Mikel Otero
«Hazkunde mugagabea planeta eta baliabideen mugekin talka egiten ari da»
COP25a akordiorik gabe bukatu zen Madrilen. Duela 4 urte Pariseko COP21 batzarrean berotzea 2 gradutik ez igotzeko eta 1,5 gradutik ez igotzeko esfortzua egitearen aldeko akordio zabala lortu zen. 4 urte beranduago harturiko konpromisoak bete gabe eta berriak hartzeko asmorik gabe azaldu zaizkigu Estatuak. Egoera honek ze eszenatokira eraman gaitzake? Zeintzuk dira zure ustez benetako konpromisoak ez hartzeko edota ez betetzeko arrazoiak?
Hasteko, garrantzitsua da esatea, zientzialarien arabera, 2 graduen igoerako eszenatokia oso problematikoa izango dela. Muga horretan atzeraelikatze prozesuak abia daitezke eta kontrolpetik kanpoko fenomenoak abiatu. Beraz, 2015eko akordioak bi gradutako igoera ezartzen bazuen ere muga gisa, dagoeneko badakigu 1,5º horiek ez gainditzea dela etorkizunari gutxieneko segurtasunarekin aurre egiteko aukera. Dena den, arazoa ez da bakarrik helburuak zeintzuk diren, baizik helburu horiek betetzeko zein pauso eta zein mekanismo jartzen diren mahai gainean. Eta orain artekoa etsitzeko modukoa da. Estatuz estatu aurkeztutako egitasmoekin, Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen esanetara, 3,2º gradutako igoera izango duen eszenatoki batera goaz. Are okerrago, aurkeztutako egitasmoak nahikoak ez izatea gutxi balitz, egitasmo horiek ere ez dira ari betetzen, beraz, 4º edo gehiagoko eszenatoki batera iritsi gintezke. Hori zuzenean, suizida da.
Honen atzean zer dagoen galdetzen badugu, erantzuna aldi berean konplexua eta sinplea da.
Instituzioen papera funtsezkoa da, zentzu askotan.
Erresistentzia mota asko topatzen ditugu, bai ohituren aldetik, bai inertzien aldetik, bai merkatuetan posizioak galtzeko beldurren aldetik, baina baita ere ezjakintasun eta ezintasun aldetik ere. Egun, ez dago CO2 isuriak murrizteko alternatiba teknologiko garaturik sektore klabeetan, hala nola, nekazaritza edo arrantza mekanizatuan, salgaien garraioan, kontsumo handiko industria prozesuetan, abiazioan etab. Beharrezkoa den karbono neutraltasunera iristeko, hain da handia egin beharreko jauzia, oraindik ere inork ez dakiela egungo sistemaren baitan nola egin daitekeen. Finean, hazkunde mugagabean oinarritu dugu gure ekonomia, eta hazkunde mugagabea planeta eta baliabideen mugekin talka egiten ari da. Gure metabolismo sozioekonomikoa kapitalaren metaketaren mesedetan dagoen bitartean, ez dago soluzio errazik.
Arantxa Tapiak esana du EAEko energia estrategia Europako helburuekin bat datorrela. Zuk ordea, hori horrela ez dela salatu izan duzu. Azalduko zeniguke zein den bien arteko aldea? Eta aldea horrelakoa izanik ere Europar Batasunak ezartzen dituen zuzentarauek jasotakoa ere gaur egungo gure beharrekin ez dagoela lerrokatua esana duzu. Azalduko diguzu?
EAEko Energia Estrategia, 3E2030 izenekoak, ez dago inondik inora Europako azken zuzentarauek jasotzen dutenarekin lerrokatua. Zuzentarau hauek, beste helburu batzuen artean, 2030. urterako iturri berriztagarriak dituen energiari %32ko helburua ipintzen dio. Euskal Estrategiak, aldiz, %21eko helburua du, eta are okerragoa dena, inportaturiko elektrizitate berriztagarria barnebiltzen du, 2030erako bertako berriztagarriei %14 eskatzen zaion bitartean. Argi dago Europar helburuetatik urrun dagoela Jaurlaritza gaur egun, baina tematuak daude baikortasuna saltzen, nahiz eta errealitatearekiko alderaketa ez duen jasaten. Dena den, ez da kontu berria, aurretik ere egon dira plangintza energetikoak, eta denek egin dute huts. Gaur egun, etxean ekoitzitako berriztagarrien ehunekoa 8aren bueltan dabil, azken 10 urteetan aurrerapenik egon gabe. Beraz, oso estankatuak gaude, Jaurlaritzak gasaren apustua egin duelako behin eta berriro. Hitz politak berriztagarrientzat, benetako arreta gasari ordea. EEE (Energiaren Euskal Erakundeak) sortzen duen elektrizitatetik %95 baino gehiago gasetik dator, horratx benetako apustua non dagoen ikusteko datu esanguratsua. Gutxi balitz, dagoeneko argi dago Europar zuzentarauek eskatzen dutena ez datorrela bat isurien murrizketen helburuetara heltzeko.
Hego Euskal Herriko instituzioek hainbat plan aurkeztu dituzte helburu gisa klima aldaketari aurre egitea ezarriz, Eusko Jaurlaritzaren KLIMA 2050 edo Nafarroako Gobernuaren KLINA esaterako. Nola baloratzen dituzu instituzio hauetatik martxan jarritako planak?
Eraldaketa energetikoa egiteko, energiaren esparruko erabakien inguruan burujabe izateko beharra dago.
Nire ustez Nafarroako Plana anbiziotsuagoa da. Karbono neutraltasuna du helburu gisa, eta Nafarroak azken hamarkadatan eginiko apustuengatik, egoera klimatiko-energetikoa EAEkoa baino hobea da. Datuak hor daude, gaur, nafar bakoitzak, bataz beste, EAEtar batek baino 500 kilo CO2 gutxiago isurtzen ditu urtean eta Nafarroako energia berriztagarrien kopuruak ez du zerikusirik EAEkoarekin. Horrek ez du esan nahi egoera ona denik edo egin beharreko eraldaketa ez dela sakona izan beharko, baina abantaila dute. EAEn, berriz, KLIMA 2050 estrategiaren antzutasuna agerian geratu da. Onartu zenetik, isuriek gora egin dute nabarmen, azken urteko datuek %5,5eko igoera ekarri digutelarik. KLIMA 2050 estrategiak, harrigarria badirudi ere, energia berriztagarriei %40ko langa eskasa ezartzen zioten 2050 urtean. Hau onartezina da gaur egun, urte horretarako sistema energetiko %100 berriztagarria proposatzen ari baita eremu guztietatik. Isurien jaitsieran ere oso pobrea da plana. 2005eko datuekiko %80aren beherakada da helburua, baina dagoeneko 2050ean karbono neutraltasuna bilatzen da instituzio gehienen plangintzetan. Esango nuke KLIMA 2050 estrategia guztiz desfasatua geratu dela.
Trantsizio energetikoa egin ahal izateko zein paper jokatu beharko lukete instituzioek zure ustez? Gaur egungo instituzio-ereduak ahalbidetzen al du paper hori jokatu ahal izatea edo erreminta instituzional burujabe berriak beharko genituzke?
Instituzioen papera funtsezkoa da, zentzu askotan. Trantsizio energetikoak zein larrialdi klimatikoari aurre egiteko ekimenek zeharkakotasuna behar dute, sail, ministerio edo beste edozein leku kutsatuz. Bultzada ekonomiko eta erregulazio lanak beharrezkoak dira. Fiskalitate aproposa behar du trantsizioak, ekoizpena eta kontsumoa bideratzeko. Hezkuntza aldetik ere zeregin handia dago, txikienetatik hasi eta jendartearen geruza guztietaraino. Plangintza estrategikoak egin behar dira, XXI. mende erabakigarri honetan ehun produktiboa eraldatzen joateko. Egia da, egun dagoen botere instituzional eta ekonomikoen arrakalarekin ez dela lan erraza izango, zaharkitua dagoen ekonomia eredu linealak erresistentzia asko ipiniko baitizkio ekonomia zirkularrerako trantsizioa egiterakoan.
Argi dago Europar helburuetatik urrun dagoela Jaurlaritza gaur egun, baina tematuak daude baikortasuna saltzen
Azkenean gailenduko bada ere, gaur egun iraunkortasunerako pausoa emateak lehiakortasunean arazo batzuk ekar ditzake sektore batzuetan, eta hortik inmobilismorako joera mantenduko da. Argi dago ere egungo botere instituzionalaren banaketak ez diola laguntzen Euskal Herriari. Kontutan izan behar da estatu batek ez dituela askatuko energiaren inguruko eskumenak, energia baita ekoizpen aktibitate guztiaren prekurtsorea. Energiaren esparruko erabakiek, zer, non, noiz, nola ekoizten den erabakitzen dute, hortik energia beti botere sistemaren muina da. Eraldaketa energetikoa egiteko, energiaren esparruko erabakien inguruan burujabe izateko beharra dago. Ekimen publikoa indartuz eta hiritarren parte hartzea eta kontrola bermatuz.
Zeintzuk izan beharko lirateke instituzio horien lehentasunak?
Esango nuke aurreko erantzunean kontu nagusienak atzematen direla. Esandakoaz gain, garrantzitsua da ongi identifikatzea zeintzuk diren lehentasuneko esparruak energia eta klimaren ataletan. Garraioa da energia gehien kontsumitzen duen sektorea eta isuri gehien dituenak, beraz, arreta hor ipini behar da. Mugikortasunaren eraldaketa, eta horretarako azpiegituren politika berraztertu behar da lurralde plangintza egoki eta eguneratu baten bitartez. Mugikortasun ez motorizatua lehenetsi behar da, eta ondoren garraio publiko sare on bat antolatu. Mugikortasun motorizatu pribatua azken aukera gisa ulertu, eta hor elektrifikazioa bilatu. Salgaien mugikortasuna ere eraldatzen joan behar dugu. Ezin dugu milaka kilometro mugitzen diren elikagai, arropa edo beste edozein produktuetan oinarritu gure kontsumoa. KM0 politikak behar dira gure bizitzako atal guztietarako. Horrela atalez atal joan gintezke, baina agian errazagoa da lurralde plangintza iraunkortasun parametroetatik aztertu eta etorkizunerako prestatzen joan behar dela esatea. Merkatuari begira egotetik, beharren asetzera joango den ehun produktibo bat sortzera. Horretarako, eskumenak, burujabetza behar da lehenik eta behin. Eta energiarekin zerikusia duten erabakiek, kontrol publikoa behar dute, eta ez merkatuaren kontrola gaur gertatzen den bezala. Beraz, laburbilduz, energia arloan erabakiak hartzeko gaitasuna behar dugu, gaitasun horrekin esparru publikoa indartzeko eta zeharkakotasuna ardatz hartuta, kontsumo energetiko txikiagoa duen metabolismo ekonomiko bat eratzen hasi, bertatik bertara ekoitzi eta kontsumituz. Guzti honek inbertsio publikoak horra bideratzeaz gain, gorputz juridiko zein fiskal egokitua eskatzen du.