Liburu erreseina | Los olvidados

‘El Pico’tik traperoetara

LOS OLVIDADOS
Marginalidad urbana y fenomeno quinqui en españa (1959-1982)

Iñigo Lópezen liburuak pobreziaren, hirigintzaren eta kinki deritzon gazteen azpikulturaren arteko txirikordatzea lantzen ditu, 2018an argitaratu zuen doktorego tesian oinarrituta. Jarraian Mikel Álvarez “Betelu”k idatzitako erreseina duzue.

"Los olvidados. Marginalidad urbana y fenómeno quinqui en España (1959-1982)”. Horrela izena du Iñigo Lopez Simonek (Basauri, 1984) 2022an argitaratutako saiakerak. Pobreziaren, hirigintzaren eta kinki deritzon gazteen azpikulturaren arteko txirikordatzea lantzen dituen liburu honen oinarria, ordea, 2018an argitaratu zuen doktore tesian bilatu behar dugu. Bertan, lehen aipatutako 3 faktore horietan oinarrituz, Bilboko Otxarkoaga auzoko eta Madrileko San Blas auzoko kasu konkretuak aztertzen ditu. Bi auzo horiek frankismoak 60ko hamarkadaren hasieratik martxan jarri zuen garapen eredutik proiektatu ziren, langile belaunaldi berri baten unibertso geografiko, sozioekonomiko eta kulturala definitu zutelarik.


Liburua 4 zatitan banatuta dago. Lehenengo biek hirigintzak sortutako arrakalak aztertzen ditu, maila teorikoan eta praktikoan, Otxarkoaga eta San Blaseko kasuak hizpide izanik. Azkeneko biek gazteen delinkuentziaren fenomenoa aztertzen dute, azpimarra berezia jarriz espainiar estatuan famatuak egin ziren pertsonaien bizitzaren kontakizun laburrekin: Vaquilla, Torete...


Argi dago pobreziatik eta marjinalitatetik eratorritako bizitza horiek botere politiko eta mediatikoak erabili zituela testuinguru politikoa baldintzatzeko. Ez dugu ahaztu behar trantsizioaren garaian kokatzen garela eta erregimenarekin apurtzeko aukera oso agerikoa zela. Hipotesi hori sostengatzen zuten sektore sozial garrantzitsuenak, hain zuzen ere, langile klase antolatua eta bereziki, klase subjektuaren barruan kokatzen zen gazteria ziren. Gizarteko klase zapalduenen kontrako errepresioa konstante bat izateaz gain, mekanismo bereziak erabili ziren gazteen nahi kolektibo emantzipatzaileak zapuzteko. Askotan hitz egin da drogak operazio politiko horretan izan zuen pisuaz, bai Euskal Herrian eta baita espainiar estatuko beste lekuetan ere, baina autoreak beste hainbat errealitate ere aipatzen ditu liburuan.


Alde batetik, segurtasunaren inguruko alarma soziala sortzea izan zen komunikabideek izan zuten jarrera. Egia izan arren delinkuentzia tasak hazi zirela, albisteak modu nabarian biderkatu ziren; atzean zegoen asmoa segurtasunaren inguruko eztabaida hauspotzea zen, gazteria osoa kriminalizatzeko estrategia gisa. Bestalde, eta agian ikuspegi kultural batetik garrantzitsuagoa izan zena, lifestyle edo “bizitzeko modu bat” sustatu zen hainbat produktu kulturalen bitartez. Estetika jakin bat, bizitza hori islatzen zuen produkzio kultural bat (ezagunena Cine kinki delakoa da, zeinak azpikultura oso baten imajinarioa jaso eta erreproduzitu zuen) eta gazteentzako desiragarria zena marrazten saiatu zen errelato oso bat eratu zen. Nork ez ditu Eloy de la Iglesiaren El Pico edo La estanquera de Vallecas filmak ikusi?


Emantzipazio kolektiborako bidea alboratzeko irteera indibidualak sustatzea ez da kasualitatea; hala ere, kinki delako azpikulturak harreman gatazkatsua izan zuen bestelako sektore politikoekin ere. Esaterako, ezker tradizionalaren kulturatik oso urrun kokatzen zenez, klase sindikatu eta alderdi politikoen mespretxua jasotzen zuen. Nolabaiteko begikotasuna garatu zuten sektore politiko bakarrak ezker muturreko adierazpide politiko eta sozialak izan ziren, izan ere, lunpenproletalgoarekiko atxikimendu politiko gehiago izan zuten.


Afera ez da langile klaseak bere izaera alienatuan sortutako azpikultura sistemak eta adierazpen sozialak aldarrikatzea. Are gehiago; kontua ez da kultura proletarioaren proselitismo itsua egitea. Halaber, adierazpide kultural horiek ulertzea, identifikatzea eta horien atzean dauden faktore sozialak ulertzea ezinbestekoa da langile klasetik eta klasearen mesedetan sortu beharreko ortzimuga emantzipatzailea eraikitzeko. Zentzu horretan, hurbilketa hori da ez da soilik estetika, lifestyle edo norbanakoen aspirazio hedonistak konprenitzea; praktika horren atzean dauden kezkak, aspirazioak eta errealitate materialak aztertzea da. Sistemaren baitan ez dago kanpokotasun alternatibo posiblerik kanpokotasun hori ez bada alternatiba oso baten barruan txertatzen.


Lopezek egindako saiakera alderaketarako tentazio batek gurutzatzen du etengabe, edo behintzat, irakurleak modu ia intuitibo batean konparatu ditzake bi errealitate: liburuan deskribatutako garaia eta gaur egun hiri handietako periferietan gertatzen ari diren prozesu kultural marjinalak.


Langile klasearen pobretze fase oso batean sartuta gaude eta horren parte dira sortzen ari diren eztabaida berrituak. Berrituak, baina ez berriak. Zaharrak iraungitze data du, baina klasikoak ez du denboraren eragina sufritzen; eta argi dago segurtasunaren inguruko eztabaida eta gazte langileen belaunaldi berriek sortzen dituzten molde berriak klasiko bat direla. Hala ere, egon badaude, 70eko hamarkadarekin alderatzen badugu, ezberdintasun nabarmenak: ultraeskuinak bere inguruan sortu duen hegemonia eta errebeldiaren errelatoa kapitalizatzeko erakutsi duen gaitasuna, politikaren eta harreman sozialen espektakularizazioa, globalizazioaren eta tendentzia orokorren eragin nabarmena... Horiek guztiak kontuan izatea ezinbestekoa da erantzun garaikide bat eraiki nahi bada.


Iñigo Lopezen lana, ordea, ez da hemen bukatzen. Momentura arte argitaratu duen beste lanak Bilbo du kokaleku eta frankismoaren azken urteetan Bizkaiko hiriburuko paisaia urbanoaren parte izan ziren etxolak ditu protagonista. Txalaparta argitaletxean kaleratutako liburu horrek, “Bilboko etxola batean” izenburu duenak, autoreak jarraitu duen hari kronologikoa osatzen du zentzu batean; etxola horiek izan ziren, hain zuzen ere, Otxarkoaga eta San Blas auzoetako langile askoren jatorria. Egurrez eraikitako laukitxo eta lokatzez beteriko kale horietan hasi ziren hirira etorritako langile masa berriak kultura proletario propio bat eraikitzen. Era batean edo bestean, hori da gutako askoren genealogia, askotan ahaztua eta beste askotan ezkutatua izan zaiguna.

 

 

Los Olvidados (2022)

Marginalidad urbana y fenomeno quinqui en españa (1959-1982)

Idazlea:

Iñigo López Simón

Edizioa:

Marcial Pons

Iñigo López Simón (Basauri 1984)

Historia Garaikidean doktorea da EHUn. Doktore-tesian gazteen delinkuentziaren gaia eta horrek hiri-marjinalitatearekin duen harremana aztertu ditu. Hainbat artikulu eta liburu argitaratuak ditu, hala nola ‘Los Olvidados’ (Marcial Pons, 2022), tesiaren moldaketa bat, eta ‘Bilboko Etxola Batean’ (Elkar, 2021), Bilboko etxolen fenomenoaren ingurukoa eta 2023an Txalapartarekin gaztelaniaz argitaratua.

Liburu erreseina | Los olvidados
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago