutako proiektuetan dihardutenen lana errekonozitzea, baliabidez hornitzea eta sostengatuko duten erakundeak laguntzea.

  • Oinarrizko azpiegiturak herritarren eskura jarri, eta hauen erabilera publiko eta komunitarioak ahalbidetzen dituzten marko juridikoak ezartzea.

  • Teknologiari lotutako ezagutzak eta oinarrizko zerbitzuak unibertsaltasun irizpideen arabera ziurtatuko dituzten dispositiboak martxan jartzea.

  • Teknologia burujabetzan sakontzeko, eta teknologiaren esparruan jaun eta jabe diren korporazioen aurrean negoziatzea eta gure ibilbidea defendatuko duten mekanismo instituzionalak ezartzea.

Seguru asko, hori ere instituzionalizazio publiko berri batetik edo arlo publikoaren kontzeptu berri batetik igaro beharko da. Arriskua baitago bestela teknologia burujabetza, aipatu dugun burujabetza nazional ez-askatzaile bati lotzeko, edota eredu neoliberalari atxikitutako kontzertazio publiko-pribatuak estatu egiturengan daukan kontrola baliatuz, enpresa nazionalen autonomia estrategiko bati lotzeko soilik. Horri aurre egiteko, publikotasunaren indar berritu bat beharko da, baina akaso, baliagarriak izan daitezke bultzada eraldatzaileagoa duten ekonomia sozial eraldatzaileak/solidarioak proposatutako elkarlan publiko-kooperatibo-komunitarioko ereduek.

 

 

Oharrak

1 https://xnet-x.net/privacidad-datos-digitalizacion-democratica-educacion-sin-google/ | Itzuli
2 What is the ‘gig’ economy? https://www.bbc.com/news/business-38930048 | Itzuli
3 https://www.lab.eus/es/hemos-defendido-los-derechos-laborales-de-los-riders-en-el-juzgado-y-en-la-calle/ | Itzuli
4 https://fundacio.guifi.net/es_ES/valle-sakana | Itzuli
5 https://fundacio.guifi.net/eu_ES/zuntz-optikoa-zumaia | Itzuli
6 Srnicek, Nick y Alex Williams. (2016). Inventar el futuro. Poscapitalismo y mundo sin trabajo. Traducido del inglés al español por Adriana Santoveña. Barcelona: Malpaso. | Itzuli
7 Goikoetxea, Jule (2017). Demokraziaren pribatizazioa, Kapitalismo globala, Europa eta Euskal Lurraldeak. Elkar. Donostia. | Itzuli

 

Gorka Julio | Talaios Koop. eta Teks sareko kidea
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago