Areto betea sindikalgintza eredu berria (bir)pentsatzen
Goizean bezala, areto betearen aurrean ekin diote bertaratuek arratsaldeko saioari, 16:30 bueltan. Gorka Berasategik aurkeztu du mahai-ingurua. Bertan, Manuel Garí, Isabel Rauberrek (bideoz), Iñaki Gil de San Vicente eta Juan Hernándezek hartu dute parte.
Manuel Garík Rafa Diezen aldeko mezuarekin hasi du bere interbentzioa, “inmoralitate bat” bizitzen ari dena “inmoralitate bat dela” salatuz. Sindikalismoaren bilakaera Europan izan du mintzagai, afiliazioaren eboluzioa eta sindikatuen instituzionalizazioa. Mendebaldeko Europan eman den prozesuaren ezaugarriak gako hauetan kokatu ditu. Sindikalismoak izaera politikoa galdu eta filiazioarentzako emandako zerbitzuek gero eta pisu handiagoa hartu dute. Kontzertaziorako joera erakusten da, ez dute eredua zalantzan jartzen. Armistizio soziala. Sindikatuak aparatu estatalen periferian enpotratuta eta itun sozialaren kudeaketan zentratuta. Zuzendaritzak eta teknikari-aholkulariek gero eta pisu handiagoa. Honetaz gain, zentralizazio eta hierarkizaziorako joera ematen da, sindikalismoa karrera profesional bezala ulertzekoa. Afiliazioa pasiboki ulertzen da eta barne-demokrazia gutxitu egin da. Garíren esanetan, Ongizate estatua ekarri zuen ituna unilateralki apurtu du burgesiak. Sindikatuek gestore izatetik aktore izatera pasatu beharko lukete. Sindikalismoaren erronkak ere zerrendatu ditu, behekoen arteko kooperazioa konpetentziaren aurrean lehenetsi eta demokrazia indartu, behetik hasita. “Langileriak eredu produktiborako proiektua behar du, zer, nola eta zenbat produzitu”.
Isabel Rauberrek bideoz egin du bere interbentzioa, sindikalgintza tradizionaletik berau ulertzeko modu berrira, Argentinako azken urteotako esperientzian oinarrituta. Patronal eta sindikatuen arteko gatazkan, lehenak eboluzionatu egin duela aipatu du, baina sindikatuek ez, molde zaharkituetan jarraitzen dutelarik lanean. Argentinan, langileria subjektu moduan desartikulatuta zegoen, anitza zen, bere nortasun berriekin artikulatu beharra zegoen. CTAk lortu zuen hau Rauberren esanetan, sindikalismo politikoa berreskuratuz, hautsita zegoen subjektua berrartikulatuz. Sindikatuak langile guztiak babestu eta antolatu behar dituela aipatu du, “ez dago lehen eta bigarren mailako langilerik”. Eraikuntza-lana behetik gora egin behar da, kontzientzia modu parte-hartzailean eraiki. Sindikalismoaren egitekoa dena da, ez du mugarik. Rauberren esanetan, sindikalismo politikoa ez da ordezkari instituzionala edo parlamentaria izatea; subjektuak antolatu eta aldaketaren alde aktibatzea da sindikalismo politikoa
Kapitalismoaren eboluzioa eta dominazio modu berrien gaia Iñaki Gil de San Vicente eta Juan Hernandezek landu dute. Gil de San Vicentek egungo sindikalismoaren egoera porrot politiko baten ondorio dela aipatu du eta egoera honen konponbidea ere politikoa da. Mugimendu sindikalaren konplexutasuna ardatz, langileen borroka esperientzia aberatsen berri eman zuen, mundo osoko adibideak aipatuz, XVIII. mendean hasi eta gaur egunera arte; greba mota ezberdinak, sabotaiak…
Juan Hernandezek amaitu du eguna. Globalizazioa eta kapitalismoaren nazioarteratzearen eraginak langileen errealitateetan, mintzagai. Multinazionalen kontrako borrokan ari da azken hamarkadetan Hernandez. Inpunitatearen arkitekturari buruz hitz egin du Hernandezek. Instituzio ez demokratikoen pisua, guztiz opako eta izkutukoak, gure egunerokotasunean eragiten dutenak: merkaritza eta inbertsioei buruzkoak (Nazioarteko Diru Funtsa). TTIP ere logika horren baitan kokatu du. Honetaz aparte, nazioarteko itunen bidez multinazinoalek euren erantzukizunari uko egitea lortzen dute, sortzen dituzten txikizioengatik ordaintzea edo zigortuak izatea saihestuz. Langileen eskubideek juridikoki nazioarteko babes apala dute (zuzenbide biguna) baina multinazionalak oso babestuta aurkitzen dira.
Egoera honen aurrean, multinazionalen aurreko ekintza sindikala lan pendientetzat jo du. Arlo honetan, mugimendu sozial eta sindikalaren arteko aliantzen beharra aipatu du, kontsumitzaileak ere inplikatu beharko liratekelarik. Proposamenak eskaini eskaintza politiko eta alternatibo baten baitan.
Arratsaldean ere egon zan galderak egin eta parte hartzeko aukera. Egun luze eta oparoa, “Eraldaketa sozialerako sindikalgintza berria [Bir]pentsatzen”.