Igor Arroyo

«Langile sektore guztien aterki izango den antolaketa eta ildo sindikal orokorra garatu behar dugu»

Igor Arroyo LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra da

Langileon pobretze orokortuak ezaugarritzen duen fase betean murgilduak gaude. Kapitalaren eta bizitzaren arteko lehian, langileriaren aurkako erasoak ez du etenik. Maila handiagoan ala txikiagoan izan, herritarren gehiengo zabalari —elite ekonomikotik kanpo dagoena— eragiten dio bizitzaren prekarizazioak. Zein da sindikatuak egoeraz egiten duen irakurketa?
Guk beti esan dugu Kapitalismoa bidegabea dela. Alta, Mendebaldeko langileei begira bazegoen nolabaiteko promesa bat: belaunaldi berriak termino materialetan “hobe” biziko zirela. Sistema bidegabea agian bai, baina eraginkorra zela. Honela, prekarietatea hedatzen zen bitartean kontsumismoa zen sistemaren anestesia. Behin planetaren muga biofisikoek hazkunde etengabearen mitoa agerian utzi dutela, sistema bidegabea ez ezik gero eta bideraezinagoa dela nabarmena da. Trantsizio energetikoa eta ekonomikoa egitea beste erremediorik ez dago. Zein norabidetan egingo den da gakoa.
Guk bidezko trantsizioa aldarrikatuko dugu, non langileon bizitza eta hitza aintzat hartuko den. Ekoizpen eta kontsumo eredua aldatzearekin batera, banaketa hirukoitza aldarrikatzen dugu: enplegua, zaintza lan eta ondasunaren banaketa. Oinarriz­ko ideia hauxe litzateke: parte har dezagun denok, parekidetasunez, enpleguan nahiz zaintza lanetan; eta jaso dezagun denok sortutako ondasunaren ordaina, hala gutxieneko soldataren bidez nola doako zerbitzu publikoen bidez. Beste era batera esanda: 30 urteko enplegu lanaldia, zaintza lanen banaketa erantzunkidea, 1400 euroko gutxieneko soldata eta doako zerbitzu publikoen garapena.


2008 ko krisiari austeritate politiken bidez erantzun bazitzaion, orain testuingurua anbibalentea da. Horren ondorioz, neoliberalismoaren bukaeran egon gaitezkeela esan izan da, momentu neokeynesiano baten aurrean, krisiari termino sozialagoetan erantzuteko aukera leihoa ireki dela... Nola irakurri krisiari Europan ematen ari zaion erantzuna?
Trantsizio energetiko eta ekonomikoaren norabidearen inguruko lehia badagoela esango nuke. Badira, nola ez, berehalako irabaziak lehenesten dituzten Kapitalaren egiturak. Eta badira trantsizio ordenatua bideratu nahi dutenak, batik bat hori egin ezean Europako oligarkiak munduko ordenu berrian espazioak galduko dituela jakitun direlako. Azken hauek estatuaren esku hartzea indartu nahi dute eta, ikuspegi honetatik, esan genezake dotrina neoliberala auzitan jarri dela. Baina kontutan hartu beharra dago dotrina horren atzean iruzur bat bazegoela: neoliberalek ez zioten inoiz estatuaren esku hartzeari uko egin, baizik eta etekinen gaineko estatuaren kontrolari. Era berean, estatuaren esku hartzea areagotzea ez du zertan, bere horretan, zerbait positiboa izan behar. Gakoa da, estatuaren esku hartze hori zein norabidetan emango den. Eta erantzuna indar harremanen araberakoa izango da. Langileok espazio guztiak lehiatu ezean, Kapitalaren aldekoa izango da. Beraz, niretzat gakoa ez da hainbeste ea establishmentaren apustua neoliberala ala neokeynesianoa den, baizik eta aldaketa sakonen garaian gauden honetan langileok geure boterea areagotu eta erabili behar dugula aldaketa horien norabidea lehiatzeko.

 

Gauzak horrela, aberastasunaren banaketari dagokionean kapitalaren eta langileon arteko aldea gero eta handiagoa da. Era berean, langileon artean ere gero eta dualizazio handiagoa ari da gertatzen. Lan baldintzak borrokatzeko aukera handiagoak izan dituzten langileen errealitatea urrun dago egoerarik kalteberenean dauden horietatik.
Dualizazioa inoiz baino literalagoa da: langileria bitan zatituta dago. Ipar Hegoaren azterketen arabera, bi euskal langiletik bat honako egoera honetan dago: enplegurik izan ez eta bere familiarentzat lanean ari diren emakumeak; enplegua bilatu baina aurkitzen ez dutenak, langabe gisa konputatzen dutenak; eta enplegua izan bai baina hileko 1400 euro gordinetara iristen ez direnak. Ezin dugu esan beste zatia, alegia, 1400 eurotik gorako enplegua duten langileak, baldintza egokietan daudenik; batzuk nahiz besteak, zanpatzailea den sistema baten menpe daude. Halere, egia da baldintza prekarioenetan dauden horiek borrokarako baldintza zailagoak dituztela.
Zer egin behar du Sindikatuak honen aurrean? Batetik, lan baldintzak hobetzeko aukera dagoen eremu guztietan egin behar du borroka, zernahi dela abiapuntua ere, Patronalari ondasunaren banaketa lehiatzea helburu transbertsala baita. Bestetik, borrokarako baldintza zailagoak dituzten horietan arreta jarri behar du, bere antolaketa eta esku hartzea egokituz, eta langile hauen beharrak agendaren erdigunera ekarriz. Eta, azkenik, aldaketa sozial eta politikoak eragiteko ildo orokorra sustatu behar du, esaterako, langile guztientzat aterki litzatekeen 1400 euroko gutxieneko soldata ezarriko lukeen akordio interprofesional baten alde edota euskal instituzioetatik herritar guztiei 1080 eurorainoko pentsioa osagarritzearen alde borroka eginez.


Testuinguru hori aintzat hartuta, nola berrosatu langile subjektua sindikalismotik? Zein mekanismo ditugu horretarako?
Bi gauza egin behar ditu Sindikatuak. Alde batetik, langile sektore bakoitzari egokitutako antolaketa eta esku hartze eredua garatzea. Horretan ari gara. Nafarroa hegoaldeko landa eremuan zeuden Guantanamo laboralekin amaitzeko urratsak eman ditugu, Huerta de Peraltako greba historikoaren ondotik nagusiki Marokotik heldutako langileak antolatzen ari gara lantokiz lantoki. Etxeko langileekin bi urteko entzuketa eta elkarlan prozesuaren ondotik, eremuko sail sindikala sortu dugu. Hainbat riders ere antolatu dugu, Amazonen hitzarmen propio baten aldeko borroka ireki dugu, kulturako langileen lehen hitzarmenaren sorreran parte hartu dugu.
Beste alde batetik, langile sektore guztien aterki izango den antolaketa eta ildo sindikal orokorra garatu behar du Sindikatuak. Eta historikoki egondako gabeziak aintzat hartuta, emakumeak eta langile migratuak eredu sindikalaren erdigunean kokatzeko ariketa espezifikoa egin behar du. Eraldaketa feministan sakontzearekin batera, Sindikatu antiarrazista bilakatzea izan da azken Biltzar Nagusiko erabaki nagusietako bat.


Krisiari erantzunean aukera politiko berriak sortu dira, edo sortu daitezke, baita eskuinetik ere. Arrazakeria eta matxismoaren berpiztea ematen ari da. Oligokraziari aurre egin eta mugatuak diren baliabideak birbanatu ordez, azken-aurrekoaren gerra azkenaren aurka maxima aplikatuz, “azken” horiek desjabetzea da euren errezeta, izan barrukoak (langileria, emakumeak, sexu-genero disidenteak, migrante eta arrazializatuak) zein kanpokoak. Nola aurre egin tendentzia horiei?
Faxismoa eta eskuineko nazionalismoa nazioarteko joerak dira eta bi dimentsioetan egin behar zaie aurre, maila globalean nahiz herrialde bakoitzean. Nazioarteko ikuspegitik, klase sindikalismo antiimperialista da faxismoaren aurkako antidotorik onena. II. Mundu Gerraren ostean sortu zen Munduko Federazio Sindikala, klase borroka, autodeterminazio eskubidea eta bakea aldarrikatuz. Bandera horiek berriz astindu beharra dago. Bere garaian Iraken harira egin bezala, Ukrainia, Yemen edota Siriari dagokionez ere “gerrarik ez” aldarria zabaldu beharra dago mundu osoan. Faxismoa burgesiaren B plana dela agerian utzi beharra dago eta zapalduen arteko lehia baino zapaltzaileei ondasunaren banaketa lehiatzeko borroka hauspotu beharra dago. Besteak beste horregatik parte hartzen du LABek Munduko Federazio Sindikalean, Euskal Herriko beste sindikatu nagusiek ez bezala.
Euskal Herriari dagokionez, hala sindikalismotik nola eremu politikotik aniztasunaren defentsa eta banaketa hirukoitzaren aldeko borroka uztartu beharra dago. Eskuin muturraren aldetik badago agenda feminista, antiarrazista eta ekologista eta klase agenda kontrajarritzat aurkezteko interesa eta horrek ezkerreko eremu batzuetan eragina izan du, gehiago estatu bietan Euskal Herrian baino. Guretzat askapen prozesuaren parte dira biak ala biak: bizitza anitzak eta bizi baldintza duinak nahi ditugu, inor bere izaera, jatorri edo hautuengatik diskriminatua izan gabe, ez bizitzan eta ez lanean. Ildo honetan, sindikatuaren plan feminista berritzearekin batera, euskal sindikatu batek egindako lehen plan antiarrazista egin dugu.


Krisi globalari erantzuna ematea da euskal langileok dugun erronka estrategikoa. Zer nolako erantzuna emango zaion auzitan dago, ordea. Orain arte emandako erantzunak krisian daudela esan dezakegu. Zein da sindikatuak proposatzen duen alternatiba?
Krisia globala da, Kapitala eta bizitzaren arteko talka orokorra da, baina lehia horren emaitza tokian toki eratzen den indar harremanaren araberakoa izango da. Mundu berri bat nahi badugu, herrialde bakoitzetik egin beharko dugu, gure kasuan Euskal Herritik.
Krisi sistemikoaren aterabidea langileon aldekoa izan dadin, ekonomiaren gaineko kontrol publiko eta soziala eskuratu beharra dago. Alegia, demokrazia liberalaren teoria politikoan abstrakzioan geratzen den herri burujabetza praktikara eraman beharra dago. Herri burujabetza aldarrikatzen dugu, ondasunaren sorrera eta banaketa irizpide ekologiko eta sozialen arabera egin dadin bermatzeko. Etekina erdigunean jartzen duen egungo eredutik, bizitza (bere adierarik zabalenean, planetaren nahiz herritar guztien bizitza) erdigunean jarriko duen eredu berri baterako trantsizioa (feminista eta ekosozialista) bideratzeko.
Herri burujabetzaz ari garela, ezinbestean Euskal Herria erakundetzeko prozesuari heldu behar diogu. Gure­tzat eredu sozioekonomikoa eraldatzeko prozesua eta Euskal Herriaren botere politikoa handitzeko prozesuak eskutik doaz. Beste modu batera esanda: Euskal Herrian egin behar ditugu posible Madrilen eta Parisen posible ez diren aldaketak.

Nola eman urratsak norabide horretan? Zein neurriren bidez?
Borroka ziklo bat ireki behar dugu, irekitzen ari gara, indar harremanak aldatzeko. Borroka sindikal ugari egiten ari gara: Hego Euskal Herrian, estatu osoko greben erdia baino gehiago egiten dira. Ondasunaren banaketa lehiatzen ari gara lantokietan. Garaipen garrantzitsuak lortu ditugu eta blokeatuta dauden sektore horiek desblokeatzea izango da gure lehentasuna, hala nola, adineko egoitzak edota etxeko langileak. Era berean, borroka sozialak ere hauspotu beharra dago. Pentsiodunen mugimenduak borrokan jarraitzen du bost urte oparoen ostean, mugimendu ekologista biziberritzen ari da eta mugimendu feminista Greba feminista orokorra antolatzen ari da.
Borroka sindikal eta sozial hauetatik abiatuta, aldaketa zehatzak gauzatzeko agenda sozial partekatua behar dugu eremu sindikal, sozial eta politikoaren artean. 1400 euroko gutxieneko soldata, 1080 euroko gutxieneko pentsioa edota zaintza sistema publiko komunitarioa bezalako lorpen zehatzak gauzatzeko. Epe erdian, euskal lurraldeek estatu tresnak eskuratzea ezinbestekoa da, hala nola Lan Kodea eta Gizarte Segurantza, trantsizio feminista eta ekosozialistan sakondu ahal izateko.

Igor Arroyo
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago