Ziklo politiko bat orain itxi da
Asier Etxenike
Soziologoa
Azkenaldian ziklo politiko berri batez asko hitz egiten da, eta ados nago orain ziklo politiko berri bat irekitzen dela. Baina esango nuke, nolabait, oharkabean pasa dela oraintxe itxi den ziklo politiko-elektorala. Nire ustez, pasa berri ditugun europar hauteskundeek 8 urtetako ziklo politiko bat itxi dute, 2016tik 2024ra doan ziklo politikoa, hain zuzen ere. Ziklo politiko hau EH Bilduren errekuperazio zein sendotzeak markatu du, mantsoa baina etengabeko igoeran, EAJrekin parez-pare jartzera eraman duena.
2016an EH Bilduk behea jo zuen. Bere lehen legegintzaldian koalizio sortu berriak botere instituzional handia eta arerio politikoen ofentsiba gogorrari aurre egin behar izan zion. Aurkari politikoek lortu zuten desgaste handia eragitea. Horrekin batera, krisi finantzarioak sortutako egoera sozialak eta horren aurrean estatuan, PSOEk lehenik eta PPk ondoren, emandako erantzunak, hutsune politiko-elektoral handia utzi zuen. Erantzun soziala Podemos izan zen. Euskal Herrian ere eragina izan zuen, bereziki hauteskunde estatalen logikan eta, hain zuzen, aurretik aipatutako EH Bilduren desgastearekin bat eginez. Hori izan zen EH Bilduk behea jo zueneko testuingurua.
Era berean, 2016an EH Bilduk ziklo berria hasi zuen. Esango nuke 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, ordura arte egindakoaz ikasita, EH Bilduk bere egiteko modu eta proposamen politiko berrituaren lehen zertzeladak aurkeztu zituela. Hori guztia bikain hezurmamitu zuen Maddalen Iriartek.
Horrela, legegintzaldi horretan bertan, 2016-20, jaitsiera eten eta goranzko bidea hasi zuen EH Bilduk. Lehenik eta behin, hurbil zuen jendea, baina konfiantza galdua zutenak errekuperatzen hasi zen. Pertsona horiek, aurreko hauteskundeetan abstentzioan geratu ziren edota EAJ edo Podemos bozkatu zuten, nagusiki. 2019ko Udal eta Batzar Nagusietan antzeman zen jada EH Bildu errekuperatzen hasia zela, bozka kopuruan igoera nabarmena eginez, bereziki, Podemosen kaltetan. Bere errekuperazioak edo igoerak, ordea, ez zion EAJri galerarik eragin. EAJk hauteslegoa eremu oso ezberdinetatik erakarri zuen bozka (PPtik hasi eta EH bildura arteko abaniko zabaletik) eta indartsu mantendu zen.
2020an hasi zen EAJ eta EH Bilduren arteko lehia zuzena. Urte horretan EAJk hamarkadetan izan duen posizio hegemonikoaren lau oinarri edo mito erortzen hasi baitziren
Nire ustez, 2020an hasi zen EAJ eta EH Bilduren arteko lehia zuzena. Urte horretan EAJk hamarkadetan izan duen posizio hegemonikoaren lau oinarri edo mito erortzen hasi baitziren. Lau mito horiek hauek dira:
1. Kudeatzaile ona
2. Adiskidekeriak ez dio faktura pasatzen.
3. Oso onak dira joera sozial zentralak kapitalizatzen/interpretatzen/ordezkatzen
4. Edozer gertatuta ere irabazle ateratzen dira
Lehen mitoa: Kudeatzaile ona
Lehen mitoa 2020ko udaberrian erortzen hasi zen. Duela hamarkada batzuetatik hona, EAJk bere nagusitasuna kudeatzaile onenaren alderdia izateko premisarekin eraiki du. 2020an, ordea, mito hori kolokan jarri zen. Lehenik, Zaldibarko zabortegiarekin gertatutako guztia eta ondoren, eta bereziki, pandemiaz egin zuen kudeaketarekin. Izan ere, COVID-19aren pandemiaren kudeaketak agerian utzi zituen zenbait gabezia eta akats EAEko administrazioan, herritarrentzat oharkabean igaro ez zirenak. Osasun-materiala erosteko aurreikuspen falta, txertaketa-kanpainako deskoordinazioa eta zahar-etxeen kudeaketari buruzko kritikak izan ziren puntu polemikoenetako batzuk. Akats horiek agerian utzi zuten "kudeatzaile onaren" etiketa ez zetorrela beti bat errealitatearekin.
EH Bildu ez zen kritika zuzen batean sartu. Kontrara, bi modutan kudeatu zuen egoera. Batetik, maila orokorrean kolaborazioa eskaini zion Eusko Jaurlaritzari eta bestetik, tokian toki zein ardura instituzionalak zituen lekuetan, udaletatik, herritarrek oso ondo baloratu zuten lana egin zuen.
Bigarren mitoa: Adiskidekeria edo “amiguismoa”
EAJk berak 2021 eta 2022an egindako Entzunez Eraikiz entzuketa ariketaren ondorio gisa onartu zuen EAEko erakundeen kudeaketan "adiskidekeria irudiari aurre egin" behar zitzaiola.
Alderdiaren gertukoei mesede egitearen akusazioak ez dira berriak, ordea. Orain arte ez dute bere posizio politikoan eragin nabarmenik izan. Kudeatzaile onaren irudia erortzen hasten denean, berriz, ustelkeria susmoak edota faboritismo kasuak argitaratzea larriagoa da. Portaera horiek onartu izan dira, hemen eta beste lurralde batzuetan, jendartearekiko nolabaiteko kontratua bere osotasunean betetzen denean. Hau da, herritar gisa “portaera hori onartzen dizut, nire ongizatea ere bermatzen didazun bitartean”. Bigarren partea betetzeari uzten zaionean, ordea, herritarren nahigabea handitzen hasi eta adiskidekeriarako permisibitatea jaisten hasi da.
Kasu honetan ere, EH Bilduk ez zuen gaia baliatu liskar politikorako. Aitzitik, EH Bilduk eremu honetan duen irudi ona baliatu du, berriro ere bere burua, eredu propioa, balioan jartzeko.
Hirugarren mitoa: Oso onak dira joera sozial zentralak kapitalizatzen, interpretatzen edota ordezkatzen
Urteetan zehar, alderdia trebe agertu da herritarren eskaerak eta kezkak atzemateko, aldaketa sozial eta ekonomikoetara azkar egokituz. Azken urteetan ordea, Entzunez Eraikiz ariketan ere nabarmentzen zen bezala, herritarrak “modaz pasatutakoa” eta harroa den alderdi gisa identifikatu dute. Iruditegi horretara eramateko gai nabarmenenak pandemiaren kudeaketarekin batera, horren ondoren Osakidetzaz egindako kudeaketa, herritarren kexei emandako erantzuna edota etxebizitzaren garestitzearen aurrean hartutako neurriak izan dira, besteak beste.
Horren aurrean EH Bilduk, alternatiba bideragarri eta berritzaileak landu, proposatu eta gauzatu ditu. Herritarrek, gizartearen eskaera berriak interpretatzeko eta zuzentzeko gai ikusi dute.
2023ko udaberriko hauteskundeetako emaitzek lurrikara txiki bat eragin zuten hautemateen jokoan
Laugarren mitoa: edozer gertatuta ere EAJ irabazle
Edozer gauza gertatu zitekeen munduan edota Euskal Herrian, EAJk beti irabaziko zuenaren ustea zegoela. Orain arte ia garaiezina zirudien hautetsontzietan, bere oinarri fidela eta boto erabilgarria kapitalizatuz. 2023An, ordea, joera aldatzen hasi zen. Aztikerrek egindako inkestetan (Gara-Naiz-en argitaratuak) 2023ko apirilean, Udal eta Batzar Nagusietarako hauteskundeak baino hilabete lehenago, % 68,7k uste zuen EAJk irabaziko zituela, eta % 5,8k soilik uste zuen EH Bildu izango zela garaile. Sei hilabete beranduago, EAEko biztanleen erdiak (% 52,5ak) uste zuen EAJk irabaziko zituela Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, baina EH Bilduk irabaziko zituela uste zuten herritarren portzentaia nabarmen handitu egin zen (% 25,1ek). 2023ko udaberriko hauteskundeetako emaitzek lurrikara txiki bat eragin zuten hautemateen jokoan.
Aurreko 8 urteetako irakurketa egokia egin ezean, zaila izango dela datorrenarekin asmatzea
Gako horiek guztiek udaletan (Iruñea, Orereta, Galdakao, Durango…), EAEn, Nafarroa Garaian edota Madrilen modu ezberdinetan garatu dira eta beste gako batzuekin batera artikulatu dira (joera demografikoaren ondoriozko “ordezkatze elektorala”, euskalduntzea, prekarizazioak, feminismoaren gorakada…). Guztiaren batuketak EH Bilduk orain EAJri begietara begiratu ahal izatea eragin du.
Hemendik aurrera, nire ustez, ziklo politiko berri bat hasiko da. Aukera politikoak eta jendearen pertzepzio aldaketek, egoera sozioekonomiko eta soziopolitiko ezegonkorrekin batera, orain arte ikusi ez dugun joko-zelai berri bat osatzen dute. Partida hau nola garatuko den eta gako nagusiak zeintzuk izango diren, akaso, ez dute orain artekoekin zerikusirik izango. Argi dagoena da, aurreko 8 urteetako irakurketa egokia egin ezean, zaila izango dela datorrenarekin asmatzea.