Digitalizazioaren aurrean lubakiak antolatzen
Ale honetan digitalizazioaren inguruan jardungo gara, hiru ikuspuntu nagusi bildu nahirik.
Hasteko, digitalizazioak Euskal Herrian ireki dituen eztabaida sozialez gogoetatu nahi izan dugu, eta hauek gurera ekarri. Besteak beste, Ekologistak Martxan-eko Adrián Almazán digitalizazioaz eta trantsizio ekologikoaz jardun zaigu. Hezkuntzan Librezaleko kide diren Dabid Martinez eta Mikel Gartziak enpresa trasnazionalek gure hezkuntzan duten pisuaz ohartarazi eta software librearen alde egin beharreko apustua gogorarazi digute. Iñaki Alegria, UEUko kidea, 5Garen bueltan dauden zalantzak argitzen aritu da, eta Nicola Scherer, ODG-ko ikerlaria, Europar Funtsen atzean dagoen logika mahaigaineratzen.
Horri jarraiki, Jagoba Zuluetak Virginia Eubanksen La automatización de la desigualdad liburua erreseinatu du, datuen atzean ezkutatzen den diskriminazioa azaleratzeko. Horrekin batera, digitalizazioak gure eguneroko bizitzetan duen eraginaz hitz egin dugu, ahots ezberdinak elkarrizketatuz. Atal hau ixteko, EHDigitala manifestua publikatu dugu, Euskal Herrian digitalizazioaren bueltan eztabaida soziala irekitzea asmo duena.
Bigarren ikuspegi bezala burujabetza teknologikoaren ideia izango genuke, gaiaren gaineko ikuspegi orokorra ardaztu nahi duena. Horretarako, Gorka Juliok ziberburujabetza kontzeptu horrek izan ditzakeen garapen eta ertzak seinalatu dizkigu. Izaro Elorza, Oñatiko alkateak, ordea, burujabetza teknologikoaren praktika lokal eta zehatz bat erakutsi digu.
Bukatzeko, digitalizazioak lan munduan dituen eraginez aritu nahi izan dugu. Horri loturik, Ekaitz Cancelak digitalizazioak klase borrokan irekitzen dituen emantzipazio aukerez hausnartu du. Joseba Permach, Iratzar Fundaziotik, automatizazioak borroka politikorako irekitzen dituen aukerez aritu da. Eta Irati Sienra, LABeko kideak, zerbitzu pribatuen sektorean prozesu honek ekintza sindikalaren ikuspegitik sortu dituen berrikuntza eta eginbeharrak azaldu dizkigu. Amaitzeko, LAB sindikatuko Ekintza Sozialeko partaide diren Endika Perez eta Josefina “Txefi” Roco gai guzti hauek josi eta horien aurrean sindikatuaren posizioa markatu dute.