Liburu erreseina | Estrategias contra la gentrificación (L. Vollmer)
Gentrifikazioaren orena
Lisa Vollmerrek (Radolfzell, Alemania; 1987) Institut für Europäische Urbanistik de la Bauhaus-Universität Weimar-en egiten du lan. Bere doktore-tesia Berlingo eta New Yorkeko maizterren mugimenduei buruzko ikerketa bat da. Gainera, urteak daramatza Berlingo maizterren mugimenduan aktiboki parte hartzen. Sub!urban. Zeitschrift für kritische stadtforschung aldizkariaren erredakzio-taldeko kidea ere bada.
Lisa Vollmerren “Estrategias contra la gentrificación. Por una ciudad desde abajo” liburuak gentrifikazio prozesuen eta haren ondorioen begirada zorrotza eskaintzeaz gain, prozesuok itzularazteko esku-bete adibide dakarzkigu. Jarraian Maddi Arrieta eta Eihar Egaña LABen ekintza sozialeko komunitateko kideek idatzitako erreseina duzue.
Jatorrizko izenburua: "Strategien gegen Gentrifizierung"
Gaztelerazko edizioaren izenburua: "Estrategias contra la gentrificación"
Idazlea: Lisa Vollmer
Itzultzailea: Gema Facal Lozano
Edizioa: Katakrak Liburuak
Gentrifikazioaren fenomenoa azken hamarkada honetan Euskal Herriko hainbat hirietan, besteak beste, Bilbo, Donostia eta Iruñeako auzoetan, ikusi eta bizi dugulako hasi zaigu ezagun eta are gertukoago egiten.
Idazleak aztergai dituen Berlin, Hamburg eta Frankfurteko hiriek eta Euskal Herrikoek ezer gutxi partekatzen badute ere, gure hirietan ere ematen hasiak dira kapitalak bultzatzen dituen hiri eredu neoliberalaren ondorioak eta erresistentzia zein alternatiba esperientziak.
Alokairu merkeek erakarrita langile auzoen berraurkikuntza, fabrika ohietan kultur eta sormen guneen irekiera, ostatu eta komertzio moderno eta irudi-gaztekoena; auzoa fama hartuz joan eta kapital kultural handiagodun langile emergenteentzat auzo erakargarri bilakatzea; inbertsoreei auzoaz interesa piztu, lurraren prezioak gorantz egin, etxebizitzak birmoldatu eta garestitzean bertako bizilagunak kanporatzea, herritarren artean segregazioa sortuz, auzo batzuk getho bilakatuz.
Eraldaketa prozesuok bizi kalitatearen hobekuntza, nahasketa soziala eta kohesioa baino, interes ekonomikoek bultzatutako hiriaren zati baten, kulturaren eta harreman sozial lokalen birbalorizazioa dute helburu. Hau da, prozesu gentrifikatzaileak administrazio publikoek sustatzen duten hiriaren produkzio kapitalistaren parte dira: kapital handiagoa duten langileentzako bizimoduak eskainiz klase baxuaren kanporaketa prozesuak bultzatzen dituzte.
Hiriaren funtzio historikoa eraldatzean, Kapitala hiria negozioa egiteko fabrika handi gisa irudikatzen hasten da. Donostiak higiezinen merkatu eta turismoaren sektorea sustatzean, betiko dendak desagertzen joan dira eta turismoari begirako komertzioak irekitzen, harik eta Donostiako erdigunea aire libreko zentro komertzial erraldoi bilakatu duten; Alde Zaharreko taberna gehienek turistei zuzendutako eskaintza besterik ez dute; azken urteetan 25 hotel berri irekitzeko lizentziak eman dira eta 900 pisu turistiko baino gehiago dago. Turistifikazio prozesu basatia ematen ari da Donostian, Urola Kostan zein Lapurdiko kostaldean, eta, beste era batera, baita Bilbon ere.
EHU-ko ikerlari talde batek pisu turistikoen eskaintzaren eta alokairuen igoeraren arteko harremana aztertzean, pisu turistikoak alokairuaren igoera neurrigabearen eragile nagusienetakoak zirela ondorioztatu zuten. Hala dela baieztatzen dugu bizilagunok: auzo turistifikatuenetako auzotarrak ondoko auzo eta hirietara espultsatuak izaten ari gara, alokairuaren prezioaren garestitzea inguruko herrietaraino iristen delarik horrela.
Espultsioak etxegabetzeen bidez, Azora bezalako funts putre edota pisu turistiko eta hotelen irekiera masiboek eragindako alokairuen igoera jasanezinak aplikatuz, edota prekarietatearen, bizitzaren garestitzearen eta bizimodu horren eskuragarritasun eza direla eta ematen dira. Espultsioaren ondorioz auzoan sortzen diren sareak desagertzen dira, eta, Donostian, gainera, erdigunetik kanporatutako herritar eta sare horiek turista masa flotante batekin ordezkatuak dira.
Idazleak aktibismorako tresna sorta iradokitzen digu liburuan. Estatua merkatuaren joeren aurkako planifikazio urbanistikoan eta etxebizitza politiketan erabakigarria bada ere, bere kabuz ezer gutxi abiatuko duelakoan, mugimendu sozialen eta bizilagunen mobilizazioaren paperaren garrantzia gogorarazten digu. Hiri neoliberala eta herritarrentzako hiriaren arteko talka azaleratu beharra, alegia, bizitza eta kapitalaren gatazka territorializatuz.
Kapitalismoaren baitan hiriak duen funtzio berezia dela eta hiri eta herrietan ematen diren borrokak klase borrokaren parte aitortu ditugu. Langile klasearen borroka ez da soilik lantegian ematen; baita gure hiri, auzo eta herrietan ere. Hau da, Kapitalak lanarekin ez ezik, bizitzak sostengatzeko oinarrizko behar ororekin negozioa egin eta barauekin espekulatzen du, bizi baldintza duinen aldeko borroka lantegiez gaindi hedatzen delarik horrela. Oinarrizko bizigune geografikoetara hedatzen da eta auzoek integrazio eta mobilizazio gune gisa zentralitatea hartzen dute: etxebizitza duinaren alde, auzo bizigarrien alde, komertzio hurbilekoaren alde, turistifikazioaren eta gentifrikazioaren aurka. Bertatik askatzen da bizilagunen ezinegona, eta horrela abiatzen dira hiri eskubidearen eta etxebizitza eskubidearen aldeko mugimendu herritarrak.
Auzo elkarteek egoera honen salaketa irmoa egiten dute, baita auzoko nortasaunaren alderria eginez. Desagartzen hasiak ziren auzotarren sareak mantenduz eta indartuz. Baita auzoetako gazteak eta feministak antolatzen hasiak dira, ikuspegi intersekzionala landu eta bertan bizi eta zahartzearen eskubidearen aldeko aldarriarekin. Hutsik dauden eraikinak okupatuz eta funts putreen aurrean erresistentziara deituz. Auzoetako sareak batuz eta elkartuz, etxe kaleratzeen aurkako dinamika historikoetatik hasi eta maizterren sindikatuetan antolatzeraino, turistifikazio basatiariari aurre eginez, ikuspegi ekologistatik… alternatibak proposatzen ari gara alokairuen prezioak mugatzea, desazkunde turistikoari begira jartzea, bizi duinaren aldeko ekimen sektorialak abiatzean… Guzti honetan herri, auzo eta bizilagun sare gisa prozesu emantzipatzaileak garatzen ari gara, bizi garen lurraldetik abiatzen eta gure bizitzako esparru ezberdinetan burujabetzak berreskuratzeko beharretik igarotzen direnak.