Eremu pribatuko langileen exodoa

Asier Imaz

Ekonomilaria

Iruzurragatik ezagunak egin diren 2018ko Osakidetzako oposaketa prozesua hasi zenean, Euskal Autonomi Erkidegoko 92.694 langile matrikulatu ziren kategoria ezberdinetara, 3.335 lanpostuetara hautatzeko. Beste era batera esanda: langileen %10ak eremu publikoan lan egiteko nahia adierazi zuen. Hauetako asko mediku eta erizainak ziren, nola ez, baina gehiengo handi bat beste kategorietara aurkezten zen (administrari laguntzaile zein zelatari lanetarako bereziki). Izan ere, gaur egun, Osakidetzako oheak bultzatzen dituzten asko lizentziatuak dira, baita telefonoz zein aurrez aurre zita ematen digutenak ere.

Baina zergatik gertatu da hau? Zergatik belaunaldirik formatuenak egiten dio uko ikasitakoari? Hau da diru publikoarekin ordaintzen dugun unibertsitateari ateratzen diogun etekina? Erantzuna erraza da: gertatu da bizi nahi dugulako.

Lanpostu pribatu gehienetan ez dugu balio ikasitakoa, egindako lana, eskainitako dedikazioa edo sortutako aberastasuna. Lanpostu askotan, bereziki emakumeenak direnak, ez dugu balio ezer.

Espainiako historia langileen kontrako errelatoa da. 80. hamarkadako hobekuntza batzuk kenduta (langileen estatutuarekin gehien bat), Madrilen adostutako neurri gehienak eremu pribatuko langileen kontra eragin dute, patronala indartu duten bitartean. 90. hamarkadako pribatizazioek, azpikontratazioak emateko arauek eta azken urteetako erreformek lan egin nahi dugunon itxaropenarekin bukatu dute. Prekarietatean oinarritutako lan eremua errealitate bat da gurean. Gaur egun ohikoak dira hilabetea bukaerara gorriz heltzen diren bi soldatapekoen etxeak. Beldurra nagusitu da langileen balioa txikitu dutelako. Lanpostu pribatu gehienetan ez dugu balio ikasitakoa, egindako lana, eskainitako dedikazioa edo sortutako aberastasuna. Lanpostu askotan, bereziki emakumeenak direnak, ez dugu balio ezer.

Eta nola ez, eremu laborala desegin duten bitartean etxebizitzekin espekulatzeko bideak ireki dituzte eta zaintza ereduaren porrota eman da (pandemiak porrot hau azalarazteko balio izan duen arren, porrota aurretik dator). Gaur eguneko hazkunde ekonomikoak ez dakar hobekuntza sozialik Estatuan, aberastasuna banatzeko bitartekoak (soldatak, politika fiskala, pentsioak, laguntzak, eremu publikoaren indarra azken finean) gizartearen erronkei erantzuten ez diotelako.

Gaur eguneko hazkunde ekonomikoak ez dakar hobekuntza sozialik Estatuan, aberastasuna banatzeko bitartekoak gizartearen erronkei erantzuten ez diotelako.

Pertsonok, gure txikitasunetik, gure bakardadetik, oposaketen aldeko apustua egiten dugu bizi ahal izateko. Ikasteko aukera duenak (ez da erraza gaur egun denbora edukitzea tamaina honetako probak prestatzeko) azterketa prestatzen du, aldi baterako kontratuak soilik eskuratu arren, soldatari esker hilabetearen bukaerara beti gorriz ez heltzeko; ordutegia eta lan baldintzei esker zaintza lanei beste eskaintza bat egin ahal izateko; edo eta patronalak errepresiorako bitarteko gutxiago, eta langileok borroka egiteko aukera gehiago ditugulako (bereziki greba egiteko eskubidea bermatuta dago administrazioan, salbuespena bihurtzen ari dena hainbat eremuetan, langileen kalerapenak doan ateratzen zaiolako kapitalari). Langileok BIZI nahi dugu. BIZI, letra larriekin idatzita, bizitza duina.

Langileok barneratu dugu eremu publikoan bereziki ematen direla baldintzak nahi dugun bizi ereduarekin aurrera egiteko.
Baina gezurra da. Zilegia noski, baina oker gabiltza. Eremu publikoak ni salba nazake, baina ez gaitu salbatuko. Beharbada gaurko belaunaldiak baldintza hobeagoak edukiko ditu, baita hauetako batzuk jubilazio duinak eskuratu ere, baina atzetik datozenen egoerak okerrera jarraituko du egiten. Gure seme alaben etorkizunak okertzen jarraituko du. Sistema kapitalistan, pribatuaren porrotak publikoaren porrota dakar nahitaez epe ertainera.

Gure orain arteko arrakasta ekonomikoaren arduradunak gu izan gara elkarrekin ekin diogunean

Honengatik guztiagatik buelta gaitezen kolektibora. Oposaketak prestatu zein ez, buelta gaitezen euskaldunon errelatora. Txikitasunetik bai, baina buelta gaitezen amets handiak izatera. Gure gizartearen hobekuntza ez da oinarritu izan trantsizioak emandako estatutuetan, eta ez da etorriko Yolanda Diezen arau berriei esker. Gure orain arteko arrakasta ekonomikoaren arduradunak gu izan gara elkarrekin ekin diogunean. Soilik kolektiboak eragin dezake desoreka berriak gaurko indar korrelazioetan. Ahaztu dugu zelako beldurra ematen dugun horretarako antolatzen garenean. Soilik GU salba gaitezke, soilik elkarrekin. Bizitzeko.

Eremu pribatuko langileen exodoa
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago