Zuriñe Gonzalez Pinedo
«Etxebizitzaren gatazkan LABek lehen lerroan egon behar du, kapitalari aurre eginez»
Abiatu etxebizitza asanblada LABek etxebizitza problematika borrokatzeko martxan jarri duen dinamika da. Elkarrizketa honetan hastapenetan dagoen esperientzia berri horren inguruan hausnartzea bilatu da, Zuriñe Gonzalez Abiatu asanbladako kidearekin.
Azken urteetan sindikalismoa eraberritzeko proposamenak eginez jarraitzen du sindikatuak. Bizitza eta kapitalaren arteko gatazkari erantzuteko, lantokiez gain, herri eta auzoetan sindikatua antolatzeko helburuari heldu zaio azken urteetan, tartean ekintza sozialeko komunitatearen bidez. Nola baloratzen duzue ibilbide hori?
Ekintza Sozialeko Komunitatea sortu zen borroka sindikala lantokietatik kanpora eramateko helburuarekin, langileon eskubideen aldeko borrokak eta herri zein auzoetan antolatutako borrokak bateratzea erraztuko zuten espazioak sortzeko. Ekintza sindikalarekin zuzeneko harremanik izan gabe, hainbat proiektutan militatzen duen afiliazioa antolatzeko beharretik sortu zen. Sindikalismoa birpentsatzeko apustuaren emaitza izan zen.
Apustu horrek elkar ezagutzea ahalbidetzen digu, sareak sortu eta elkar identifikatzea. Indarrak batzen ari gara borrokei hobeto eusteko eta hobeto erantzuteko. ABIATUren batzarretan ideiak partekatzen ditugu, estrategiak eztabaidatzen ditugu eta horrela, borroka kolektiborako espazioa eraikitzen eta gorpuzten goaz, gero eta indibidualistagoa den mundu batean gure lantokietatik harago bizitza duinen alde antolatu eta borrokatu ahal izateko.
Etxebizitza problematikari erantzuteko erabakia hartu duzue eta horretan buru belarri zabiltzate. Lehen mailako problematika da zalantzarik gabe etxebizitzarena, historikoki langile mugimenduaren borroketan presente egon dena, baita LABen ibilbidean ere. Baina zerk bultzatu zaituzte gatazka horretan antolatzeko beharraz gogoetatzera?
Problematika hori ez da ezer berria, baina azken urteetan egoerak okerrera egin du nabarmen. Egun etxebizitza eskuratzea gero eta zailagoa da, ia ezinezko bihurtzeraino. Hipotekak eta alokairuak izugarri igotzen ari dira eta egoera horren arrazoi nagusiak dira, alde batetik, irabaziak handitzea besterik bilatzen ez duten funts putreak higiezinen merkatuan sartu izana, eta, bestetik, etxebizitza parke publikorik ez dagoela. Horrez gain, etxebizitzak erabilera turistikorako baliatzeak, edota Gasteizen gertatzen den bezala, hutsik dauden etxebizitza kopuru itzelak egoera larriagotu baino ez dute egiten.
Etxebizitza oinarrizko beharriz ana da, bizitzeko toki bat izatea ezinbestekoa baita bizitza duinak garatu ahal izateko, baina gizarte kapitalistetan etxebizitza erabiltzen da inbertitzeko, negozioa egiteko, espekulatzeko. Azken finean, langileon soldaten kontura gutxi batzuk aberasteko, eta hala, hipoteken zein gehiegizko alokairuen esklabo bihurtzen gaituzte. Langileok jasaten dugun zorpetze-maila jasanezina da, eta hipoteka edo alokairua ordaindu ezin dugulako kalean geratzeko beldurrak gure lan-eskubideen defentsan eta lan baldintza duinen alde borrokatzeko dugun gaitasuna baldintzatzen du. Horregatik sindikalismoarentzat lehentasuna izan behar du etxebizitzaren negozioari aurre egiteak, eta gatazka horretan LABek lehen lerroan egon behar du, kapitalari aurre eginez.
Etxebizitzaren problematika, ordea, ikuspegi anitzetatik landu eta borrokatu daiteke. Zuek sindikalismotik egin nahi duzuela diozue. Nola egin nahi duzue? Eta zein harreman duzue gaia lantzen duten beste eragileekin?
Gatazkaren parte izan nahi dugu, ez dugu soilik aldarrikapenetara edo planteamendu zein analisi teorikoak egitera mugatu nahi. Etxebizitzaren arazoari aurre egin nahi diogu ekintza sindikalaren bidez, higiezinen patronalarekin eta jabeekin negoziazio kolektiboa eginez, lantokietan egiten dugun bezala. Jabe handiak higiezinen patronaletan antolatzen dira, guk ere, langileok, antolatu egin behar dugu eta etxebizitzaren problematikari heldu behar diogu borroka kolektiboaren bidez, betiere inplikatutako pertsonen protagonismoa bilatuz. Elkar babesten, laguntzen, sortzen diren zailtasunak gainditzen ikasten, afiliazioarentzako elkartasun eta borroka espazioak sortzen, ideiak ereiten eta pentsamendua zabaltzen, elkarlanean aritzen eta gainerako eragileekin akordioak eraikitzen, delegazionismoari ateak itxiz eta etsipenean erori gabe.
LAB apurka-apurka borroka hori modu kolektiboan antolatzeko asanbladak sortzen ari da. Gasteizen lehenetarikoa sortu duzue. Nola antolatzen zarete? Zein izan da orain arteko ibilbidea?
Asanbladak bi zeregin nagusi ditu. Alde batetik, lan politikoa, propaganda eta mobilizazioen bidez etxebizitzaren arazoa sozializatzea zein instituzioakinterpelatzea helburu duena. Bestalde, asanbladara hurbildu diren eta beren gatazkak gurekin borrokatu nahi dituzten afiliatuen kasu zehatzei heltzea ekintza sindikalaren bitartez.
Gasteizko asanblada hilean bitan biltzen da: hileko lehen asteartean eta hirugarren asteko ostegunean, baina nahiko malguak izaten gara, eta ahalik eta kide gehien hurbiltzea bilatzen dugu beti.
Asanbladaren antolaketari dagokionez, normalean lehen zatia lan politikoari eskaintzen diogu, kanpainari, hain zuzen ere, eta egin duguna errepasatzen dugu, egiteke dagoena adostu eta gogoratzearekin batera. Jarraian, kasu zehatzak aztertzen ditugu. Egituraketa hori asanbladaren beharren, erritmoen edo kasuen premien arabera egokitzen dugu.
Kasuei dagokienez, hasiera-hasieratik argi uzten dugu asanblada ez dela aholkularitza indibidualerako tokia, ez duela ezein kasuren banakako jarraipenik egiten, eta bertaratzen den inork ez duela bere kasuaren jarraipen indibidualik izango. Era berean, azpimarratzen dugu gatazkak modu kolektiboan lantzen direla, kasu indibidualei irtenbide kolektiboak bilatuz, eta asanbladan guztiok garela prozesuaren parte aktibo, gure esperientziak eta ezagutzak partekatuz. Elkarrekin indartsuagoak garela argi baitugu.
Oraindik ez gaude egindako bidearen ebaluazioa osoa egiteko baldintzetan, baina atzera begiratuz gero, lehen asanblada urduri haiek, zeintzuetan ez genekien zeri egin beharko genion aurre, zer gatazka aurkituko genituen, une honetan oso urrunekoak dirudite. Asanbladara iristen diren kasuak lantzen ditugun heinean, joaten gara konfiantza gehiago hartzen, gero eta trebatuago, gero eta indartsuago sentitzen gara.
Gaur egun zer duzue eskuartean? Zein gatazka duzue irekita?
Oraintxe bertan gatazka bat dugu esku artean ADANIA-CATELLA-VITALQUILERekin. Beraiekin daukagun bigarren kasua da. Kutxabanken Vital Fundazioaren programa sozial bat da VITALQUILER, eta ADANIA higiezinen agentzia da etxebizitza libreez gain VITALQUILERen alokairuak ere kudeatzen dituena. CATELLA, aldiz, funts putre suediar bat da, VITALQUILERren etxebizitza babestuen parkearen zati bat erosi zuena.
Orain esku artean dugun kasua eta aurrekoa nahiko antzekoak dira. Bietan ADANIA-VITAQUILERek ez die maizterrei alokairu kontratua berritu nahi izan etxebizitza horiek babes ofizialeko kalifikazioa galdu ondoren, merkatu librean sartu eta horiekin espekulatzeko asmoa baitute. Gureak bezalako maizterrak ez zaizkiela interesatzen esatera ere heldu dira. Gure lehenengo kasuari heltzeko jarraitu beharreko estrategia asanbladan adostu genuen eta ekintza sindikala garatu ondoren akordioa lortu genuen, 8 urterako kontratu berri bat sinatuz. Bigarren kasuan, ordea, orain hasi gara ADANIA-VITAQUILERekin negoziatu nahian. Maizterrak egoera oso zaurgarrian dagoen emakume bat eta bere adingabeko semea dira. ADANIA-VITAQUILERek jada kontratu berri bat eskaini die, baina abusuzko prezioan. Baldintza horiek guztiz onartezinak dira edonorentzat, baina are gehiago familia horrentzat. Alokairu kontratu berri bat nahi dugu, baina familiaren diru-sarreren araberako prezioan, eta ez gara geldituko helburu hori lortu arte.