1+1, bi baino gehiago da

Eulate Zilonizaurrekoetxea

LAB sindikatuko Industria Federazioko idazkaria

 

Industrian egiten diren kontratu berrien %90a behin behinekoa da. Emakumeen presentzia sektorean %20 ingurukoa da. Eta, lehengo egunean jakin nuen ,“in itinere” istripua izan zuen 23 urteko langilea hil egin dela.

Krisialdien izenean (eta administrazioen bedeinkazioarekin) langileak dira “faktura ordaintzen dutenak”; aurreko krisialdiko enplegu suntsiketa ikaragarriari orain, beste uholde bat datorkio: Alestis, Aernnova, Mercedes, ITP – PCB, Gestamp…

Industrian sufritzen dugun prekarietatea ez da kasualitatea, ez da krisialdi konkretu baten ondorioa

Industrian sufritzen dugun prekarietatea ez da kasualitatea, ez da krisialdi konkretu baten ondorioa, ez noski; estrategia bat da, dirudunek langile klasea zapaltzeko ondo aztertu eta erabilitako neurri sorta da.

Emakumeok industrian lan egiteko aukera berdinak bagenitu, zaintza sistema kolokan jarriko litzateke. Horregatik, hitz politak sarri eta Martxoaren 8an argazki irribarretsu ugari, baina erabaki irmo eta politika eraginkorrik bat ere ez.

Behin behineko kontratuek ezegonkortasuna sortzen dute, eta are gehiago, lan baldintza kaskarragoetan lan egitea dakarte sarritan. Epe laburreko kontratuak, formakuntza nahikorik eza, laneko istripuak, beharrezkoak baino lanaldi luzeagoak… Egonkortasun eta kontratu finkoagatik edozer egiteko prest egon gaitezkeelako.

Azpikontratazio eta ABLEen mafia bortitzak ere langileon lan baldintzak okertzea besterik ez dakar.  Oroitzen dut, Bizkaiko Metalako Hitzarmena sinatu genuenean, azpikontrata bateko delegatu batek ezin zuela sinetsi enpresen arteko kontratua aldatuko zenean, bere lanpostua ez zela kolokan egongo. Azpikontratetako langileak eta ABLEetakoak kleenex-ak bezala erabili eta bota nahi dituzte.

Azken krisialditik, euskal industriak ezaugarri bat eduki badu, langileek sufritzen duten lan baldintzak kaskartzeko presio iraunkorra da, lan zentroz lan zentro, hitzarmenak berritu gabe, sektoreko hitzarmenak desagertuz, laneko osasunean-, berdintasunean-, edota hizkuntzaren normalkuntzan inolako inbertsiorik gabe. Lege ezberdinek, gainera, horrelako neurriak zigortu ordez, erraztu eta indartu egin dituzte

 

Azken krisialditik, euskal industriak ezaugarri bat eduki badu, langileek sufritzen duten lan baldintzak kaskartzeko presio iraunkorra da

Estrategia zital horrek gainera, badu bizirauteko ezinbestekoa den ezaugarri bat, ezer alda ezin dezakegula sinestea. Badago, ordea, Euskal Herrian, langile kolektibo zabal bat, hori onartzeko prest ez dagoena, aldaketa posible dela eta alternatibak badaudela aldarrikatzen dugunak:

  • Kaleratzeen aurka: aberastasunaren banaketa duina eta orekatua eta lanaren banaketa.
  • Jendarte eta politika feministak: kontratazio anonimoa, biolentzia matxistaren aurkako protokoloak, soldata arrakalarekin bukatzea, zaintza lanaren banaketa…
  • Azpikontratazioa eta ABLEak: lehenik eta behin, kolektibo beraren parte garela ulertu eta sentitu beharra daukagu, lankideak gara. Bestetik, gure hitzarmenetan, sektore zein enpresetan, kontratazio eredu hauekin bukatzeko eta erregulatzeko pausu eraginkorrak eman behar ditugu.
  • Laneko osasuna, istripuak eta gaixotasunak: enpresetan prebentzio plan eraginkorrak eta beteko direnak behar ditu, baita politika orokor duinak ere. Amiantoz hildakoen senideek ezin dute epai-bideetan borrokan jarraitu, silikotikoiei beren eskubideak onartu behar zaizkie, laneko istripuak ekiditeko inbertsioak lehen lerroko zeregina izan behar dira…

 

Krisialdi baten gaudela dioskue, milioiak irabazten dituen Gestamp taldeak 2 lan zentro itxi ditu gauetik egunera, borrokan daude Kelvioneko langileak Igorren etorkizun berdina ekidin asmoz. Enplegua suntsitu dute Gamesa, Alestis eta ITP-n, adibidez. Mehatxuka dabiltza Aernnova, Cofely, PCB edo Lauak enpresetan.

 

Estrategia zital horrek gainera, badu bizirauteko ezinbestekoa den ezaugarri bat, ezer alda ezin dezakegula sinestea

Lan baldintzak okertzeko helburuan temati jarraitzen dute Tubacex, Tubos Reunidos edo Sidenor bezalako erraldoiek. Beste enpresa gehienetan ere, Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Txostenak (EABET), jantokietako langileak etxean, garbitzaileak lehen bezala garbitzaile eta gainera desinfektatzaile bihurtuta eta langileek ordaindutako telelanetan.

 

Hau guztia, gauzak ezin ditugula aldatu sinestarazi nahi digutelako. Jendartearen %2ak botere kapitalista erabiltzen duelako langileon %98aren herri indarra deusezteko.

 

Ba al dakizue Sidenor, orain gutxi, bi langile kaleratzen saiatu dela? Langile guztiek bat egin dute, grebara doazela esan diote patronalari; gainera, beste lan zentroetan ere mobilizazioetarako prestatzen hasiak ziren. Ondorioa, bi langileak onartu dituzte. Gainera, badakizue Sidenorreko azpikontrata bat izan zela Euskal Herrian Enplegua Erregulatzeko Txosten (EET) bat  aurkeztu zuen lehena? Langileak borrokara eta Sidenorreko komitea beraiekin bat eginik, ondorioa? Bai horixe, ez zen EET-a aurrera eraman.

 

Tubacex-en uda garaian publiko egin zuten murrizketa berriak eta enplegu suntsiketa egongo zela; argi esan dezagun, ekonomikoki, ez dagoela arrazoirik horrelako erabakirik hartzeko, langileek bat egin eta kalera atera dute beraien egoera, eskualdearen etorkizuna bera kolokan jar dezaketen erabaki patronalen aurrean, herri harresia sortzen ari dira.

 

Borroka hauetan guztietan bada ezaugarri komuna; kolektiboa

Kelvion enpresatik, 100 metrotara dago Araluce enpresa, iaz bertan Igorren itxitako azken enpresa industriala. Hori bai, manifestazioetan Kelvioneko langileek ondo ondoan dituzte Araluceko langileak. Araluce edo Negarra Arratiako industria sarearen gainbeheraren adibide besterik ez dira, politika eraginkorrik ez dagoela eta, eskualde oso baten etorkizuna dago kolokan. Horregatik, Kelvioneko langileek ordu beteko lanuztea egiteko proposatu zioten herriari eta, re dio!, herriak nola erantzun! Dena itxita, pertsianak erdira arte, beste industria enpresetako langileak atarietan produkzioa geldi.

 

CAFen ere borrokan gaude, lan uzteekin, azpikontratazioaren berreskurapena, inbertsioak, eszedentzia aukerak zabaltzeko, aurrejubilazioak aldarrikatuz eta beste hainbat. Lan zentro bezala, denok kolektibo berekoak garela argi edukita. Azpikontratetako langileen, gure lankideen, eskubideak defendatuz eta borrokatuz.

 

Arcelorrek 2009 ingurutik, bere lan zentroetan EABET iraunkor bat zeukan, berritu eta berritu, egoera inoiz ere aldatuko ez balitz bezala. 11 urtetako EABET bat, azkar esaten da gero! Enpresaren saiakera berri honen aurrean, LABek planto egin du, betiko salaketa publikoez eta mobilizazioez gain, juridikoki salatu eta irabazi egin dugu. Patronalak ez du arrazoirik (edo ez du demostratu) EABETa mantentzeko.

 

Borroka hauetan guztietan bada ezaugarri komuna; kolektiboa. Langileak elkartu dira, lan zentro ezberdinetakoak, herritarrak, lan zentro bereko enpresa ezberdinetakoak; eta denek batera egin diote aurre mehatxuari edo erasoari. Indarrak batuta askoz ere gehiago gara; argi daukagu 1+1 bi baino askoz gehiago garela kasu honetan.

1+1, bi baino gehiago da
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu
Irakurri gehiago